Berberetxo arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Berberetxo arrunt
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaMollusca
KlaseaBivalvia
OrdenaVeneroida
FamiliaCardiidae
GeneroaCerastoderma
Espeziea Cerastoderma edule
Linnaeus, 1758

Berberetxo arrunta (Cerastoderma edule) Cardiidae familiaren ur gaziko bibalbio espeziea da. Ekialdeko Ozeano Atlantikoaren kostaldeetan, Norvegiatik mendebaldeko Afrikaraino, oso ugaria da. Jateko ona, egosita edo gordinik jan daiteke. [1]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maskor biribila duen bibalbioa da, triangelu itxura hartzen duena. Txikiak izan ohi dira, 3'5-5 cm artekoak, baina badira 6 cm-ko tamaina hartzen dutenak ere[2]. Maskorra zuri-horixka izan ohi da eta lerro ilunak azaltzen ditu. 22-28 sahiets erradial ditu eta lerro arantzatsu kontzentrikoek gurutzatzen dituzte sahiets horiek[3].

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibalbio guztiak bezala berberetxoa ere itsasoko ura iragaziz elikatzen da. Sifoi batekin hartzen du ura, bertan dauden partikulak harrapatzen ditu eta beste sifoi batetatik kanporatzen du[4].

Larba pelagikoak sortuz ugaltzen da. Bibalboen artean nahiko berezia da sexu bakarreko aleak izaten baitira berberetxoak. Urtean bi ugalketa sasoi izaten ditu, udaberrian eta udazkenean.

Sei urte bizitzera iritsi daiteke.

Harraparitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakia du harrapari nagusia baina ez bakarra. karramarroek, hainbat arrain zapalek eta hegazti limikolek ere jaten dute berberetxoa[5]. Karramarro berdeak (Carcinus maenas) esate baterako 40 berberetxo jaten ditu batazbeste egunero. Berberetxo txikienak jaten dituenez haien populazioan eragin handia du[6].

Ihes egiteko mekanismo berezia du, salto egiteko gai baita. Oinarekin palanka eginez metro erdiko jauziak egiten ditu[3].

Banaketa eta habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berberetxoak sarean, Norvegian.

Banaketa oso zabala du izan ere espezie eurioaikoa da tenperatura eta gazitasun maila desberdinak ondo jasaten dituena. Ozeano Atlantikoan aurkitzen da, Barents itsasoan, Baltikoan, Mediterraneoan (nahiko urri) eta Afikako kostaldean Mauritaniaraino jeisten da. Graba, lokatz eta hareatan hondoratuta bizi da[7].

Ipar itsasoan berberetxo berdearekin (Cerastoderma glaucum) elkarbanatzen du habitata baina ez da hibridaziorik aurkitu, ziurrenik gametoak ez dira osagarriak izango.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrehistoriako ehiztari-biltzaile komunitateentzat elikagai garrantzitsua izan zela erakusten dute leizeetan aurkituriko maskorrek eta hormetako irudiek. Neolito garaiko zeramikari ere zeramika kardial esaten zaio, berberetxoen (Cardiidae familia) oskolekin egiten baitzitzaizkon apainketak[8].

Gaur egun ere asko harrapatzen da jateko eta akuikultura industria garrantzitsua sortu da berberetxoen inguruan.

Berberetxoaren maskorrarekin karea lortzeko industria ere aipatzekoa da[9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Padilla Álvarez, Francisco. (2003). Zoología aplicada. Ediciones Díaz de Santos ISBN 978-84-9052-133-5. PMC 847469223. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  3. a b Fechter, Rosina. (1993). Moluscos : moluscos europeos marinos y de interior. Blume Naturaleza ISBN 84-8076-019-2. PMC 38439537. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  4. (Ingelesez) Considine, Douglas M.; Considine, Glenn D.. (2013-12-11). Van Nostrand’s Scientific Encyclopedia. Springer Science & Business Media ISBN 978-1-4757-6918-0. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  5. (Ingelesez) Biological heritage and food chains. Editions Quae ISBN 978-2-7592-0010-8. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  6. (Ingelesez) Sanchez-Salazar, M. E.; Griffiths, C. L.; Seed, R.. (1987-09-17). «The effect of size and temperature on the predation of cockles Cerastoderma edule (L.) by the shore crab Carcinus maenas (L.)» Journal of Experimental Marine Biology and Ecology 111 (2): 181–193.  doi:10.1016/0022-0981(87)90054-2. ISSN 0022-0981. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  7. «FAO Fisheries & Aquaculture» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  8. (Ingelesez) «Impressed Ware Culture» Oxford Reference  doi:10.1093/oi/authority.20110803095959311;jsessionid=17a97f7656d2beffcbeb9e8a377ae471. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).
  9. (Ingelesez) Chambers, Paul. (2009-01-01). British Seashells: A Guide for Collectors and Beachcombers. Casemate Publishers ISBN 978-1-84468-051-1. (Noiz kontsultatua: 2023-03-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]