Behe Erdi Aroa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erdi Aroko Garaiak

Goi Erdi Aroa

Erdi Aro Klasikoa

Behe Erdi Aroa

Behe Erdi AroaErdi Aro Berantiarra edo Erdi Aro Beranta izenez ere ezaguna[1]— historialariek Europako historian XIV. eta XV. mendeei deitzeko erabiltzen duten izena da. Erdi Aro Klasiko eta Aro Modernoaren artean kokatu ohi da Behe Erdi Aroa.

XIV. mendearen hasieran, Europako gorakada ekonomikoak oztopoa aurkitu zuen. Goseteek eta izurriteek, hala nola 1315-1322 arteko Goseteak eta Izurri Beltzak, Europako populazioa erdira murriztu zuten antza. Despopulazioarekin batera, nahigabea hedatu zen: nekazariak matxinatu ziren Europako leku ugaritan Flandrian 1322an hasita. Gerrak amaigabea zirudien, batik bat Frantzia eta Ingalaterraren arteko Ehun Urteko Gerrarengatik. Eliza Katolikoaren batasunak Mendebaldeko Zismak apurtu zuen. Hori guztia dela eta, Behe Erdi Aroko krisialdia ere deitu zaio.

Beste aldetik, XV. mendean zientziak eta arteak garatu ziren, Pizkunte garaiari eta Aro Modernoari hasiera emateko. Antzinako Erroma eta Greziako kultura berreskuratu zen. Prozesu hori Gurutzadekin eta arabiarrekiko hartu-emanekin hasita zegoen, baina otomandarrek Konstantinopolis hartu ondoren (1453an, Ehun Urteko Gerra amaitu zen urte berean), aditu ugarik mendebaldera, batez ere Italiara, jo zuten, Antzinatearen gaineko interesa bizkortuz. Inprimagailuaren asmazioak liburuen erabilpena zabaldu zuen, eta Erreforma Protestantearen hedapenean paper garrantzitsua jokatzekoa zen. Nahiz eta Otomandar Inperioarengatik ekialdeko merkataritza-bideak moztu, Kristobal Kolonek Amerikako Aurkikuntzari (1492) eta Vasco da Gamaren Afrikako inguratzeari esker, merkataritza-bide berriak ireki ziren, Europako estatuen boterea eta ekonomia izugarri handitu zituztenak.

Horrek guztiak Erdi Aroaren amaiera eta garai berri baten hasiera markatu zuten. Ohartu behar da banantze hori artifiziala dela erabat, urte andana iraun zuen prozesu motel batean gertatu zelako. Gainera, Antzinateko ikasketak ez ziren inoiz guztiz ahaztu, eta Erdi Aroan barnan ere beste berreskuratze garaiak egon ziren: Karlos Handiarekin (Karolingiar Pizkundea ere deitu zaio), XII. mendean... Italian, halaber, ez da Behe Erdi Aroaz mintzatzen. Izan ere, hor, XV. mendea Pizkunde garaiaren barruan sartzen da.

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izurrite Beltzaren irudia.
Sakontzeko, irakurri: Behe Erdi Aroko krisialdia

Behe Erdi Aroa gorabeheraz eta lazeriaz betetako epea da. Klima-historialariek dokumentatutako klima aldaketa gertatu zen, eta nekazaritza kaltetuta atera zen. Garaikideek goseteen bidez pairatu behar izan zuten, hala nola 1315-17koa.

Edonola ere, hondamendi larriena 1340ko hamarkadako Izurrite Beltza izan zen. Sua lastoan bezala hedatuta, bakterio-gaixotasun horrek Europako biztanleria txikitu zuen, batez beste europarren heren bat hil baitzen, eta hainbat tokitan hildakoen kopurua %50era ere iritsi zen. Zenbait lekutan XIX. mendera arte ez zen berreskuratu populazio-maila. Landa-eremu ugari biztanlerik gabe geratu ziren. Laborarien murrizketa zela medio, soldatak handitu ziren, eta jabeek lurretara lotu nahi izan zituzten langileak.

Gerra ere ohiko bilakatu zen toki batzuetan, hala nola Ehun Urteko Gerra pairatu behar izan zuten tokietan. Bizi-baldintza kaskarrak zirela eta, nahigabetasuna zabaldu eta matxinadak gertatu ziren Europa osoan. Krisialdiari aurre egiteko beste bide bat barneko erlijioa izan zen. Garai honetan Eliza Katolikoa ere krisian egon zen, Mendebaldeko Zismaren garaian elkar onartzen ez zuten hiru Aita Santu izatera iritsi baitzen. Hainbat erreforma-saioak burutu ziren, arrakastarik gabe, baina nahigabeak bidea irekita utzi zuen XVI. menderako.

Gatazkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aragoiko lurraldeak.

Garaiko gatazka nagusia Ingalaterra eta Frantziaren arteko Ehun Urteko Gerra izan zen (1337-1453). Agincourteko batailaren ondoren (1415) Ingalaterrako Henry V.a bi erresuma batzeko zorian zegoela zirudien, baina Jeanne d'Arc-en parte-hartze erabakigarriak Frantziari eraman zion garaipena. Horren ostean, Ingalaterran gerra zibila piztu zen Arrosen Gerran (1455-1485). Frantzian, Ingalaterra kanporatu arren, Borgoinako konterria eta Herbehereetako Borgoina Germaniako Erromatar Inperio Sainduan barnan sartu ziren.

Inperioaren koroa habsburgotarren eskuetara igaro zen 1438an, non Inperioa desegin arte (1806) iraun zuen. Nolanahi ere, Inperioak zatikatuta jarraitzen zuen, eta benetako boterea tokian tokiko nobleziak edo Hansa hiri merkatarien elkarteak zeukaten. Eskandinavian Kalmar Batasuna sortu zen 1397an Suedia, Danimarka eta Norvegiaren artean. Norvegiaren Groenlandiako kolonia desagertu zen XV. mendean, ziurrenik eguraldi gogorra zela kausa.

Ekialdean Lituaniako Dukerri Handia sortu zen. Ekialdeagoan, Urrezko Horda garaituta (1380), Moskuko Dukerri Handia bihurtu zen tokiko botere nagusia. Ivan III.ak Novgorod konkistatzean, Errusiaren oinarriak ezarri zituen.

Bizantziar Inperioari dagokionez, politikoki eta kulturalki denbora luzez Ekialdeko Mediterraneoa menperatu ondoren, 1453an Konstantinopla otomandarren menpean erori zen, nahiz eta orduko estatu oso txikia izan. Mediterraneoko botere berria Aragoi izan zen, zeinek erresuma asko batu zituen leinu batean. Italian Medici sendia buru zuen Florentzia nabarmendu zen hiri-estatuen artean, eta XV. mendean Pizkunde artistikoa garatu zen bertan.

Estatuaren indartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrako Parlamentua erregearen aurrean (1300 inguru).

Behe Erdi Aroan monarkian oinarritutako nazio-estatu indartsuak sortu ziren, batik bat Ingalaterran, Frantzian eta Iberiar Penintsulan (Portugal, Gaztela, Nafarroa eta Aragoi).

Garai honetako gatazka luzeek, Ingalaterra eta Frantziaren artean borrokatutako Ehun Urteko Gerrak kasu, erresumarekiko erregeen boterea areagotu zuten. Gerra-premiak estatuaren eraginkortasuna handitu zuen. Administrazioa burokrazia ikasiaren esku geratu zen, zeinek postua erregeari zor zion, harekiko leialtasuna bermatuz.

Nobleziarekin adostasuna bilatu zuten erregeek parlamentuen estreinako bertsioen bidez: Frantziako Estatu Orokorrak, Ingalaterrako Parlamentua, Nafarroako Gorteak... Merkatariek gobernatutako hiriek ere bere tokia izan zuten biltzar horietan, eta, orokorrean, erregeak babestu zituzten hirien ordezkariek. Honek tokian tokiko jaunengandik aldentzen utzi zien monarkei. XIV. eta XV. mendeetan lortutako boterearen ondorioz, Behe Erdi Aroko erregeek benetako estatu modernoen lehenengo zutabeak eraiki zituzten: erregeen nahietara zergak ezarri, gerra deklaratu edo legeak sortu ahal zen. XV. mendearen bigarren erdirako, Ingalaterrako Henry VII.ak edo Frantziako Louis XI.ak gobernatu ahal izan zuten, baroien esku-sartzea nabaritu gabe.

Elizaren gorabeherak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe Ederraren garaietatik, Aita Santuak frantziar koroaren azpian geratu ziren. Izan ere, 1309an, San Petriren ondorengoen egoitza Erromatik Avignonera eraman zuten. Honi, Aita Santuen Babiloniako presoaldia (juduen Babiloniako presoaldia gogoraraziz) deitu zitzaion. Azkenean, 1377an, Aita Santuak Erromara itzultzea erabaki zuen. Alabaina Avignonen eta Erroman Aita Santu desberdinak aukeratu zituzten, eta, ondorioz, Mendebaldeko Zisma (1378-1417) sortu zen.

Konstanzako kontzilioan (1414-1418) Aita Santu bakarra ezarri zen berriro. Kontzilio edo biltzarren sistema aintzat hartu zen Elizaren barneko arazoak konpontzeko, baina berehala arbuiatu zen. Batasun berria gorabehera, Mendebaldeko Zismak kalte handia eragin zuen kristautasunean barnan.

Eliza Katolikoen arazoak konpondu nahian, barnetik erreformatzeko hainbat mugimenduak sortu ziren. Horietako bat Oxfordeko unibertsitateko irakasle John Wyclifena (1325 inguru - 1384) izan zen. Wyclifek adierazi zuen Biblia baino beste autoritate-iturririk ez zegoela erlijio auziei zegokienez. Halaber, transubstantziazio, zelibato edo indulgentzien aurka mintzatu zen. Ingalaterran jarraitzaleak, lolardarrak izenekoak, lortu arren, azkenean bertan behera geratu zen mugimendua.

Jan Hus (1369-1415) txekiarraren irakaspenak John Wyclifenetan oinarrituta zeuden. Nolanahi ere, haren jarraitzaileek, husitek, lolardarrek baino eragin politiko handiagoa izan zuten. Itzala handia eskuratu zuen Husek Bohemian, eta 1415ean heresiarengatik erre zutenean, matxinada eta Hustar gerrak piztu ziren.

Horrek guztiak eragin zuen elizarekiko nahigabea XVI. mendeko Martin Lutherren erreformaren aurrekari eta eragile nagusienetakoa izan zen.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Behe Erdi Aroa Aldatu lotura Wikidatan
  1. XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren hasieran Berant Erdi Aro izena ere erabili zen, baina gaizki sortua zen, eta hiztegietatik —hala nola Euskaltermetik— kendu egin zuten. Desegokitasunaren arrazoiak, besteak beste, Ibon Sarasolak azaldu zituen «Goiz Erdi Aroa, Berant Erdi Aroa» artikuluan.