Baleontzi

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Joan ontziaren irudikapena: Red Bay-eko uretan hondoratu zen.

Baleontzia XV. mendean sorturiko ontzi mota da, baleen arrantzarako berariaz egina. Baleontziak berak ez zuen aktiboki arrantzaren prozesuan parte hartzen, txalupen lana baitzen. Ordu arte erabilitako ontziak baino handiagoak ziren: haien tamainari esker, itsas gizonak arrantzan urrunago joan zitezkeen .

Egun arrantzako inude-ontziak duen zereginaren antzekoa zuen bere garaian baleontziak: inude-ontzi primitiboa dela esan daiteke, beraz. Haren barruan txalupak, arrantzarako tresneria, janaria, edaria eta beste hainbat gauza gorde zitezkeen. Horretaz gain, itsas gizonei babesa eta atseden hartzeko tokia eskaintzen zien, baita baleak zatikatu eta kontserbatzeko lekua ere[1].

Hobekuntza horiek guztiak arrantzaleek gero eta urrunago bidaiatzeko aukera ireki zuen. XV. menderako, hainbat euskal baleontzik nabigatzen zuten Asturias zein Galiziako kostaldeetan, eta XVI. mendean Ternuako kostaldera heldu ziren[2].

Ikerketa batzuen arabera, euskal arrantzaleak Amerikara Kristobal Kolon baino lehenago iritsi ziren, 1395ean, baina frogaturik gabeko teoriak dira, aztarna arkeologikorik ez dagoelako[3].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako baleontziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo baleontziaren eraikuntzari data jartzea zaila da. Arrantza historiaurrean jada egiten zen, baleak barne seguruenik. Ugaztun horien arrantzan ezagunak dira inuitak, baina haien teknikak kayak batekin jorratzen ziren, eta ez baleen arrantzarako berariaz eraikitako ontzi batekin.

Baleontziak eraikitzen lehenak ez izan arren (hori konfirma dezakeen dokumenturik ez baitago), ospe handienetariko bale arrantzaleak izan dira euskaldunak. Badira XI. mendeko dokumentu fidagarriak, zeinen arabera 1095ean Baionari bale haragia saltzeko baimena eman zitzaion. Geroago, 1200eko abenduaren 13an, Alfonso VIIIak dokumentu bat sortzen du eta horren arabera, Mutrikuk urtero balea baten dohaintza egin behar zion Santiagoko ordenari.


Euskal arrantzaren datu gehiago jasota, hasieran baleek kostaldetik hurbil igeri egiten zuten, ipar itsasoko ur hotzei alde eginez. Orduan, lur finkoarekiko distantzia motzari esker, txalupak erabilita harrapa zitezkeen baleak.

Teknika hau erabilita, XV. mendera arte arrantzan ibili ziren euskaldunak. Hortik aurrera, baleak aurkitzeko Asturias eta Galiziara mugitu behar izan ziren, eta ondoren Ternuara. Itsasoan bidai horiek egin ahal izateko txalupak ez ziren aski; orduan sortu ziren baleontziak.


Ontzi horiek zurezkoak ziren, galeoien itxura nagusia kopiatuta. Barnean, 60 marinel inguruko eskifaiarentzako tokia zegoen, baita baleak zatikatzeko, olioa ateratzeko eta dena gordetzeko tokia eta tresneria ere. Bestalde, kubiertan 3 eta 5 txalupa inguru gordetzen ziren, uretara beheratzeko prest edozein momentutan. Masta nagusia, bestalde, 30 metro ingurukoa izaten zen: hortik arrantzaleek baleen arrastoak bila zitzaketen.

Ekaineko bigarren astean nabigazioa hasten zuten Ternuara eta 60 egun inguruko itsasaldian, abuztuaren erdialderako iristen ziren. Une egokiena zen, baleen udazkeneko migrazioarekin bat zetorrelako. Han negura arte geratzeb ziren, orduan izotzak nabigazioa eragozten zuen, etxera itzultzeko momentua ezarriz. Bueltako bidaia motzagoa zen, 30-40 egun ingurukoa, korronteen laguntza dela eta.[3]

Baleontzi modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendeak igaro ahala, baleontziek beste arrantza-ontzietan ezartzen ziren aurrerapen tekniko eta teknologiko berdinak jasotzen zituzten. Oihalak lurrun makinetatik aldatuz , eta egurrezko kroskoa metalezkoengandik trukatuz.

Aldaketa handia XIX. mendean eman zen. Momentura arte, baleontzitik txalupak botatzen ziren uretara, eta orduan, baleari atzetik jarraitzen zitzaion bitartean, eskuz jaurti behar zitzaion arpoia. Arrantza teknika berriak sartzerakoan hori guztiz aldatu zen; txalupak ez ziren gehiago erabiltzen, eta arpoia pneumatikoki jaurtitzen zen baleontzitik.

Gainera, une horretan arrantzatzen ziren baleak familia ezberdinekoak dira, besteen kopurua murriztu delako. Zere arrunta (Balaenoptera physalus) beste baleak baino azkarragoa zen, baleontzi berriak bezala. Lehen erabilitako arraun txalupekin pentsaezinak ziren abiadurak erraz mantenduz.

1986tik aurrera, baleen arrantza gelditu egin zen legeen bidez, animalien kontserbazioa suspertuz. Arrantza zientifikoa oraindik ahalbidetuta dago, Japonian egiten dena adibidez. Beste herrialde batzuetan, tribu txikien artean baimenduta dago balea kopuru murriztu bat arrantzatzea.

Erdi Aroko ontziolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albaola San Juan baleontziaren erreplika eraikitze prozesuan.

XV. eta XVI. mendeetan ez ziren ontzien kotak eta planoak paperean idazten, horregatik ezinezkoa da garaiko dokumentuak aurkitzea. Baina 1978an Red Bay-n (Kanada) ikertzaile talde batek San Juan baleontziaren aztarnak topatu zituzten eta horien egoera hain ona zen, garaiko baleontziaren erreplika bat egiteko jarraitu behar ziren teknikak eta neurriak jakitea lortu zen.

Euskal ontzioletan praktikan jarritako teknikak besteekiko ezberdinak izan arren, garaiko baleontzi hoberenak eraikitzearen ospea lortu zuten. Egurrari dagokionez, haritza zen erabilitako zuhaitza ontzi osoan, jobalta izan ezik, obalta pagoen egurrarekin eraikitzen baitzen. Pagoaren egurra ez zen ohikoa ontzioletan, lehortze- eta bustitze-zikloak oso txarto jasaten dituelako. Baina jobalta denbora osoan dago ur azpian, krosko barruan ur pixka bat egoten delako beti. Egoera horretan pagoaren egurra aldaezin mantentzen da eta propietate horretaz baliatu ziren euskal ontzioletako langileak.

Egurra lortzeko zein zuhaitz moztu erabakitzea ere lan handia zen. Ontzia eraikitzeko pieza zuzenak zein biratuak behar ziren. Hori dela eta, erabiliko ziren haritzak erabakitzerakoan, eraiki beharreko piezen itxurara moldatzeko gaitasuna kontuan hartzen zen. Branka eraikitzerakoan ezberdintasun bat ikusi daiteke, branka jobaltari lotzeko eran bereziki. XX. mendeko ontzi-eraikuntzan, bi pieza hauen arteko batuketa egiterakoan, bertikalki sartzen ziren errematxeak edo iltzeak. Ez da horrela baleontzi askoren kasuan, zeinek zentzu horizontalean lotzen zuten.

Istorioak eta kondairak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Moby Dick istorioaren ilustrazioa.
  • Filipe II.ak 1587an iragarri zuen zedula errealaren arabera, Gipuzkoatik ateratako ontzi guztiak armatuta joan behar ziren, Frantzia eta Ingalaterrako kortsarioei aurre egiteko. Euskaldunek armaz hornitu zituzten ontziak, baita tripulazioa ere. Kasu batzuetan, defentsa hoberena erasotzea zela pentsatuta, hainbat baleontzi kortsarioen ehizan joan ziren.
  • Essex baleontziaren hondoraketak eta tripulazioak bizirauteko jasandako egoerak Moby Dick liburua inspiratu zuen. Ontziak normala baino tamaina handiagoko bale baten bi eraso jasan zituen, eta horrek hondorarazi egin zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Aitaguria, Bermeoko Baleontzia» www.aitaguria.bermeo.org (Noiz kontsultatua: 2018-11-15).
  2. (Gaztelaniaz) «La Historia de los Balleneros Vascos» Historia con imágenes 2017-05-26 (Noiz kontsultatua: 2018-11-14).
  3. a b (Gaztelaniaz) «El mito de que los balleneros vascos estuvieron en América antes que Cristóbal Colón» abc (Noiz kontsultatua: 2018-11-14).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]