Balea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eubalaena glacialis ama eta kumea.

Baleak itsas ugaztunak dira, zetazeoen taldekoak. Talde parafiletikoa dira, bere barruan sailkatzen diren guztiak ez direlako familia berekoak.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo animaliarik handiena da; guztietan handiena, balea urdina, 30 metro luze izatera iristen da, eta 190 tona pisatzera. Larrua leuna, ilerik gabea du, eta haren azpian 50 zentimetroko gantz-geruza du. Hori dela eta, balea urdinek -1 °C eta 30 °C arteko tenperaturak jasan ditzakete.

Baleak, beste zetazeoek bezala, uraren azalera igo behar izaten du arnasa hartzera, ugaztuna izaki, oxigenoa airetik hartzen du eta. Aurreko gorputz-adarrak hegats bihurtuak ditu igeri egiteko, gorputzaren alde banatara. Isatsa etzana du eta ez zutik, arrainek ez bezala. Ahoan ez du hortzik; haien ordez, adarkizko xaflak eta bizarrak ditu, eta mihi luzea ere bai.

Balea batzuek bizarrak dituzte ahoan; beste batzuek, hortzak.

Bizarrak dituzten baleen elikagaiak hauek dira: oskoldun txikiak, algak eta planktona. Horretarako, bizarretatik barrena ura xurgatu eta kanporatu egiten du atzera; hala, urarekin batera sartzen zaion janaria bereganatzen du. Bizarren eginkizuna janariari eustea da; horregatik dute sarearen tankera.

Arnasa hartzeko, baleak bi zulo ditu buru gainean. Ur azpitik azalera igotzen denean, indar handiz jaurtitzen du kanpora biriketako airea bi zulo horietatik. Jaurtitzen duen ur-zorrotadari esker jakiten zuten arrantzaleek balea non zegoen. Balea ur azpian luzaro egon daiteke, bihotzaren taupadak moteltzen dituelako eta giharretan mioglobina ugari duelako.

Baleek entzumen fina dute, eta soinuak igortzeko ere gai dira —batzuetan, ultrasoinuak ere—, elkarren artean komunikatzeko.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeak kume bakarra izaten du, balekumea, alegia, eta amak duen muskulu-mekanismo berezi batek bere ahora proiektatutako esneaz elikatzen da. Baleek bi urtean behin dituzte kumeak, eta haien prestakuntza sei hilabetekoa da. Normalki, kume bat ekartzen dute, baina kasu berezi batzuetan, bi. Jaiotzen denean, zenbait metro luze izaten da. Heldutzat hartzen da 4 edo 5 urte dituenean.

Balearen ekonomia eta arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Balea arrantza»

Balearen parte guztiak aprobetxatzen dira. Hala, lumera, gihar eta hesteetatik xaboiak egiten dira; gibeletik, olioa; guruinetatik, intsulina, kortisona eta beste hormona batzuk lortzen dira; eta baleakia jateko oso estimatua da. Gaur egun, garai bateko eskuzko arpoiaren ordez, arpoi leherkaria jaurtitzen zaio kanoi berezi batez. Kanoi hori 1860an asmatu zen; ordurako, ordea, hainbat balea espezie galtzen hasiak ziren.

Nazioarteko hainbat hitzarmen izenpetu dira balea arrantza debekatzeko. Gaur egun, ia munduko herrialde guztiek akordio horiek sinatuta dauzkate; hala ere, balea harrapatzen segitzen da eta galtzeko arriskuan dago. Norvegia, Japonia eta Groenlandia herrialde arrantzari nagusiak dira.

Euskal Herrian ere, balea arrantzak garrantzi handia izan zuen XIII–XVI. mendeen bitartean (ikus «Euskal Herriko baleazale»).

Literaturan eta zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herman Melville idazle estatubatuarrak Moby Dick eleberri famatua idatzi zuen 1851n, balearen harrapaketaren inguruan. Urteen joan-etorrian, lan hori behin baino gehiagotan zinemaratu dute, eta istorioa mundu osoan famatua da.

2002an The Whale Rider film zeelandaberritarra pantailaratu zuten: baleak maorien kulturan daukan garrantzi kulturala ondo islatzen du.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko baleazale»

Bizkaiko golkoan, gaur egun ere zetazeo mota batzuk bizi dira, Euskal Herriko kostatik ez oso urrun.

Beste garai batzuetan, balea-espezie handiak arruntak ziren Euskal Herriko uretan. Herri arrantzaleek animalia haiekin lotura estua zuten: horren erakusgarri dira kostaldeko hainbat herritako armarriak, animalia hura ageri baita: adibidez, Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Getaria (Gipuzkoa), Zarautz, Hondarribia, Hendaia, Getaria (Lapurdi) eta Biarritz.

Balea Kantauri itsasoetatik urrundu zenean, euskal arrantzaleak atzetik joan ziren; halaxe iritsi ziren Ternua eta Kanadaraino.

Baleazaleen Harria, Ulia mendiko talaia naturala. XVIII. mendera bitarte erabili zuten Donostiako baleazaleek.[1][2][3][4]

Espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Balea espezieen zerrenda»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arrizabalaga, Mikel. «Uliako xendak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  2. «Donostia.eus - [Berria Haurrekin egiteko planak»] www.donostia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  3. «Talaia ibilbidea: Pasai San Pedro - Donostia - Gipuzkoa Natura - Liferay» Gipuzkoa Natura (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).[Betiko hautsitako esteka]
  4. «ULIAN ZEHAR GEOGRAFIA IKASTEN | Pasaia Lezo Lizeoa» lizeoa.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).