Bigarren Epistola korintoarrei

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Bigarren Epistola korintoarrei Bibliako Itun Berriko liburu bat da. Paulo Tartsokoak Korintoko kristauei idatzitako gutun bat da.

Ingurune historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.o. 56. urteko Pazko inguruan Paulok korintoarrei idatzi zien epistolak ez zuen giroa baretu, ezta Timoteoren ikustaldiak ere, Paulok bidalirik joan bazen ere. Horregatik idatzi zuen bigarren epistola.

Korintoko elkarteko askok, Pauloren aurka jarririk, ukatu egiten zuten beraren aginpidea, Jerusalemdik apostoluen gomendiozko gutun batekin etorri ziren judu-kristau batzuen eraginez. 56ko udan Korintotik Efesora itzuli eta hango egoeraren berri eman zion Timoteok Paulori. Orduan, Paulo bera joan zen Korintora (1,23–2,1), baina ez zuen egoera zuzentzea erdietsi. Korintoar batek denen aurrean atsekabetu zuen Paulo edota Pauloren laguntzaileetako bat (2,5-11; 7,12; 11,1-15). Ikustaldia laburra izan zen eta, berriro itzultzeko asmoz (1,15-16), Efesora itzuli behar izan zuen bizkor. Handik gutun bat idatzi zien «negarrez» (2,3-4) 57. urtearen hasiera aldera. 10–13 kapituluetako pasartea gutun horren zatia da, nonbait.

Efesotik ere atera beharra izan zuen, batzuekin izan zuen eztabaidagatik (1 Ko 15,32). Mazedoniara jo zuen. Han elkartu zen Korintotik zetorren Titorekin, eta Titok jakinarazi zion aurreko gutunaren ondorioz Korintoko elkartea baretu zela, zatiketak desagertuz zihoazela, apostoluaren aginpidea onartzen zutela eta Pauloren kontra asaldatu zena zigortzeko prest zeudela. Berri horiek jakinik, berriro idatzi zien Paulok, 57. urtearen azken aldera, bere poza adieraziz eta korintoarrei egin nahi zien hirugarren ikustaldia prestatzeko (13,1).

Epistolaren hari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait ikertzaileren ustez, bigarren epistola hau Paulok korintoarrei idatzitako lauzpabost gutun-zatiren bilduma izan daiteke, zati horietan nabari diren estilo eta gai desberdinak kontuan izanik.

  • 2,14–7,4 atala Paulok 56ko udan idatzitako gutun baten zatia izan daiteke. Paulok bere apostolu-izatea eta eginkizuna defendatzen ditu eta sasiapostoluak salatzen.
  • 10–13 atala 57. urtearen hasieran «negarrez» idatzitako gutunaren zatia izan daiteke.
  • 1,1–2,13 eta 7,5-16 pasarteak 57aren azken aldera, Titoren bitartez berri pozgarriak jakin ondoren idatzitako gutunaren zatiak izan daitezke.
  • 8–9 atalean, berriz, baliteke Jerusalemgo elkarte behartsuari laguntzeko diru-eskea eginez idatzitako beste bi gutunen zatiak egotea.

Bigarren epistola hau zenbait gutun-zatiren bilduma izan daitekeen arren, badago gai bat behin eta berriro azpimarratua: Paulok bere apostolu-izateaz eta eginkizunaz egiten duen defentsa. Berak Korintoko elkartean egindakoa eta izandako jokaera aipatzen dituen zatia da luzeena (1,12–7,16). Bere apostolu-lanaren gorabeherak, atsekabeak eta atseginak, arriskuak eta pozaldiak adierazten dizkie.

Hurrengo atalean, Jerusalemgo elkartearentzat egin beharrekoa den diru-bilketaz mintzo da (8,1–9,15). Jesu Kristoren eskuzabaltasuna jartzen die ikasbidetzat, eta Mazedoniako elkartearena ere aipatzen die. Jainkoari eskerrak emateko aukera eskainiko die hartzaileei diru-bilketak, eta kristau-elkartasuna azaltzeko eta sinesmenean denak are gehiago bateratzeko balio izango du.

Gutunaren azken zatian (10,1–13,10), bere apostolu-izatea defendatzen du Paulok. Haren etsaiek zabaldu dituzten gezurrezko salakuntzei erantzuten die: horiek sasiapostolu dira, gezurrezko langile, apostolu-itxura baizik ez dutenak; Satanasen zerbitzari dira. Hori esateko, ebanjelioa hedatzeko lanean jasan behar izan dituen neke eta atsekabeak hartzen ditu oinarri, baita izan dituen goi-agerpenak ere. Oso kezkatua dago Paulo korintoarren artean eztabaidak, haserreak, nahasmenduak aurkituko dituelakoan. Hala ere, maitekiro mintzo zaie, elkartea eraikitzeko baita Jaunarengandik hartu duen aginpidea. Baina zentzarazteko ere bai: Korintora hirugarren aldiz joatean, bai-bainaka ez dela ibiliko esaten die, gauzak behar bezala erabakiko dituela baizik.

Elkarteari adore emanez eta agur eginez bukatzen du gutuna (13,11-13).

Eskema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agurra eta sarrera (1,1-11).
  • Pauloren jokaera korintoarren artean (1,12–7,16).
  • Diru-bilketa Jerusalemgo kristauen alde (8,1–9,15).
  • Paulo bere apostolutzaren alde (10,1–12,21).
  • Amaiera (13,1-13).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biblia

Itun Berria

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bigarren Epistola korintoarrei Aldatu lotura Wikidatan
  • [1] Biblia euskaraz

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]