Bertsolaritza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Mattin Trekuren omenezko oroitarria Ahetzen
Bertsolariya aldizkaria

Bertsolaritza abestuz, errimatuz eta neurtuz egiten den berbaldi bat da. Ahozko euskal literaturaren adarretako bat da.

« Neurriz eta errimaz

kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza.

 »

Xabier Amuriza


«Eztabaida dialektikoa» darabilen artearen adierazpide hau mundu osoko kultura askotan agertu da. Gaur egun, besteak beste, hor ditugu Alpujarrako trovo, Ameriketako Hego Konoko payada edota Kubako repentismo direlakoak. Orobat, Asiako tradizioko parte da, antzinako greziar eta erromatar kulturetakoa, eta islamdar Mediterraneoko historiakoa.[1]

Doinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolaria, orain ezagutzen ditugun munduko inprobisatzaile gehienak ez bezala, musika-tresnaren laguntzarik gabe aritzen da bertsotan. Juanito Dorronsorok, orain artean arlo honetan lan gehien egin duen ikertzaileak, 3.040 doinu ikertu eta sailkatu ditu. Jatorriaren arabera, Bertso Doinuak hiru kategoriatan sailkatzen dira:

  • Usadiozko doinu herrikoiak: gehiengo handia
  • Neurriz parera datozen doinu berriak
  • Bakoitzak osatutako doinuak

Musika-tresnen laguntzarik gabe kantatzeko, bertsolariak ahots sendo eta belarri ona behar duela izan pentsa daiteke, baina Joxerra Gartzia, Andoni Egaña eta Jon Sarasua adituen esanean «komunikazioaren arrakasta edo porrota ez dago bertsolariaren ahotsaren kalitatearen baitan, aukeraturiko doinuaren eta hura kantatzeko moduaren egokitasunean baizik».

Neurria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsoa puntutan zatitzen da, eta puntu bakoitzak, neurriaren arabera, silaba-kopuru jakin bat izango du. Bat-bateko bertsolaritza liburuan adierazi denez, «bertsolariak, bat-batean ari delarik, ez du sekula silaba-kopurua zenbatzen. Hori bai, doinuak eta errimak laxotasun handiagoa izan dezaketen bezala, neurrian ez dago erdibiderik. Ongi neurtuko dugu edo gaizki».

Hauek dira bat-bateko bertsolaritzan sarrien erabiltzen diren neurriak:

Bestelako zenbait egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurretiaz aipatutako neurriak dira plazaz plazako jardunean maizen erabiltzen diren neurriak. Hala ere, badira beste neurri batzuk, koplak, tradizio handia dutenak eta oso erabiliak direnak eskerako eta errondarako.

Tradizio handiko neurri horien alboan badira egitura berriagoak ere. Bat-bateko bertsolaritza liburuan oso ongi azaltzen da neurri horiek nola eta zergatik sortuak izan diren. «Askotan bertsolariek beraiek sortuak dira, txapelketetarako gehienean. Zailtasun teknikoaren gailurra topatu nahi izan da horrelakoetan. Bertso luzeagoa, errima gehiago... arrisku handiagoa estropezu egiteko, baina arrakasta nabarmena bidea ongi burutuz gero. Baina ez da hori egitura berri hauen sorkuntzaren arrazoi bakarra. Egungo bertsolaritza modernoaren ezaugarrietako bat da, testu luzeagoaren beharra. Bertsolariak bere originaltasuna azaltzeko, bere arrazoi-bidearen konplexutasuna kokatzeko, gaiarekiko distantzia hartzeko... lekua behar du testuan».

Hona hemen horietako batzuk:

  • Zazpi puntukoa
  • Bederatzi puntukoa

Arestian aipatutako neurriek errima-talde bakarra erabiltzen dute, baina badaude errima-talde biz osatutako neurriak ere. Hona hemen bi adibide:

Errima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bat-bateko bertsolaritza liburuan aipatu denez, «askorentzat errimak osatzen du bertsoaren alderdi teknikoen ardatza. Errimatuz ari bagara (nahiz errima guztiz aberatsa ez izan), bertsotan ari gara».

Errima beti da sail berekoa, baina errima pobreak eta aberatsak bereizten dira. Burua eta ordua hitzek errima pobrea osatzen dute, eta, aldiz, elizan eta gerizan hitzek errima aberatsa, -an atzizkian errima-kide izatez gain, aurreko kontsonantean (z) eta haren aurreko bokalean (i) eta hasierakoan (e) ere bat egiten dutelako.

Baina errima eta neurria bertsolariarentzat arau edo muga diren arren, laguntza-bide ere izan daitezkeela esaten da Bat-bateko bertsolaritza liburuan. Izan ere, «bertsolariak ez du sekula nahi duen huraxe esaten. Esaten du, neurri batzuen barruan eta buruan bildu dituen errima-hitzekin une jakin batean esateko gai dena. Ez da bertsolaririk nahi duena esan eta gainera neurtu eta errimatu egingo duenik. Badira bertsolariak aldiz, neurtu eta arrimatzeaz gain, argitasun une batzuetan esan nahi luketenera asko hurbilduko direnak».

Bertsoaren zailtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salbuespenak salbuespen, bertso batean errima talde berekoa da eta beti kontsonantea. Bertsolariarentzat zailtasunik handiena errima-hitz multzo egokia bilatzean datza. Bertso berean errima-hitza errepikatuz gero, bertsolariak poto egin duela esaten da. Potoa da hala epai-mahaiak nola ikus-entzuleek gehien «zigortzen» duten akatsa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urratsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta lehenagoko aztarnak ere badiren, bertsolaritza XIX. mendetik aurrera garatu zen Euskal Herrian. Ez zen lurralde guztietan indar berarekin hedatu, ordea. Gipuzkoako eskualde batzuek eman zituzten bertsolaririk ezagunenak. XIX. mendeko gerra eta gatazka ugariek eskaini zuten bertsotarako gairik. Hori dela eta, frantsesen aurka, karlisten zein liberalen alde eta Kubako independentzia-gerraren berri emanez bertso-paper mordoxka bat iritsi zaigu, eta ahoz aho banaka batzuk. Kanta paperen bidez zabaldutako bertsoak oso modan egon ziren, zenbait kasutan gainera, orduko gertaera eta albisteak jakinarazteko modurik herrikoienetako bat zela.

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso-sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Bapateko bertsolari moduan nabarmendu ez baziren ere, Jose Mari Iparragirre eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Azpimarratzekoak dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet "Etxahun" barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Otsalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruñeko ferietan...).

XIX. mendean aurrera joan ahala, bertsolari asko azaldu ziren Gipuzkoa aldean, Asteasu-Zizurkil eta Donostiatik Oriora bitartean bereziki: famatuenak Juan Jose Alkain "Udarregi", Pedro Jose Elizegi "Pello Errota" eta Pello Mari Otaño agian. Udarregi, sasoi hartako asko legez, analfabetoa izan arren, adimen oso argikoa zen. Berak asmatu zuen bertsoez oroitzeko marra sistema partikularra. Pello Errotaren ateraldi azkarrek eta ezten zorrotzak merezitako ospea irabazi zuten; horregatik, maiz heltzen zitzaizkion zerbaiti buruz bertsoak egiteko eskariak. Pello Mari Otañok ez zuen plazarik plaza ibiltzerik izan, izan ere, Kattarro ezizenaz zen ezaguna ahots gutxitxo zeukalako. Hala ere, besteak baino letratuagoa izaki, paperean ipini zituen bere lan asko, hartara bertsoek zabalkunde handiagoa izan zutelarik. Ezagunak dira bere Lagundurikan danoi, Mutil koxkor bat, Zazpiak bat, Ameriketako panpetan etab.

Txirritaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauzak horrela, bertsolarien prestijioak apur bat beherantz egin zuen XX. mendearen hasieran. Dena den, herri eta auzoetako jai eta ospakizunik garrantzitsuenetan ez zen bertsoen faltarik izaten eta pasadizo xelebreen kanta paperak haizatzen jarraitzen zuten. Bertsolariek gizarteko gai gehientsuenei heltzen zieten, gainera: marinel eta baserritarren bizimodu latza, langileen borrokak eta grebak, estatu eta munduko gertaera entzutetsuak (Lehen Mundu Gerra edo 1920 aldera Ipar Afrikan izandakoa) eta abar.

Gerra aurretik bertsolari onak jardun ziren Gipuzkoa eta inguruetan; Usurbil, Hernani, Errenteria, Oiartzun aldean batez ere: Juan Bautista Urkia "Gaztelu" usurbildarra, Juan Jose Lujanbio "Saiburu" hernaniarra, Jose Mari Berra "Teilleri txiki" errenteriarra, Jose Joakin Urbieta "Kaskazuri" oiartzuarra, Fermin Imaz donostiarra, Errenteriako Zapirain eta Zabaleta anaiak, Lezoko Juan Jose Sarasola "Lexo" eta beste asko. Azkoitia eta Azpeitian ere izan zen bertsolaririk: Juan Mari Juaristi "Atano", Juan mari Zubizarreta "Etxeberritxo", "Uztarri", Frantzisko Iturzaeta...

Baina garai hartan Euskal Herriko ia bazter guztietan kantatu zuen bertsolaria Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" (1860-1936) izan zen. Hernanin jaio eta hamahiru urterekin Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen gizon honek etorri ikaragarria zuen. Denetan abila zen: bapatean eta idatziz, gai jostalari nahiz serioetan, bakarrean zein lagun artean. Bere bertso ospetsuetako batzuk dira [[Neskazar bat tentatzen]], Albaiteruen salan, [[Proportziyo bat]], [[Il da Canovas]], Gure munduko bizimodua edo Norteko trenari jarriak.

Bizkaian ez zen Gipuzkoan beste indartu bertsolaritza. Hala ere, ezin da ahaztu Muxikako Enbeitatarren familiak izandako garrantzia. XX. mende hasieran Kepa Enbeita "Urretxindorra" (1878-1942) izan zen ospetsuena anaia Imanolekin batera. Bere probintziatik kanpora ere sarri ibili zen, beste batzuekin lehian edo baita hauteskunde kanpainetan eta mitinetan jeltzaleen ideiak defendatzen ere. Hein batean puristen euskara "garbia" erabili arren, entzuleengana erraz heltzen zekien. Gerraostean bere seme Balendinek eta hainbat bilobek jarraitu diote familiako bertsolari sagari.

Errepublika garaiko berrikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Bigarren Errepublika etorri baino urtebete lehenago eman zuen bertsolaritzak bere entzutearen hobekuntzarako urrats handia. Esan bezala, pertsona ikasiek bertsoak jende landugabearen huskeriatzat zeuzkaten. Uste hori aldatzeko, erabakiorra izan zen Manuel lekuona irakasleak Eusko Ikaskuntzaren V. Biltzarrean ahozko literaturari buruz irakurritako hitzaldia, sei urte geroago kaleratuko zuen Literatura oral euskérica liburuaren aurrerapena. Garbi azaldu zuen arlotekeria baino zerbait gehiago zegoela konposizio askotan eta bertsolariaren buruak harrigarriro lan egiten duela ahapaldiak osatzeko orduan. Lekuonak bertsolarien doinu, neurri eta teknikaren xehetasunak erakutsi zituen, zenbait bertso motaren ezaugarriak azaldu eta bertsolaritzaren historiari buruzko hainbat eta hainbat albiste eskaini.


Lekuonaren hitzaldiak izan zituen ondorioak euskaltzaleengan. Horietako bat Donostian Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedia erakundeetako Jose Zubimendi, Aitzol eta bestek antolatutako "Bertsolari-Egunak" izan ziren. Lehena 1935ean ospatu zen Kursaaleko Poxpolinen antzokian, hemeretzi bertsolariren partaidetzarekin. Gehienak gipuzkoarrak ziren, baina baita bizkaitar eta lapurtar batzuk ere. Txirrita, Lexo edo Saiburu bezalako zaharrak, "Txapel" eta Zabaleta anaien tankerako bertsolari sasoikoak, edota Zepai eta Basarriren moduko gazteak. Iñaki Eizmendi "Basarri"ri jantzi zioten txapela, honela bertsolaritzaren aro berri bati hasiera emanez.


Hurrengo urtean ere Donostian bildu ziren bertsolariak (Victoria Eugenia antzokian), aldez aurretik eskualdeka hiru kanporaketa egin eta gero. Bizkaitar eta lapurtarrik ez zen oraingoan azaldu, baina bai Nafarroa Garaiko zein Behereko bertsolariak. Aurkezle lanetan aritu zen Basarriren aginduetara hamar partaide lehiatu ziren. Handik hilabete gutxira hilko zen Txirrita handiak irabazi zuen bigarren txapel hau; hartara, berandu samar bazen ere, inoizko bertsolaririk onenetako bati merezitako omenaldia egiten zitzaion. Baina ondorengo belaunaldia ere ziurtatua geratu zen, bigarren eta hirugarren postuak Manuel Olaizola "Uztapide"k eta Akilino Izagirre "Zepai"k eskuratu baitzituzten. Ez zekiten ondo hurrengo hamarkadetan zein baldintza eskasetan kantatu beharko zuten, 1940 eta 1960 artean bereziki, Espainiako Gerra Zibilaren irabazlek ezarritako errejimen politiko bortitzaren ondorioz.

Juan Jose Makazaga (1887-1963) altzarraren lana ere aipagarria da, bertsolaria izan ez bazen ere. Inprimatzailea zen, lehenik Ordizian eta 1926tik aurrera Errenterian. Kanta paperez gain, "bertso-berri"z osatutako sortak ere kaleratu zituen. Garaiko bertsolari askoren lanak bere kabuz inprimarazi zituen, jatorrizko testua errespetatuz. Bere bilduma batzuk: Xenpelar'en bertsuak, Bilintx'en bertsuak, Txirrita'ren testamentua edo Euskal Erriko kanta zarrak, hiru tomo txikitan banatua. Gainera, 1931-1932 bitartean hiru orriko bertso aldizkaria argitaratu zuen astero, Bertsolariya izenekoa. Bertsolariyak autore zahar eta berrien bertsoak zekartzan, Hegoaldekoak gehienbat, baina Iparraldekoak ere bai. Azkenean, 330 orrialdeko liburu bilakatu zen.

2014ko abenduaren 10ean, lau andrek 1816an egindako bertsoak aurkitu zituzten[2].

Bertso ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsolari ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klasikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaikideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bertsolari garaikideen zerrenda»

Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horietaz gain, badira maila txikiagoko txapelketak (beterri...), bertsolari gazteen artean estimatuak direnak.

Elkarteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertsozale Elkartea erakunde nagusia da, nazio eremukoa, bertso-eskolak nolabait koordinatzen dituena eta txapelketak antolatzen dituena, besteak beste.

Ikerleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antonio Zabala fraide tolosarrak lan handia egin zuen bertsolaritza ikertu eta aztertzen. Arlo horretan ia 40 liburu argitaratu ditu, eta inoizko ikerle garrantzitsuenetako bat da.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. R. Fernández Manzano eta beste: El trovo de la Alpujarra. Centro de Documentación Musical de Andalucía argitaletxea, 1992, 27. orrialdea.
  2. «Lau andrek 1816an idatzitako bertsoak aurkitu dituzte», Berria, 2014-12-11

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]