Bastida (hirigintza)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Erdi Aroko hiri-berri ereduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bastida».
Monpazier bastidaren plazako izkina ezaguna

Bastida Erdi Aroan Frantziako estatuko hegomendebaldean garatutako planta berriko hiri mota da. XII eta XIV. mende artean sortu ziren gehienak —1222 eta 1373 urteen bitartean—, Akitania, Gaskonia eta Okzitaniako eskualdeetan, eskuarki. 500 bat inguru daudela esaten da, definizioaren estutasunaren arabera. Hala frantsesek nola ingelesek eraiki zituzten, babesgabeko lurralde horiek kolonizatzeko, batez ere. Maiz bidegurutzeak edo lehendik okupatutako herrixketan antolatu eta garatu zituzten. Hortaz, Erdi Aroko lurraldearen antolakuntzarako tresna izan ziren bastidak.

Nafarroako Erresumak ere sortu zituen bastida batzuk, esaterako, Nafarroa Behereko Bastida, 1288an, edo Bearnoko Nabarrengose, 1316an.

Anthony Edwin James Morris arkitektoaren arabera, eta ezaugarri bertsuak dituztelako, badira bi bastida Ingalaterran ere bai: Winchelsea (ia hutsik, gaur egun) eta Kingston upon Hull (bere garaian, eskoziarren aurkako gudaroste ingelesaren base gisa erabilia). Halaber, egile beraren ustez, Galesen 10 bastida sortu zituen Eduardo I.a Ingalaterrakoak, lurralde hori ere konkistatzeko asmoarekin: Flint, Rhuddlan, Aberystwyth, Caernarvon, Conway, Criccieth, Bere, Harlech, Beaumaris eta Bala, kronologikoki, guztiak XIII. mendean.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gehienak oinplano erregularrekoak dira, haien kaleak elkarri elkartzutak izan ohi direlarik. Erdigunean plaza laukizuzen bat izaten dute, udaletxearen eta merkatuaren eraikina jasotzen duena. Eraikin horri frantsesez halle deritza. Eliza ere izaten dute, askotan plazarekin erlazionatuta.

Merkataritzarekin ez ezik, bastidek nekazaritzarekin ere harreman estua zuten. Normalean, bastidetako hiritarrei soroak ere ematen zitzaizkien bastiden inguruan. Bastidetarrek erregearentzako zerbitzu militarra eginez ordaindu ohi zuten haien hiritartasuna. Frantziako bastidek, gotortuak bazeuden ere, ez zuten gaztelurik (larrialdi kasuetan eliza sendoa erabil zitekeen). Galeskoek, berriz, haien izaera militarragatik, bazuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bastida (hirigintza) Aldatu lotura Wikidatan