Bavaria
|
Bavaria |
|||
|---|---|---|---|
|
|||
| Herrialdea | |||
| Hiriburua | Munich | ||
| Koordenatuak | 48°48′N 11°25′E / 48.8°N 11.417°EKoordenatuak: 48°48′N 11°25′E / 48.8°N 11.417°E | ||
| Eremua | 70.549 km² | ||
| Biztanleria | 12.492.000 (2007) | ||
| Dentsitatea | 177 bizt / km² | ||
| Land burua | Horst Seehofer (CSU) | ||
| Bozak Bundesraten | 6 (69tik) | ||
| ISO 3166-2 | DE-BY | ||
| www.bayern.de | |||
Bavaria[1] (alemanez: Bayern) Alemaniako hego-ekialdean dagoen estatua da. Ezaugarri berezia du, "estatu librea" izanda (Freistaat Bayern).
Hiriburua Munich du (1.314.551 biztanle) eta estatuak, 12.464.997 biztanle ditu.
Historikoki garrantzia handia eduki du Europa mailan. Halaber pertsona ospetsu ugarik bertan eduki dute jaioleku eta bizileku.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Danubio ibaiak bitan banatzen du mendebaletik ekialdera. Danubioaren hegoaldean 250 km luze hedatzen diren Alpeak daude eta bertan daude Alemaniako gailurrik gorenak (Zugspitze, Hochwanner eta Watzmann besteak beste). Hegoalderago Iller, Lech, Isar eta Inn ibaiek zeharkaturiko ordoki suabiar-bavariarra zabaltzen da; haran eta aintzira ugari (Ammersee, Starnbergsee, Chiemsee) dago han.
Danubioaren iparraldean Suabia-Frankoniako arroa ageri da, Main eta Danubioaren eskuinaldeko adarren artean. Frankoniako Jura mendiek zeharkatzen dute eskualde hau. Ekialdean, Bavariako Oihana (Bayerischer Wald) Txekoslovakiarekiko mugan hedatzen da Bohemiako oihanean (Böhmerwald, txekieraz Cesky Les, 1.400 m).
Ekonomia [aldatu]
Artzaintzak eta nekazaritzak garrantzi handia hartu dute: esne azienda Alpe eta ordokian, laboreak eta patata Danubio ibarrean, mahastiak Main haranean. Petrolio findegiak daude Ingolstadt-en. Mekanika eta kimika industria, ehun langintza, janari industria (garagardoa), etab. Nurenberg, Munich, Aubsburgo eta Würzburg hirietara bildu dira batez ere. Turismoa garrantzitsua da: Alpeak (Garmisch-Partenkirchen, Berchtesgaden), Munichen hegoaldeko aintzirak, Bayreuth (Wagner-en operak).
Historia [aldatu]
Zeltak izan ziren lehen biztanleak; erromatarrak K. a. 15. urtean sartu ziren Bavarian. Danubioko haran zabalak eta Alpeetako haranek inbasioetarako bidea errazten zutela, V. eta VI. mendeetan, Bohemiatik etorritako herriek hartu zuten. Frankoen eskuetan egon ondoren, dukerri bihurtu (911) eta Saxoniaren, Frankoniaren eta Guelfoen etxeen mende geratu zen.
1180. urtean, Bavaria Palatinatuko Otton Wittelsbacheko kondearen palatinarraren gobernupean utzi zuten; 1218 arte bertako haren etxeak izan zuen agintea. Palatinatuaren barnean, lurraldeak Holanda eta Hainaut lurraldeetara zabaldu zituen Bavariako etxeak (Luis IV.a Bavariako enperadorea, 1314-1347). XVII. mendean, Maximilian I.a Handia, Bavariako Duke eta Hauteslea (1573-1651) Liga Santuko buru bihurtu zen eta printze protestanteen aurka borrokatu zen Hogeita Hamar Urteko Gerran. Westfaliako Itunak (1648) lurraldea ezagutu zion,Goi Palatinatua barne. Handik aurrera, Bavariako koroak Frantzia aldera jarri zituen begiak, eta itunak frantsesekin egin zituen. Frantziako gobernuak lagunduta, Maximilian Josef I.a Bavariako errege izendatu zuten 1805ean. Napoleonen erasoen garaian, hasieran alde egon bazen ere, Bavariak azkenean frantsesen aurkako aliatuen bidea hartu zuen. Frantziarekiko aliantzak bukatuak ziren. Bavaria Austriaren alde borrokatu zen Prusiaren aurkako gerran (1866) eta Prusiaren alde Frantziaren aurkako gerran. Versaillesko itunaren arabera (1870), Bavariako erreinua Alemaniako Inperioaren kide bihurtu zen, nolabaiteko autonomia gorde bazuen ere. Bavariako monarkiaren azkena 1918ko azaroaren 7an etorri zen (Weimar-ko Errepublika). Land bihurtuta, eskubide gehienak galdu zituen Bavariak. Munichen jaio zen nazismoa aginpidera heldu orduko (III. Reicha, 1933) autonomia eskubide guztiak galdu zituen. Amerikarrek 1945ean hartua, Alemaniako Errepublika Federaleko hamar land-etako bat bihurtu zen.
Banaketa administratiboa [aldatu]
Eskualdeak [aldatu]
- Bavaria Beherea: 1.196.178 biztanle; 10.330 km2.
- Frankonia Beherea: 1.344.629 biztanle; 8.531 km2.
- Frankonia Garaia: 1.106.541 biztanle; 7.231 km2.
- Frankonia Erdikoa: 1.708.972 biztanle; 7.245 km2.
- Palatinatu Garaia: 1.090.289 biztanle; 9.691 km2.
- Suabia: 1.786.166 biztanle; 9.992 km2.
- Bavaria Garaia: 4.211.118 biztanle; 17.530 km2.
Hiri nagusiak [aldatu]
- Munich (Bavaria Garaia): 1.314.551 biztanle.
- Nuremberg (Frankonia Erdikoa): 500.132 biztanle.
- Augsburg (Suabia): 276.193 biztanle.
- Würzburg (Frankonia Beherea) 133.188 biztanle.
- Regensburg (Palatinatu Garaia): 129.175 biztanle.
- Ingolstadt (Bavaria Garaia): 120.575 biztanle.
- Fürth (Frankonia Erdikoa): 113.076 biztanle.
- Erlangen (Frankonia Erdikoa): 102.745 biztanle.
Politika [aldatu]
2008ko irailaren 28an izan ziren Baden-Württembergeko parlamenturako azken hauteskundeak. Bavariako Batasun Kristau eta Soziala (CSU) alderdi eskuindarrak erraz irabazi zuen, hala ere 46 urteren ondoren lehen aldiz gehiengo absolutua galdu zuen. Honako hauek izan ziren hauteskundeetako emaitzak:
| Alderdia | Bozken ehunekoak | Diputatuak |
|---|---|---|
| Bavariako Batasun Kristau eta Soziala (CSU) | % 43'4 | 92 |
| Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) | % 18'6 | 39 |
| Freie Wähler (Hautesle askeak) (FW) | % 18'6 | 21 |
| 90 Aliantza/Berdeak | % 9'4 | 19 |
| Alderdi Demokratiko Askea (FDP) | % 8'0 | 16 |
| Ezkerra (Die Linke) | % 4'3 | 0 |
| Gainontzeko alderdiak | % 6'1 | 0 |
Kultura [aldatu]
Bavariar ezagunak [aldatu]
- Albrecht Dürer (1471-1528), margolaria.
- Hans Sachs (1494-1576), idazlea.
- Georg Ohm (1789-1854), fisikaria.
- Richard Wagner (1813-1883), musikagilea.
- Levi Strauss (1829-1902), ehungilea.
- Carl von Linde (1842-1934), ingeniaria.
- Wilhelm Conrad Röntgen (1845-1923), fisikaria.
- Rudolf Diesel (1858-1913), ingeniaria.
- Max Planck (1858-1947), fisikaria.
- Alois Alzheimer (1864-1915), sendagilea.
- Richard Strauss (1864-1949), musikagilea.
- Thomas Mann (1875-1955), idazlea.
- Albert Einstein (1879-1955), fisikaria.
- Bertolt Brecht (1898-1956), idazlea.
- Joseph Ratzinger edo Benedikto XVI. (1927-), Aita Santua (2005-).
- Franz Beckenbauer (1945-), futbolaria.
- Lothar Matthäus (1961-), futbolaria.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak [aldatu]
- (Alemanez) Bavariako webgune ofiziala
| Alemaniako estatuak | ||
|---|---|---|
|
Baden-Württemberg · Bavaria · Berlin · Brandenburgo · Bremen · Hanburgo · Hessen · Mecklenburg-Aurrepomerania · Ipar Renania-Westfalia · Renania-Palatinatua · Sarre · Saxonia · Saxonia Beherea · Saxonia-Anhalt · Schleswig-Holstein · Turingia |
||