Bentos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bentoniko» orritik birbideratua)
Itsas izarra itsas hondoari atxikia bizi da

Ekologian, bentosa (grekoa: βένθος, "itsas hondoa") ur-ekosistemetan (itsasoan, ibaian edo aintziran) hondoari atxikiak eta hondoarekin harremanetan bizi diren organismoen multzoa da. Planktonak eta nektonak, berriz, uretan baina hondoari atxiki gabe bizi diren organismoak dira.

Baldin eta argia hondora iristen bada, bentoseko komunitatean ekoizle primarioak ere egongo dira, fotosintesia gauzatzen dutenak. Baina argirik ez badago (zona afotikoa), organismo guztiak kontsumitzaileak izango dira.

Komunitate bentoniko ekoizleenak eta dibertsitaterik handienekoak, baita mehatxatuenak ere, koral-arrezifeak dira. Bestalde, komunitate bentonikoen etsairik handienetako bat arraste-sareak dira.

Animalia-espezie asko zona bentikoan bizitzeko espezializatuta daude. Adibidez, ekinodermatuen filum osoa (itsas izarrak eta itsas trikuak) espezie bentonikoek osatzen dute. Pleuronectiformes ordenako arrainak ere (mihi-arrainak, platuxak eta kidekoak) bentosean bizitzeko moldatuta daude. Zefalopodoen artean, olagarroak eta txibiak ere bentonikoak dira, eta bibalbioen klasea ere bai. Bentoseko organismo asko, hala nola txirlak eta itsas anemonak, oso gutxi mugitzen dira; beste batzuk, berriz, guztiz finkoak dira, hala nola ostrak, koralak edo koral-algak.

Zenbait organismo bentoniko, hala nola itsas izarrak, ostrak, txirlak, itsas anemonak, ofiuroideoak eta holoturoideoak, janari-iturri dira arrainentzat eta gizakientzat.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]