Babismo
Babismoa Persian XIX. mendeko bigarren erdian Bab Mirza Alik eta ondorengoek irakatsitako doktrina islamikoa da. Islamismo xiitaren berrikuntza gisa sorturiko mugimendu honen doktrina bi liburuetan bildu zen: Bayan («Agerpidea») eta Kitab-i Aqdas («Liburu guztiz santua»). Babismoa apaiz xiiten tiraniaren aurka altxatu eta Islama eraberritzen saiatu zen. Emakumea askatu beharra eta gizon guztiak, arraza eta gizarte-klase ororen gainetik, anaiak direla aldarrikatzen du, eta orobat erlijioen artean ongi konpondu beharra. Bab Mirza Ali preso hartu eta fusilatu egin zuten Tabrizen 1850ean, eta haren 20.000 jarraitzaile ere (babiak) hil zituzten ondorengo urteetan. Mugimenduak klandestinitatean eta Otomandar Inperioan iraun zuen, Zipren batez ere.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.