Berlingo harresia
Berlingo harresia (alemanez Berliner Mauer), ofizialki Babeserako Harresi Antifaxista (alemanez Antifaschistischer Schutzwall) Mendebaldeko Berlin Ekialdeko Berlindik eta inguruko Ekialdeko Alemaniako lurraldeetatik isolatu zuen 144 kilometroko harresi bat izan zen. 1961etik 1989ra existitu zen.
Testuinguru historikoa [aldatu]
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Berlin Aliatu garaileek kontrolatutako lau sektoreetan banatu zen; Sobietar Batasunaren Armada Gorria, Estatu Batuak, Britainia Handia eta Frantzia. Sobietar zatia zen nabarmen handiena eta hiriko ekialdeko zati osoa hartzen zuen bere gain: Friedrichshain, Köpenick, Lichtenberg, Mitte, Pankow, Prenzlauer Berg, Treptow eta Weißensee.
1949tik aurrera, mendebaldeko aliatuek kontrolatutako hiru sektoreak (Mendebaldeko Berlin), Alemaniako Errepublika Federaleko (AEF) kide ziren, baina Alemaniar Errepublika Demokratikoaren (AED) barnean.
Hasieran, Berlineko biztanleak aske mugi zaitezkeen lau sektoreen artean, baina Gerra Hotza hastean, mugimenduak mugatu ziren; bi Alemanien arteko muga 1952an itxi zen eta hau dela eta, Berlineko mendebaldeko zatia oso erakargarri egin zen AEDko biztanleentzat. 2,5 milioi alemaniar basa ziren ekialdetik mendebaldera 1949 eta 1961 artean.
Harresiaren eraikuntza [aldatu]
1961eko abuztuaren 13an AEDko gobernuak hiru mendebaldeko sektoreak inguratuko lituzkeen harresi baten eraikuntza bururatu zitzaien. Aurrena arantzadun alanbre bat jarri zuten, baina berehala benetako harresi bat altxa zen. Honek hiria fisikoki banatu zuen; Mendebaldeko Berlin inguratzen zuenez, mendebaldeko sektoreak "irla" bat bilakatu ziren AEDren barnean.
AEDko gobernuak "faxisten kontra babesteko harresi" bat zela esan zuten, mendebaldearen erasoak saihesteko helburua zuena, harresiaren eraikuntza AEFren eta NATOko bere kideen politikaren ondorio zela argudiatuz. Berlineko alkate Willy Brandtek esan zuen arabera, Mendebaldeko Berlin "AEDren saihetseko arantza" zen, bere nazioaren bihotzean zegoen estatu atzerritar baten enklabe bat baitzen. Varsoviako ituneko gainentzeko estatu kideek bi Alemanien arteko lehia garaiko bi itun militar handien arteko lehiarekin parekatu zuten. AEDko buruzagiek harresiaren helburuetako bat emigrazioa eta garun ihesa saihestea zela onartu zuten.
Harresiaren bizitzan zehar 5.000 ihesaldi zenbatu ziren Mendebaldeko Berlinera; 192 pertsona hil ziren tiroz zeharkatu nahi izatean eta beste 200 zaurituak izan ziren. Saiakera arrakastatsuen artean, 1964ko urriaren 3, 4 eta 5, mendebaldeko berlindar batzuek zulatutako 145 metroko tuneletik ihes egin zuten 57 pertsona. Porrotik entzutetsuena Peter Fechterrena izan zen. Bere lagun Helmut Kulbeikekin batera harresia zeharkatzen saiatu zen, baina tiroz zauritua izan zen eta odolustuta hil zen mendebaldeko komunikabideen aurrean 1962ko abuztuaren 17an.
Harresiaren gainbehera [aldatu]
1989ko abuztuaren 23an, Hungariak Austriarekiko mugan zituen debekuak altxa zituen eta irailean 13.000 ekialdeko alemaniarrek Hungariara emigratu zuten. 1989an AEDko gobernuaren aurkako manifestazioak hasi ziren. Erich Honecker buruzagiak urriaren 18an kargua utzi zuen eta Egon Krenzek ordezkatu zuen.
Azaroaren 9an gobernuak ekialdeko alemaniarrei bidaiatzeko debekuak arindu zituen. Gaizki ulertu baten ondoren, Günter Schabowskik debeku guztiak erretiratuak izan zirela esan zuen prentsaren aurrean eta ehunka pertsona harresira joan ziren segituan, non zaindariek ateak ireki zituzten igarobidea ahalbidetuz.
Alemania hurrengo urtean batu zen eta AED ohia Europar Batasuneko kide izatera pasa zen.
Koordenatuak: 52°30′58″N 13°22′37″E / 52.51611°N 13.37694°E