Viana
|
Viana |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Viana | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Lizarrako merindadea Vianaldea |
||
| Alkatea | Gregorio Galilea Aratzuri (PSN) | ||
| Herritarra | vianar[1] | ||
| Koordenatuak | 42°30′53″N 2°22′17″W / 42.51472°N 2.37139°WKoordenatuak: 42°30′53″N 2°22′17″W / 42.51472°N 2.37139°W | ||
| Eremua | 78,62 km2 | ||
| Garaiera | 469 m | ||
| Distantzia | 81 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31230 |
||
| Biztanleria | 3.937 bizt (2010) | ||
| Dentsitatea | 50,08 bizt/km² | ||
| www.viana.es http://www.viana.es www.viana.es | |||
Viana[1] hiri historiko eta monumentala da, Nafarroako mendebaldean dagoena, Kodes mendiaren eta Ebro ibaiaren artean, Lizarrerriaren mendebaldeko muturrean. Mugakide ditu Araba eta Errioxa.
1219koa du fundazio data, Nafarroako Antso VII erregeak berreraiki eta Forua edo Arranoaren Erregalia eman zionekoa. Prospekzio arkeologikoek historiaurreko eta historiako berrogeita hamarren bat aztarnategi azaleratu dituzte, eta horrek erakusten digu inguruko eremurik aberatsenetakoa dela arkeologia alorrean.
Iruñetik 81 eta Logroñotik 9 kilometrora dago.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
[aldatu] Udalerri mugakideak
- Iparraldean Labraza (Araba), Aguilar Kodeskoa eta Aras (Nafarroa).
- Ekialdean Bargota eta Mendabia (Nafarroa) eta Agoncillo (Errioxa).
- Mendebaldean Logroño (Errioxa), Oion eta Arabako Moreda (Araba).
- Hegoaldean Agoncillo eta Ebro ibaiarekin.
[aldatu] Klima eta landaredia
Vianak Ebro ibaiko depresiogunearen berezko klima mediterraneo-kontinentala dauka. Neguak hotzak, udak beroak, aldaketa termiko handiak, eta euriak nahiko eskasak eta irregularrak izaten dira (batez ere udaberrian eta udazkenean egiten du euria). Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 500 eta 1.000mm artekoak dira (herrigunean 500mm jausten ez diren arren, iparraldeko gunerik menditsuenetan 1.000mm ere jaus daitezke). Urteroko egun euritsuak 60 eta 100 egun bitartekoak dira.
Nekazaritzak eragin zuzena izan du jatorrizko landaredi eta basoen galtzean eta gaur egun ez da jatorrizko artedietatik ezer geratzen.
Vianako Las Cañas aintzira Ramsar hitzarmenaren barruan dago, garrantzi handiko ingurua izanik bai landarediari baita ere hegaztien aberastasunari esker.
[aldatu] Historia
[aldatu] Hastapenak
Vianako lurrak, Nafarroaren hego-mendebaldean kokatuak, 1219an sartu zen lehenbizikoz historiografia ofizialean, Antso VII.a Azkarrak hirigune nagusia izanen zuena berreraiki eta birpopularazi zuenean.
Indusketa arkeologikoek berrogeita hamarren bat aztarnategi prehistoriko eta historiko (tartean La Custodia) azaleratu dituzte, ingurukoen artean lurrik aberatsenetakoa dela berretsiz. Azken aurkikuntza Longarreko hipogeoa edo lurpeko hilobia da, Vianaren mugartearen iparraldean kokatua, orain dela 4.000 mila urte ingurukoa eta bere gisakoen artean Nafarroa osoko bitxien eta garrantzitsuentzat jotzen dutena.
[aldatu] Antso VII.a Azkarra
1219ko Vianaren berreraikitze eta birpopulatzean, defentsa izan zen arrazoi nagusia: Nafarroako muga indartzeko gotorleku bat eraikitzea, Logroñoren —Gaztelako hiri handienaren— aurrean. Horretarako, inguruko herrixketako biztanleak bereganatu zituen, Arranoaren Forua delakoaren bitartez. Gainera, hiri berriak bere muinotik ikusbidean zuen garai hartako bide kultural, ekonomiko eta politiko nagusia: Done Jakue bideko edo Frantses bidea deritzon adarra.
Gaztelu batez, harresiaz eta bi elizaz hornitu zuten Viana. Erromatarren kanpamentu mitikoetatik ikasitako hirigintza-ereduen arabera eraikia izan zen hiriak, Erdi Aroan, setio eta gatazka ugari jasan zuen, eta Gaztelaren menpe geratu zen tarte laburretan. Garai horretatik du «txit noblea eta txit leiala» titulua.
[aldatu] Vianako Printzea
Ingalaterrako Erregeak Galesko Printzerriarekin, Frantziakoak Delfinerriarekin eta Gaztelakoak Asturiasko Printzerriarekin egin zuten bezala, Nafarroakoak, Karlos III.a Nobleak, 1423ko urtarrilaren 20an Vianako Printzerria eratu zuen, nafar tronoaren oinordeko guztiek titulu horren jabe izan zitezen.
Hiru urte zituela, 1424eko abuztuan, bere amona doña Blancaren besoetan, Karlos printzeak Lizarrako merinaldeko mendebaldean kokatutako bere hamahiru hiri eta gazteluen jabetza hartu zuen (besteak beste Guardia,gaurko Arabako Errioxan dena, eta San Vicente de la Sonsierra, “picao” direlakoengatik ezaguna den Errioxako hiria).
Bere bizitza osoa, etengabeko borrokan eman zuen. Nafarroako Erreinuaren Gobernadore, Kataluniako Gobernadore Nagusi, bere aldekoak ziren beamondarrek errege aldarrikatua, Bartzelonan hil zen 1461ean. Katalanek kanonizatu nahi izan zuten. Pobleteko monastegian lurperatua da. Historialari batzuek diotenez, Margarita Colón andrearekin Mallorcan izan zituen amodio-harremanetatik sortu zen Amerikaren aurkitzailea.
[aldatu] Cesar Borgia
Haren deitura italierazkoaz ezagutzen dugu, baina Aragoi eta Valentziako Borjatarretakoa zen eta haren aita Alejandro VI.ak elizgizon karrera egitera bultzatu zuen.
1492an Iruñeko apezpiku zela, anaia baten heriotzak norabidea aldarazi zion eta Aita Santuaren armadako kapitain buru izatera ailegatu zen. Ondoren, Fernando Katolikoak Gaztelara ekartzea agindu zuen. Ihes eginik, 1506an iritsi zen Iruñera. Handik laster, bere koinatua zen Juan Labritekoak nafar armaden kapitain nagusi izendaturik, Vianako gaztelua setiatu zuen, eta 1507ko martxoaren 12an hil zuten. Santa Mariako aldarean zegoen hilobi eder bat bazen haren oroimenean, eta hortik hartu zuen 1523an Johanes de Bargota aipatzen zuen Antonio de Guevarak bere hilartitza. Elizatik atera eta 1953ra arte ez zuten itzuli bere harmailadira.
1965ean busto bat dedikatu zitzaion -Orduna eskultore erronkariarrarena- Sor Simona Oroz edo San Frantzisko Plazan. Gaurko vianarrek busto horri maglia rosa edo maillot horia paratzen zioten Miguel Indurainek proba horietakoren bat irabazten zuenean.
[aldatu] Hiri titulua
Vianak hiri titulua Nafarroako Felipe VI.ari (Espainiako IV.ari) erosi zion. Nafarroako bederatzi hirietako bat da. Gaztelua eta Soto Galindoko lurrak eskuratu zituen, gaur egun duen herrilurrik handiena.
Pizkundean eta Barrokoan Vianak harresia eskuratuko du "Erregearena zen-, kale gehiago egin, atariak erantsi, elizak zabaldu, eraikiko ditu etxeak, plazak, udaletxea, zezenetarako balkoiak, iturriak, Frantziskotarren komentua eta Ebroren ertzean Recajoko errota. 1592an Enrique ? humanista eta soldaduak herri honetatik igarotzean hauxe adierazi zuen: "Bada Eskualdean ogi ugari eta ardo on eta merkea franko, Vianako ardandegia Nafarroako Erresuma osoa ardoz hornitzeko gai da behar izanez gero, eta hemen Gaztelan baino merkeagoa da dena".
Aipamen honen ildotik, 1752an Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek uxual edo pattar destilategi bat eraiki zuen. Iruñean 1665ean, goian aipatutako erregearen hileta zela medio antolatutako lehiaketan Francisco Alesónek, Vianako seme zen jesuita historialari prestuak, irabazi zuen saria euskarazko poema batekin.
[aldatu] Frantsestadak eta karlistadak
XIX. mendea Iruñea-Logroño Errepidearen eraikuntzarekin hasi zen. Handik pixka batera San Pedro eliza koartel nagusitzat hartu zuten frantsesek. Gudaroste kantonatuentzat eta pasadizokoentzat –frantsesak, ingelesak, portugesak, gerrilak, Minaren Nafarroako Dibisioa- eman behar ziren razioek orube eta herri-lurrak saldu beharra ekarri zuten. 1834ean Tomas Zumalakarregi gipuzkoarrak "Alberguería" deritzan lautadan –hiriaren hegoaldean- estreinatu zuen bere lantza luzeko zalditeria. Done Jakue bideko leku hori izango zen 1875ean karlista eta liberalen arteko preso trukaketarik handienaren gertaleku. Bien bitartean San Pedro eliza erori eta Recajoko lursail handia saldu beharra izan zen. Mende bukaeran urtegia egin zen, udal abere-saila eskuratu, Foruen iturrira ura ekarri, eta 1897ko azaroaren 24an herrira argi-indarra iritsiko da. Gutxigatik ez zuen argi-indarra ikusi Francisco Navarro Villoslada vianarrak, bi urte lehenago hil baitzen "Amaya o los vascos en el siglo VIII"ren idazlea eta "Nafarroako Euskara Elkargoa"ren kide zena.
[aldatu] XX. mendea
Lehenbiziko urteetan emigrazio handia nabari da, filoxera izurriteak eta ia etengabeko lehorteek eraginik. 1908an "Gremio de Obreros y Asociados" delakoa sortu zen, kutsu katolikokoa; 1919an jornalarien artean lur-sailak banatzen hasten dira; Errepublika iristerako kanilako ura bazen etxe guztietan; Autonomia-Estatutuei dagokienean, berriz, udalak, gehien bat tradizionalista, hiriburutik emandako agindu eta gorabeherei loturik ibiliko da. 1940-1950eko hamarkadaren azkenean ardo eta oliogintzako kooperatiba sortu zen, eta Salobreko bigarren urtegia bukatu.
1960ean 2.513 biztanleetatik askorentzat ezinbestekoa zen emigrazioari hesia jarri zitzaion Nafarroako Sustapen Programaren bitartez, hiriari Poligonoa eman baitzion. Ikuspuntu ekonomiko eta sozialetik munta handiko gertaera izan zen. Ur bilketa berria, Zaharren Egoitza, Jubilatuen Etxea, Santa Mariaren garbiketa, Kultur Etxea, Kiroldegia, Eskualdeko Osasun Etxea, Egoitza handitzea, erromesen etxea laster, etab.: horiek guztiek egiten dute Viana itxaropenez betetako hiria.
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2.762 | 2.920 | 3.055 | 2.926 | 2.922 | 2.773 | 2.881 | 2.682 | 3.117 | 3.413 | 3.365 | 3.425 | 3.661 |
2008ko erroldaren arabera, 241 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %6,49 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
[aldatu] Ekonomia
Aguilar Kodes eta Azuelo udalerrien artean, Las Llanas de Codés izeneko gunean, Nafarroako gobernuak eraikitako "Codés Azuelo" izeneko parke eolikoa dago. Ezarritako potentzia 43,20 megawatteko da eta parkearen jabea Acciona Energia da gaur egun.
[aldatu] Ardogintza
Gaur egun Viana da Errioxako ardoaren ekoizle nagusietakoa "Errioxa Baxua" azpieskualdean.
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
2007ko urriaren 21ean ospatu zen Nafarroa Oinez Vianan 100.000 partaiderekin.
San Anton (urtarrilaren 17an): bezperan suak egiteaz gain, bertan baratxuriak, txorizoa, etab. erretzen dira.
San Felices (otsailaren 1ean): ospakizun berezia da arras, gogora ekartzen baitu 1219ko otsailaren 1 hartan Viana hiria eraiki zela, San Felices atarian lehen harria paratu zenean. Danbolineroa kaleetan barna ibiltzen da eskola garaian dauden haurrei dei eginez. Mezatik ateratzean, agintariek txanpon bana ematen diete, gogoan izan dezaten sortiria noiz eraiki zuten.
Inauteriak (gozo-eltzearen igandea): Inaute "ofizialen" ondoko igandean eta Garizuman bete-betean sartuta ospatzen da Vianako Inautea. Ohitura berria da, eta inguruko jende asko biltzen du, Vianako inautearekin jaia errepikatzeko asmoz. Parranda eta jostatzea nahinon, Vianara urte garai honetan hurbilduz gero.
Cuevasko Ama birjinaren Erromeria (Pazko astelehena): Done Jakue bideko azken saindutegi nafarra, Cuevasko Ama Birjina benerazio handikoa da vianarren artean, eta egun horretan jende asko biltzen da baselizan. Eguraldi ona egiten duenetan, Kuadrilla asko bertan gelditzen dira bazkaltzen eta jai giroak iluntzera arte irauten du.
"Vianako Hiria" Artisautza Feria: hiriko ikastolak antolatua Erramu igandean, Nafarroako eta inguruko erkidegoetako artisaurik onenetakoak biltzen dira bertan. Ehunaka bisitari hurbiltzen dira Vianara egun honetan. Feria girotzeko musika, dantza eta herri kirol ekitaldiak ere egiten dira. Kultur ekitaldiak ere izaten dira: hitzaldiak, erakusketak,…
Santa Maria Magdalena jaiak (uztailaren 22an): hiriko zaindariaren jaiak. Inguruan tipikoak diren festen modukoak: bigantxak, erraldoi eta buruhandiak, dastatze gastronomikoak, zezen-suzkoa, kontzertuak, etab.. Bezperan asten dira.
Nievako Ama Birjinaren jaiak (irailaren 8aren ondoko igandea): duela gutxira arte hiriko jai "nagusiak" izan dira, uzta bildu eta garia jo ondotik. Irailean ospatzen badira ere festa animatuak dira oraindik, eta merezi du bertara hurbiltzeak.
Asteburu Gastronomikoa (azaroaren 1eko astea): ospakizun honetan jatetxeek menu bereziak eskaintzen dituzte bertako berezitasunak dastatu ahal izateko. Gainera, hiriko zenbait elikagai enpresa ere bisitatzen ahal dira. Hitzaldiak antolatzen dira, eta hiriko ostatu eta jatetxe guztiek parte hartzen duten pintxo txapelketa egiten da, arrunt herrikoia bera.
Gazteriaren jaia maiatzaren 30ean ospatzen da, herriko gazteen taldeek antolatua.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
1979tik alkatetzan PSN eta UPNren arteko alternantzia egon da. 1999tik, ordea, Vianako alkatea PSN alderdiko Gregorio Galilea Aratzuri da.
2007an PSNk Udaleko hamaika zinegotzietatik zortzi lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 46 izan ziren (emandako guztien %1,90) eta 33 boto zuri izan ziren (botoen %1,39). Abstentzioa %21,77koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| PSN | 1.482 | 8 |
| UPN | 520 | 2 |
| Nafarroa Bai | 233 | 1 |
| CDN | 87 | 0 |
| NEB | 25 | 0 |
2011ko udal hauteskundeetan ere PSN izan zen bozkatuena baina boto jaitsiera handia izan zuenez, gehiengo osoa galdu zuen; hala ere, Galileak alkate kargua gorde egin zuen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| PSN | 985 | 5 |
| UPN | 722 | 4 |
| NaBai 2011 | 368 | 2 |
| PP | 152 | 0 |
[aldatu] Udaletxea
Foruen plazaren mendebaldean dago, elizaren ondoan. Eraikina Juan Raón arkitekto frantsesak diseinatu zuen XVII. mendean. 1688an eraikitzen amaitutako udaletxeak, estilo barrokoko fatxada dauka, erdi puntuko arkudun galeria baten gainean altxatua. Eraikuntzaren bigarren zatian, balkoi korritua dago eta alboetan bi dorre. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Foruen Plaza, 1
[aldatu] Alkateak
| 1979-1983 | José María Los Arcos Martínez | UPN |
| 1983-1986 | José María Los Arcos Martínez | UPN |
| 1986-1987 | Pedro matute Arina | UPN |
| 1987-1991 | Patxi Aramaio Bernetxea | PSN |
| 1991-1995 | José Luis Collado Nicolás | UPN |
| 1995-1999 | José María Los Arcos Martínez | UPN |
| 1999-2003 | Gregorio Galilea Aratzuri | PSN |
| 2003-2007 | Gregorio Galilea Aratzuri | PSN |
| 2007-2011 | Gregorio Galilea Aratzuri | PSN |
| 2011-2015 | Gregorio Galilea Aratzuri | PSN |
[aldatu] Azpiegitura eta garraioak
La Vianesa izeneko autobus konpainiak Viana eta Logroño batzen dituen linea ustiatzen du. Linea honek zortzi zerbitzu egiten ditu Logroñotik Vianara, eta bederatzi kontrako norabidean.
[aldatu] Euskara
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Viana eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %5,02k zekien euskaraz hitz egiten.
[aldatu] Hezkuntza
[aldatu] Erentzun ikastola
1977an sortu zuten(Xabier Antoñanak, besteak beste) herriko ikastola, eta hurrengo urtean martxan hasi zen 17 ikaslerekin.
Ordutik, aldaketa eta hobekuntzei aurre egiteko, 1992an eta 2007an Nafarroa Oinez jaia antolatu zuen ikastetxeak. Gaur egun, 116 ikasle eta 13 irakasle ditu zentroak.
[aldatu] Vianar ezagunak
- Matias Goñi (1647 - 1712) josulaguna
- Francisco Navarro Villoslada (1818 - 1895), idazlea.
- Pablo Antoñana (1927 - 2009), idazlea.
- Xabier Antoñana (euskararen bultzatzailea).
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ a b Euskaltzaindia: 155. araua: Nafarroako udal izendegia.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) Vianako webgune ofiziala
- (Euskaraz) Erentzun ikastola Oinez 07-ren webgunean
- (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Viana Euskaraz
- (Gaztelaniaz) Natura Lizarraldean
- (Gaztelaniaz) Portal Ciudad de Viana - Viana Hiria Webgunean
- (Gaztelaniaz) Club Deportivo Vianés taldearen webgunea.
- (Euskaraz) (Gaztelaniaz) Erentzun fundazioa
- Logroño-Lizarra errepidea Viana parean Google Street View-n.
- (Gaztelaniaz) Vianari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
|
||||||||||||||||