Baso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iratiko oihana.
Esloveniako basoa.

Basoa zuhaitzen dentsitate handiko lur saila da. Sailkapen orokor baten arabera, banatu ditzakegu bi multzo handitan, zuhaitz nagusiak kontuan hartuta: Hosto erorkorraren eta hosto iraunkorraren basoak.

Basozainak dira inguru hauek zaintzen dituzten profesionalak.

Terminologia

Batzuetan, "oihan" hitza hartzen dugu sinonimotzat, baina zehatzago izateko inguru oso euritsuetako basoak izendatzeko erabili beharko genuen, batez ere zonalde tropikaletakoak.

Bestela, mendebaleko euskaraz "basoa" berba "mendia"ren ordez erabiltzen da batzuetan.

baso mixtoa

Basoaren ekosistema

Erlazio trofikoen sistema, eta bertan, materiaren eta energiaren jarioak daude. Ekosistema horrek nolabaiteko erregulazio gaitasuna dauka eta, bertan, izaki bizidunen populazioek jarduten dute.

Euskal Herrian

Euskal Herriko basorik handiena Iratiko oihana da, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Nafarroa Garaiko lurraldeetan hedatutakoa. Halaber, hauxe dago Europako pagadirik zabalenen artean.

Bestela, hosto erorkorraren basoak zabaltzen dira bereziki Nafarroako ipar-mendebaldean, Sakanatik Aezkoaraino. Arabako ekialdean, Mendialdea izeneko eskualdean eta ipar-mendebaldean Aiaraldean. Zuberoan eta Behe Nafarroa Beherean ere lurralde osoan ditugu mota honetako zuhaitzak. Azkenik, Gipuzkoan, Urola Erdian eta Goierrin Aralar inguruan daude.

Bizkaian hosto iraunkorraren basoa nagusia da ia probintzia osoan (%66a), pinudiak batez ere. Enkarterriko inguru batzuk eta Durangaldean Urkiolako natur parkea salbuespen nagusiak dira. Gipuzkoan ere koniferoak dira nagusi (%56a), baina Araban %28a baino ez dira.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko azalaren %55a zuhaitzek estalia da, Nafarroako Foru Erkidegoan %45a den bitartean.

Baso galera

Gizakiaren jarduerak eragindako baso eremu handien hondamena. Munduko baso eremua 17 milioi hektareatan (Ingalaterra, Gales, eta Ipar Irlanda, denak batera baino eremu handiagoa) murrizten da urtean. 1980 eta 1990 bitartean Asian eta Pazifikoan % 1,2 murrizten zen urtero baso eremua, Latinoamerikan % 0,8, eta Afrikan % 0,7. Europan eta Ipar Ameriketan, baso eremuak ez du, oro har, gorabehera handirik aspaldian. Ez dira nahastu behar baso galera edo deforestazioa eta basoaren degradazioa; azken horrek basoaren kalitate mailaren murrizketa adierazten du. Bi prozesuek baina elkarrekin zerikusia dute eta zenbait arazo ekartzen dituzte. Lurra higatu eta geruza freatikoen egonkortasuna galaraz dezakete, eta uholdeak edo lehorteak gertatzea erraztu, eta bioaniztasuna murrizten dute (habitat, landare mota eta tipo genetikoen aniztasuna). Herri askotako kultura eta jakintza basoarekin harremanetan sortu eta bilakatu da, eta basoarekin batera ari dira galtzen. Munduan 200-500 bat milioi pertsonak basotik eskuratzen dute janaria, berogarria eta erregaia, eta baso galerak bizimodua aldatzera behartuko ditu. Baso galerak eta degradazioak, bestalde, desorekak eragin ditzake eskualde jakin bateko edo munduko kliman. Basoak, gainera, garrantzi handikoak dira karbonoa metatzen dutelako. Baso eremua murriztuz gero, karbono dioxido gehiegi izango zen eguratsean, eta Lur osoaren berotzea eragingo luke. Beroketaren ondorioak oso larriak izango lirateke. Gaur egun baso galera arazo handitzat daukate gobernuek, baina lehen nazioaren aurrerabidea azkartzen zuela uste zuten. Lurreko eskualde epeletako nekazaritza, basoa suntsitu eta lurraren emankortasuna baliatuz azkartu da. Ingalaterrako baso eremu handienak 1350ean galdu ziren. Europako gainerako herrialdeetan eta Ipar Ameriketan, XVIII eta XIX. mendeetan gertatu zen baso galera handiena, lur sailak zabaldu eta landu beharrez, industria hiriak elikagaiz, erregaiz eta eraikuntzarako materialez hornitzeko. 1900ean, Britainia Handian, baso eremua lurralde eremu osoaren % 5 besterik ez zen, eta gaur egun % 10 da. Baso galeraren prozesuak suntsitzaileagoak dira tropikoetan. Tropikoetako basoetako lurrak, oro har, eskualde epeletakoak baino askoz meheagoak dira, ez hain emankorrak, eta errazago higatzen dira, lixibazioz. Kolonizazio garaiko politikak, "baso oparoa, lur emankorrak" okerreko ustean oinarrituta, produktu komertzialak lantzeko soildu zituen basoak, eta horren ondorioz, leku askotan, lurra ahitua dago. Tropikoetako baso galera 1950 ingurutik aurrera azkartu zen batez ere, makina astunen laguntzarekin.

Baso galera motak

Eskualde tropikaletako nekazari txiki ibiltariek basoa soilduz erraz lortzen dituzte lur sail berriak, eta horrela galdu dituzte Afrika eta Asiako basoen % 45. Sail horiek urte gutxi batzutan landu ondoren, lurra belarra eta sasiak emateko gauza besterik ez da, eta nekazariek beste baso batzuetara jo behar izaten dute, basoa bota eta lur sail berriak erraz lortzeko. Zur ustiategiak dira baso galeraren beste erantzule nagusietako bat Asiako hego-ekialdean, Afrika erdian, eta, 1990. urte inguru arte behintzat, Afrika mendebaldean. Ipar Ameriketako ipar-mendebaldeko eta Siberiako zur ekoizleek, zuhaitzak moztu ondoren, beste batzuk sartzen dituzte, edo bestela basoa berez erna dadin uzten dute, baina bien bitartean lurra higatuz eta degradatuz doa. Emankortasun urriko lurretako baso galera ere epe motzera baizik ez da onuragarria. Hala ere, ongi planifikatua dagoenean, onura iraunarazgarriak atera daitezke, kautxu eta olio palmondoen sailetan bezala, lurra ontzen eta eta ura atxikitzen dutelako. Mundu osoan, baina Asiako hego-ekialdean eta Hego Ameriketan batez ere, baso eremu handiak bota dira bertan beste zuhaitz mota batzuk, etekin handiagoa ematen dutenak, sartzeko gero, baina egun ez da hainbeste gertatzen hori, basogintzako arduradunak berak horrek dakarren kostu sozialaren eta ingurumenari egiten dion kaltearen jakitun baitira. Landutako zuhaitz sailek zuhaitz mota bakarrekoak izaten dira sarritan, adin batekoak guztiak, eta horrela ezinezkoa da jatorrizko basoaren ekosistema garapen maila guztietako landare eta animalia mota ugari dituena berregitea. Iparraldeko koniferoen basoetan eta Britainiar Columbiako baso epeletan (probintzia horretan 2.200 km2 baso mozten da urtean, probintziako baso eremu osoaren % 1), zuhaitzak mozten dituzten enpresak bost urteko epean soildutako eremu osoa berriro landatzera behartu zituzten 1987. urtean. Halaber, ahalegin handiak egiten ari dira jatorrizko zuhaitz moten ugaritasuna bere horretan gordetzeko. Egoera antzekoa da Ipar Ameriketan eta Europan: baso eremuak ez du gorabehera handirik izan aspaldi honetan, baina baso zaharrak urritzen ari dira egunetik egunera, eta baso berriek hartzen dute haien lekua. Baso galera dela eta, tirabira handiak sortu izan dira, mozketaren aldekoen eta aurkakoen artean. 1993an, Clayoquot Sounden, Vancouverko uhartean, 700 lagun atxilotu zituzten baso epeleko eremu erabili gabe batean zuhaitz mozketa eragozten saiatzeagatik. 1970-1990 bitarteko urteetan, Brasilen eta Erdiko Amerikan, baso eremu handiak moztu ziren larreak lortzeko. Horren bultzatzaile nagusiak gobernuak berak izan ziren, etxalde handiak sortu nahi baitzituzten. Afrika idorrean ere basoak erretzen dituzte larreak lortzeko. Himalaian eta Andeetan erregaia lortzeko moztu izan dira zuhaitzak, eta egun baso galera izugarria da. Baso galera eragin duen beste faktore garrantzitsu bat errepideak zabaltzea eta urtegiak eraikitzea izan da. Askotan galeraren eragileak bata bestearen ondotik gertatzen dira. Errepidea zabaltzeak zur ekoizpena ekartzen du ondotik, eta soilguneak zabaltzean nekazaritza dator atzetik. Tropikoetan moztutako basoen erdiak nekazaritzarako moztu dira.

Baso galeraren oinarrizko kausak

Baso galera eta degradazioa adierazle politiko, merkatuko eta instituzionalen erantzun gisa sortzen dira. Hauek jendea baso aldera bultzatzen dute ekonomia edo gizarte egoera zailetan, irabaziak (baso ustiapenaren eta galeraren ondoriozkoak) erraz lortzeko aitzakiarekin. Ekonomia politika askok ez dituzte aintzat hartzen basoen balioak, eta sarritan merke zurrean uzten dituzte ustiapen eskubideak, eta baso galerak beste erabilera batzuetarako izan ditzakeen onurei behar baino balio handiagoa ematen diete. Hala, elikagaien prezioa jaisteko laguntzak ematen dituzte, baina, aitzitik, basoak zaintzeko, ez. Basoen jabetzari eta erabilera eskubideei buruzko segurtasunik ezak ere neurriz gain ustia daitezen dakar berekin. Politika batzuek basoa soiltzea ere eskatzen dute, jabeak lurra "hobetu" duelako froga gisa. Faktore gehiago ere badira, baina horiek dira nagusiak.

Baso galera kontrolatzeko ahaleginak

Baso galeraren arazoari aurre egiteko ikuspegi tradizionalek lege eta araudietan jarri dute indarra, baina legeok betearazteko ez da behar beste indar egiten, eta talde ahaltsuenek nola edo hala saihesten dituzte. Herrialde pobreetan laguntza programetan jarri da indarra, Baso Tropikalen Nazioarteko Programan batez ere. Baina laguntzok ez dira aski izan baso galera gerarazteko. Egun, basogintzako agiria eta zurari etiketa jartzea proposatzen da, adibidez, basoaren gestio iraunarazgarritik sortutako produktuak bultzatzeko. Gainera, baso galera eragile askoren emaitza denez, plangintza orokor baten beharra ikusten da, eragile horietako bati bakarrik aurre eginez gero nekez lortuko baita arazoa konpontzea. Ahalegin handia egin beharra dago basogintzaren gestio iraunarazgarria lortzeko, ingurumena babesteko helburuen eta helburu sozial eta ekonomikoen artean halako oreka bat lortzeko. Nazio Batuen proposamenetako bat da herrialde bakoitzak bere ekosistema bereziaren % 12ri gutxienez eustea. Zenbait herrialde basoek eskaintzen dituzten onurak balioztatzen ari dira, Baso Jabetza Iraunkorra, hau da herrialde bakoitzak orain eta etorkizunean, bai babesteko bai produzitzeko, beharko duen baso eremuaren luze-zabalera, eta basoaren erabilerako estandarrak zehazten alegia.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Baso Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak