Beterri
Beterri Gipuzkoako esparru geografikoan erabiltzen den hitza da, nagusiki bi arlotan. Alde batetik historikoki Tolosaldeko eskualdea orokorrean izendatzeko, Goierriren osagarri moduan. Eta bestetik Donostialdeko azpieskualde bati dagokio, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Orio, Urnieta eta Usurbil udalerriak barne hartzen dituena Euskaltzaindiaren arabera, eta beste batzuen arabera baita Andoain ere.
Eduki-taula |
[aldatu] Ingurune naturala
Beterriko eremuak ibar eta erribera lurrak dira gehienbat, Oria (Behe Oria), Urumea, Oiartzun eta Bidasoa (Behe Bidasoa) ibaiek ureztatuak. Mugak: Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mendiak, ekialde eta hegoaldean; Kantauri itsasoa, iparraldean eta Urolaldea, mendebalean.
[aldatu] Hizkuntza
Euskarari dagokionez, Beterriko hizkera edo azpieuskalkia hitz egiten da Beterrin. Ekialdeko gipuzkera da, nafarrera eta lapurteratik hurbilen dagoen gipuzkera mota, eta gipuzkerazko literaturaren oinarria dena. Oiartzun ibai haranetik ekialderako eskualdeetako euskara goi-nafarrera da (Oiartzualdea eta Bidasoaldea).
Nabarmentzekoa da gaur egun Beterriko Liburua izeneko literatura saria, 1996an sortua Manuel Larramendi idazle eta hizkuntzalari andoaindarra oroituz, aipatutako hizkerari prestigioa eman ziona. Halaber, "Beterri Saria" bada bertsolaritzan ere bai.
[aldatu] Historia
Beterrik ez du inoiz politika edo administrazio batasun finkorik izan. Izenaren jatorria ez da historikoa, geografikoa baizik; duen batasuna geografikoa da, beraz. Historiaren hasi garaietan bi leinu euskaldun nagusi zeuden Gipuzkoako Beterrin: barduliarrak, erdi aldean eta mendebalean, eta baskoiak, ekialdeko muturrean (Oiartzualdea eta Bidasoaldea). Banaketa honek zerikusi zuzena bide du euskalkien banaketarekin. XII. mendetik aurrera, Gipuzkoako hiriak eta herrialdea berregituratzen hasi zirenetik, eskualde baskoietako herriak Gipuzkoako historiari lotuak ageri dira.
[aldatu] Ekonomia
Beterrira bildu da Gipuzkoako biztanleria gehiena eta bertan daude jende gehien bizi diren hiriguneak (Donostia, Irun, Errenteria). Nekazaritzak halako garrantzirik ez du, baina garrantzi handiko arrantza guneak daude bertan (Pasaia, Hondarribia). Industria, zerbitzu eta komunikabide anitzak.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.