Berengaria Nafarroakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Berengaria Nafarroakoa
Berengaria Nafarroakoa

Berengariaren irudia L'Épauko abadian (Le Mans)


1191ko maiatzak 12 – 1199ko apirilak 6

Jaiotza 1165 aldean
Tutera, Nafarroako Erresuma, ziur asko
Heriotza 1230eko abenduaren 23a
Le Mans
Ezkontidea Rikardo I.a Ingalaterrakoa
Senideak Antso VI.a Nafarroakoa (aita)
Antsa Gaztelakoa

Berengaria Nafarroakoa (ziur asko Tutera, Nafarroako Erresuma, 1165 aldean - Le Mans, 1230eko abenduaren 23a) Rikardo Lehoi Bihotzaren emaztea eta Ingalaterrako erregin ezkontidea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antso VI.a Nafarroakoaren eta Antsa Gaztelakoaren alaba zaharrena zen. Haren haurtzaro eta gaztaroari buruz ez dago datu zehatzik. Arrazoi diplomatiko eta dinastikoak kontuan izanik, Leonor Akitaniakoak bere seme Rikardo Lehoi Bihotza eta Berengariaren arteko ezkontza hitzartu zuen.

1191n Berengaria printzesa Saladinoren aurkako Gurutzadako ontzidian ontziratu zen, Siziliako erregin Joanarekin batera (Rikardo Lehoi Bihotzaren arreba). Marsellako portutik 200 ontzi baino gehiago irten ziren, baina handik bi egunetara ekaitz batek multzoa banandu eta hiru ontzi Ziprera iritsi ziren, Berengaria eta Joana zeramatzana barne. Isaak enperadorea zen orduan uhartearen agintean eta ontzietako bidaiariak atxilotzeari ekin zion, hauek lurra zapaldu orduko. Palestinan zegoen Rikardo Lehoi Bihotzek egoeraren berri jaso eta hirutan eskatu zion enperadoreari atxilotuak aska zitzan. Berengaria eta Joana itsasontzian ziren artean. Azkenean Ingalaterrako erregeak Isaaken kanpamendua eraso eta menpean hartu zuen enperadorea. Eta Rikardoren arrebak eta Berengariak Zipreko lurra zapaldu ahal izan zuten[1].

Urte bereko maiatzaren 12an ezkondu ziren Rikardo Lehoi Bihotza eta Berengaria, Zipren bertan, Limasolen. Egun berean erregeak koroatu zuen emazte berria. Nafarroako printzesa zen Ingalaterrako erregin berria. Ezkontzan, besteak beste, Bernard Lakarra Baionako apezpikuak hartu zuen parte[1].

Berengaria senarrarekin batera zen azken horrek Kreta menpean hartu zuenean, baita, ondoren, Akka hiriarekin gauza bera egin zuenean ere. Rikardok Gurutzadan jarraitu zuen orduan, baina berehala lehentasunak Frantziara eraman zuen, bere aurkako erreboltak itzaltzera. Baina Henrike VI.a, Alemaniako enperadoreak Rikardo atxilotu eta 1194a arte giltzapean izan zuen. Orduan Berengaria erreginak eta Joana koinatak erroman bilatu zuten babesa, baita Zelestino III.a aita santuak eman ere. Sei hilabetez han izan ondoren, bidaia luze eta neketsua egokitu zitzaien biei: Pisara iritsi ziren lehenik, handik Genovara joateko. Marsella izan zen hurrengo geldialdia; handik Tolosako mugetara iristea lortu zuten eta azkenik, Saint Guilleseko kontearen babesean, Poitouraino iritsi ziren[1].

Berengaria 1199an geratu zen alargun, Rikardo Châlusko gazteluaren erasoan hil zutenean. Hori bai, lehenago Ingalaterrako erregeak bere agintepean zegoen Nafarroa Beherea emaztearen anaiari, Antso Azkarrari, eman zion. Nafarroako Erresumaren parte izan zen handik aurrera lurralde hau. Alarguna ere ez zen esku hutsik geratu: Bayeux hiria eta bertako lur guztiak beretzat ziren, Anjouko bi gaztelu ere bai, eta mila marka esterlinako errenta jasoko zuen bizi artean[1].

1230eko abenduaren 23an hil zen erregin ohia Le Mansen (Anjou, Frantzia). Bertako katedralean dago nafarraren hilobia eta kale batek bere izena darama, inguru horietako etnografia museo batek bezalaxe. Itsasoz edo lurrez, Berengariak hiri eta lurralde ugari ezagutu zituen eta garaiko gertakizun garrantzitsuen lekuko izan zen. Baina zortzi urtez Ingalaterrako erregin izan zenak ez zuen bizi guztian Ingalaterra zapaldu[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore IRAZUSTABARRENA: Erresuma zapaldu ez zuen erregina Argia.eus. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported lizentziarekin argitaratua

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Berengaria Nafarroakoa Aldatu lotura Wikidatan