Bera
|
Bera |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Bera[1] | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Bortziriak |
||
| Alkatea | Marisol Taberna (Aralar) | ||
| Herritarra | beratar | ||
| Koordenatuak | 43°16′54″N 1°41′5″W / 43.28167°N 1.68472°WKoordenatuak: 43°16′54″N 1°41′5″W / 43.28167°N 1.68472°W | ||
| Eremua | 35,60 km2 | ||
| Garaiera | 56 m | ||
| Distantzia | 68 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31780 |
||
| Biztanleria | 3.762 bizt (2011) | ||
| Dentsitatea | 105,67 bizt/km² | ||
| Sorrera | 1402an eskubideak jaso | ||
| http://www.berakoudala.net/ | |||
Bera Nafarroako iparraldean dagoen udalerri euskaldun bat da, Bidaso ibaiaren bazterrean, Lapurdi eta Gipuzkoarekiko mugan. Bortziriko herri nagusia da, eta eskualdea osatzen du Arantza, Etxalar, Igantzi eta Lesakarekin batera. Itsas mailatik 56 metroko garaieran dago, eta 35,6 kilometro koadroko hedadura du. Nafarroako hiriburua (Iruñea) 68 kilometrora du.
2009tik UEMAko mankomunitate euskalduneko partaidea da.
Eduki-taula |
[aldatu] Etimologia
Euskaltzaindiak herriaren izena dokumentazio zaharrean nola heldu den aztertu zuen. Jose Maria Jimeno Jurio aritu zen dokumentu zaharrak aztertzen eta honako adibide hauek aurkitu zituen:
- Bera (1366)
- Tierra de Bera (1565, 1566)
- Bera de la montaña de Navarra (1622)
- Bera del Reino de Navarra (1622)
Mugalarreak direla-eta, Sara eta Berako Udalen arteko gutunetan ere adibide hauek ageri dira:
- Bera (1827)
- Vera (1827)
Horrela, datu horiek ikusirik, Euskaltzaindiak Bera izena erabiltzea proposatu zuen.
Vera de Bidasoa 1916ko uztailaren 27ko errege dekretuaren bidez ezarri zuten. Hala ere, udaleko akta liburuetan behin agertu zen 1918an, eta 1924 arte ez zen berriz agertu.
Berako Udalak izen ofizial gisa Bera erabiltzea erabaki zuen 1989an.
Bera izenaren esanahi etimologikoari dagokionez, bi teoria nagusi daude. Lehenengoak toponimo hori euskaratik datorrela erraten du; eta bigarrenak, jatorri erromantzea duela.
Koldo Mitxelenaren arabera, Bera izena euskarazko behera edo behere hitzetatik etorriko zen. Hitz horrek euskal toponimo aunitz osatzen ditu. Bitxia bada ere, Bera da Nafarroako udalerri baxuena; hau da, garaiera ttikiena duena. Baina kontuan izan behar da Nafarroa Garaiko edota Nafarroako Foru Erkidegoko mugak eta Nafarroak garai batean izan zituenak ez direla berdinak, asko aldatu direla. Erraterako, XIX. mende hasieran ondoko bi udalerri, Irun eta Hondarribia, Nafarroaren zati izan ziren hiru urtez.
Bertze eskola batek gaztelaniazko vera (ur-bazterra) hitzetik zetorrela uste du, preseski herriaren kokalekua aipatzen duela, Bidasoaren bazterrean. Joan Corominas filologoak uste zuen horixe zela Bera izenaren jatorria. Gainera, uste zuen Vera izena zuten Espainiako herri guztiak ibai bazterretan kokatuak zeudela eta erromatar hiriak izan zirela.
Julio Caro Baroja filologo eta antropologo ospetsuak Berako herriarekin lotura handia izan zuen eta toponimoa aztertzean zalantza zuen ea behere hitzetik zetorren herriaren izenaren jatorria; nolanahi ere, aukera hori ez zuen baztertzen. Caro Barojak bertze balizko jatorri bat eman zuen, erratean Bera Erdi Aroan izen berezia zela, eta Erdi Aroko bertze euskal izen bat bazela, Beraxa, hainbat toponimotan ageri dena (Barasoain, Beasain, Orexa).
[aldatu] Geografia
[aldatu] Klima
Klima atlantiarra da bertakoa: hezea, euri ugarirekin, tenperatura epelak urte sasoi guzietan, aldaera ttikiak dituela. Batez bertzeko tenperatura 14-15 gradukoa da, prezipitazio handiekin, urtean 170 egunez egiten baitu euria (1.600 eta 1.800mm bitartean).
Beran, itsasoaren mailatik 50 metrora, Nafarroako gobernuaren jabetzakoa den estazio meteorologikoa dago.[2]
[aldatu] Mugakideak
Iparraldetik Biriatu, Azkaine eta Urruñarekin egiten du muga; ekialdetik Sararekin; hegoaldetik Etxalarrekin; eta mendebaldean ditu Lesaka eta Irun.
[aldatu] Auzoak
Hauek dira herriko hamar auzo nagusiak, alfabetoaren hurrenkeran:
- Altzate.
- Dornaku.
- Garaitarreta.
- Illekueta.
- Kaule.
- Suspela.
- Suspelttiki.
- Xantelerreka/Elzaurdia (Ibardin).
- Zalain.
- Zia.
[aldatu] Landaredia
Herriaren inguruko hariztiak aspaldi galdu ziren, artzain, ikazkin eta zuhaitzen mozketengatik. XIX. mendearen amaieran, inguruko herri askotan bezala, Japoniatik ekarritako pinu lariziar (Pinus nigra) eta haritz amerikarrak birlandatu ziren. Birlandatutako basoen azalera 1.200 hektareakoa da gaur egun.
[aldatu] Larrun
Larrun mendiak Bera hegoaldean dauka, herria kaskora igotzeko abiapuntua izaki.
[aldatu] Historia
- 1402. Nafarroako errege Karlos Nobleak Lesakako eta Berako herritarrei hainbat pribilegio eman zizkien, bere lurra gipuzkoarren eta lapurtarren aitzinean defenda zezaten.
- 1606. Lorenzo Hualde Berako elizako erretore izendatu zuen Altzate eta Urtubiko jaunak. Pertsona hura Valle Alvarado inkisidorearen laguntzaile izateagatik nabarmendu zen. Sorginkeriagatik beratar aunitz salatu zituen, Logroñoko inkisizio auziko (1610) agirietan jaso denez.
- 1610. urte aldera, Baionatik artoa sartu zen, eta Atlantikoko ereduko nekazaritza sisteman oinarrizko laborea izan zen geroztik.
- 1638. Saint-Simon dukearen tropek, Altzate eta Urtubiko jaunaren gidaritzapean, Bera erre zuten.
- 1793-1795. Konbentzio Gerra. Lehen aldian, 1794ko uztail arte, Espainiako tropek okupatu zuten Bera. Bigarrenean, 1794ko uztaila bukaeratik aitzina, frantsesek hartu zuten herria, eta bertan izan ziren, 1795eko ekainean guda bukatu zen arte.
- 1813-1814. Napoleondar Gerrak zirela eta, 1813ko abuztuaren hasieran, tropa aliatuak, Wellingtongo dukea buru zutela, Bortzirietan, Urdazubin eta Donezteben finkatu ziren, Soult mariskal frantsesarenei jarraikiz. 1813ko azaro arte izan ziren bertan, eta heriotza krisi nabarmena eragin zuten.
- 1830. Urriaren 20an, Espoz y Mina jeneralak Beran pasa zuen muga, konstituzio liberala absolutismoaren aitzinean aldarrikatzeko asmoarekin.
- 1838. Lehen Gerra Karlistan, apirilaren 4an, liberalek herria utzi zutenean Berako eliza erre zuten, eta kalte nabarmenak eragin.
- 1872. Borboiko Karlos Beratik sartu zen, Amadeo Saboiakoaren aurkako gerra aldarrikatzeko. Bigarren Gerra Karlistan, Santa Kruz apaizak zenbait borrokaldi eragin zuen Beran.
Nafarroa Oinez
- 1983an Berak lehen aldiz egin zuen Nafarroa Oinez besta.
- 1994an beratarrek bigarren aldiz prestatu zuten Nafarroa Oinez.
- 2006ko urriaren 15ean hirugarren aldiz antolatu zuten Nafarroa Oinez besta herrian.
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2.572 | 2.646 | 2.600 | 2.628 | 2.637 | 2.409 | 2.360 | 2.437 | 2.686 | 3.532 | 3.502 | 3.527 | 3.727 |
2008ko erroldaren arabera, 215 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %5,84 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
Berako alkatetzat Eusko Abertzale Ekintza alderdiko Iosu Iratzoki Agirre atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen ezker abertzalearen zerrendak. Botoa baliogabeak 75 izan ziren (emandako guztien %3,82), eta boto zuriak 125 (botoen %6,63). Abstentzioa, berriz, %34,72 izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| EAE | 596 | 4 |
| EA | 485 | 3 |
| EAJ | 366 | 2 |
| Aralar | 314 | 2 |
2011n Bildu (4 zinegotzi) izan zen bozkatuena. Hala ere, Marisol Taberna (Aralar) aukeratu zuten alkate, bere alderdiaren (4) eta EAJren (2) botoekin; Beran ez zen NaBai 2011ren zerrenda bateraturik izan. UPNk hautetsi bakarra lortu zuen, eta PPk bat ere ez.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Bildu | 612 | 4 |
| Aralar | 552 | 4 |
| EAJ | 313 | 2 |
| UPN | 172 | 1 |
| PP | 127 | 0 |
[aldatu] Udaletxea
Udaletxea 1774 eta 1776 urteen artean eraiki zen estilo barrokoan. Hiru zatitan banaturiko eraikin handi eta sendoa da. Beheko solairuan, sei arkudun ataria dago, alboetan harlanduen bidez estalduraraino iristen direnak. Eraikineko beste bi zatiek, simetria gordetzen dute eta margozturiko dinteldun hutsalez osaturik daude. Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Herriko Etxea Plaza, 1
[aldatu] Alkateak
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | ||
| 1995-1999 | ||
| 1999-2003 | Iosu Goia Etxeberria | Euskal Herritarrok |
| 2003-2007 | Helena Santesteban Gelbentzu | EA |
| 2007-2011 | Iosu Iratzoki Agirre | EAE |
| 2011- | Marisol Taberna Iratzoki | Aralar |
[aldatu] Eraikinak
- Itzea, Baroja sendiaren bizilekua.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Euskara
[aldatu] Kultur elkarteak
- Gure Txokoa elkartea
- Uxua emakume taldea
- Ertz arte gunea
- Espidobaita elkartea
- Lamixine BAT
- Berako abesbatza
- Bidasoa Ikerketa Zentroa
- Antzerki eta Eskola
- Lagunak adinekoen elkartea
- Inti Kausay
- Uhartean Antzerki Eskola
- Kaxerna Gaztetxea
[aldatu] Musika taldeak
Musikaren esparruan tradizio luzeko herria izan da Bera. Herrian jaiotako edo bizi izandako musikarien artean, aipatzekoak dira Isidoro Fagoaga (Bera, 1893 - Donostia, 1976) tenorea, Mikel Irazoki (M-ak, Bizkarhezurra, Miguel Bose...) eta Fernan Irazoki (M-ak, Fito y los Fitipaldis...) anaiak, Joseba Irazoki (Maixa ta Ixiar, Xabier Montoia band, Onddo, Do, On Benito...), Iñigo Telletxea eta Igor Telletxea (Xabier Montoia band, Anje Duhalde, Triki ta ke...) anaiak, Javier Perez de Azpeitia pianojolea, Petti bakarlaria, Xabier Erkizia (Gutariko bat, Voodoo Muzak, Café Teatro, Billy Bao...) soinu artista, Josu Goia kantaria, Beñardo Goietxe (Morau eta Agotak, Noise Hole, Mugaldekoak...), Mikel Etxegarai (Gutariko bat, Voodoo Muzak, Mengele Quartet, Bizarra..) eta abar.
Azken hamarkadotan, Beran hainbat pop eta rock talde sortu dira: Onddo, Borrokan, Gutariko Bat, Noise Hole, On Benito eta Sexty Sexers adibidez. Aipagarria da, baita ere, 2000. urtetik aitzina urtero ospatzen den ERTZ jaialdia, Bertze Musikei eskainitako ekitaldia.
[aldatu] Bestak eta ospakizunak
- Inauteriak: Hausterre asteazkenaren aitzineko egunetan ospatzen dira inauteriak:
- Ortzegun gizena: Goizean haurrak ateratzen dira puska biltzea egitera zingar-arraultze eskean. Arratsaldean, aldiz, Inudeak eta artzainak dantzatzen ibiltzen dira.
- Larunbata: Kaldereroen konpartsa.
- Igandea: Inudeak eta artzainak konpartsa. Mutilak neskaz janzten dira, eta neskak mutilaz. Dantzariekin batera hainbat pertsonaia bitxi agertzen dira, musikariekin batera.
- Astelehena: goizean Zingar-arraultze eskea egiten da baserrietan eta karriketan. Inauterietako egun handia.
- Besta Berri eguna: Gorpuzti egunez prozesioa egiten da. Txistulariek Alkate soinua jotzen dute, Berako doinua, besta honetarako bereziki egina. Prozesioaren ibilbidean maindire bat zabaltzen da bidearen erditik, eta honen bazterretan iratzea zabaltzen da. Paretetan, aldiz, loreak eta adaxkak paratzen dira. Herriko bandera dantzatzen da egun horretan.
- Ekobera: ekainean produktu ekologikoen azoka egiten da.
- Sanesteban bestak: herriko zaindariaren bestak abuztuaren 2tik 6ra arte izaten dira (abuztuaren 3a, Done Eztebe eguna). Musika, dantzak, herri kirolak, kukaina eta mota guzietako ikuskizunak izaten dira. Zaindariaren egunean, San Estebanen ohoretan meza nagusia izaten da, eta ondotik Berako bordon dantza eta makil dantza dantzatzen da. Arratsaldean, berriz, Berako aurreskua.
- Lurraren Eguna: urriko 4. igandean, Gure Txokoa Elkarteak antolatua, eskulangileak, gasna eta sagardo lehiaketak, bertako produktuen erakusketa, musika, dantzariak eta abar biltzen dituen besta eguna.
- Olentzeroa: abenduaren 24an Olentzerori kantatzen zaio. Arratsaldean haurrak ateratzen dira Olentzero eta bertzelako eguberri-kantak abestuz. Ilunabarrean helduen txanda izaten da.
- Urtezaharra
- Glin-glan: Urtezahar arratsaldean, haurrak auzoz auzo ibiltzen dira, etxeko atarietan Glin-glan, glin-glan, duenak ez duenari eman kantuarekin eskean. Fruitu lehorrak, goxokiak, frutak eta abar botatzen dira leihoetatik.
- Diostesalbea: Urtezahar ilunabarrean kopla kantuan ibiltzen dira urte zaharra agurtuz, eta urte berria opatuz.
[aldatu] Ikastetxeak
- Udal Haur Eskola (0-3 urte)
- Ricardo Baroja eskola publikoa: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (3-12 urte)
- Labiaga ikastola: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa (3-14 urte)
- Jesusen Bihotza ikastetxea: Haur eta Lehen Hezkuntza (3-12 urte)
- Toki Ona institutua: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Heziketa Zikloak (12-18 urte)
- Uxane-Aspace helduentzako lanerako ikastegia
[aldatu] Kirola
[aldatu] Kirol instalazioak
- Toki Ona Udal Kiroldegia
- Udal Igerilekuak
- Matzada Futbol zelaia
- Eztegara Udal Pilotalekua
- Altzateko pilotalekua
[aldatu] Kirol elkarteak
- BYDH (Txirrindularitza)
- Toki Ona Bortziriak Saskibaloi elkartea
- Club Ciclista Beratarra
- Gure Txokoa KE
- ADO'S txirrindulari elkartea
- Bortziriak pilota elkartea
- Manttale mendi lasterketa taldea
- Larun eta Larunttiki mendi taldea
- Agerra mendi taldea
- Berako Kenpo Kai elkartea
- Ehiza eta arrantza elkartea
[aldatu] Kirol ekitaldiak
Urtean zehar hainbat kirol ekitaldi egiten dira; errate baterako:
- "La Miguel Indurain" zikloturista martxa (Club Ciclista Beratarra)
- Berako mendi maratoi erdia (Manttale Kirol Elkartea)
- Berako mendi itzulia (Agerra Mendi Taldea)
- Berako herri krosa (Ricardo Baroja Guraso Elkartea)
- Lizuniagako igoera (Gure Txokoa Elkartea)
- Txirrindularitza probak; adibidez, Jon Irazoki Memoriala (Gure Txokoa Elkartea)
- Bera Herriko ziklo krosa (Gure Txokoa Elkartea)
- Felix Errandonea memoriala (Gure Txokoa Elkartea)
[aldatu] Beratar ospetsuak
- Pio Baroja (1872-1956), idazlea.
- Isidoro Fagoaga (1893-1976), tenorea.
- Genaro Zelaieta (1954-2008), Real Sociedadeko futbolaria.
- Inaxio Errandonea (1964-), pilotaria.
- Xabier Zubieta Erkizia (1973-2007), mendizalea.
- Luis Mari Pikabea Zubieta (1973-2007), mendizalea.
- Petti (1974-), abeslaria.
- Patxi Vila (1975-), txirrindularia.
- Jon Bru (1977-), txirrindularia.
- Julen Zelaieta (1980-), bertsolaria (2008ko Nafarroako txapelduna).
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Bera da herriaren izen ofizial bakarra (Euskaltzaindia)
- ↑ Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Berako Udalaren webgunea
- (Euskaraz) Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea
- (Euskaraz) Bortzirietako Euskara Mankomunitatea
- (Euskaraz) Irache Kontsumitzaileen Elkartea
- (Euskaraz) "Ttipi-ttapa" eskualdeko euskarazko hedabidea
- (Euskaraz) Xorroxin inguruneko irratia
- (Euskaraz) Toki Ona Institutua
- (Euskaraz) Berari buruzko informazioa Nafarroako Turismo webgunean.
| Berako auzoak | ||
|---|---|---|
|
Altzate • Bera • Dornaku • Garaitarreta • Illekueta • Kaule • Suspela • Suspelttiki • Xantelerreka/Elzaurdia (Ibardin) • Zalain • Zia |
||
|
|||||||