Bake Armatua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bake Armatua Lehen Mundu Gerra piztu zuten kausa nabarmenetako bat izan zen. Europar herrialdeen arteko gaztazka nazionalista eta inperialisten ondorioz Estatu bakoitzak bere estatu-dirua armagintza eta gudaroste baten osaketan inbertitzea ekarri zuen, gehiegizko diru xahutze honek luzera Estatu askoren hondamendia nahiz gerra pizteak sortu zituelarik. Guzti honek herrialdeak gerran ez egon arren euren arteko gaztazka eta tentsioan jarri zituen aliantza sistema konplexu bat ezarri zuen.

Bake Armatua 1899-1914[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alemaniar Inperioa Parisen aldarrikatu zelarik (1871), Afrikaren banaketa buruturik, Asiako ateak zabaldurik, eta desegiten hasia Otomandar Inperioa, 1899 urte inguru horretan, bost europar potentziek (Britainia Handiak, Alemaniak, Frantziak, Errusiak eta Austria-Hungariar Inperioak, eta 1898an nabarmentzen hasiak ziren Ameriketako Estatu Batuek) menderatzen zuten mundua. Aginpide orekatuko sistema batekin, eta beren arteko lurralde arazorik gabe (Alsazia eta Lorrenaren kasua salbu), eutsi ahal izan zioten bakealdi luze baina egonkortasunik gabeko bati. Hala ere, munduaren bakeari begira dudazkoak ziren prozesuak zabaldu zituen Alemaniako Kanpo ministro Bernhard von Bülowek (areriotasuna ekonomia eta finantzetan, eragin eremuen sorrera, armamentu karrera, bi ardatzetara biltzeko joera), mundu osoaren gainean hegemonia eskuratzeko nahia ezkutatu gabe, 1899ko abenduaren 11n aldarrikatu zuen Weltpolitik delakoa. Bestalde, 1908an Austria-Hungariak Bosnia-Herzegovina anexionatu izanak Erdialdeko Europako eta Hegoaldeko Europan liskar eragile handia izan zen irredentismo nazionalista sorrarazi zuen, eta aldi berean, Balkanetako istiluak are larriagotuko zituen.

Hala ere, urte horietan beretan, zabaldu zen bakearen kultura, eta eratu ziren diplomazia sistema sofistikatuak nazioarteko gatazkei irtenbideak emateko.

1914an hasi zen gerra betea. Badira, izan, gerraren eragileak agertzen dituzten giza hutsegiteak eta joera historikoak. Baina arrazoi horiek berak berdin-berdin esplikatuko lukete bakea, gerra saihestu balitz. Gertakizunak eta joera handiak modu berean dira prozesu historikoaren parte.

Diruaren diplomazia eta ekonomia areriotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914 arte, libretan (%50) eta frantziar liberetan (%40) egiten ziren batez ere nazioarteko merkataritzako ordainketak. Britainia Handia eta Frantzia ziren munduko bankuak.

Banku haiek, britainiar eta frantses diplomaziak eta armadak bezala, menderatzen zuten Europatik kanpoko trukeen parte handi bat (eta Europakoak, jakina). Nolanahi ere, metropoli geldiak ziren, industria handiaren garapen berrietan ez baitzuten ia parte hartzen, eta horixe zen ekonomiaren erregina berria 1900 inguruan. Bi herrialdetan garatu zen batez ere industria: ordu arte munduko politikan ia eraginik gabea zen bata, Estatu Batuak, eta kontinentean bakarrik indartsu izandakoa bestea, Alemania. Ingalaterra, eroso bere inperioko metropoli izateko eginkizunean, Londres zelarik munduko finantza eta aseguruen (Big Five, lehenengo bost banku pribatuak) eta itsasoko garraioaren zentro nagusia, ez zen arduratu industriaren prozeduraberrietara egokitzeaz, eta antzinako egiturari eutsi zion, familia enpresa eta lantegiari alegia. Frantziako Bigarren Inperioan izan zuen betekizunari eutsi zion: Europa osora kapitalak esportatu (Errusiara batez ere), herri errentadunaren eginkizuna betez.

Alemania, aitzitik, bere ekoizpen aparatuaren kontzentrazioa eta bere industria gaiak aldameneko herrialdeetara (Ingalaterrara bereziki) esportatzea erraztuko zuen finantza sistema bat eratzen ahalegindu zen. Estatu Batuek, bere barne merkatu izugarriarekin, alemaniar eta ingeles hazkunde sistemak kopiatu zituzten. Mende aldaketaren urte horietan, izugarri hazi zen nazioarteko merkataritza.

Ekonomiaren eraginez, eta baita estrategia arrazoiengatik ere, hausten hasi ziren oreka geopolitikoak (adibidez: Ingalaterrako industria ekoizpena munduko ekoizpen osoaren %23 zen 1890an eta %13, 1913an; Alemaniakoa berriz, %8tik %15era igo zen, eta Estatu Batuetakoa %15etik %32ra; hau da, erdira jaitsi zen Ingalaterrako industriaren pisua, eta beste biek bikoiztu egin zuten, espansionismo betean, eta 20 urtetan besterik ez). Baina, hala ere, hasieran behintzat ez ziren tentsioak areagotu, zeren Europako potentzien sistema, 1900 arte, gehiago baitzen elkarren osagarri konkurrentziazkoa baino, eta, oro har, buruzagi politikoek ez zuten eztabaidatu beren garaiko statu quo-a. Alabaina, pixkana-pixkana potentzien arteko oreka mugiarazi zuen egitura ekonomikoen aldaketak.

Areriotasunak eta aliantzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laster gauzatu zen errealitate ekonomiko berria nazioarteko politikan: ez oso nabarmen 1898an, Estatu Batuak Kuban eta Filipinetan gailendu zirenean, baina ageriagoa 1899an, von Büllowek Weltpolitik delakoa adierazi zuenean, alegia, kontinenteko potentzia izatetik mundukoa izatera igarotzeko Alemaniak zeukan asmoa. Azken erabaki horrek garai hartako statu quo-aren haustura bultzatu zuen, ordu arte Ingalaterraren aldekoa izan zena.

Gerora aleman kantziler izango zen von Büllowek (1900) eta Alfred von Tirpitz almiranteak (Westfalia eta Berlin aldeko finantza eta industriaren laguntzaz), Reichstagek itsasoko legea onartzea lortu zuten (1898), gerrako nahiz merkataritzako itsasontzien eraikuntzarako egitarau zabal bat ere bazuena. Britainiar ontzidiaren ahalmena gainditzeko ahalegina zen hura, eta munduko leku nagusietan hari mehatxu egitekoa (Mediterraneoko sarreretan, Mantxako kanalan, Lurmutur Hirian, baita Ozeano Bareko sarreran ere, Ginea Berria aldean). Turkiar gobernuarekin zeuzkan harreman zuzenak (bere Inperio zaharra berrosatzeko ez baitzen Turkia gauza), abantaila handi samarrak ekarri zizkion Alemaniari Ekialde Hurbilean, herri nagusiek berentzat nahi zuten eremu haren garrantzi ekonomiko eta estrategikoa zela-eta (alemaniar teknologia eta kapitalekin egin zen Konstantinopla-Bagdad-Basora burdinbide famatuaren eraikuntzak edo Turkish Petroleumaren %25 Deutsche Bankek erosi izanak sinbolizatua). Ingalaterra eta Frantzia, Golkoko partetik abiatuta, hasiak ziren Ekialdean sartzen. Eta, bestalde, Balkanei begira zeuden denak (funtsezkoak baitziren haiek Errusia eta Austria-Hungariarentzat, eta interesgarriak beste herrialdeentzat).

Politika hori bideratzeko, Austria-Hungariarekin zuen aliantza sendotu zuen Alemaniak, haren Balkanetako politika agresiboa babestuz (1908ko anexioa), hau da, «prestijiozko» politika bat hegoaldeko eslabiarren eta errusiar-serbiar mehatxuaren aurrez aurre. Politika agresiboa bultzatu zuen halaber Afrikako iparraldean, Marokoko bi krisiak eragin zituena (1905, Algeciraseko Konferentziarekin bideratua, eta 1911), alde horretan, eta Afrikan oro har, zituen nahiak azpimarratu nahi baitzituen Alemaniak. Horrek guztiak armamentu lehiaketa (Britainia Handiak 1906an Dreadnought itsasontzia itsasoratu zuen, europar ontzidietan iraultza ekarri zuena), eta potentzien berrantolatzea ekarri zituen. Lehendik ere harreman onak zituen Frantziak Errusiarekin, Alemaniaren kontra. Britainiarrak ere Errusiari hurbildu zitzaizkion Asiako politikan. Eta, oso nabarmen, Alemaniaren jokabideak adostasunera eraman zituen Frantzia eta Britainia Handia (arerio historikoak baitziren) defentsazko politikan, Italiaren ekarriarekin (Entente Cordiale). Laburtuz, Alemania asegabe batek nazioarteko oreka hautsi, eta aliantzak bi ardatzetara bilarazi zituen. XIX. mendean Otto von Bismarck lortu zuen aginpideen oreka hautsi zuen Weltpolitik delakoak.

Bitartekaritzaren eta bakearen aldeko mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez litzateke zuzena izango 1899tik aurrerako nazioarteko auzien azterketa egitean, nahitaez Gerra Handira zeraman bidea hartzea. Hasteko, ezer ez zelako saihetsezina (azkenean, erabakiorrak gertatu ziren une garrantzitsuenetan egin ziren hutsegiteak), eta, bigarren, XIX. mendeko gerren oroitzapenak erraztu egiten zuelako bakezko kultura baten garapena eta nazioarteko gatazketan bitartekaritza mekanismoak bultzatzeko borondatea. Horrez gainera, Vienako Biltzarraz geroztik, asko hobetu zen diplomazia sistema, eta oso zabaldua zegoen gainera potentzien arteko adostasuna garrantzi handikoa zelako ustea.

Gatazka batzuk izan ziren arren (Fachoda, 1898; Boerren Gerrak, 1899-1902), Afrika «bakez» banatu zen (bertakoen erresistentziarekin, baina Europan bakeari eutsiz).

Txinan sartzeari zegokionez ere, izan zen akordiorik, nahiz eta akordio larri samarra izan. Adostu egin ziren inbertsio estrategikoak (burdinbidea, telegrafoak), eta hitzarmen sistema bat ere egin zen haien gainean (1906ko Hitzarmen Erradiotelegrafikoa).

Nazioarteko liskarretan sarri egiten ziren bitartekaritzak; ehun baino gehiago izan ziren aldi honetan.

1899an Nikolas II.a Errusiakoa tsarrak, armamentu karrerak ekonomian zeukan eraginaz kezkaturik, munduko nazio nagusiak bildu zituen Hagan, konferentzia batean, munduko bakeari eutsi, armak murriztu eta gerrako baldintzak hobetzeko helburuaz.

Akordio erabakigarririk ez zen lortu, baina hiru hitzarmen ofizial izenpetu ziren (lehenak Hagako Bitartekaritzako Nazioarteko Epaitegia sortu zuen; beste biek, gerrako praktikak erregulatu, eta gas pozoitsuak, bala lehergarriak eta aireko bonbardaketak erabiltzea debekatzen zituzten). Huraxe izan zen garai modernoetako nazioarteko topaketa garrantzitsuena, eta Nazioen Elkartearen eta NBE izango zirenaren aurrekaria.

Estatu Batuek proposaturik eta errusiarren ekimenez, 1907an bildu zen Hagako Bigarren Konferentzia, 1899ko hitzarmenak berriztatu eta osatzeko.

Garai hartan, bakearen aldeko mugimenduak indartu ziren (Bernako Bureau International de la Paix erakundeak koordinatuak), eta lanean jardun zuten nazioen arteko liskarrak erregulatzeko organizazioek (Nazioarteko Zuzenbidearen Institutua, 1875; Parlamentu arteko Batasuna, 1887).

Bakea ez zela bakarrik desiragarria, baita egingarria ere, hori zen urte haietako ideia nagusia.

Balkanetako liskarrak eta sugar nazionalista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran, ikaragarri larritu zen Balkanetako egoera. Europako erdialdean eta hegoaldean XIX. mendeaz geroztik zabaldu zen nazionalismoaren aldeko sugar bizia izan zen larritasun horren lehen eragilea (Serbia, Errumania, Bulgaria, Grezia eta Italiak nazio prestijioko eta lurralde gatazkako politika egiten zuten; hegoaldeko eslabiarrek, Austria-Hungarian, serbiar paneslavismoari begiratzen zioten).

Turkiako gobernu falta etengabeak eta Mazedoniako giro nahasiak era guztietako desioak areagotzen zituzten; zentzu berean jokatzen zuten alemaniarrek Turkian zuten gero eta garrantzi handiagoak (beste potentziena gutxiagotuz), Errusiak (Japoniak ekialdean garaitua) Turkia inguruko lurraldeak kontrolatzeko zeukan interes berrituak, eta Austria-Hungariak (Alemaniaren babesarekin) eremu honetan prestijiozko politika egiteko zeukan beharrak.

1908an Austria-Hungariak Bosnia-Herzegovina anexionatu zuen (nazioarteko politikagintzari ikaragarrizko kaltea eragin zion barne auzi batengatik). Horrelaxe hasi zen Balkanetako egoera okerrera egiten. 1911n Italiak gerra aldarrikatu zion Turkiari (Italiak Libia eta uharte batzuk lortu zituen, baina Bosforoko itsasartea ixtea eragin zuen, Errusiaren ondoriozko larritasunarekin). 1912an Serbia, Montenegro, Grezia eta Bulgariak eratutako koalizio batek Turkiari eraso zion Balkanetako lehen gerran, Mazedonia eta Rumeliako lurrak eskuratzeko. Hurrengo urtean (Balkanetako bigarren gerra), Greziak eta Serbiak Bulgariari bere harrapakina kendu zioten, eta aldi berean, Errumaniak Dobrudjako eremua hartu zuen. Gerra hauek kalte izugarria egin zioten Europako aliantzen orekari. XIX. mendean ez zen egonkortasunik izan Balkanetan; baina XX. mendean, bolborategi bihurtu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bake armatua, 1899-1914. Egungo Aroa. Historia Unibertsala. Euskara.Euskadi.net
  • Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

    Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]