Bielorrusiako geografia
Bielorrusia Ekialdeko Europako herrialdea da, Errusia, Ukraina, Polonia eta Herrialde baltikoek inguraturik dagoena. Azalera 207.600 km² da (munduko 92. handiena).
Datu geografikoak
Azalera:
- guztira: 207.600 km²
- lurra: 207.600 km²
- ura:
Lurreko mugak:
- guztira: 3,306 km
- estatu mugak: Errusia 959 km, Ukraina 891 km, Lituania 680 km, Polonia 605 km, Letonia 171 km
Kosta: 0 km (estatu itsasgabea)
Itsas erreklamazioak: ez du (estatu itsasgabea)
Muturreko garaierak:
- puntu beherena: Neman ibaia 90 m.
- puntu gorena: Hara Dziarzhynskaia 345 m.
Baliabide naturalak:
- gas naturala, petrolioa, lur landuak
Lurren erabilera: (1993)
- lur landuak: %29
- labore iraunkorrak: %1
- zelai iraunkorrak: %15
- basoak: %34
- beste: %21
Lur ureztatua: (2003)
1.310 km²
Ur baliabide berriztagarriak: (1997)
58 km3
Topografia
Bielorrusian ordokiak nagusi dira. Batezbesteko altitudea 162 metrokoa da itsasoaren mailatik gora. Bielorrusiako erliebean Belaruskaia Hrada (Белару́ская града́) muinoaldea nabarmentzen da. Hemen dago herrialdeko punturik gorena: Hara Dziarzhynskaia (Гара Дзяржынская), 345 m. Mendebalde-hegomendebaldetik ekialde-iparekialdera orientatutako muino hauek bitan banatzen dute Bielorrusia. Iparraldean jatorri glaziarreko aintzira eta morrena muino ugari dago. Hegoaldean, Polesian batez ere, zingira zabalak daude.
Hidrologia
Bielorrusian 3.000 ibai eta 4.000 aintzira baino gehiago dago. Nabigatzeko, egurra garraiatzeko eta energia hidraulikoa ekoizteko erabiltzen dira.
Mendebaldeko Dvina eta Neman ibaiak mendebalderantz, Baltikorantz doaz. Dnieper ibaia, berriz, hegoalderantz, Itsaso Beltzerantz. Sozh, Berezina eta Pripiat Dnieperren ibaiadarrak dira. Itsaso Beltza eta Itsaso Baltikoa Dnieper-Bug ubidearen bidez loturik daude.
Naratx (Нарач) da Bielorrusiako aintzirarik handiena. Azalera 79,2 km²-koa da eta sakontasun handiena 25 metrokoa.
Ekosistemak
Herrialdearen ia herena jendegabeko baso zabalez (puxtxaz) estalirik dago. Iparraldean koniferoen basoak, urki eta haltzekin, nagusi dira. Mendebaldean Belavezhskaia Puxtxa dago, Polonia eta Bielorrusiako lurretan hedatua. Europako basorik zaharrenetako bat da eta Europako bisontearen azken babeslekua.
Klima
Itsaso Baltikoa nahiko hurbil baita (257 km punturik hurbilenean) Bielorrusiako klima kontinental epela da. Neguak 105 eta 145 egun artean irauten du, eta udak 150 egun gehienez. Urtarrileko batezbesteko tenperatura -6ºC izaten da eta uztailekoa 18 °C, hezetasun handiz. Urteko batezbesteko prezipitazioa 550 eta 700 mm artean izaten da.
Urt. | Ots. | Mar. | Api. | Mai. | Eka. | Uzt. | Abu. | Ira. | Urr. | Aza. | Abe. | Urtea | |
Batezbesteko tenperatura [°C] | -6,9 | -5,9 | -1,4 | 5,9 | 12,9 | 16,2 | 17,3 | 16,5 | 11,7 | 6,3 | 0,8 | -3,8 | 5,8 |
Prezipitazioak [mm] | 38 | 32 | 40 | 41 | 60 | 82 | 89 | 71 | 59 | 46 | 50 | 52 | 660 |
Iturria: "Minsk, Bielorrusia" educaplus.org-en.
Ingurumen arazoak
1986ko apirilaren 26an gertatutako Txernobylgo hondamendiak herrialdearen hegoekialdea kutsatu zuen. Zentral nuklearra Ukrainan badago ere, haizeak kutsaduraren %60 inguru Bielorrusiara eraman zuen. Lurraldearen %25, Homel eta Mahiliouko oblastak batez ere, eta populazioaren %22 kaltetuak izan ziren.
Natura baliabideak
Bielorrusiako natura baliabide nagusiak hauek dira:
- basoak
- zohikatz-hobiak
- petrolio eta gas natural kantitate txikiak
- granitoa
- kareharri dolomitiko, tupa, klera, hondar, legar eta buztin hobiak.
Erreferentziak
Artikulu hau ingelesezko Wikipediaren Geography of Belarus izeneko artikuluan oinarriturik dago.
Kanpo loturak
- (Ingelesez) CIA World Factbook, Bielorrusia