Bertram Brockhouse

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bertram Neville Brockhousen erretratua

Bertram Neville Brockhouse Kanadar zientzialaria (Lethbridge, Alberta, 1918 - Hamilton, Ontario, 2003).

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerran Kanadako itsas gudarostean borrokatu zen (1939-1945), sonar ekipoak erabiliz. Gerra amaitu ondoren, Columbia Britainiarreko Unibertsitatean ikasketak egiteko diru-laguntza bat lortu zuen, gerrako beterano gisa, eta Torontoko Unibertsitatean doktore-titulua eskuratu zuen, bertako tenperatura apaleko laborategian egindako lanengatik. 1962. urtean Hamiltongo Unibertsitateko fisikako irakasle egin zuten, baina ikerketa-lan nagusiak Ontarioko Chalk River laborategian egin zituen, 1950-1962 bitartean. Erreaktore nuklearren neutroi-jarioen inguruko lanengatik eta neutroiek materian sartzean duten portaerari buruz egindakoengatik da, batez ere, ezaguna. Brockhousek neutroi-jarioez bonbardatu zituen gai kristalinoak, eta atomoek neutroiak barreiatzen zituztela aurkitu zuen horrela. Neutroiek beiraren osagairen bat dardarazten duten energiaren bat badutela aurkitu zuen. Barreiaturiko neutroien energia neurtu zuen, eta horrela dardaren eta, horrenbestez, atomoen loturei buruzko informazioa lortu zuen. Neutroien barreiaduraren esperimentuen bitartez fonoiak aurkitu zituen, hau da, soinu edo dardara forman agertzen diren energia termaleko quantum edo "partikulak". Neutroien espektroskopiaren aitzindaria izan zen; teknika horren bidez material jakin baten egitura zein den zehatz daiteke, material hori neutroiez bonbardatuz. 1994. urtean Fisikako Nobel Saria eman zioten, neutroiak barreiatzeko tekniken alorrean egindako ekarpenengatik batez ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]