Biarritz
|
Biarritz / Miarritze |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Biarritz | ||
| Estatua Eskualdea Departamendua Barrutia Kantonamendua |
Frantzia Akitania Pirinio Atlantikoak (64) Baiona Biarritz |
||
| Alkatea | Didier Borotra (UDF) (2008-2014) | ||
| Herritarra | biarriztar / miarriztar | ||
| Koordenatuak | 43°29′N 1°33′W / 43.483°N 1.55°WKoordenatuak: 43°29′N 1°33′W / 43.483°N 1.55°W | ||
| Eremua | 11,66 km2 | ||
| Garaiera | 0-85 m | ||
| Distantzia | 9 km Baionara | ||
| Posta kodea | 64200 |
||
| INSEE kodea | 64122 |
||
| Biztanleria | 26.690 bizt. | ||
| Dentsitatea | 2.289,02 bizt./km² | ||
| http://www.mairie-biarritz.fr | |||
Biarritz edo Miarritze Lapurdi kostaldeko udalerria da, eta Biarrizko Kantonamenduan dago. Baionarekin eta Angelurekin batera, BAB eskualdea osatzen du.
Angelu iparraldean eta Bidarte hegoaldean ditu mugakideak.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Hidrografia [aldatu]
Atxinetxeko ubideak[1] herriak zeharkatu ondoren, Angelutik Baionaraino doa, non Aturrin du ahoa.
Klima [aldatu]
Anfiteatro itxurakoa eta Bizkaiko golkoaren aurrean bere kokapenak itsas-haizeetara zabaltzen du Biarritz. Neguak ez dira latzak eta udan beroa jasan daiteke. Bere egoera klimatiko abantailatuak 1912 eta gero munduko aristokraziaren udaleku bihurtu zuen.
Biarrizko haize erregimena moderatua da oso eta eragin hirukoitza jasaten du: Ozeano Atlantikoa, Pirinioak eta bertoko brisak. Nagusiak diren itsas-haizeek udan hezetasuna eta freskura eta neguan leuntasuna ekartzen dituzte. Hegoaldeko haizeak Pirinioetan Foehn efektua sortzen du.
Eguzkia Biarritzen ere presente dago. Neguko batez besteko tenperaturak 8 °Ckoak eta udan 20 °Ckoak dira. Neguan euriasko egiten du, askotan zaparrada laburrak baino biziak izanik.
- Gehienezko tenperatura (errekorra): -12,7 °C (1985/01/16)
- Gutxieneko tenperatura (errekorra): 39,8 °C (1982/07/08)
- Urteroko batez besteko prezipitazioa: 1482,9
- Batez besteko tenperatura: 13,7 °C
- Gehienezko batez besteko tenperatura: 17,4 °C
- Gutxieneko batez besteko tenperatura: 9,9 °C
| Biarrizko klimatologia, 69 m. (1961-1990)[2] | ||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | |
| Gehienezko tenperatura (°C) | 11,6º | 12,6º | 13,8º | 15,3º | 18,3º | 20,9º | 23,5º | 23,7º | 22,9º | 19,7º | 14,7º | 12,0º |
| Gutxienezko tenperatura (°C) | 4,5º | 5,3º | 6,1º | 8,2º | 10,9º | 13,7º | 16,0º | 16,1º | 14,3º | 11,5º | 7,3º | 5,1º |
| Batez besteko tenperatura (°C) | 8,1º | 9,0º | 10,0º | 11,7º | 14,6º | 17,3º | 19,8º | 19,9º | 18,6º | 15,6º | 11,0º | 8,5º |
| Euri kopurua (mm) | 143,2 | 122,7 | 121,7 | 132,9 | 121,0 | 90,9 | 65,1 | 102,3 | 124,6 | 135,7 | 174,2 | 148,7 |
Geologia [aldatu]
Biarritzek kokapen geologiko berezia du. Iparraldeko Landeetako dunaz beteriko 200 kilometroko kostalde zuzenak Angelun du bukaera. Zorua lur siliziozkoaz osatuta dago. Hala ere, Biarritzetik aurrera, Euskal Herriko kostaldea zorupe aldakorra osatzen duten haitzez eta arrokez beteta dago. 5 km bere kostaldean, hiru jalkitze-maila aurkitu ditzakegu:
- Amodio Ganberatik Miramar hondartzaraino, kareharri grisez osaturiko haitzak topatzen dira, non etxalekuek sinklinal izeneko konketa osatzen duten. Eskailerazko haitz hauek Pirinioekin batera agertu ziren duela 25 milioi urte.
- Hôtel du Palais Beltza Etxeraino, kostaldeak uhartetxo harritsu asko ditu. Haitz hauek kareharri okrez osatuta daude. Behe Oligozenoan agertu ziren duela 35 milioi urte eta nummulita asko dituzte (foraminifero txikiak).
Auzoak [aldatu]
|
Iparraldean:
Erdigunean:
|
Hegoaldean:
|
Hego-mendebaldean:
Hego-ekialdean: |
Udalerri mugakideak [aldatu]
Hona hemen udalerri mugakideak:
- Angelu iparraldean.
- Bidarte hegoaldean.
- Arbona eta Arrangoitze hego-ekialdean.
Toponomia [aldatu]
Euskaraz Biarritz edo Miarritze; frantsesez Biarritz; gaskoiz Biàrrits [bi'arrits] eta gaztelaniaz Biarriz ditu izenak. Miarritze zein Biarritz izenak Euskaltzaindiak onartuak dira. Hala ere. Biarrizko udalak mundu mailan itxura ezagunena, hau da: Biarritz, aukeratu zuen seinale elebidunetan jartzeko.
Biarritz toponimoa[3] itxura hauek izan ditu:
- Bearidz, Bearriz, Beariz, lo port de Beiarriz eta Bearridz (1186, XII. mendea eta 1261 hurrenez hurren, Baionako eskutitzak[4]),
- Bearridz eta Bearrits (1281 eta 1338, Gaskoiniako paperak),
- Bearritz (1498, Baionako kapitulua[5]),
- Sanctus Martinus de Biarriz (1689, Baionako elizbarrutiaren kolazioa[6]) eta
- Biarrits (1863, Raymondek aipatua[3]).
Izenaren jatorria zalantzazkoa da oso, eta zenbait teoria daude:
- Euskal izena izatea, euskarazko berarr errotik erakarria. Hau belharr edo belar erroaren aldaera da eta -itz lekuko atzizkia gehituta leku belartsua izan liteke[7].
- Bigarren hipotesik dio toponimo bihurtutako antroponimo germanikoa dela[8]. Galizian dagoen Orenseko probintzian Santa María de Beariz elizatea dago (Bearizen), lehen Viarici, 1034, Uiarici, Uiariz, 1053 eta Veariz, 1220 izan zena. Antroponimo germaniko aipatua Viaricus zen Viarigo erromatartua eta Viarici / Uiarici genitiboa izanda. [via-reiks] wig-, « borroka» hitzan du arroa eta -reiks atzizkia honela aldatu zuten: -rikus > -riki > *-ritsi > -riz / - ritz(e). Izen bera duten hainbat herri daude Iberiar penintsulan. Galizian beste elizate bi daude: San Martín de Beariz (San Amaro, Orense) eta Santa Magdalena de Baariz, 1392 (Paradela, Lugo). Leongo probintzian Viariz (Corullón, Léon) dago. Azkenekoz, Portugalen beste udalerri bi daude: Viariz (Baião, Porto) eta Viariz (Vila Real).
- Aro modernoan gaskoia eskualdeko hizkuntza nagusia izanik, hirugarren teoriak dio Biarritz gaskoi toponimo bat dela. M. Larrouyet proposatu eta Lemoinek berretsi zuena[9]. Bearriz edo Bearidz, latinezko videre (ikusi) hitzetik dator, Bidarrai (1621ean Vidarray zena) edo Beyrie bezala. Gaskoiz Veder (Beder) aditzak «ikusi» esan nahi du. Beyrie eta Beyries toponimoak erabili izan ziren Okzitanian. Euskarazko trobalari gaskoiz trobador da, femeninoa trobaïritz izanda, era berean Beyrie ikusle bada, femeninoa Biarritz izango da. B. Duhourcauk[10] arroa bera Ekialdeko Pirinioetan dagoen Bear lurmuturrean aurkitu zuen.
Biarrizko goiburua J'ai pour moi les vents, les astres et la mer da, euskaraz: "Nireak ditut haizea, izarrak eta itsasoa".
Historia [aldatu]
Erdi Aroa [aldatu]
Munduko udaleku famatua XIX. mendearen ondoren, Biarritz baleen ehizean ziharduen herrixka zen XI. mendetik 1843an Victor Hugok aurkitu zuen arte[11].
Jatorrian udalerriak populatze-gune bi besterik ez zituen: San Martin elizaren inguruan zegoen auzoa eta Belay edo Ferragus gazteluak defendaturiko arrantza-portua. Armarriak baleontzi bat zuen, udalerriko ikurra zena[12].
Biztanleria jatorriz euskalduna bazen ere, zaila da esatea herriko hizkuntza nagusia euskara ala gaskoia zen. Hala ere Lapurtarren Biltzarrean parte hartu zuen 1790 arte.
Herriko lehendabiziko itsasargia 1650ean eraiki zuten.
Belle Époque [aldatu]
1784tik aurrera, itsas-bainuak modan jarri eta Napoléonek 1808an bainua hartu zuen. Hala ere, egoera aldatu zen erabat Napoleon III.aren emazte Eugenia de Montijok 1854an hilabete biko oporrak bertan hartu eta senarrak E itxura zuen jauregia (gaur egungo Hôtel du Palais) eraikiarazi zionean, Biarritz munduko aristokraziaren udaleku bihurtu baitzen. Europako erregeen udalekua zen orduko Biarritz «hondartzen erregina eta erregeen hondartza» izan zen. 1868ko urrian, Biarrizko estropadetan, Jules d'Ariès zuzendutako Chamois, Frantziako mendebaldeko kostaldeko itsasontzi nagusia zena, eta Henri Rieunier zuzendutako Argus itsasontzien eskifaiek karelean enperatriza eta printzea izan zituzten. 1865eko irailean Biarritzen ere Bismarckek Louis-Napoléon Bonaparterekin bilera izan zuen Prusiako politika Frantziako enperadorearen babesa izateko. Orduan, Biarritzen eraikin nagusi batzuk egin zituzten, tartean Errusiar Iraultza baino lehen bisitatu zuen kupula urdinezko eliza ortodoxoa (duke handien bisitak egungo herriko folklorean gogoratzen dira).
Orduan ere (lehendabiziko harria 1892ko abenduan Natalia Serbiakoak jarri eta 1893ko ekainean zabaldu zuten) Biarrizko gatz-termak eraiki zuten, Lagarde arkitektoak diseinatuak. Beskoitzeko gatzagetatik eta hogei kilometroko kanalizazioa igaro ondoren, itsasokoa baino hamar aldiz gaziagoa zen ura erabiltzen zuten[13]. Termak 1953an itxi eta 1968an eraitsiak izan ziren.
1894an sortua, bitan handitua (1911 eta 1926an) eta oraindik martxan dabilena, Biarritz Bonheur izeneko saltoki handia luxua eta modaren tenplu bihurtu zen. XX. mendeko haiseran, bere langile gehienek ingelesez aritu zuten[14].
Nazien okupazioa [aldatu]
1940an alemaniarrek Atlantikwall edo Atlantikoko harresia eraiki zuten Mendebaldeko Europa eta Euskal Herriko kostaldean, tartean Biarrizko itsaslabarrean. 1940ko ekainaren 27an, Wehrmachtek kostaldea okupatu zuen. Kriegsmarine uztailaren hasieran heldu zen. 1942. urteko bukaerarako, 286. Itsas-Armadaren Artilleria-taldeko komandantea zen Ludwig korbeta-kapitainak, Régina hotelean askapenera arte bizi zena, Organisation Todt ingeniarien batera, Talaian BA 39-40 izeneko komandantzia postua eraiki zuen.
Iparraldean Mac Croskey jeneralak San Martin lurmuturrean zegoen BA 34 laguntza postuan, Angeluko Amodio Ganbera hondartza defenditzen zuen. Hegoaldean, Prince de Galles bulevarrean, BA 41 posizioak Lapurdiko kostaldea defenditu behar zuen. Hala ere, lehorreratzea ez zen Euskal Herrian egin Normandian baino.
1944ko martxoaren 17an, aliatuek Biarritz bonbardatu zuten, Parmako aireportua erasotzera zihoazela[13]. DCAko Alemaniarrek hegazkin bat bota zuten. Guztira Biarritzen 99 lagun eta Angelun 41 lagun hil ziren aliatuen bonbardaketetan[15].
Surfaren etorrera [aldatu]
1957an, Peter Viertel zinema zuzendari estatubatuarra, Biarritzen zegoen Deborah Kerr emaztearekin batera The Sun Also Rises filmean lan egiten. Lagun batek Kaliforniatik hegazkinez surf taula bat erabili zuen lehendabizikoz[16]. Biarritzen ezik Europa osoan ere lehendabiziko pausoak izan ziren surfarako. Ordutik aurrera Miarritze Europako surf-spot handienetariko bat bihurtu zen.
Politika [aldatu]
Alkateak [aldatu]
| Agintaldia | Izena | Alderdia |
|---|---|---|
| 1788-1789 | Pierre Moussempès | |
| 1813-1814 | Pierre Moussempès | |
| 1864-1881 | Pierre-Paul Jaulerry | |
| 1881-1884 | Alcide Augey | |
| 1884-1888 | Alexandre Larralde-Diustegi | |
| 1888-1895 | Alcide Augey | |
| 1895-1904 | Félix Moureu | |
| 1904-1919 | Pierre Forsans | |
| 1919-1929 | Joseph Petit | |
| 1929-1941 | Ferdinand Hirigoien | RDG |
| 1941-1944 | Henri Cazalis | |
| 1945-1977 | Guy Petit | |
| 1977-1991 | Bernard Marie | RPR/UDF |
| 1991-2008 | Didier Borotra | UDF |
| 2008-2014 | Didier Borotra | MoDem |
Kantonamenduak [aldatu]
Paul Raymondek[3] 1790ean Biarritz Ustaritzeko barrutian zegoen kantonamendu baten hiriburua zela esan zuen, barnean Angelu, Arrangoitze, Basusarri eta Biarritz berak osatutakoa.
1863an kantonamendua desagertu eta Biarritz Baiona ipar-mendebaldea kantonamenduan sartu zen.
Egun, 1973an Biarrizko Kantonamendua desagertu zenean, bi kantonamendutan banatuta dago: Biarritz Ekialdea eta Biarritz Mendebaldea hain zuzen ere.
Demografia [aldatu]
|
|||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Ekonomia [aldatu]
Lehen arrantzan oinarritutako ekonomia bazuen ere, egun Baiona-Angelu-Biarritz gune metropolitarrean bere kokapena dela eta ekonomia modernoa du.
Biarritzek, Baiona eta Angelurekin BABko aireportuaren kudeaketan parte hartzen du.
Udalerriko aktibitate ekonomi garrantzitsuenak:
- Bainuetxe turismoa
- Kirola (golf, surf eta errugbi)
- Talasoterapia
- Industria. Hona hemen industria nagusiak:
- Séguier frantsesezko argitaletxea.
- Dassault Aviation, Falcon hegazkineetarako fuselaje egiten duena.
Kultura [aldatu]
Hizkuntzak [aldatu]
Gertuko Angelu eta Baiona bezala, Gaskoinia eta Euskal Herria arteko mugan kokatuta daudenez, zalantzazkoa da ea Erdi Aroan eta Aro Modernoan gaskoia ala euskara zen udalerriko hizkuntza nagusia.
Atlas Linguistique de Gascogne liburuak bere alde egin eta gaskoi herritzat hartu zuen Biarritz. 1863an, berriz, Luis Luziano Bonapartek eskualdean kokatu zuen euskararen muga, zenbait auzotan duda barik nagusia zena. Hala ere, XX. mendean frantsesa da hizkuntza ofizial eta nagusia.
1990eko hamarkadatik aurrera, Udaletxeak euskal kultura Biarrizko kulturatzat hartu eta euskara eta euskal kultura bultzatu du. Gaskoia, aldiz, erakunde pribatuek bultzatua izan da, adibidez Ací Gasconha[17] gaskoiniar kultura taldeak.
Museoak [aldatu]
- Itsas-museoa Art Déco estilozko eraikian da, Atalaiako haitzean 1933an eraikia. Itsas-animalia eta hagaztien bilduma handia du.
- Txokolate museoa
- Asiatica, ekialdeko artearen museoa, India, Tibet, Nepal eta Txinako arteak jorratzen dituena.
- Biarrizko historiaren museoa, San Andres antzinako eliza anglikanoan 1980ko hamarkadaren hasieran kokatuta[13].
Musika eta dantza [aldatu]
Udalerriak Biarrizko Balleta du, Frantziako gune koreografikoa dena[18]. Gainera, Atabal[19] izeneko zentro kulturala eta 1946an sortutako Oldarra abesbatza ditu.
Antzerkia [aldatu]
Napoleon III.a eta Eugenia de Montijo enperadoreek modan jarri zuten Portu Zaharra auzoan itsas-antzerkia[13].
Egun, itsaslabarrean Pierre Bideau antzezlegileak eginiko argi-lanak ikus daiteke gauean.
Zinema [aldatu]
Biarritzen zinemaldi bi egiten dituzte:
- Miarritzeko Zinema Latinoamerikarraren Jaialdia[20] Latinoamerikako zinema jorratzen duena.
- Miarritzeko Nazioarteko Ikus-entzunezko Sailen Jaialdia (FIPA)[21].
Hona hemen Biarritzen egindako filmen zerrenda:
- Hôtel des Amériques( (1981), André Téchinék zuzenduta, Catherine Deneuve eta Patrick Dewaere aktoreak zituena;
- Mortelle Randonnée (1983), Claude Millerrek zuzenduta, Isabelle Adjani eta Michel Serrault aktoreak zituena;
- Le Rayon vert (1986), Éric Rohmerrek zuzenduta, Hubert Reeves aktorea zuena;
- Mes nuits sont plus belles que vos jours (1989), Andrzej Żuławskik zuzenduta, Jacques Dutronc eta Sophie Marceau aktoreak zituena;
- Le Ciel, les oiseaux et... ta mère ! (1998), Djamel Bensalahk zuzenduta Jamel Debbouze, Olivia Bonamy, Stephane Soo Mongo, Loránt Deutsch eta Julien Courbet aktoreak zituena;
- Baise-moi (2000) Virginie Despentes eta Coralie Trinh Thik zuzenduta;
- Quelqu'un de bien (2002), Patrick Timsitk zuzenduta, Patrick Timsit eta José Garcia aktoreak zituena;
- Le Cou de la girafe (2004), Safy Nebbou euskaldunak zuzenduta, Sandrine Bonnaire, Claude Rich eta Louisa Pili aktoreak zituena;
- Hors de prix (2006), Audrey Tautou eta Gad Elmaleh aktoreak zituena.
Automobilak [aldatu]
- Cadillacek 1955 eta 1985 artean Cadillac Eldorado Biarritz izeneko automobila egin zuen.
- Hotchkissek 1937an Hotchkiss Biarritz izeneko automobila egin zuen.
Ondasun nabarmenak [aldatu]
Eraikin zibilak [aldatu]
- Vierge arrokan aterpe-portua duena;
- Eugénie Etxea edo Hôtel du Palais[22];
- Ingalaterrako hotelaren eraikina, 1870ean Louis Moussempèsek eraikia;
- Natacha (lehen Leuba) Etxea[23];
- Sacchino edo Castel Biarritz, Natalia Serbiakoaren egoitza;
- Plazza hotela[24];
- Kasinoa[25] Art déco estilokoa;
- Itsasargia[26] 1834an San Martin lurmuturrean eraikia;
- Villa Belza edo Beltza Etxea: Alphonse Bertrandek 1880 eta 1895 artean eraikia.
- Goëland Etxea, 2003tik aurrera hotela dena;
- Françon extea[27] ;
- Boulard jauregia[28] ;
- Ingalaterrako pabilioia
- Arrantzaleen etxeak, portuan.
- Portu Zaharraren antzinako bainuetxea.
Eraikin erlijiosoak [aldatu]
- Kapera inperiala[29];
- San Martin eliza[30][31];
- Santa Eugenia eliza, 1898 eta 1903 artean eraikia.
- San Alexandro Nevski eta Jaungoikoaren Amaren Babesaren eliza
- Biarritzeko sinagoga
Parkeak [aldatu]
- Haitzak
Biarrizko haitzak[32] XX. mendean urtero 70 zentimetrozko higadura jasatzen dutenak.
- Hondartzak
Udalerriak[33] sei hondartza ditu: Miramar, Handia edo Grande Plage, Portu Zaharra, Euskal kostaldea edo Côte des Basques, Marbella eta Milady[34].
- Lorategiak
Biarritzek 120 ha baso eta bi aintzira (Marion eta Mouriscot) ditu.
Erdigunean, Midi geltokiaren aurrean, lorategi publikoaz gain, Mazon eta Lahuze lorategiak ditu.
Azpiegiturak [aldatu]
Kirolak [aldatu]
- Ekitazioa: hippodrome des fleurs izeneko hipodromoa du;
- Golfa: Itsasargiko kali jokoan (britainiarrek 1888an eraikia) Biarritz Cup txapelketa amateurra egiten da;
- Futbol amerikarra: Atlantes de Biarritz 2008an Frantziako hirugarren mailan zebilen;
- Pilota: uztailean xistera txapelketa egiten da.
- Errugbia: herriko kluba Biarritz Olympique (BO) da, bost aldiz Frantziako txapelduna izandakoa (1935, 1939, 2002, 2005 eta 2006). Aguilera kiroldegian aritzen du.
- Surfa: Biarritzen txapelketa ugari egiten dira, tartean munduko longboard txapelketa 1992 eta 2005artean (Biarritz Surf Festival). Surf Session Frantziako surf aldizkaririk zaharrena 1986an sortu zuten bertan.
Hezkuntza [aldatu]
- Ikastetxeak
Udalerrika bi ikastetxe publikoak (Villa Fal[35] eta Jean Rostand) eta pribatu bat (Immaculée-Conception) ditu.
- Lizeoak
Malraux lizeoa[36] bakarra da Miarritzen. Turismo lizeoa ere badago La Négresse auzoko mendebaldeko mugan[37].
- Goi-mailako irakaskuntza
Irudi eta Soinugintza ikasteko BTS bat dago Biarritzen.
Epaitegiak [aldatu]
Paueko Helegite Gortepean, Biarritzen Lehen Auzialdiko Epaitegiak du egoitza.
Erlijioa [aldatu]
Hona hemen herriko eliza katolikoak: Harizko Andra Maria, San Martin, San Karlos, Santa Eugenia, San Jose eta Santa Teresa.
Pellot karrikan 1904 eta 2005 artean sinagoga zegoen.
Impératrice karrikan 1892an San Alexandro Nevski eta Jaungoikoaren Amaren Babesaren eliza ortodoxoa eraiki zuten.
Peyreloubilh karrikan eliza du[38].
Garraioa [aldatu]
- Biarrizko geltokia, La Négresse auzoan dagoena, Bordele-Irun trenbidean dago eta TGV eta TER zerbitzuak ditu.
- 1888 eta 1948 artean, Biarritz eta Baiona artean tranbia zegoen, BLB (Biarritz - Marracqeko Lizeoa - Baiona) izenekoa.
- Miarritze-Angelu-Baionako aireportua
- Biarritzetik STAB 1, 2, 6, 9, 11 eta Navette de Biarritz lineak pasatzen dira. Hona hemen:
- .1. - Biarrizko Udaletxea <> Baionako Udaletxea <> Baiona Nafarroa
- .2. - Biarrizko geltokia <> Baionako Udaletxea <> Baiona Sainsontan
- .6. - Gaz auzoa <> Baionako Udaletxea <> Baionako geltokia
- .9. - Lapurdi <> Baionako Udaletxea <> Santa Madalena / Barra
- 11 - Angelu Juvigny <> Baionako Udaletxea <> Tarnose Platanes
- Navette de Biarritz - Udaletxea <> Udaletxea
Hiri senidetuak [aldatu]
Hona hemen senidetutako herrien zerrenda[39]:
Biarriztar ospetsuak [aldatu]
- Jean-Baptiste Ernest Lacombe (1854ko urriaren 19 - 1922ko irailaren 30), arkitektoa.
- Léon Larribau (1889 - 1916), errugbilaria bertan bizi zen.
- Henri Haget (1905eko urriaren 12 - 1967ko irailaren 29), errugbilaria.
- André Dassary (1912ko irailaren 10 - 1987ko uztailaren 7), musikaria.
- Henri Bourtayre (1915eko urriaren 21 -), musikaria.
- Jean Bichindaritz (1928ko maiatzaren 3 -), errugbilaria.
- Leopold Eyharts (1957-), astronauta.
Galeria [aldatu]
-
Eugenia Jauregia edo Hôtel du Palais
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Sandre datu-basea
- ↑ Infoclimaten webgunea
- ↑ a b c Paul Raymond: "Dictionnaire topographique Béarn-Pays Basque" (1863)
- ↑ Baionako eskutitzak edo Livre d'Or - XIV. mendeko eskuizkribua - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ Baionako kapitulua - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ XVII. eta XVIII. mendeak - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
- ↑ Jean-Baptiste Orpustan, "Nouvelle toponymie basque", Presses universitaires de Bordeaux, 2006, 28. orr
- ↑ Iglesias, Hector, 1998, «Le toponyme Biarritz», "Fontes Linguae Vasconum", 78. alea, 281-288. orr., IKER
- ↑ Dr. Lemoine "Toponymie du Pays Basque français et des Pays de l’Adour" 1977
- ↑ Guide des Pyrénées Mystérieuses
- ↑ Victor Hugok «Je ne sache pas d’endroit plus charmant et plus magnifique que Biarritz…» zioen
- ↑ Gaso: la banque du blason
- ↑ a b c d Philippe Salquain, "Autrefois Biarritz" Atlantica, Biarritz, 2000 ISBN 2-84394-265-9
- ↑ Marie-France Chauvirey, "La vie d'autrefois en Pays basque" Sud Ouest, Luçon, 1994 ISBN 2-87901-219-8
- ↑ Mikel Rodríguez: Los vascos y la II Guerra Mundial
- ↑ Joël de Rosnayren webgunea
- ↑ [http://www.acigasconha.asso.fr/ Ací Gasconha
- ↑ Biarrizko Balletaren webgunea
- ↑ Atabalaren webgunea
- ↑ Zinema Latinoamerikarraren Jaialdiaren webgunea
- ↑ Nazioarteko Ikus-entzunezko Sailen Jaialdiaren webgunea
- ↑ Hôtel du Palaisen webgunea
- ↑ Palissy datu-basea: Natacha Etxea
- ↑ Mérimée datu-basea: Plazza hotela
- ↑ Mérimée datu-basea: kasinoa
- ↑ Mérimée datu-basea: itasargia
- ↑ Mérimée datu-basea: Françon Etxea
- ↑ Mérimée datu-basea: Boulard jauregia
- ↑ Mérimée datu-basea: Kapera inperiala
- ↑ Mérimée datu-basea: San Martin eliza
- ↑ Palissy datu-basea: San Martin eliza
- ↑ Udaletxearen webgunea: Biarrizko haitzak
- ↑ Udaletxearen webgunea: Biarrizko hondartzak
- ↑ Sacha Guitryk «Quand on se prend à hésiter entre deux plages, l'une d'elles est toujours Biarritz» zioen
- ↑ Villa Falen webgunea
- ↑ André Malraux lizeoa
- ↑ Biarrizko turismo lizeoaren webgunea
- ↑ Eliza erreformatuaren webgunea
- ↑ Biarrizko webgune ofiziala
- ↑ Jatorrizko izena nederlanderazko Elsene da; administratiboki Brusela-Hiriburua eskualdean dago. Senidetze honen historiaz jakiteko ikus Édouard Caillau.
Bibliografia [aldatu]
- Claude Laroche, Dominique Delaunay, Geneviève Mesuret, Jean-Baptiste Minnaert, Jean-Claude Lasserre, Maurice Culot eta Olivier Ribeton, "Biarritz. Villas et jardins. 1900-1930 La Côte basque des années 30" Norma ISBN 978-2-909283-06-7 Online
- L. de Joantho, "Biarritz illustré" Benquet, Biarritz 1885
- Philippe Salquain, "Autrefois Biarritz" Atlantica, Biarritz, 2000 ISBN 2-84394-265-9
- P. Laborde, "Biarritz, huit siècles d'histoire, 200 ans de vie balnéaire" Ferrus, Biarritz, 1984
- M. eta F. Rousseau, "Biarritz promenades" Rousseau, Baiona, 1980 & 1981
- Association d'action culturelle de Biarritz, "Biarritz au vent du large et de l'histoire" Maury, Biarritz, 1988
- Marie-France Chauvirey, "La vie d'autrefois en Pays basque" Sud Ouest, Luçon, 1994 ISBN 2-87901-219-8
- Hervé Bernard, "Splendeur de Biarritz - Moussempès, Une Illustre Famille en Pays Basque depuis le XIVème Siècle" S.A.I, Biarritz, 2006
- Marie d'Albarade, "La belle Histoire des Palaces de Biarritz, Époque 1" Atlantica, Biarritz, 2007
- Gilbert Desport, "Les moulins de Biarritz XVII° & XVIII° siècles" Amis du Vieux Biarritz 1. alea, 1994, Musée historique de Biarritz
- Marcel Douyrou, "Le rocher de la Vierge et Pierre Blanchard (1825-1895)" Amis du Vieux Biarritz 2. alea, 1995
- Hervé Bernard, "Docteur Henri Conneau (1803-1877) Ami le Plus Fidèle - Confident le Plus Intime de l'Empereur Napoléon III" S.A.I, Biarritz, 2008
- Didier Janssoone, "Biarritz : La Gare du Midi" Cheminements, 2008 ISBN 978-2-84478-642-5
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) (Frantsesez) (Ingelesez) (Gaztelaniaz) Webgune ofiziala
|
|||||||