Bernard Lyot
Bernard Lyot (Paris, Frantzia, 1897 - Kairo, Egipto, 1952) frantses ingeniaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Parisen ingeniaritza-ikasketak egin ondoren, Alfred Pérot fisikariaren laguntzaile gisa lanean hasi zen Parisko Eskola Politeknikoan. 1920-1952 bitarteko urteetan, Meudon Behatokian lan egin zuen (1926an, Parisko Behatokiaren barneko sail egin zuten Meudongoa).
Optikan aditua zen Lyot, eta planeten argi-islen polarizazioa ikertzeko ahalmen handiko polariskopioa eraiki zuen. Pic du Midi mendian hainbat behaketa egin zituen, eta behaketa haien bidez ondorioztatu zuen Ilargiaren gainaldeak sumendi-hautsaren modura jokatzen duela, eta Marten harea-ekaitzak gertatzen direla.
Lyoten ikerketa garrantzitsuenak, dena dela, koronografoa asmatzeko egindakoak izan ziren; tresna horri esker, eklipserik ez denean Eguzkiaren koroa ikertzeko aukera du ikertzaileak. Lyotek lerro espektral berriak aurkitu zituen Eguzkiaren koroan, eta Eguzkiaren irtenguneen irudiak filmatu zituen lehenengo aldiz.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.