Bela (kirola)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau kirolari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bela».


Estropada bat

Bela belaontzi bat kontrolatzea helburua duen itsas-kirola da. Kirol moduan, olgeta edo lehiaketa izan ditzake helburu. Bela lehiaketek estropada dute izena eta bertan parte hartzen duten belaontziek yateak.

Nazioarteko Bela Federazioak (ISAF) bela arina, olinpikoa eta gurutze-ontziena zuzentzen ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas kirol hau Herbeheretan sortu zen XVII. mendean eta Ingalaterrako Karlos II.ak lehiaketa kirol bihurtu zuen bere herrialdean, Herbeheretatik itzuli zenean. Jasota dagoen lehenengo estropada Tamesis ibaian izan zen, Greenwich eta Gravesend-en artean. Karlos II.aren eta York-eko dukea zen bere anaiaren itsasontziak lehiatu ziren.

Oihartzun handia izan zuen Estatu Batuetan. Ondorioz, 1851an New Yorkeko yate klubak Amerika izeneko goleta bat bidali zuen “Queen’s cup” txapelketan britaniar ontzien aurka lehiatzeko. Ontzi honek beste 14 parte hartzaileak menderatu eta kopa eraman zuen etxera. Hala sortu zen kirol honetako txapelketa zaharrena, Amerikako Kopa.

Motorraren sorrerarekin batera, belak garrantzia galdu zuen garraiobide bezala eta kirol eta jolas gisa areagotu zen bere erabilera.

Arauen bateratze prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1868. urtera arte, bela-lehiaketak klub nautiko bakoitzak garatutako arau partikularrek zuzentzen zituzten, eta horrek arbitraje eta interpretazio-arazo ugari ekartzen zituen, zenbait klubek elkarrekin lehiatu nahi zutenean.

1868ko uztailaren 1ean biltzeko deia egin zen, Royal Victoria Yacht klub britainiarraren babespean, denek onartu ahal izango zituzten arauak sortzeko.

1906an neurketa-arauetan sistema metriko hamartarra onartu zen, eta 1907an bela-lehiaketa guztia arautzen duen nazioarteko erakunde bat sortu zen.

Gaur egun, Nazioarteko Bela Federazioa (ISAF) du izena, eta Belazko Estropaden Erregelamendua argitaratzen duen erakundea da. ISAFek zuzentzen ditu bai bela arina, bai olinpikoa, bai gurutzaldi-estropada batzuk eta, bereziki, nazioarteko neurketa-sistema bat erabiltzen dute (IMS), Offshore Racing Council (ORC) batzordeak erregulatzen duena.[1]

Materialaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belen irudia eta materiala asko aldatu da historian zehar. Mota askotakoak egin ziren, biribilak, karratuak eta hirukiak, besteak beste.

Egiptoarrek papiroaren azalarekin eraikitzen zituzten. Erromatarrek lihoa erabiltzen zuten, eta inguruko herri batzuek espartzua eta zurtoinak erabiltzen zituzten. Txinatarrek, ordea, oso material desberdinak erabiltzen zituzten, belak kanaberekin lotzen zituzten eta kotoiaz eginak zeuden.

Gaur egun ere belak material desberdinekoak izan daitezke, bakoitzaren erabileraren arabera. Nailona erabil daiteke; erresistentzia handiko plastikoa da, baina, aldi berean, oso malgua. Material hau egokia da espinnàquer bezalako beletarako, poltsaratutako haizearen tiraldiak jasotzeko balio baitu.

Haizerik handiena edo kopoa ez poltsaratzeko belek zurrunagoak izan behar dute eta, beraz, ezin da nailona erabili. Kasu horietan, Poli(etilen tereftalato)-a erabiltzen da, nailona bezain gogorra baita, baina malgutasun gutxiago du.

Era berean, kevlarra ere belak eraikitzeko erabiltzen den beste material bat da. Kevlarra aurretik aipatutako materialak baino arinagoa da, beraz, belek oso pisu gutxi izaten dute. Horrek, beraien jatorrizko forma ez galtzea ahalbideratzen du. Hala ere, material oso garestia da eta eguzki-izpi ultramoreekin asko sufritzen duen materiala denez, ez da asko erabiltzen.

Belaren terminologia

Terminologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belak oso terminologia zehatza erabiltzen du maniobra konplexuetan akatsak edo gaizki ulertuak saihesteko[2]:

  • Poparen erorketa: belaren kanpoko ertza da.
  • Bela nagusia: ontziko bela handiena da eta mastak eusten du.
  • Ababor: ontziaren ezkerreko aldea, popatik proara begiratuz.
  • Ezpeleta: makil horizontal bat da eta mastara lotuta dago.
  • Sokateria: bela estutzea baimentzen du.
  • Bela-lokarria: belen posizioa finkatzen duen soka da, ezpeleta gidatzen laguntzen duena.
  • Txopa: ontziaren atzeko zatia da.
  • Lemakana: lemaren palari lotuta doan palanka.
  • Lemaren pala: belaontzia zuzentzeko balio du.
  • Driza: belak altxatzeko erabiltzen de soka edo kablea.
    Belaren terminologia
  • Masta: belak eusten dituen makila.
  • Proaren erorketa: belaren muturra edo ertza, masta elkartzen eta eusten del lekua.
  • Abenka eta estaia: abenkak masta alboetatik eusten duten kableak dira eta estaia masta aurrealdetik eusten duen kablea.
    Belaren terminologia
  • Foke: fokea bela hiruki txikia da eta estaiari lotuta dago.
  • Proa: ontziaren aurreko zatia da.
  • Abortzaren kaxa: abortza mekanismo bat duen kaxa batean sartzen da eta honek altxatzeko eta jaisteko aukera ematen du.
  • Istribor: ontziaren eskuineko aldea, popatik proara begiratuz.
  • Abortza: ontziaren desbideraketak saihesten ditu.

Araudia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bela-estropaden araudia lau urtean behin argitaratzen da, joko olinpikoak amaitutakoan. Nazioarteko Bela Federazioak (ISAF) argitaratzen du. Arau hauek ezin dira urratu, bela seguruagoa, ordenatuagoa eta bidezkoagoa izan dadin. Arauak betetzen ez duenak penalizazioa jasoko du eta zigorra arauaren araberakoa izango da. Hauek dira arau garrantzitsuenak[3]:

  • Lehiakortasuna (9. araua): honen arabera, ezin da besteen materiala lapurtu edo kaltetu asmo txarrez, norberaren onura lortzeko bakarrik. Arau hori betetzen ez bada, lizentzia gabe geratzeko arriskua dago, hau da, nabigatu gabe gelditzekoa.
  • Lerdea / istriborra (10. araua): itsasontziak kontrako amuletan daudenean, haizea ababorreko amulean jasotzen duen ontzia istriborrean jasotzen duen ontziarekiko bananduta mantenduko da. Haizea istriborretik jasotzen duen ontzia itsasontziaren eskuinean kokatzen da eta beti du lehentasuna. Haizea ababorretik jasotzen duen ontzia, berriz, pertsona eskuinaldean eserita dagoena da eta hau da urrun mantendu behar dena.
  • Haizealdea (11. araua): bi ontzi bira arteko distantzia berdinean daudenean egoera larri batean, haizealdeko ontzia haizebeko ontziarekiko urrunduta mantendu beharko da. Haizealdeko ontzia haizetik gertuen dagoen ontzia da eta haizebeko ontziarekiko urrun mantenduko da. Haizebeko ontzia haizetik urrunen dagoen ontzia da.
  • Ura (18. araua): arau konplexuenetariko bat da eta, arau horren arabera, hiru eslorako erradioan (ontziaren luzera da eslora), buiatik urrutien dagoen itsasontziak hurbilenetik bereizita egon behar du, eta behar adina leku utzi behar dio buiak egoki pasatzeko.

Ontzi motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finn ontzia

Hauek dira ontzi mota ezberdinak:[4][5]

Finn[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rickard Sarbyk 1949an diseinatu zuen tripulatzaile bakarrarentzako ontzia da. Helsinkin izan zuen lehen parte hartze olinpikoa 1952an. Jatorrizko diseinuari dagokionez, aldaketa bakarra zurezko mastak aluminioz egindako mastekin aldatzea izan da, nahiz eta berrikiago karbono-zuntzez egiten diren. Belak, berriz, kevlar izeneko poliamidazko ehun sintetizatuarekin eginak daude.

49er[aldatu | aldatu iturburu kodea]

49er ontzia

1995ean, Julian Bethwaitek bi tripulatzailerentzako ontzia sortu zuen eta Joko Olinpikoetan parte hartzen hasi zen Sidney 2000n. Forty-niner trapeziotik zuzentzen eta egonkortzen da, nahiz eta hego erretraktilak eta lastreak ere erabiltzea aurreikusten duen. Brasil 2016 txapelketan, gizonezkoen 49er eta emakumezkoen 49er kategoriek hartu zuten parte.

49er FX[aldatu | aldatu iturburu kodea]

49erFX ontzia

49er FX Rioko Olinpiar Jokoetan estreinatu da, eta 49er-aren emakumezkoen kategoriarako egokitzapena da. Haren diseinua gizonezkoena baino txikiagoa da, baina bere ezaugarriei eta ikusgarritasunari eusten die. Belaontzi horrek izan behar duen pisu-oreka handia denez, beharrezkoa zen 49er-en ezaugarriak estropadalarien ezaugarri fisikoetara egokitzea, errendimendu maximoa lortzeko.

470[aldatu | aldatu iturburu kodea]

470 ontzia

Bela arineko ontzi mota hori 1976an agertu zen nazioarteko agertoki olinpikoan, gizonezkoen kategorian, eta 1988an emakumezkoen kategorian. Haren izenak luzerari egiten dio erreferentzia, eta André Corín-ek sortu zuen 1963an.

Laser[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laser ontzia

1970ean Bruce Kirbyk eta Ian Brucek diseinatu zuten, automobil baten sabaian eramateko asmoz. Tripulatzaile bakarrarentzako ontzi hau erabilienetako bat da. Laserrak hiru aparailu-mota ditu, ondorengo bertsioei dagozkienak: Laser Estandarra, Laser Erradiala eta Laser 4.7.

Nacra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nacra ontzia

2011. urtean, Morrellik eta Melvinek diseinatutako eszenan, Nacra 17 katamaran mistoa agertu zen, altuera oneko bi tripulatzailerentzat egokia: gizonezkoa eta emakumezkoa. Multikaskoen klasekoa da eta Brasilgo 2016ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehenengoz.

RS: X[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RS: X ontzia

2008an, windsurf RS: X modalitateko itsasontziak (Robert Stroj-ek eta Jean Bouldoires-ek diseinatua) Mistral klasearen lekua hartu zuen Pekin 2008an. 2016ko Brasilgo jokoetan gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian hartu zuen parte.

Kategoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira kategoria ezberdinak:[1]

  • Soiling: gila finko bat duen ontzi hau, dagoen belaontzi olinpiko handiena da eta nesken eta mutilen txapelketetarako erabiltzen da. Hiru pertsonako tripulazioa mistoa izan daiteke. 1972 geroztik dago olinpiar programan. Ontziak 8'2 m-ko luzera du, bela nagusiaren azalera 13'6 m2-koa da eta fokea 8'1 m2 da. Patroiaren pisua 85 eta 110 kg artekoa izan behar da.
  • Star: bi pertsona, partaidetza mistoa. Gila finkoa duen binakako belaontzia da, soiling-a baino askoz arinagoa. 1932 geroztik programa olinpikoan dago. Ontziak 6'92m-ko luzera du, bela nagusiaren azalera 22'35 m2 da eta fokea 6'5 m2. Patroiaren pisuak 75 eta 100 kg artekoa izan behar du eta estropadalarienak 95 eta 115 kg artekoa.
  • Tornado: hiru pertsona, partaidetza mistoa. Katamaran bikoitza da. Belaontzi olinpiko azkarrena da. 1976. urtetik programa olinpikoan agertzen den multikasko bakarra da. Patroiaren eta estropadalariaren pisua 60 eta 70 kg artean kokatzen da.
  • 49er: bi pertsona, mutilen eta nesken txapelketetan erabiltzen da eta partaidetza mistoa ere izan daiteke. Bela azkarra, fortyniner bezala ere ezagutzen da. 2000. urtean sartu zen programa olinpikoan. 4'99 m-ko luzera du, bela nagusiaren azalera 15 m2-koa da eta fokea 6 m2. Patroiak eta estropadalariak 63 eta 75 kg artekoak izan behar dira.
  • 470: bi pertsona, partaidetza mistoa. Olinpiar Jokoetan neska eta mutilen lehiaketan erabiltzen da. Nesken frogak 1988ko olinpiadetatik existitzen dira. 4'7m-ko luzera du, bela nagusiaren azalera 9'88 m2-koa da eta fokea 3'76 m2 da. Patroiak eta estropadalariak 50 eta 70 kg artean pisatu behar dute.
  • Finn: pertsona bakarra, mutilentzat bakarrik. 1952. urtetik dago programa olinpikoan. 4'5 m-ko luzera du eta bela nagusiaren azalera 10 m2 da. Estropadalariaren pisuak 70 eta 100 kg artekoa izan behar du.
  • Laser: pertsona bakarrarentzat dago egina eta mutilek eta neskek dute parte hartzeko aukera. Munduko belaontzi ospetsuena da. Txapelketa olinpiko mistoetan erabiltzen da eta 1996 geroztik dago olinpiar programan. 4'23 m-ko luzera du eta bela nagusiaren azalera 7'06 m2 da. Patroiak eta estropadalariak 70 eta 90 kg artean pisatu behar dute.
  • Europa: pertsona bakarra, neskentzat bakarrik. 1992tik dago programa olinpikoan. 3'55m-ko luzera du eta belaren azalera 7 m2 baino handiagoa da. Estropadalariak 45 eta 63 kg artekoa izan behar du.
  • Mistral: pertsona bakarra, eta mutilek eta neskek dute parte hartzeko aukera. Fabrikatzailearen izenarekin ezagutzen den windsurf taula. Joko olinpikoetako programan dago 1984tik. 3'7 m-ko luzera du eta belaren azalera 7'4 m2 da. Windsurflariak 50 eta 70 kg artean pisatu behar du.

Txapelketa motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bela Arina: bela arinean, mota bakoitzeko planetako txapelketak dira lehiaketa garrantzitsuenak (snipe, optimist, vaurien, sunfish, etab.), eta Joko Olinpikoak.
  • Gurutzaldi-bela: ontzi hauek mota batekoak edo askotarikoak izan daitezke, hau da, berdinak edo diseinu bakarrekoak. Ez dira klaseka banatzen; hala, itsas-bidaia bat izan daiteke ohiko belaontzi motordunetik hasi eta filmetan atera ohi diren 4 pisuko ontzietara. Zalantzarik gabe, gurutzaldi-lehiaketa garrantzitsuena Amerika Kopa da eta, ondoren, ozeanoz haraindiko zenbait estropada: Volvo Ocean Race, Vendée Globe, Barna World Race edo Mini Transat 06:50.
  • Bela Olinpikoa: lehendabizikoz 1900eko Parisko Olinpiar Jokoetan bilakatu zen kirol olinpiko eta, harrezkero, ekitaldi guztietan parte hartu du 1904ko San Luisko Olinpiar Jokoetan izan ezik. Lau urte lehenago Atenasen debuta egitea aurreikusita zegoen eta eguraldi txarrak eragotzi egin zuen.

Hona hemen domina gehien lortu dituzten herrialdeak:

# Herrialdea Urrea Zilarra Brontzea Guztira
1  Erresuma Batua 24 14 11 49
2 Ameriketako Estatu Batuak 19 23 17 59
3  Norvegia 17 11 4 32
4  Frantzia 12 11 14 37
5  Danimarka 12 8 6 26
6  Espainia 11 5 1 17
7  Suedia 10 12 12 34
8  Australia 7 4 8 19
9  Zeelanda Berria 7 4 5 16
10  Brasil 6 3 7 16
11  Herbehereak 4 7 5 16
12  Sobietar Batasuna 4 5 2 11
13  Alemania 3 4 3 10
14  Armenia 3 4 0 7
15  Italia 3 3 8 14
16  Belgika 2 4 2 8
17  Alemaniako Errepublika Federala 2 2 4 8
18  Alemaniako Errepublika Demokratikoa 2 2 2 6
19  Finlandia 2 1 6 9
20  Grezia 2 1 2 5

Lehiaketa-puntuazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi lasterketa mota daude, eta bakoitzak bere puntuazioa du:[1]

  • Kanporatze lasterketa: horrelako lasterketak soiling klasean bakarrik egiten dira. Azken faseetan, ontzi onenek kanporaketetan aurrera egiten dute, amaierara iritsi eta irabazlea nor den erabaki arte.
  • Flota-lasterketa: lehiaketak hamaika lasterketa ditu, 49er klasean izan ezik, honetan 16 lasterketa izanik. Ontziek puntuak lortzen dituzte lasterketa bakoitzean, amaitzen duten postuaren arabera. Lehenengoak puntu bat lortzen du, bigarrenak bi, hirugarrenak hiru, eta abar. Karrera amaitzen ez duten ontziek amaitu duten ontziek baino puntu bat gehiago lortzen dute. Bost lasterketaren ondoren, ontzi bakoitzak emaitza okerrena baztertuko du, eta bederatzi lasterketaren ondoren, bi okerrenak baztertuko dira. Lasterketa guztien amaieran puntuazio txikiena duen ontziak irabaziko du.

Lasterketen iraupena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buiek markatzen dute ibilbidea. Ontziek aldez aurretik ezarritako hurrenkeran hartu behar dituzte buiak. Buien arteko distantzia aldatu egiten da parte hartzen duen ontzi motaren arabera. Hona hemen ibilbide-mota batzuk: haizebeko ibilbidea; estutze-ibilbidea, enpopatua eta luzeak; begizta duen ibilbidea kanpotik, eta begizta duen ibilbidea barrutik. Norgehiagokak itsasontziak helmugara iristeko behar duen denbora irauten du, ezarritako distantziak igaro ondoren[1].

Haizeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belaontzi bat kontrolatzeko garaian oso garrantzitsua da haizearen norabidea kontrolatzea. Haizea norabide ezberdinetatik etorri daiteke eta aldatzen joaten da etengabe. Zortzi haize mota bereizten dira[4]:

  • Tramuntana: iparraldetik datorren haizea da. Oso haize gogorra eta hotza izan ohi da.
  • Migjorn: hegoaldetik datorren haizea da. Ez da haize gogorra, eta itsasoa lasai egoten da.
  • Levante: haizerik gogorrena da tramuntanarekin batera. Ekialdetik dator eta, indartsua izateaz gain, hondoko itsaso gaiztoa uzten duen haizea da, hau da, olatu handiak.
  • Ponente: mendebaldetik datorren haizea da. Ez da benetan indartsua, baina levantek bezala, oso itsaso txarra uzten du hondoan.
  • Mestral: ipar-mendebaldetik datorren haizea da. Tramuntana eta levante bezala oso haize bortitza da, baina haize honekin itsasoa ez da oso mugitua egoten.
  • Gregal: ipar-ekialdetik datorren haizea da. Haizea ez da oso indartsua, baina etengabe ari da bira egiten, hau da, etengabe aldatzen ari da norabidea.
  • Garbi: hego-mendebaldetik datorren haizea da eta oso tipikoa da hegoaldeko Costa Braban. Haize ahula da eta ez du arazorik ematen.
  • Xaloc: hego-ekialdetik datorren haizea da. Ez da oso arrunta, baina agertzen denean, askotarikoa izan daiteke.

Norabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Motorrik gabeko ontzi batek nahi duen norabidean nabiga dezake; batzuk azkarragoak izango dira, beste batzuk motelagoak eta beste batzuk ez dira zuzenean joango, sigi-saga ibiliko da. Lau norabide posible daude[4]:

  • Tindaketa: haizearen kontra nabigatzeko modua da. Norabide horretan ezin da zuzenean nabigatu. Haizea, lehen esan bezala, graniletik sartu eta balumatik irteten da. Beraz, zuzenean nabigatuko bagenu, haizea aurretik sartuko litzateke, eta ez luke kandela puztu eta ontzia aurreratuko. Hori dela eta, sigi-saga joan behar dugu, eta pixkanaka aurrera egin. Belak posizio itxian egon behar du, eta botaka hegatsaren gainean.
  • Zeharkakoa: haizearekiko perpendikularra den norabidea da. Norabide horrekin zuzenean joan ahal da, eta guztietan azkarrena da, alde handiarekin. Belak erdi irekita egon behar du, haizeak ondo jotzen duen tokian.
  • Luzea: bigarren norabide irekiena da eta baita bigarren bizkorrena ere, zeharkakoaren ondoren. Bela zeharkakoan baino irekiago egongo da.
  • Popa: denetatik norabiderik motelena da, baina, zuzenean joan daiteke buiara, eta horrek denbora gutxiagoz iristeko aukera ematen du. Belak erabat irekita egon behar du, baina laurogeita hamar graduak igaro gabe.

Biradak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biradak ontziaren norabidea aldatzean datzan mugimenduak dira, eta haizea ontzitik sartzen da, kandela alde batetik bestera alda dadin. Bi biribil-mota daude[4]:

  • Aurretik biraketa: haizeak sortzen duen branka zeharkatzen duen bira da, gutxienez 90 gradu biratuz.
  • Biribilean biraketa: transborroka ere deitzen zaio. Popa haizea datorren lekutik pasatzean datza, bela aldatuta eta, horrela, amura aldatuz. Popan joatean eta alde batetik aldatu nahi denean egiten da. Txopa biribila bada, hau da, haizea zuzenean popatik sartzen bada, ez dago norabidea aldatu beharrik bela alde batera aldatzeko.

Euskal kirolari ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Xabier Fernández (1976) belan lehiatu den euskal kirolaria da, 49er modalitatean Iker Martinezekin batera. Hiru joko olinpikotan hartu dute parte, bi domina irabaziz, urrezkoa 2004an Atenasen eta zilarrezkoa 2008an Pekinen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz) Profesor. «Vela, historia, competiciones, barcos, viradas, normas, puntuación...» La web de todos los deportes y ciencias de la actividad física (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  2. (Ingelesez) «Vela - Deportes Acuaticos» deportesacuaticos.info 2020-09-03 (Noiz kontsultatua: 2022-06-08).
  3. (Gaztelaniaz) «Todo lo que necesitas saber sobre Vela deportiva» Valencia Eventos Nauticos 2018-11-26 (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
  4. a b c d «Todo sobre la Vela - Juegos Olímpicos de Río 2016» MARCA.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).
  5. «Clases - RFEV» www.rfev.es (Noiz kontsultatua: 2022-04-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]