Pazko matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bazko Altxamendua» orritik birbideratua)
Pazko matxinada
Éirí Amach na Cásca
Easter Rising
1916ko Pazko matxinadako Irlandako Errepublikaren Aldarrikapena.
Data1916ko apirilaren 24 eta 29 artean
LekuaDublin, bai eta Meath, Galway, Louth eta Wexfordeko konderrian jazotako liskarrak
Emaitzairlandar errepublikarren porrot militarra baina garaipen morala, ordurarte bizkar ematen edo aurka zuten irlandarren gehiengoa heuren alde jarri baitzen
Lurralde-aldaketakIrlanda
Gudulariak
Irlandako Errepublika Irlandar indar matxinatuak:
 Irlandar Boluntarioak
 Irlandar Armada Hiritarra
 Cumann na mBan
Erresuma Batua Britainiar Armada
Dublingo Hiri Polizia
Royal Irish Constabulary Royal Irish Constabulary
Buruzagiak
Patrick Pearse
James Connolly
Tom Clarke
Seán MacDermott
Joseph Plunkett
Éamonn Ceannt
Thomas MacDonagh
Lord Wimborne
Augustine Birrell
Matthew Nathan
Lord French
Lovick Friend
John Maxwell
William Lowe
Indarra
1.250 ekintzaile Dublinen
~2.000–3.000 ekintzaile gainontzeko Irlandan barna, baina haietatik oso gutxik parte hartu zuten
16.000 gudari eta 1.000 polizia Dublinen asteburuz
Galerak
64 hildako
zauritu kopuru ezezaguna
16 exekutatu (buruzagi matxinatuak)
132 hildako
397 zauritu
254 zibil hilak
2.217 zibil zaurituak
Denera hildakoak: 466

Pazko Matxinada (irlanderaz: Éirí Amach na Cásca[1], ingelesez: Easter Rising), Irlandan 1916ko apirilean, Pazko bigarrenez, Erresuma Batua eta Britainiar Inperioaren agintearen aurka burutu zen matxinada bat izan zen. Matxinada hau, 1798ko Irlandako matxinada ez geroztik errepublikarrek Irlandaren kontrola bereganatzeko egin zuten saiakera ezagunena bilakatu zen[2], bide batez Erresuma Batutik independentzia lortzeko helburu edo asmo garbiz.

Irlandar Anaitasun Errepublikarraren Gerra Kontseiluko zazpi kideek aurrez antolatuta[3], saiakera errepublikar iraultzaile hau 1916ko apirilaren 30an jazo zen, Patrick Pearse abokatua buru zuten Irlandar Boluntarioen zati batek (Irlandako Errepublikar Anaitasunaren adar armatua) eta James Connollyren Irlandar Armada Hiritarrak, Dublin hirian kokaleku garrantzitsuak hartu zituztenean, Irlandako Errepublika aldarrikatu zuten.

Gertaera hau, irlandar independentziaren prozesuko aldi erabakigarritzat hartzen da, halere irlandar nazionalismoa eta irlandar errepublikanismoaren barneko zatiketa ere ekarri zuen, garai hartan irlandar nazionalismo autonomistak Britainiar Koroaren menpeko autonomia mugatu bat onartu baitzuen, autonomi gobernuaren hirugarren Legean gauzatzen zelarik (Home Rule), 1914an onartua eta Lehen Mundu Gerra garaian ezeztatua izan zelarik; aldiz irlandar errepublikanismoa Irlandako Errepublika independente baten aldekoa zen.

Matxinada sei egunetako etengabeko norgehiagoka eta borroken ondoren britainiar soldaduek guztiz zanpatua zuten, halere britainiar garaipen militarra izan arren, benetazko arrakasta edo garaipen morala matxinatuentzat izan zen, Irlandaren independentziaren auzia mundu mailara agerrarazi eta matxinatuek ordurarte zuten irlandar gehienen babesa lortzeaz gain Irlandako Independentzia Gerraren hastapena suposatu baitzuen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1800eko Batasun Agiriak Britainia Handiko Erresuma eta Irlandako Erresuma elkartu eta Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua sortzeaz gain Irlandako Parlamentua deuseztatu eta Irlandari Erresuma Batuko Legebiltzarrean ordezkaritza eman zion. Jada hasieratik irlandar nazionalista asko batasuna nahiz herrialdearen zapalkuntzaren aurka agertu ziren[4].

Matxinadaren antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Pazkoko matxinada nagusiki Irlandar Boluntarioek martxan jarria izan, beraren antolaketaren arduna Irlandar Anaitasun Errepublikarra (edo IRB, Irish Republican Brotherhood) erakundea izan zen. 1914ko irailaren 5ean Lehen Mundu Gerra hasi eta Britainiar Inperioak Alemaniar Inperioari gerra aldarrikatu eta hilabetera, IRB erakundeko Kontseilu Gorena biltzartu eta "Ingalaterrako estualdiak Irlandaren aukerak dira" leloari jarraituz gerra hura amaitu aurretik altxamendua burutzea erabaki zuen, bidebatez, Alemaniak irlandar altxamenduari eman ziezioken edozein motako laguntza onartuko zutela erabakiz[5]. Helburu honekin, IRBko Tom Clarke diruzainak matxinada hura antolatuko zuen militar kontseilu bat osatu zuen, kontseilu honen hasierako kideak Patrick Pearse, Éamonn Ceannt eta Joseph Plunkett izan zirelarik, handik gutxira Clarke bera eta Sean MacDermott elkartu zitzaizkien[6][7]. Guzti hauek, Clarke ez ezik, IRB eta Irlandar Boluntarioak erakundeetako kideak ziren. 1913an IRB edo Irlandar Errepublikar Anaitasuna sortu zen unetik bere kideak sekretupean Irlandar Boluntarioak erakundean infiltratuz joan zirela, bide batez azken erakunde horren barnetik IRBko kideak ofizial mailara igoarazten zituztelarik. Ondorioz 1916. urterako Irlandar Boluntarioak erakundeko goi kargu gehienak ekintza zuzen eta oldarkorren aldeko errepublikarrak ziren. Haien artean salbuespen nabarmenena euren sortzailea zen Eoin MacNeill izan zen, honek Lehen mundu Gerra amaitu ostean Irlandar Boluntarioak erakundea Erresuma Batuarekin negoziazioak burutzeko aldekoa zen, eta arrakastarik izango ez lukeen inongo edozein matxinadaren aurkakoa zen. Dena dela, IRB erakundeak MacNeill euren alde jarraraztea (behar ahal izan ezkero baita trikimailuen bidez ere) edota bere aginduei ez entzunena egiteko asmoa erakutsi zuen. Halere, azkenik bi plan hauetako bat bakarra ere ez zuten lortu ahal izan.

O'Connell Street etorbidean dagoen Dublingo Postetxe Bulego Nagusiaren eraikuntza, 1916ko Pazkoko matxinadaren kokagune nagusia izan zen.

IRBren planak laister aurkitu zuen lehenbiziko oztopa: Irlandako Hiritar Armadaren edo ICA (Irish Citizen Army) talde sindikalista eta sozialistaren buruzagia zen James Connolly eskoziarrak beste alderdi politiko batzuk ekintzara iragateko asmorik ez izan ezkero euren kabuz matxinada bat gauzatzeko mehatxua jaurtiki baitzuen (une hartan Connolly eta Irlandako Hiritar Armada erakundea IRB erakundearen asmoei buruz ezjakitun zeuden). Connollyren ICA erakundeak 200 kide besterik ez zituenez, parte hartuko lukeen edozein ekintza porrot ziurra izango litzateke, ondorioz honek Irlandar Boluntarioen matxinada batek arrakasta izateko aukera guztiak zapuztuko lituzke. Honela bada, IRB erakundeko buruzagiak Connollyrekin biltzartu eta beraiekin batu zedin konbentzitu zuten. Hurrengo Aste Santuan denak batera ekintzara pasatzeko erabakia hartu zuten.

Britainiarrek erakunde eta talde hauen barnean zituzten informatzaileak neutralizatu asmoz, Irlandar Boluntarioak erakundek Pearse buruzagiak hiru egunez "martxa eta ariketa" militarrak antolatu eta burutzeko agindua eman zuen (egun horien artean Pazko Igandean zegoelarik). Egitasmo honen ideia erakundearen benetako errepublikarrak (bereziki IRB erakundeko kideak) matxinada noiz jazoko zen ohartaraztea izan zen, aldiz, MacNeillen gizonek eta Dublingo gazteluko britainiar agintariek agindu hura literalki hartu eta ariketa militar arrunt batzuei garrantzirik eman gabe matxinadak ustekabean hartuko lituzke. Noski, hura hala gertatuko zela suposatzea, gehiegi suposatzea zen, MacNeill segituan ohartu zen han benetan antolatzen ari zenaz eta hura geldiarazteko "Dublingo gaztelukoei deitu ez beste, edozer gauza egiteko gai zelako" mehatxua egin zuen. Nahiz eta MacDemorttek MacNeilli Sir Roger Casementen ardurapean Kerry konderriko kostaldean matxinada hartan erabiltzeko armez beteriko alemaniar itsasontzi bat lehorreratu zelako albistea eman eta ekintzaren baten antolatzaile gisa jarri izan, hurrengo egunean itsasontzi hura hondoratua izan zela jakin bezain laster MacNeill bere aurreko pentsaerara itzuli zen. MacNeillek bere aldekoen laguntzaz, bereziki Bulmer Hobson eta O'Rahillytarrak, Irlandar Boluntarioak erakundeko kide guztiei igande hartako programatuak zituzten ekintza guztiak bertan behera uzteko kontragindua eman zuen. Halere, hau matxinada hura egun bakar batez atzeratu eta matxinatuen kopurua nabarmen murrizteko besterik ez zuen balio izan.

Antolatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britaniar Gobernua eta Komunikabideen "ustetan" 1916ko Pazkoko matxinadako gertakarien "atzean" Sinn Fein alderdi politiko txikia zegoen, nahiz eta hau egiazki ez zen horrela izan. 1916ko Pazkoko matxinadaren antolatzaile nagusiak erakunde edo talde errepublikar hauek izan ziren:

Matxinada Dublinen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pazko astelehena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Posta Bulego Nagusian zintzilikatu ziren errepublikar banderetako bat.

1916ko apirilaren 24a, astelehena, Pazko eguna, goizean-goiz 1.200 boluntario eta Irlandako Armada Hiritarreko kideak Dublingo erdigunean gotortu ziren. James Connollyren aginduz 400 boluntario eta Irlandako Armada Hiritarreko kidez osatutako beste talde bat Liberty Hall eraikinean gotortu ziren.

Matxinatuen koartel nagusia O'Connell Street kaleko Posta Bulego Nagusian ezarri zen, bertan James Connolly komandante militar nagusia eta Kontseilu Militarreko beste lau kide zeuden: Patrick Pearse, Tom Clarke, Seán Mac Dermott eta Joseph Plunkett. Posta Bulego Nagusia okupatu ostean, matxinatuek eraikinean bi irlandar bandera errepublikar zintzilikatu eta Pearsek Irlandako Errepublikaren Aldarrikapena irakurri zuen.

Edonon, matxinatuek euren kokaleku ugari okupatu zituzten: Four Courts, lege boterearen egoitza, Jacob's galleta lantegia, Boland's Mill, South Dublin Union ospitalea, Marrowbone Lane kaleko destilategia. Michael Mallinen gidaritzeko beste talde bat St Stephen's Green parkean ezarri zen.

Nahiz eta Irlandako britainiar agintaritzaren egoitza nagusia zen Dublingo gaztelua arinki zaindua egon, Seán Connollyren agindupeko taldeak hura bereganatzen huts egin zuten. Zaindaritzan zegoen polizia bat tiroz hil eta guardia-gelan zeuden soldaduak menderatu zituzten. Sir Matthew Nathan idazkari ordea tiro hotsez oharturik, gainontzeko zaindariei gazteluko ateak itxitzen lagundu zuen. Matxinatuek Dublingo udaletxea eta aldameneko eraikinak bereganatzea lortu zuten. Hiriaren erdigunean dagoen Trinity College unibertsitatearen eraikina bereganatzen ere huts egin zuten, bertako ikasle unionistek talde soil armatu batek arrakastaz defendatu baitzuen. Eguerdian Irlandar Boluntarioek eta Fianna taldeko kideek Phoenix parkeko Magazine gotorlekua eraso eta bertan topatu zituzten zaindariak desarmatu zituzten, haien armez bereganatu eta matxinadaren hastapena adierazteko gotorlekua jo eta bertan lehertzeko asmoz. Gotorlekua lehertu zuten baina armak bereganatzeko saiakeran huts egin zuten.

Matxinatuen eta britainiar indarren kokalekuak Liffey ibaiaren bi ertzetan barna.

Gutxienez bi ekintzetan, Jacobs lantegia eta Stephens Green parkea kasu, Irlandar Boluntarioek eta Irlandako Armada Hiritarreko kideek matxinatuak eraso eta haien barrikadak kentzen saiatu ziren zibilak tiroz hil zituzten. Beste kasu batzuetan, matxinatuen kokalekuetatik lekutu zitezen zibilak eskopeta kirtenez jo zituzten.

Matxinadak britainiar militarrak erabat ezustean harrapatu zituen eta haien erantzuna lehenbiziko egunean orokorrean koordinaziorik gabea izan zen. Britainiar zalduneriko bi gudaroste bana Four Courts eta O'Connell Street kalera bidaliak izan ziren, tiroketen egoera zein zen eta indar matxinatuen galerak ikuskatzera. Mount Street kalean Lehen Mundu Gerrako beteranoak ziren Boluntarioen Gudarosteak indar matxinatuekin talka egin zuen eta haietako lau soldadu Beggars Bush koartelera iritsi aurretik matxinatuen tiroz hil ziren.

Asteartetik larunbatera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lord Wimborne, teniente jaunak, astearte gauez hiriburuan lege martziala ezarri eta botere zibila William Lowe brigadier-jeneralari eman zion. Indar britainiarrek beren hasierako ahalegin guztia Dublingo gazteluko sarbideak babestu eta Liberty Hall eraikinean zegoela uste zuten indar matxinatuen kuartel nagusia isolarazten ipini zuten. Lowe britainiar tenienteak zeri aurre egiten zion jakin gabe nahiko geldo erantzun zuen, eta apirilaren 25eko lehenbiziko orduetan Curragheko kanpalekutik silik 1.269 soldaduren buru zela hiriburura iritsi zen. Udaletxea astelehen goizez Dublingo gaztelua eraso zuen talde matxinoa garaituz bereganatu zuten.

Matxinatuek Dublingo bi tren geltokiak nahiz bi portuak bereganatzen huts egin zuten, bai Dublingo portua nahiz Kingstowngoa ere. Ondorioz, hurrengo astean, britainiarrek Ingalaterratik itsasoz eta Curragheko gotorlekutik milaka soldaduz osatutako errefortzuak ekartzeko gai izan ziren. Astearen amaieran, britainiar indarrek hirian 16.000 soldadu elkartzea lortu zuten. Bere su eta tiro ahalmena Athloneko gotorlekutik ekarri eta Phibsborough udalerriaren iparraldean eta Trinity College unibertsitatean jarritako artilleriaz osatu zen, gainera Helga patruila-ontzia Kingstongo portutik atera eta Liffey ibaian goruntz hiriaren erdigunean barneratu zen. Apirilaren 26an Trinity College unibertsitatea eta Helga patruila-ontziko artilleriak Liberty Hall bonbardatu zuten, gainera Trinity College unibertsitateko artilleriak beste matxinatuen kokaleku batzuk ere bonbardatzen hasi zen, lehenbiziko Boland's Mills eta jarraian O'Connell Street kaleko kokalekuak.

"Irlandako Errepublikaren jaiotza", Walter Pageten margolana, Dublingo Posta Bulego Nagusiko matxinatuen kokalekuaren bonbardaketa.

Matxinatuen kokaleku nagusiak ziren Posta bulego Nagusia, Jacob's lantegia eta Boland's Mill eraikinean borrokaldi gutxi eman ziren. Britainiarrek kokaleku horiek soldaduz zuzenean eraso beharrean bonbardatu egin zituzten. Posta Bulego Nagusian zegoen boluntario matxinatu baten hitzetan, "ia tirorik ez genuen egin, jomugarik ez baitzegoen". Era berean, Michael Mallineen agindupean zegoen Hiritar Armadako taldea gotortuta zegoen St Stephen's Green parkeko kokalekuaren defentsa geroz eta zailagoa bilakatuz joan zen, britainiarrek aldameneko Shelbourne hotela eta eraikinetan frankotiratzaileak eta metrailadoreak jarri baitzituen. Ondorioz, Mallinen gizonak Royal College of Surgeons eraikinera erretiratu ziren, bertan gainontzeko aste osoan mantendu zirelarik. Halere, matxinatuen esku zeuden britainiar indarren hirirako sarbideetan borrokaldi latzak jazo ziren.

Ingalaterratik Dublinera bidali ziren errefortzuak apirilaren 26an Kingstowneko portua lehorreratu ziren. Grand Canalen matxinatuen esku zeuden kokalekuetan borrokaldi gogorrak jazo ondoren britainiar gudarosteak hiribururantz aurrera egin zuen. Sherwood Foresters britainiar gudarosteak Mount Street kalean Grand Canala zeharkatzen saiatu zen unean hainbat alditan su gurutzatuaren erdian topatu zen. Hamazazpi matxinoek britainiarren aurreraldia arrakastaz geldiaraztea lortu zuten, tartean 240 britainiar soldadu hil edo zaurituz. Nahiz eta inguruko kanalean barna sarbide alternatiboak egon, Lowe jeneralak bere soldaduei Mount Street kaleko kokaleku matxinatuaren aurkako eraso zuzena egin zezaten agindu zien. Azkenean britainiarrek matxinatuen kokalekua bereganatzea lortu zuten, inguruko Boland's Mills kokalekuko matxinoek behar adina gizonez ez defendatzeak ere britainiarrei kokalekuaren bereganatzea erraztu zien, baina jazotako borrokaldien ondorioz, kokaleku horren bereganatzeak britainiarren aste guzti hartako galeren 2/3ak suposatu zituen, aldiz, matxinoek lau boluntario besterik ez zituzten galdu.

South Dublin Uniongo matxinoen kokalekuan (gaur egun St. James ospitalea dagoen lekua) eta kanaletik mendebalderago dagoen Marrowbone Lane kokalekuan britainiar gudarosteak sekulako galerak jasan zituen. South Dublin Union kokalekua eraikin multzo handi batez osatua zegoenez, erakin horien inguruan eta barnealdean borrokaldi latzak jazo ziren. Ekintza hauetan zehar larriki zauritua izan zen Cathal Brugha ofizial matxinoa nabarmendu zen. Astearen amaieran, britainiarrek South Dublin Uniongo zenbait eraikin bereganatu arren, beste batzuk matxinoen eskuetan jarraitzen zuten. Bestalde britainiar gudarosteek alferrik burututako beste erasoaldi zuzenetan ere galerak izan zituzten, Marrowbone Lane destilategikoa kasu.

Sackville Street kaleko (gaur egungo O'Connell Street kalea) eraikinen hondakinak Pazko matxinadaren ostean.

Aste honetako borrokaldien hirugarren eszenatokia Four Courts eraikinaren atzealdean dagoen North King Street kalea izan zen, bertan britainiarrak ongi gotortutako matxinoeen kokalekua erasotzen saiatu ziren. Kokaleku honetako matxinoen buruzagitzaren errendimenduaren unean Taylor kolonelaren agindupean zegoen Hegoaldeko Staffordshireko britainiar errejimenduak 11 hildako eta 28 zaurituen truk kale hartan barna 140 metro aurrera egitea bakarrik lortu zuen. Britainiar indarrek beren haserraldian kale hartako etxeetan sartu eta boluntario matxinatuak izatea leporatu zieten 15 zibil baioneta edo tiroz hil zituzten.

Beste leku batzuetan, Portobello Barracks kokalekuan kasu, Bowen Colthurst izeneko britainiar ofizialak sei zibilen berehalako exekuzioa agindu zuen, tartean Francis Sheehy-Skeffington irlandar nazionalista bakezalea zegolarik. Britainiar soldaduek burututako irlandar zibilen exekuzio hauek gerora irlandar gizartearen gehiengoaren britainiarren aurkako joera indartu zuten.

Errendizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Posta Bulego Nagusiko kokalekuan gotortuta zeuden matxinatuek hainbat egunetan bonbardaketak jasan ondoren eraikina laga beharra izan zuten. Connolly bala batek txonkatilean zauritu ondoren ezgaitua helbarri gelditu zenez, komando matxinatuen agintea Pearseri pasatu zion. Britainiarren erasoladi batean O'Rahilly hil zuten. Matxinatuek Posta Bulego Nagusitik oharkabean ateratzeko asmoz eraikinaren hormen azpitik aldameneko etxeetara zihoazen tunelak eraiki zituzten, Moore Street 29. zenbakian ezarri zirelarik. Apirileko 29ko larunbatean kokaleku berri honetan, jada bertatik zibilen gehiago hil gabe irtetea ezinezkoa zitzaiela jabetu ostean, Pearsek matxinatu guztiei errenditzeko agindua eman zien. Pearse bera pertsonalki Lowe brigadier jeneralari inongo baldintzarik gabe errenditu zitzaion. Errenditze agiriak honakoa zioen:

« Dublingo hiritarren heriotz gehiago ekidin asmoz, eta orain inguratuak eta itxaropenik gabe kopuruz gaindituak dauden geure jarraitzaileen biziak salbatzeko itxaropenez, koartel nagusian dagoen aldi baterako gobernuko kideek baldintzarik gabeko errendizioa adostu dute, eta hiriko zenbait barrutietako eta konderriko komandanteek beren komandoei armak uzteko aginduko diete. »

Posta Bulego Nagusia aste osoan zehar britainiarrek bereganatu zuten matxinatuen kokaleku bakarra izan zen. Gainontzeko matxinatuen kokalekuak Pearseren errendizio aginduaren ondoren bakarrik errenditu ziren, agindua Elizabeth O'Farrell erizainaren bidez iritsi zitzaien. Hortaz, igandera arte noizbehinkako borrokak jazo ziren, egun hartan gainontzeko kokalekuei errendizio agindua iritsi baizitzaien. Britainiar indarren agintea Lowetik Dublinera iritsi berri zen John Maxwell jeneralaren eskuetara igaro zenez, azken hau errendizio unean britainiar indarren agintean zegoen. Maxwell jenerala Irlanda osoko denboraldi baterako gobernadore militarra izendatua izan zen.

Matxinada Dublindik kanpo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pazko bezperako igandetik aurrera Dublindik kanpo Irlandar Boluntarioen hainbat unitate mobilizatu ziren, baina Eoin MacNeillen kontraginduaren ondorioz, gehienak etxera borrokatu gabe itzuli ziren. Gainera, britainiarrek matxinatuek atzerrian erositako Aud ontziko alemaniar armak topatu zituztenaz, boluntarioen pobintzietako unitateak oso gaizki armatuak zeuden.

Hegoaldean, Cork hirian, igande hartarako 1.200 boluntario Tomás Mac Curtainen agindupean prest zeuden, baina Dublingo Irlandar Boluntarioen zuzendaritzako agindu kontrajarriak jaso ondoren sakabanatu egin ziren. Boluntario haien gehiengoaren amorrurako, elizgizon katolikoen presiopean MacCurtainek asteazkenean bere gizonen armak britainiarrei laga zizkien. Corken jazo zen ekintza bortitz bakarra Kent anaiak Royal Irish Constabulary poliziak haiek atxilotzera zihoazenean aurre egitean gertatu zen, polizia bati tiro egin baitzioten. Tiroketan anaietako bat hil zuteen eta bestea geroago exekutatua izan zen.

Era berean, iparraldean, Irlandar Boluntarioen konpainiak Tyrone konderriko Coalisland udalerrian mobilizatu ziren, Belfast hiriko Irlandar Anaitasun Errepublikarreko presidentea zen Dennis McCulloughen agindupeko 132 gizon gehitu zitzaizkielarik. Halere, hein handi batez Dublingo kontraginduak sortutako nahasmenaren ondorioz errepublikar indarrak borrokatu gabe sakabanatu ziren.

Ashbourne[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dublindik kanpo jazo zen neurri handiko borrokaldi handi bakarra Meath konderriko Ashbourne udalerrian eman zen. Thomas Ashek zuzendua eta Richard Mulcahy bigarren buruzagi zuen eta 60 gizonez osatutako Dublingo Boluntarioen Brigadako 5. bataloioa (Fingal bataloia izenez ere ezaguna) Swords udalerrian mobilizatu eta Royal Irish Constabulary poliziaren koartela eta posta bulegoaren jabe egin zen. Aldameneko Donabate eta Garristown udalerrietan ere gauza berbera egin zuten, ondoren Ashtown udalerriko RICko koartela erasotuz.

Koartelen eraso unean Slane udalerriko RICren patruila bat tiroketaren erdian agertu zen, ondorioz RICko 8 polizia hil eta 15 zauritu ziren. Bi boluntario ere hil eta bost zauritu ziren. Zibil bat jasandako zaurien ondorioz ere hil zen. Ashen gizonek larunbatean erredintzeko agindua jaso arte Dublindik hurbil dagoen Kilsalaghan udalerrian kanpalekua egin zuten.

Boluntarioen indarrak Meath eta Loutheko konderrietatik hurbil ere mobilizatu ziren, baina Ipar Dublingo unitateekin lotura topatzeko ez ziren gai izan, azkenean gainontzekoak bezala errenditu egin ziren. Apirilaren 24ean, Castlebellingham udalerritik hubil, boluntarioek RICko polizia bat tirokatu zuten, gertakari honetan boluntarioek RICko 15 polizia preso hartu zituzten.

Enniscorthy[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilaren 27ko ostegunean, Wexford konderrian, Robert Brennan, Seamus Doyle eta J R Etchinghamen agindupeko 100 boluntario Enniscorthy udalerriaz nagusitu ziren. Bertako RICko koartelaren aurkako eraso labur eta arrakastarik gabea burutu zuten, baina koartela bereganatzeko gai ez zirela ikusirik, isolatzea erabaki zuten. Udalerria heuren esku egon zen denboraldian, hainbat ekintza gauzatu zituzten, tartean beren egoitza nagusia bilakatu zuten Atheneum antzokiko britainiar bandera lehengailuz suntsitu edota kale desfileak.

Talde txiki bat Dublin hirirantz zuzendu zen, baina bidean britainiar soldaduz beterik zihoan tren batekin topo egin ondoren Enniscorthyra itzuli ziren (trenean 1.000 soldadu inguru zihoazen, tartean Connaught Rangers gudarosteko soldaduak). Larunbatean, boluntarioetako bi buruzagi britainiarren zaintzapean Arbour Hill espetxera zuzendu ziren, Pearsek bertan errenditzea agindu baizien.

Galway[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean, Galway konderriko Oranmore eta Clarinbridge udalerrietan Liam Mellowsek 600-700 boluntarioekin batera porrot egin zuten polizia komisaldegien aurkako hainbat eraso burutu zituen. Carnmore udalerrian boluntarioen eta poliziaren arteko tiroketa egon zen, bertan RICko Patrick Whelan polizia hil zen. Halere, Mellowsen gizonak gaizki armatuak zeuden, 25 eskopeta eta 300 pistola besterik ez zituzten, gizon haietako askok arma gisa makilak bakarrik zituzten. Asteburuan, Mellowsen jarraitzaileek gaizki elikaturik eta tripa-zorriekin zeudela, mendebaldera britainiar errfortzu handiak zetozela jakin zuten. Gainera, HMS Gloucester gudaontzia Galwayko badiara iritsi eta matxinatuak kokatuak zeuden Athenry udalerria bonbardatu zuen.

Apirilaren 29an, boluntarioek egoera hura hark atarramendu onik ez zuela ikusirik Athenry udalerria laga zuten. Boluntario horietako asko matxinadan zehar atxilotuak izan ziren, tartean "tximista bezain azkar" ihes egiten saiatu zen Mellows bera. Britainiar errefortzuak mendebaldera iritsi zirenerako jada matxinada desegina zegoen.

Galerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiar Armadak guztira 116 hildako, 368 zauritu eta 9 desagertu izan zituela berri eman zuen. RICko hamasei polizia hil ziren eta 29 zauritu. Hildako matxinatu eta zibilak 318 izan ziren, zaurituak berriz 2.217. Irlandar Boluntarioek eta Irlandako Armada Hiritarrak matxinadan 64 kide hil zirela berri eman zuten, baina irlandarren galerak ez zeuden matxinatu, RICko polizia eta zibil gisa banatuak, guztiak irlandarrak baiziren. RICko hildako 16 polizia eta Britainiar Armadako hildako 22 soldadu irlandarrak ziren. 1916ko maiatzean britainiar familiak Dublingo gaztelura iritsi ziren, matxinadan zehar hildako heuren senideen gorpuak berreskuratu eta hileta nahiz lurperatzeak antolatu eta ospatu asmoz. Inork bere aldarrikatu ez zituen britainiarren gorpuak Grangegorman hilerri militarrean hileta militarra jaso ondoren lurperatu ziren.

Biktima gehienak, bai hildakoak nahiz zaurituak, zibilak ziren. Bi aldeek, britainiarrak nahiz matxinatuak izaki, zenbait kasutan heuren aginduei men egin ez zieten zibilak tiroz eta nahita hil zituzten, tartean kontrolguneetan gelditu ez ziren zibilak daude. Hortaz gain, britainiar soldaduek bai mendekuz nahiz etsipenez zibilak hil zituzten bi kasu badaude, lehenbizikoa Portobello Barracks kokalekuan, bertan sei zibil afusilatuak izan ziren, eta bigarrena North King Street kalean, bertan 15 zibil erailak izan ziren.

Halere, hildako zibil gehienak artileria, ametragailu eta su-lehergailuen ondorioz hil ziren. Britainiarrek arma mota horiek masiboki erabili zituzten, hortaz, matxinatuek baina zibil gehiago hil zituztela dirudi. Irlandar Errege Errejimenduko ofizial baten arabera, "haiek (britainiar soldaduek) edonor etsaitzat zuten eta mugitzen zen edozerri tiro egiten zioten".

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxiloketak eta exekuzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denetara britainiarrek 3.430 gizon eta 79 emakume atxilotu zituzten, hala ere gehienak gerora aske utzi zituzten. Maiatzaren 2an Cork konderrian britainiarrek Kent anaiak atxilotzen saiatzean, tiroketa jazo eta RICko polizia bat eta Richard Kent hil ziren. Aldiz, Thomas eta William Kent anaiak atxilotuak izan ziren.

Fusilatutako Pazko matxinadako buruzagien omenezko plaka.

Maiatzaren 2an britainiar gerra kontseiluak matxinadan parte hartu zutenen aurkako epaiketa militi ekin zaitzaien, haietako 90 lagunek heriotz zigorra jaso zuten. Haietako hamabosten (Irlandako Errepublikaren Aldarrikapena sinatu zuten zazpiak barne) heriotz zigorrak Maxwell jeneralak baieztatu eta maiatzaren 3a eta 12a bitartean Kilmainham Gaol espetxean fusilatuak izan ziren (tartean larriki zauritutako Connolly bera ere bai, tiro batek txonkatila birrindu eta zutik egon ezin zitekenez, aulki baten eserita eta lotuta fusilatu zuten). Halere, fusilatu guztiak ez ziren matxinadako goi buruzagiak izan: William Pearsek bere burua "nire anai Patrick Pearsen laguntzaile pertsonala" gisa deskribatu zuen; John MacBride matxinada hasi arte ez zuen hura jazoko zenaren berririk izan, baina hamabost urte aurretik Boer Gerretan borrokatu zen beteranoa zenez, bere guduzelaiko eskarmentua beharrezkoa zela eta parte hartzea erabaki zuen; Thomas Kentek ez zuen guztiz parte hartu baina matxinada jazo eta aste batera RICko polizia bat bere arrebaren etxean sartu eta hura hil zuenez exekutatua izan zen. Matxinada hartatik bizirik ateratzea lortu zuen buruzagi nabarmen bakarra 3. Bataloiko Eamon de Valera komandatea izan zen, bere estatubatuar herritartasunari zela medio, AEBekin gatazka politikorik ez pizteko britainiarrak hura fusilatzera ez baitziren ausartu. Gerra kontseiluaren presidentea Charles Blackader izan zen.

1914ko Britainiar Defentsa Araudiaren 14B legea ezarriz, 1.480 lagun Irlandatik erbesteratuak eta Ingalaterra eta Galesko espetxe eta barneratze esparruetan sartu zituzten, preso haietako askok ez zuten matxinadarekin zerikusirik izan, tartean Arthur Griffith bera. Frongocheko barneratze esparrua bezalako barneratze eesparruak "Matxinadaren Unibertsitateak bilakatu ziren, bertan irlandar presoek matxinadaren porrotaren zergatiez gogoeta egin, etorkizunerako mugimendu errepublikarra antolamendua eta Irlandaren independentzia borrokaren urratsei buruz hausnartu eta ordurarte itzalean zeuden buruzagi berrien agerraldia izan zen, azken hauen artean Michael Collins, Terence McSwiney eta J. J. O'Connell. Matxinadaren goi buruzagien exekuzioak bederatzi eguneko epean jazo ziren:

Exekutatutako buruzagiak eta partehartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Matxinadarekin zerikusia izateagatik exekutatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Exekutatutako Pazko matxinadako buruzagiak
                       
 Patrick Pearse   Thomas Clarke   Thomas MacDonagh   Joseph Mary Plunkett   William Pearse   Edward Daly   Michael O'Hanrahan   John MacBride 
                       
 Éamonn Ceannt   Michael Mallin   Sean Heuston    Cornelius Colbert   James Connolly   Seán Mac Diarmada   Thomas Kent   Roger Casement 

Dublindarren erreakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera batean, dublindar ugari matxinada piztu izana eta gertatutakoaz asaldatuak eta harrituak zeuden[8]. Aste guzti horretan zehar Dublin hirian egon zen James Stephensen arabera "Hiritar hauetako bakar bat ere ez zegoen matxinada honetarako prest. Matxinatuen eskuz hain azkar sortu zenez inor ez zen alde bat edo bestearen alde jartzeko gai izan"[9].

Hiriburuko hainbat eremuetan Irlandar Boluntarioen aurkako joera nabarmena egon zen. South Dublin Union eraikina eta Jacob's lantegia okupatzean, matxinatuek eraikin horien okupazioaren aurka agertu ziren zibilekin borrokak izan zituzten. Irlandar Boluntarioek zibil hauek tirokatu eta jipoitu zituzten eremuetan oso gaizki ikusiak izan ziren[10]. "Banaketaren emakumeen" aldetik Irlandar Boluntarioen aurkako joera garbia egon zen (herri hizkeran hala deituak, britainiar gobernuak heuren senar nahiz semeak Lehen Mundu Gerran britainiar armadan borrokatzeagatik Britainiar Armadak trukean emandako "banaketa dirua" jasotzen zuten irlandar emakumeak baitziren), zer esanik ez irlandar unionisten aldetik[11]. Bestalde, irlandar nazionalismoaren barnean ere, Irlandako Alderdi Parlamentarioa moderatuko kideek matxinada euren alderdiarekiko traiziotzat jo zuten[12].

Matxinadak heriotz eta suntsiketa ugari erein izanak, bai eta hiriko elikagaien horniketa mozteak ere ez zuen matxinatuen aurkako joera konpontzeko askorik lagundu. Errendizioaren ondoren, dublindar askok britainiarrek kaletik preso zeramatzaten irlandar boluntarioei txistu egin, zaborrak bota, iraindu eta "hiltzaileak" eta "gose ekartzaileak" deitu zieten[13]. Robert Hollandek gerora oroitutakoaren arabera irlandar boluntarioak errenditzera zihoazen unean "oso aipamen itxusiak jaso eta jende txiroenen txistuak eentzun beharra izan zituzten". Hollanden senide eta lagunek ere irain eta itxuskeriak jasan behar izan zituzten, Holland gainontzeko irlandar boluntarioekin Kilmainham auzunean barna preso zeramatzatela zaintzapean zituzten britainiar soldaduek kaleko jendeak jipoitzetik hiltzeaz salbatu zituztela ere aipatu zuen.[14][15]

Halere, garaitutako matxinatuen aurkako joera ez zen orokorra izan. Jendearen artean unionisten presio edo mehatxuen ondorioz irlandar boluntarioak txalokatu edo haiekiko atxikimendurik agertu ez zuten dublindarrak ere bazeuden, haiek kaleetan barna preso zeramatzaten unean isilpeko ikusle izatera derrigortuak egon ziren[16]. Frederick Arthur McKenzie kanadar kazetariak idatzi zuenez, hiriko eremu txiroenetan "matxinatuen aldeko joera handia egon zen, batez ere garaituak izan ziren unetik aurrera"[17]. Thomas Johnson irlandar politikari laboristaren arabera, "ez dago matxinatuen aldeko seinalerik, baina haieko miresmena orokorra da, bai haien kemen nahiz estrategiarengatik"[18].

Matxinadaren ondorioak bai eta britainiar agintaritzak haiekiko izan zuen erantzun gupidagabeak eta antolatzaileen exekuzioek irlandar gizartearen gehiengoa haien aurkako joera edo joera zalantzakorra izatetik 1916ko Pazko matxinatuen aldeko joera garbia erakustera bultzarazi zuten, maiz heuren biziak Irlandaren alde emandako martiri bilakatu zituztelarik. James G. Douglas dublindar enpresaburu eta kuakeroaren esanetan, ordurarte Home Rule edo Irlandako autogobernuaren aldekoa zen, baina matxinada jazo eta britainiar soldaduek hiria okupatu zuten astean zehar bere ikuspuntu politikoak aldaketa erradikala jasan zuen, ordutik aurrera irlandar nazionalista moderatu parlamentarioen metodoak britainiarrak Irlandatik kanporatzeko aski izango ez zirela konbentzitu baizuten.[19]

Sinn Féin alderdiaren nagusitzaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Sinn Féin»

Maxwell jeneralak berehalakoan "sinn feiner arriskutsu guzti horiek atxilotzeko" asmoa adierazi zuen, bai eta "nahiz eta oraingo matxinada honetan zerikusirik ez izan, aurretik mugimenduan aktiboki parte hartu dutenak" barne, honek gerora sekulako garrantzi bereganatuko zuen Sinn Féin alderdia matxinada horren antolatzailea izan zenaren okerreko uste hedatu eta faltsua agertzen du.

1918ko Erresuma Batuko Legebiltzarrerako Hauteskunderako Sinn Féin alderdiaren iragarkia: Irlanda Ingalatarraren zati al da?

Berez, matxinada eman zen unean 1905an Arthur Griffithek sortutako alderdi txiki hau ez zen independentista ezta errepublikarra ere, gaur egun harrigarria baldin badirudi ere, sortzez autogobernua eta monarkiaren aldeko alderdi nazionalista moderatua zen, baina matxinadaren ondoren bertan parte hartu eta bizirik ateratzea lortu zuten errepublikarzaleak Sinn Féin alderdian masiboki infiltratzen hasi ziren. 1917ko urrirako, bere antolaketa trebetasun eta barne-mugimenduei esker, espetetxetik atera berri zen Michael Collins, Sinn Feín alderdiko buruzagitza batzordeko kide bilakatu zen, aldiz, Éamon de Valera, Irlandar Boluntarioak eta Sinn Feín alderdiko presidente bikoitza izendatu zuten.

Ondorioz, Sinn Féin alderdiak independentismorako bira emateaz gain, ordurarteko alderdi txiki honek irlandar errepublikar mugimenduaren barnean garrantzia hartzeaz gain beste erakundeei protagonismoa kendu zien (IRB, ICA edota Irlandar Boluntarioak), etengabe hazten joan eta bi urte eskasetan ordurarte Irlandan nagusi zen John Redmond politikariaren Irlandako Alderdi Parlamentarioa alderdi irlandar nazionalista moderatua gainditu eeta herrialde guztiko alderdi politiko nagusia bilakatuz. Noski, guzti honek ordurarte inorentzat berebiziko garrantzirik ez zuen Sinn Féin alderdia britainiar gobernuaren eta armadaren eraso bortitzen jomuga berri bilakatu zuen.

1917ko apirilaren 19an Plunkett kondeak deituriko bilera batean Sinn Féin alderdiaren lidergoaren pean irlandar errepublikar mugimendu zabal bat osatzea erabaki zen[20], 1917ko urriaren 2ean alderdiaren Ard Fheis urteroko biltzar nagusian egitasmo hori burutzea formalki berretsi zen. 1918ko Erreklutamenduaren Krisiari esker Sinn Féin alderdiak 1918ko abenduaren 14an ospatu zen Erresuma Batuko Legebiltzarrerako Hauteskunderako irlandar gizartearen gehiengoaren babesa jaso zuen, ondorioz Sinn Féinek sekulako arrakasta lortzeaz gain Irlandako alderdi politiko bozkatuena bilakatu zen. 1919ko urtarrilaren 21ean Sinn Féineko legebiltzarkide berriak elkartu, legezkanpoko Dáil Éireann (Irlandako Legebiltzarra) legebiltzarra osatu eta 1916ko Pazko matxinadako Irlandako Independentziaren Aldarrikapenarekin bat egin zuten[21].

Michael Collinsen partehartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Michael Collins»

1916ko Pazkoko matxinada jazo zen egunetan matxinatuen artean ordurarte ezezaguna zen Michael Collinsen izena ezagun bilakatzen hasi zen. Irlandar Errepublikar Anaitasuneko erakundearen barnean, buruargia eta maila handiko antolatzailea zela erakutsi zuen, gainotzeko errepublikarren begirune handia lortu zuen, eta Plunkett kondearen finantza ahokulari gisa oraindik onespen gehiago irabazi zuen. Azken hau, Joseph Mary Plunkett, Pazko matxinadako antolatzaileetako bat izango zenaren aita zen.

Pazko Astelehenean matxinada izan zenean, 25 urte besterik ez zituen Michael Collins gaztea Dublingo Postetxe Nagusian, Patrick Pearse eta beste irlandar abertzaleen batzuekin batera britainiar soldaduen aurka borrokatu zen. Matxinada irlandar abertzaleentzat sekulako galera edo porrot militar itzela bilakatu zen (haietako askok itxaroten zuten modura). Nahiz eta irlandar matxinatu askok Pazkoko matxinada gauzatu ahal izate soilarekin bakarrik erabat pozik egon (Patrick Pearsen "odol sakrifizioaren teorian" sinistuz), Collins bezalakoek guzti hartan ordurarteko irlandar nazionalismoaren historian zehar irlandar matxinatuen aldean ohikoa zen erdi-ipurdiko amateurismoa, babes eza eta antolamendu eza besterik ez zuten ikusi. Bereziki ezaguna izan zen St. Stephen Green Parkeko irlandar abertzaleen kokagunearen kasua, ez baitzuten inongo ihesbiderik hasieratik bukaeraraino. (Irlandako independentzia Gerran, Michael Collinsen obsesioetako bat kokaleku finkoak saihestea izan zen, Talde Mugikor (Flying Columns) ezagunak sortuz. Talde Mugikor hauek gerrilla moduan jokatzen zuten: bat-batean eraso, eta ondoren ekintza lekutik azkar-azkar alde egiten zuten, galerak txikituz eta etekinak handituz. Irlanda osoko Talde Mugikor hauetako ospetsuena, Tom Barry matxinatuaren Cork Mendebaldeko Talde Mugikorra izan zen (West Cork Flying Column).

Michael Collins, 1916ko Pazkoko matxinadako beste partaide batzuen antzera, atxilotua izan zen, eta britainiarrek fusilatzeko kinka larrian egon zen (britainiarrek Collins ez hiltzeko arrazoi nagusia bere izena Pazko matxinadaren antolatzailea nagusienen artean bilatu ez izana izan zen). Horrenbestez, Collins, matxinada hartako beste hainbat partehartzaileekin batera, Galesko Frongocheko barneratze esparruan preso sartu zuten. Hemen izan zen, bere adiskide garaikideen esanetan, errepublikar mugimenduaren barnean bere lidergo maila sendoa gauzatu zen garaia. Garai honetarako jada Collins jadanik Pazkoko matxinada aurreko Sinn Fein alderdi nazionalista txikiaren buruetako bat bilakatu zen.

Urteurrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxinadak 1916ko apirilaren 24ko Pazko astelehenatik apirilaren 29ko larunbata arte iraun zuen, hortaz, berez 2016ko apirilaren 24tik apirilaren 29ra bitartean matxinadaren 100. urteurrena ospatu beharko litzateke, baina Pazkoa urtero dataz aldatzen den jaieguna izanik, 100. urteurrenaren jaia 2016ko martxoaren 28ko Pazko astelehenatik apirilaren 3ko larunbatera ospatu zen.

Dublingo autobus turistikoetan Postetxe Bulego Nagusiaren eraikuntzaren aurretik pasatzerakoan, beti aipatzen duten gertaera da.

Kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Department of the Taoiseach – Easter Rising. Taoiseach.gov.ie. 2011ko azaroaren 13a (Ingelesez)
  2. "Soldiers are we" by Charles Townshend, History Today, 2006ko apirilaren 1a
  3. Leaders and Men of the Easter Rising: Dublin 1916 Francis X. Martin 1967 105. orr. (Ingelesez)
  4. MacDonagh, Oliver, Ireland: The Union and its aftermath, George Allen & Unwin, 1977, ISBN 0-04-941004-0, 14–17. orr. (Ingelesez)
  5. Caulfield, Max, The Easter Rebellion, 18. orr. (Ingelesez)
  6. Foy and Barton, The Easter Rising, 16. orr. (Ingelesez)
  7. The Irish Volunteers—the smaller of the two forces resulting from the September 1914 split over support for the British war effort. Foy and Barton, The Easter Rising, p. 13
  8. According to historian Charles Townshend, "In many areas the reaction of civilians was puzzlement, they simply had no idea what was going on." Townshend Easter 1916, The Irish Rebellion (Ingelesez)
  9. James Stephens, The Insurrection in Dublin, 57. orr.
  10. Fearghal McGarry, The Rising:Ireland Easter 1916, 143. orr.
  11. The Easter Rising, Brian Barton & Michael Foy, Sutton Publishing Ltd. Gloucestershire, UK, ISBN 0-7509-3433-6, 203-9. orr. (Ingelesez)
  12. Ernie O’Malley, On Another Man's Wound, 60. orr., "The loyalists spoke with an air of contempt, 'the troops will settle the matter in an hour or two, these pro-Germans will run away'... The Redmondites were more bitter, 'I hope they’ll all be hanged', ... 'Shooting’s too good for them. Trying to stir up trouble for us all'" (Ingelesez)
  13. McGarry, 252. orr. (Ingelesez)
  14. Annie Ryan, Witnesses, Inside the Easter Rising, 135. orr. (Ingelesez)
  15. Witness statement of Robert Holland. Bureau of Military History. (Ingelesez)
  16. McGarry, The Rising, Ireland Easter 1916, 252-256. orr. (Ingelesez)
  17. The Impact of the 1916 Rising: Among the Nations, Edited by Ruán O’Donnell, Irish Academic Press Dublin 2008, ISBN 978-0-7165-2965-1, 196-97. orr.
  18. Townshend, Easter 1916, 265-268. orr.
  19. Memoirs of Senator James G. Douglas; concerned citizen. J. Anthony Gaughan. 1998, University College Dublin Press. isbn=978-1-900621-19-9, 52-53. orr. (Ingelesez)
  20. J. Bowyer Bell, The Secret Army: The IRA, 27. orr. (Ingelesez)
  21. Robert Kee The Green Flag: Ourselves Alone (Ingelesez)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Max Caulfield, The Easter Rebellion, Dublin 1916 ISBN 1-57098-042-X
  • Tim Pat Coogan, 1916: The Easter Rising ISBN 0-304-35902-5
  • Michael Foy and Brian Barton, The Easter Rising ISBN 0-7509-2616-3
  • Robert Kee, The Green Flag
  • F.X. Martin (ed.), Leaders and Men of the Easter Rising, Dublin 1916
  • Dorothy McCardle, The Irish Republic
  • F.S.L. Lyons, Ireland Since the Famine ISBN 0006332005
  • John A. Murphy, Ireland In the Twentieth Century

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]