Barriako Santa Maria komentua

Koordenatuak: 42°54′57″N 2°26′07″W / 42.9157°N 2.43532°W / 42.9157; -2.43532
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:39, 17 urtarrila 2016
Barriako Santa Maria komentua
Kultura ondasuna
Komentuaren kanpoaldea.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaDonemiliaga
Koordenatuak42°54′57″N 2°26′07″W / 42.9157°N 2.43532°W / 42.9157; -2.43532
Map
Arkitektura
Ondarea
BICRI-51-0005111
39

Santa Maria komentua Donemiliaga udalerriko Narbaxa kontzejuko Barria auzoan dagoen eraikin erlijiosoa da, lehenengoz XII. edo XIII. mendean eraikia. Hainbat mendez zistertar ordenako Gaztelako San Bernardo kongregazioko lekaimeen komentu izana, 1984az geroztik gazteentzako aterpetxea da.

2003ko urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Deskribapena

Micaela Portilla historialariak dioenez, komentua XII. mendearen amaieran edo XIII. mendearen hasieran eraiki zuten. Erdi Aroko lehenengo eraikuntza haren aztarnarik ez da aurkitzen jada, eta gaur egun ikus dezakegun eraikinaren zati zaharrenak XV. mendekoak dira.

1960ko hamarkadan zistertar lekaimeak, Barriako komentua utzita, Oiona joan ziren, eta komentuko artxiboak ere berekin eraman zituzten. Artxibo horietan dago Gregorio IX.ak 1232an emandako bulda, 1235ean berretsia. Buldaren bidez, aita santuak monasterioa eta horko ondasun guztiak babestuko dituela dio.

Eraikinak bolumetriaren arabera bereizitako lau gune ditu:

  • Barriako Andre Mariaren eliza,
  • klaustroko gunea,
  • ostatu zaharra eta
  • sarrerako ataria.

Barriako Andre Mariaren eliza

Multzoaren iparraldean kokatuta dago eta eraikin garaiena da. San Bernardo kalearen parkean dagoen arku batetik sartzen da. Oin angeluzuzena eta bost zatiko gurutze ganga du; horietatik hiruk korua estaltzen dute. Erretaula nagusia, barrokoa, XVIII. mendekoa da. Idi-begi bat du eta leiho altuak hegoaldera begira daude. Iparraldeko hegalean lekaimeen klaustroa dago eta elizatik bertatik sar daiteke.

Klaustroa

Bi solairuk osatzen dute. Beheko solairuan zutabeen gainean arku irekiak daude eta goiko solairuan, berriz, egurrezko eta igeltsuzko armazoia, leihoduna.

Beheko solairua eraikinaren zati nobleena da. Arkuak harlanduzko lan beheratuak dira, fuste motz eta ildaskatuko zutabeak, harroin indartsuak eta erroseta formako kapitela, kanpoaldean harlanduzko karela eta barnealdean harlandua.

Koru baxuaren sabaia egurrezkoa da, eta gapirio artean zuriz margotutako ertz hirukiekin laukiak ditu osatuta.

Klaustroaren alboan abadesen hilerria dago eta bertan daude hilobiratuta. Sarrerako arkua nabarmentzeko modukoa da, zutabe jonikoen gainean beheratuta eta molduratuta dago. Giltzarrian San Bernardo, San Joan Bautista eta zazpi gazteluko ezkutu bat daude zizelkatuta.

Klaustroa inguratzen duen eraikina garai hartako komentuetan ohikoa zen eraikuntza motakoa da: harri-ormako harresiak, bi solairu, erdi ordenatutako baoa, arku bidez sarrera, teila arabiarreko estalkiak eta itxura trinkoa. Kanpoaldetik komentu itxura ematen duen gunea da.

Sarrerako ataria

Eraikinerako sarrera zen. Gaur egun instalazioetarako sarrera ostatuaren eta eliza-klaustroek osatutako multzoaren bitartean iparraldera begira dagoen arku beheratutako ate bat da. Ate horren gainean, 1756ko data duen armarri borobil bat ikus daiteke, monasterioak garrantzia izan zuen bigarren garaiarekin bat dator data hori.

Akaberei dagokienez, ez du garrantzi berezirik, bai, ordea, bere posizioari eta kokalekuari dagokionez; izan ere, multzoaren hazkundearen eredua da: une jakin batean dagoena mantenduz zabaltzen hasten da.

Ostatu zaharra

Komentuari jarraipena ematen diolako da interesgarria, eta orubearen iparraldeko ertzean dago. Kalerako bidea itxi arren, kokatuta dagoen auzoko irudia mantendu egiten du. Hegoaldeko harresiaren behealdean leiho bikiak daude, lehenengo eraikinen aztarna.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barriako Santa Maria komentua
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa