Ballet

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txaikovskiren Intxaur hauskailua.

Balleta dantza mota arautu bat da, Pizkunde garaian Italiako gorteetan sortua eta gerora Frantzian eta Errusian garatua. Dantzaren goi mailako forma tekniko bat da eta berezko hiztegia du. Eragin handia izan du dantza orokorrean eta ballet-eskoletan irakasten da mundu osoan.

Ballet-dantzaren obrak koreografiatuta egoten dira eta mimoa, antzerkia eta musika izaten dituzte.

Ballet klasikoa da gehien ezagutzen den mota, batez ere bere teknika da azpimarratzekoa, hala nola, pointe jarrera, zangoen mugimenduak

Balletaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balleta XV. mendearen amaierako Berpizkundean sortu zen Italiako gorteetan egiten ziren jaialdien ondorioz. Ikuskizun landu haiek pintura, poesia, musika eta dantza nahasten zituzten eta areto zaballetan egiten ziren. Dantza haietatik sortu zen balleta. Lehenengoetako maisu handi bat Domenico da Ferrara izan zen eta berea da gordetzen den lehenengo agiri idatzia (Dantzatzeko eta dantzak zuzentzeko artea).

Balleta Frantzian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorte italiarretako ballet haiek Frantziara hedatu eta bertan garatuak izan ziren. Ordudanik eragin frantsesa nagusi izan zen balletean medeetan zehar.

Katalina Medicis, Florentziakoa, Henrike II.a Frantziakoarekin ezkondu zen eta berarekin ikuskizun haietan adituak ziren artista italiarrak eraman zituen. Horrela, 1581ean Erreginaren ballet komikoa ekoitzi zuen. Hori da ezagutzen den lehenengo ballet-lana. Parisen antzeztu zen eta haren partitura batek osorik iraun du gaur arte. Baldassarino de Belgiojoso edo Balthazar de Beaujoyeux-ek (Frantzian hartu zuen izena) prestatu zuen eta dantzari amateurrek dantzatu zuten errege-familiaren aurrean.

Luis XIV.a errege zela (1643-1715), gorteko balleta bere mailarik gorenera iritsi zen. Balletaren urrezko aroa hasi zen orduan. Garai hartan ballet obra asko sortu ziren eta ia guztiak Jean Baptiste Lully konpositore italo-frantziarrak eta Charles Louis Pierre Beauchamps koreografo frantziarrak sortu zituzten. Azken honek ballet mugimenduak sailkatu zituen eta ballet klasikoan oinarrizkoak diren bost posizio finkatu.

1661ean Luis XIV.ak Erregeren Dantza Akademia sortu zuen maisuentzat. Haren helburua balletaren irakaskuntza eta sorkuntza arautzea zen eta baita ballet ekoizpenen kalitatea bermatzea.

Hasieran balleta gizonezkoek soilik dantzatzen zuten eta emakumezkoen pertsonaiak mozorroturik egiten zituzten. Lehenengo emakume dantzariak 1681ean agertu ziren eszenan, Maitasunaren garaipenak izeneko obran.

Garai haietako dantzaren teknika Raoul Feuilletek jaso zuen bere Koreografia liburuan. Dantza forma berri bat garatu zen: ballet-opera, gai komun batek kantuak eta dantza guztiak lotzen zituen serie batean.

XVIII. mendeko dantzariak txarto moldatzen ziren jantziekin, oinetakoekin, ileordeekin eta miriñakeekin. Marie Anne Camargok gonak laburtu zituen eta oinetakoei orpoak kendu, bere jauziak eta urratsak hobeto egitearren.

Bestaldetik, John Weaverrek hitzak kendu zituen eta dantzaren eta keinuaren bitartez sentimendu dramatikoak transmititzen saiatu zen.

Jean Georges Noverrek, bere idatzien bidez (Gutunak dantzari eta balletei buruz), eragin handia izan zuen eta balletaren mundua erabat aldatu zuen. Berarentzat mugimenduak libreak eta naturalak izan behar ziren. Noverrek aukera izan zuen Stuttgarten, Alemanian, bere ideiak lehengo aldiz praktikan jartzeko Medea eta Jason' obran.

Jean Dambervalek, aurrekoaren ikaslea, irakaslearen printzipioak praktikan jarri zituen. Dantza puntetan garatzen hasi zen, nahiz eta oraindik punta gogorreko zapatilak asmatu gabe egon eta dantzariak une batzuetan baino ez ziren jartzen puntetan.

Erromantizismoaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silfideak balleta, lehenego emanaldia Parisen 1832an, ballet erromantikoaren hasiera izan zen. Koreografia Filippo Taglionik eta musika Scheineitzhofferrek egin zituzten. Maria Tagionik dantzatu zuen. Izaki supernatural bat antzeztu zuen, izaki hori gizaki hilkor batek maitatu eta nahigabe suntsitu zuena. Silfideek aldaketa asko eragin zuten garai hartako balletean.

Ballet erromantikoak protagonismo osoa eman zion emakumeari eta hauek gailendu ziren balletaren eszenatokietan.

XIX. mendearen lehenengo zatian bere gorenera iritsi zen ballet erromantikoa. Baina, mendearen azken aldera garrantzia galtzen hasi zen Europa osoan, Errusian izan ezik. XIX. mendearen bigarren zatian oso ballet aipagarri gutxi ekoiztu ziren.

Errusiaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiak balletaren tradizioari eutsi zion Marius Petipa eta Mikhail Fokine koreografoen lanei esker. Petiparen lanen artean ballet ezagunenak daude: Loti ederra (1890), Beltzargen aintzira (1895) eta Intxaur-hauskailua (1892), hirurak ere Liev Ivanovekin lankidetzan burutuak eta Piotr Ilitx Txaikovskiren musikarekin. Petipa erreferentzi puntu garrantzitsu bihurtu zen balletaren munduan.

Bitartean, Fokinek espresibitatearen ideia azpimarratu zuen. Ballet modernoaren sortzaile eta teorialari nagusienetakoa izan zen. Diagilev-en lankidea izan zen. Igor printzea (1909), Sheherazade (1910), Suzko txoria (1910), Arrosaren mamua (1911), Petrushka (1911), Dafnis eta Kloe (1912) balleten koreografiak eta Ana Paulovarentzat Beltzargaren heriotza prestatu zituen.

Ballet garaikidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

S. Diaghilevek sortu zituen ballet errusiarrak ballet modernoaren abiapuntua izan ziren. Gizonezkoaren figurari, ordura arte ahaztuta, garrantzia eman zion berriro eta horrekin batera Vaslav Nijinki bezalako izenak agertu ziren balletaren munduan.

Bestalde, Diaghilevek ez zituen konpositoreak eta koreografoak bakarrik kontratatu, baite mendebaldeko Europako artistak, pintoreak, poetak eta konpositoreak ere kontratatu zituen balletekin lan egiteko, Pablo Picasso eta Maurice Ravel kasu.

Georgi Ballanchine dantzari eta koreografo errusiarrak eta Serge Lifarrek, dantzari eta koreografo errusiar-frantsesak, ate berriak ireki zizkioten balletari eta lehenengoak Estatu Batuetako ballet klasikoa berritu zituen.

Ballet-konpainia hauetan parte hartu zuten artistek balletaren zabalkuntzan lagundu zuten Europan eta Ameriketan.

1920 eta 1930 urteetan Estatu Batuetan eta Alemanian dantza modernoa garatzen hasi zen. Isadora Ducanek, Marta Grahamek, Doris Hupheryk eta Mary Wigmenek mugimendu estilo berriak sortu zituzten errealismoari pixkanaka hurbilduz. Mugimenduaren gaitasuna gorputzaren erabilpen libreago batez zabaldu zen. Horrela, Isadora Ducan inprobisazioak egiten hasi zen obra klasikoetan eta haren teknikak eragin handia izan zuen ballet modernoaren sorreran. Marta Grahamek, berriz, estilo berri bati ekin zion, musika-konposizio modernoetan askatasuna eta inprobisazioa sartu zituen, ballet garaikidearentzat ekarpen handiak izan direnak.

1930 urtean, Massinek ballet sinfonikoa asmatu zuen, musikagile klasiko alemaniarren sinfoniak interpretatzen saiatu zen.

Une berean, Ballanchinek ballet abstraktuak sortzen hasi zen: Jewels (1967) da mota horretako lehenengo ballet luzea.

1940ko hamarkadan ballet konpainia handi bi sortu ziren New Yorken: American Ballet Teathre eta New York City Ballet. XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera ballet konpainia asko sortu zituzten Estatu Batuetan eta Kanadan.

50eko hamarkadan Errusiako konpainiek errepresentazioak egin zituzten mendebaldean lehenengo aldiz. Eragin errusiarra itzela izan da balletean eta denborarekin estilo ezberdinak sortu dira: dantza librea, ballet klasikoa, ballet neoklasikoa eta baita forma nahasi eta esperimentalak ere.

Balletaren errepertorioak aldaera handiak eskaintzen ditu. Ballet modernoak eta klasikoak elkarrekin izaten dira, nahiz eta dantza garaikidea gailentzen ari dela esan behar.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ballet Aldatu lotura Wikidatan