Bert Sakmann

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bert Sakmann.

Bert Sakmann (Stuttgart, Alemania, 1942ko ekainaren 12a) alemaniar sendagilea da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelula bizien aktibitate elektrikoa aztertzeko teknika berri bat asmatu zuen. Teknika hori erabiliz (patch clamp deitua) egin zituzten aurkikuntzengatik, berak eta Erwin Neher alemaniar ikertzaileak Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuten, 1991n. Sakmannek, zientzialari gisa, Max Planck Elkarteko institutuetan (Max-Planck-Institut) lan egin du beti. 1969-1970 urteetan, Psikiatriako Max Planck Institutuan aritu zen, ikertzaile laguntzaile gisa. Han ezagutu zuen Erwin Neher. Gero, Max Planck Elkartea utzi eta Biofisikako ikasketak egin zituen University College London-en, 1971tik 1973ra.

1974an Alemaniara itzuli zen, eta Biofisika Kimikako Max Planck Institutuan lan egin zuen, Gottingenen. Neherrekin batera, han egin zuen bere ikerlan gehiena, 1970eko hamarraldiaren erdialdean eta bukaeran. 1983-1985 urte-bitartean Mintzaren Fisiologia Saileko buru izan zen, Gottingenen. 1985ean Zelularen Fisiologiako beste sail bat sortu zuen, eta sail horretako buru izan zen 1988 arte. 1989an, Gottingen utzita, Zelularen Fisiologia saileko zuzendari izendatu zuten, Medikuntza Ikerkuntzarako Max Planck Institutuan (Max-Planck-Institut für medizinische Forschung), Heidelbergen.

Sakmannen eta Neherren ikerkuntzak karga positiboa edo negatiboa hartutako atomoak (ioiak) zelulara nola sartzen eta zelulatik nola irteten diren hobeto ezagutzeko balio izan zuen. Ikerkuntza horretan ioi kanalak aurkitu zituzten, zelula-mintzean dauden proteina-molekula batzuk, ioiak sartu-irteteko ate gisakoak. Ioiak kanal horietatik igarotzean korronte elektriko pixka bat sortzen dute, eta Sakmann eta Neherek patch clamp teknika asmatu zuten korronte hori neurtu ahal izateko. Handik gutxira teknika hori Biologia Zelularreko tresna erabilienetako bat bilakatu zen.

2009az geroztik, Max Planck Florida Instituteko zuzendari zientifikoa da; Max Planck erakundeak Florida Atlantic Unibertsitatean (Floridan) duen ikerketa biomedikoa egiteko zentroa da aipatutakoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]