Balentin Berriotxoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Balentin Berriotxoa
Balentin Berriotxoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Balentin Faustino Berrio-Otxoa Arizti
Jaio 1827ko otsailaren 14a
Elorrio, Bizkaia (Euskal Herria)
Hil 1556ko uztailaren 31
Hải Dương (Tonkin)

Balentin Faustino Berriotxoa Arizti[1] (Elorrio, 1827ko otsailaren 14a - Trang-Thu gaztelua, Tonkin, gaur egun Vietnam, 1861eko azaroaren 1a), batez ere San Balendin Berri-Otxoa santu izenez ezaguna, bizkaitar misiolari domingotarra, apezpiku eta martiria izan zen. 1988an kanonizatua izan zen. Bilboko elizbarrutiaren zaindaria, San Inazio Loiolakoarekin batera, eta Bizkaiko patroia da.

Biografia

Elorrioko Arriola Jauregian jaio zen, orduko Goiko kalean (gaurko Berrio-Otxoa). Aita, Juan Isidro Berriotxoa, Elorriokoa zen, eta ama, Maria Monica Arizti, Antzuolakoa. 1845ean, 18 urte zituela Logroñoko apaizgaitegira joan zen. Baina hiru urte geroago, ikasketa eta egoitza-gastuak ordaintzeko aski dirurik ez zuenez gero, etxera itzuli behar izan zuen eta aitaren aroztegian laguntzen hasi. 1851ean, Miguel Jose Irigoien apezpikuaren laguntzari esker, apaizgaitegira itzuli ahal izan zuen. Urte horretan bertan abadetu eta bi urte geroago Toledoko domingotarren komentuan sartu zen[2][3].

1856ko abenduaren 27an, beste zazpi lagunekin batera, Cadizeko portuan ontziratu zen, ekialdeko Asiara misiolari joateko. Bost hilabete geroago Manilara iritsi zen[2]. Bertan Tonkingo hizkuntza eta ohiturak ikasten jardun ostean, 1858an Vietnamgo eskualde horretara joan zen[3]. Garai hartan Tonkingo kristauak Tu Duc erregearen jazarpena pairatzen ari ziren. 1858ko ekainean Melchor García Sampedro apezpikuaren lagunkide izendatu zuten. Handik hilabete batera Sampedro monsinorea atxilotu eta martirizatu zuten. Era horretan, Berriotxoa Tonkingo apezpiku bilakatu zen. Hiru urtez ezkutuan egin zituen bere betebeharrak, oztopo eta arrisku handiei aurre eginez. Azkenik 1861ean atxilotua izan zen[2].

Hai Duong, probintziako hiriburura, eraman eta Trang-Thu gazteluan giltzaperatu zuten. Itaunketan nola zuen izena (bertakoek Vinh, «garailea», deitzen zioten), zenbat denbora zeraman herrialdean (lau urte), non bizi zen (Biu Txun), matxinatuekin harremanik ba ote zuen (ezetz, eta armarik ez hartzeko aholkatu zuela) eta Hermosilla apezpikua ezagutzen ote zuen (baietz) besterik ez zioten galdetu. Bere fedeaz arnegatzeko eskatu zioten, baina ezetz esan zuenez gero, 1861eko azaroaren 1ean lepoa moztu zioten[2].

Balentin Berriotxoaren aldarea Elorrioko Sortzez Garbiaren elizan. Bertan dago bere gorpua.

Berriotxoa hil zutela jakin zenean, atsekabe handia heldu zen Elorriora eta Bizkaia osora. 1886an haren gorpuzkinak Elorrioko elizara eraman zituzten. 1905ean Pio X.a aita santuak dohatsu egin zuen, eta 1988ko ekainaren 19an Joan Paulo II.ak santu izendatu zuen[3], Vietnamgo beste martiriekin batera.

2006an Labayru ikastegiak Berriotxoaren euskarazko 20 eskutitz, gehienak bere amari idatziak, argitaratu zituen[4].

Erreferentziak

  1. Euskaltzaindiaren Santutegiko izen ohikoenak deritzon arauari jarraiki, Valentin da izen ofiziala eta ez Balentin edo Balendin
  2. a b c d San Valentín de Berriochoa Auñamendi Eusko Entziklopedia. Euskomedia.org
  3. a b c Balentin Berriotxoa santua Bizkaieraren ataria. Bizkaiera.biz
  4. «Balendin Berriotxoak idatzitako gutunak argitaratu ditu Labayruk» Argia.com

Kanpo loturak