Basurde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Basurde
Pleistozeno-gaur egun

Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaSuidae
LeinuaSuini
GeneroaSus
Espeziea Sus scrofa
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia121 egun
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakwild boar meat (en) Itzuli, haunch of wild boar (en) Itzuli eta wild boar skin (en) Itzuli
Eguneko zikloaeguneko
Genomaren kokapenaensembl.org…

Basurdea (Sus scrofa) mammalia klaseko eta suidae familiako ugaztuna da. 90-150 cm inguru neurtzera irits daiteke eta 80 kg inguruko pisua pisatzera.

Ia mundu osoan zabalduta dagoen ugaztun horrek txerriaren antza handia dauka. Espeziea leku batzuetan galduta dago, gizakiak hil duelako –adibidez, Britainiar Uharteetan. Beste batzuetan, aldiz, gizakiak berak eraman du, hala nola, Ameriketara eta Ozeaniara. Gehienak Afrikako iparraldean, Europan eta Asian bizi dira. Ingurune guztietan bizi da, baldin eta basoak badaude; horiek beharrezkoak ditu, eguna gordeta igarotzeko.

Sus scrofa animaliak azpiespezieok ditu:

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerriak bezala, buru handia eta begi txikiak ditu. Belarriak handi samarrak ditu eta musu luzea. Musuaren amaieran, sudur-zuloak eta kailu zapal bat dauka. Emeak arrak baino txikiagoak dira eta musu luzeagoa dute.

Oso animalia sendoa da. Zurden artean gorputz osoa estaltzen dion ile fina dauka. Aurreko hankak atzekoak baino txikiagoak dira eta laurak oso sendoak. Hankaren amaieran bi behatzdun apatxa daukate. Buztan zuzena dute, txerriarena ez bezala.

Haien gorputzeko atal ikusgarrienetako bat letaginak dira. Beheko masailekoak oso luzeak dira (20 cmraino irits daitezke) eta goiko masailekoak, laburragoak. Arrek borrokarako erabiltzen dituzte, baina emeenak ez dira hain luzeak. Orojaleak dira, hau da, denetarik jaten dute: sustraiak, fruituak, karraskari txikiak, intsektuak, haratustelak etab. Oso usaimen ona dute eta lur azpiko janaria usaintzeko gaitasuna dute.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeak azaro edo abenduan araldian sartzen dira eta orduan arra, bakarti bizi izan dena, hurbiltzen da emeen taldera. Garai honetan borroka latzak egoten dira arren artean emeak ernaltzeko. Lau hilabetera 2-6 kume jaiotzen dira. Kumeok amaren esnea hiruzpalau hilez hartuko dute eta urtebetera arrak taldetik joan egiten dira. Kumeek bizkar aldean marra batzuk dituzte eta haiei esker errazago egiten zaie etsaiengandik ezkutatzea. Sei hilera, kumeak gorrixkak dira eta heldutasun sexuala bi urterekin iristen zaie. Hemeretzi urte arte bizi daitezke.

Emeek taldea bideratzen dute.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko lau haizeetara joz gero, basurdearen berri izan dezakegu. Salbuespenak salbuespen, oso espezie hedatua da: adibidez, Afrikako zona ekuatoriala eta hegoaldea basurderik gabeko gune zabal nabariak dira. Hala ere, bertan haren ahaideak (fakokeroak) topa daitezke. Siberia iparraldeko muturreko klimari aurre egiteko ere ez da gai.

Europan, mendialdeetan hedatuen dago eta Eskandinabiar penintsula eta Britainiar Uharteak salbu, kontinente osoan zehar hedapen zabala du. Euskal Herriari gagozkiolarik, mendialde eta basoetan oso hedatua da; baserri inguruetako baratzak ugari diren zonetan ingurune aberats eta segurua du.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bizi dira bereziki, nekazaritza-lurrak gero eta utziagoak daudelako. Asko daudenez, nekazaritza lurretan sekulako triskantzak egiten dituzte.

Zientzialariek Iberiar penintsulan bi basurde klase bereizi dituzte: Euskal Herrikoa Sus scrofa castillanus espeziekoa da, nahiz eta oso argi ez egon azpi espezie horren eta Europan dagoenaren (Sus scrofa scrofaren) arteko ezberdintasuna.

Mendi eta baso inguruetan bizi da bereziki gurean. Iberiar penintsulan Sus scrofa baeticus eta Sus scrofa castilianus azpiespezieak bizi dira (bigarrena, iparraldean).

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso eta ingurune sastrakatsuak ditu gogoko basurdeak. Egunez animalia ezkutaria da, eta beharrezko zaio ingurune itxi eta babestu samarra. Hala ere, itsasotik hurbil ere bizi da eta ingurune irekietara osteratxoak egiteko zale ere bada.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurde gazte bat elurretan Wisentgehege Springe parkean, Springe ondoan, Hanover, Alemania.

Oso animalia taldekoia da eta ez du lurraldetasunarengatiko edota bestela mugarekiko inolako lehiaketarik egiten. Egunez sedentario samarrak izaten dira; gauez, aldiz, 2-15 km egiteko gai dira. Trosta arinez mugitzen dira normalean eta larrialdi kasuan abiadura azkartzeko gai diren arren, ez dira esprinta luzaroan mantentzeko gai.

Emez eta kumez osatutako talde txikietan migratzeko joera dute: bertan 20 animalia inoiz ibili izan dira baina, orokorrean, ez dira dozena erditik pasatzen. Arrak taldeen periferian bizi dira, eta araldian taldera jotzen dute. Osterantzean bakartiak izaten dira, nahiz eta batzuetan ar zaharrak beste ar gazte baten konpainian ikusi izan diren arren.

Orokorrean, behin-behineko ezkutalekuez baliatzen da. Hala eta guztiz ere, kumaldiaren amaieran pertz erako oheak osatzen ditu zuhaitz edota sastraken gerizpean. Bertan izaten ditu kumeak, bizitzako lehen egunetan ezkutatuta eta amaren begirada zorrozpean bizi direnak.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurdeak basoko ekosisteman ez du etsai naturalik; are gehiago, ekosistemaren dominatzaileetako bat da. Basurdea mugagabe hedatu da eta leku askotan gehiegizko populazioa dela eta, arazoak eragin ditu baratze eta flora basatian. Horrexegatik, ehizaldiak antolatu izan dira, ekosistemaren orekarako, basurde populazioa kontrolatzea beharrezkoa baita.

Basurdea heraldikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian zein munduan barrena basurdea maiz erabili da ikur gisa herri eta hiri zein deituren armarrietan.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure inguruan, basurdearen okela eta harekin egindako hestebeteak erabiltzen dira, txerrikia askoz ohikoagoa bada ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]