Bañez jauregia

Koordenatuak: 43°17′44″N 2°21′10″W / 43.29557°N 2.35266°W / 43.29557; -2.35266
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bañez jauregia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Bañez jauregiaren irudia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDeba
Koordenatuak43°17′44″N 2°21′10″W / 43.29557°N 2.35266°W / 43.29557; -2.35266
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVII. mendea
Arkitektura
EstiloaBarrokoa
pizkundea
Ondarea
EJren ondarea19

Bañez jauregia Gipuzkoako Deba udalerrian dagoen jauregi bat da. Ifar kaleko 14. zenbakian dago, Aldazabal Murgia jauregitik hurbil.

XVI-XVII. mendeko hiri jauregia da, ondoko etxeetara atxiki gabeko orube batean eraikia. Bere fatxada nagusienek Ifarkale aldera (aurrealdekoa) eta alboko kantoi batera (eskuinekoa) -egun aparkaleku baterako sarrera– ematen dute, beste biak etxeosteko lorategi batera (atzekoa) eta etxearte estu batera (ezkerrekoa) begira daudelarik.

1999ko maiatzaren 11an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregia oinplano laukizuzenekoa da. Hastapenetan sakonera baino zabalera gehixeago zeukan, baina geroago atzerantz handitu zuten, egungo erregulartasuna eskuratuz. Oraindik ere garbi asko ikus daitezke etxearen atzealdeko eskuineko angelua mugatzen zuen harlandu-ilara. Hortik aurrera gauzatu zen luzapena. Orain duen bolumena kubikoa da gutxi gora-behera.

Fatxada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hormagintza harlangaitzezkoa da, fatxada nagusi bietako ertzetan eta leiho-kantoitan harlanduak erabiliz. Gune batzuetan, goiko aldean, harria belztua ageri da, eraikinak suteren bat jasan izan balu bezala. Aurpegi nagusia 0,70 metroko zokalo batek zeharkatzen du; berau adabakiz jositako hareharrizko plaka batek osatzen du. Atzeko luzapenean fabrika askoz eskasagoa da: harlangintza xehea eta ez-erregularra, inolako harlandurik gabe.

Aurpegi publiko biek hutsune-egitura oso erregularra erakusten dute: hiru garaiera eta lau ardatz bakoitzean. Beheko solairuak hasiera batean erdi puntuko arku handia zeukan sarrera gisa; ate honen zangoetariko bata eta uztaiaren erdia oraindik nabaritzen dira horma nagusiaren eskuineko ertzean. Sarrera hau XVI. mendekoa zen, baina gerora ateburua jarri zioten; geroago, ordea, zati bat eraitsi eta bere ordez leihoburu duen leiho bat ireki zuten. Hau hiru erregistrotako burdinsare batez ixten da, karratutxozko zurtoinez eta torneaketaz egina, bankuarekin eta kiribildurazko frontoiarekin.

Leihotxo lehioburudun batek, beheko beste hutsuneak baino gorago ezarria, bebarrua argitzeko balio du.

Fatxadaren erdi inguruan atal bakarreko ateburua daukan sarbidea dago, zangoetako harlanduak era simetriko eta orekatuan dituelarik. Ateburu gainean, harlanduzko bloke batean, Sasiola leinuaren armarri txikitxo bat azaltzen da. Arku baten giltzarria da, ziur asko aipatu berri dugun eraikinaren jatorrizko sarreratik hartua.

Ezkerrean, azkenik, beste leiho bat zabaltzen da, lehenengoaren antzekoa, baina harlanduen tokian kareorea du; zergatik ordezkatu zituzten ez dakigun arren, jatorrizkoak benetako harlanduak izango ziren ziur aski, beste ertzeko hutsunean dagoen moduko forjazko itxitura baitaukate.

Eskuineko fatxadan goiko oinzolen eredua errepikatzen duten lau leiho ikus daitezke; gero horietaz xehekiago hitz egingo dugun arren, esan dezagun hauek ez direla harrizkoak, kareorez eginak baino. Beraz, obra modernoagoa da, oinzola zabaldu zen garaikoa, hain zuzen: leiho horietariko batean kareorea askatu egin dela nabaritzen da, horma biluzik utziz. Baina jatorrizko bolumenari dagozkion hiru leihoen gainetik harlanduzko bloke batzuk sumatzen dira, aurretik han zeuden beste leiho batzuekin zerikusia eduki dezaketenak.

Lehenengo solairuak lau leiho ditu aurreko aldera eta beste hiru eskuineko albo-fatxadan. Hutsune hauek, eta goragoko solairuan dauden euren paraleloak, jauregiak dituen interesgarrienetakoak dira. Hutsune dinteldunak ditugu, taulamendu zerrendatu batean oinarritzen direnak; taulamendua hautsi egiten da ertz bietan triglifo goladunak dituzten bi mentsula txikien bitartez; triglifo eta taulamendutik abiatzen diren leihozangoek zerrendak errepikatzen dituzte; zangoak, berriz, xafla leun batzuek berringuratzen dituzte, era horizontal nahiz bertikalean gutxi nabarmentzen diren belarri batzuetan amaitzen direnak. Mentsulek, zerrendek eta gutxi nabarmendutako belarriek hutsune hauek XVII. mendearen lehen erdialdekoak direla salatzen digute. Leiho guztien azpian dagoen aparailua harlanduzkoa da, XVI. mendeko eraikuntzetan ohi den bezala. Beraz, badirudi jatorrizko leihoak XVII. mendean eraitsi egin zirela, haiek ordez egun ikus ditzakegunak ipintzeko.

Solairu honetako hutsune-multzoa begiratoki batek, hainbat leihotxok eta balkoi batek osotzen dute, atzeko luzapeneko denek zurezko ertzak dituztelarik. Guztiak egitura garaikidea dauka.

Aurpegi nagusian, erdian, armarria ageri da: ebakitako pergamino, kasketa moldatzeko lanketa fin eta apaindura haragitsuei esker XVII. mendean koka dezakegu hau ere.

Bigarren solairuak hutsune-sistema berbera azaltzen du, baina kasu honetan leihoek aldaketa pare bat daukate. Batetik, belarriak era horizontalean bakarrik daude. Bestetik, eta hau dugu azpimarragarriena, taulamenduaren erdian karatula batzuk sartu dira, hots, aurpegi eskematikoak dituzten biribilak, egitura oso herritarra dutenak, ia naif tankerakoa; mahuka luzeko jipoiez jantzitako beso potoloek inguratzen dutela ematen du, lehendabiziko Austria txikien garaiko modaren arabera.

Hutsune hauei harlanduak bermatzeko lekua falta zaie. Xehetasun honek zera pentsarazten digu: hasieran (XVI. mendean) ez zela hutsune handirik egongo, baizik eta ganbara argitzeko sabaileihoak bakarrik. Salbuespena eskuineko aurpegiko azken leihoa da, baina hau kasu berezi samarra dugu: besteak baino beherago kokaturik, lehenengo solairutik (egoitza-solairutik) ganbarara zeraman eskailera-kaxara argia sartzeko izango zen. Edonola ere, han-hemenka berriz aprobetxatutako harlandu-zatiak ikus daitezke, zalantzarik gabe aipaturiko hutsuneak jartzeko XVII.ean kendu ziren hutsuneei zegozkienak.

Beheko solairuan legez, begiratoki bat eta kalitate gutxiko leihotxo batzuk irekitzen dira atzeko luzapenean.

Aurpegi nagusia, agirikoena dena, erlaitz handi batek errematatzen du, alboko fatxadetan zentimetro batzuk luzatzen delarik. Bere gola erako profila hurrean dagoen parrokiak daukan erlaitzaren (1621-1629 bitartean egina) oso antzekoa da. Eskuineko aurpegian erlaitz hau modu traketsean imitatu da kareorez.

Estalkia beti lau uretakoa izan bide da, nahiz eta, eraiki handitzean, birmoldatua izan, jakina. Zuburuetan herri-ereduak jasotzen dira, kiribildura soilekin eta albo-ziri pare batekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa