Bilbo

Koordenatuak: 43°15′44″N 2°57′12″W / 43.2622°N 2.9533°W / 43.2622; -2.9533
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13sa (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:21, 13 ekaina 2016
Artikulu hau Bizkaiko hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bilbo (argipena)».
Bilbo
 Bizkaia, Euskal Herria
Hiriaren hainbat irudi. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Bilboren ikuspegia Artxanda menditik, Euskalduna jauregia, Bilboko Metroko sarrera bat, San Anton eliza eta San Antongo zubia gauez, eta Guggenheim Bilbao Museoa.
Bilboko bandera

Bilboko armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaBilbo Handia
Izen ofiziala Bilbao
AlkateaJuan Mari Aburto (EAJ)
Posta kodea48001–48015
INE kodea48020
Herritarrabilbotar
Kokapena
Koordenatuak43°15′44″N 2°57′12″W / 43.2622°N 2.9533°W / 43.2622; -2.9533
Map
Azalera41,26 km²
Garaiera16 metro
Distantzia0 km Bilbora
Demografia
Biztanleria346.096 (2023)
1.969 (2022)
alt_left 183.280 (%53) (%47,3) 163.563 alt_right
Dentsitatea8.319,62 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
-% 1,19
Zahartze tasa[1]% 18,9
Ugalkortasun tasa[1]‰ 35,4
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 79,25 (2011)
Genero desoreka[1]% 5,44 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 14,16 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 23,6 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 3.2 (2016)
Etxeko erabilera [3]% 9.17 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1300eko ekainaren 15a. urtea
Webguneahttp://www.bilbao.net/

Bilbo (gaztelaniaz eta ofizialki Bilbao) Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiririk jendetsuena da, Bilbo Metropolitarra edo Bilboaldea deritzon inguruneko ardatz ekonomiko eta industriala. 342.481 biztanle ditu (bilbotarrak), eta 41 kilometro koadro.

Bilbo du gaur egungo euskal izena, Euskaltzaindiak 1979an hala arautu baitzuen.[4] Bilbao gaztelaniaz gorde den euskal izen zaharra da.

Bilboaldea Muskiztik Galdakaora hedatzen da mendebaldetik ekialdera, eta Plentziatik Alonsotegi eta Arrigorriagara iparraldetik hegoaldera. Ingurune horrek ia milioi bat biztanle biltzen ditu guztira: Bizkaiko biztanleriaren hiru laurden baino gehiago.

Geografia

Biztanleria era homogeneoan banaturik dago ibaiaren bi aldeetan: Ezkerraldean Basurtu-Zorrotza, Abando eta Errekalde barrutiak daude. Eskuinaldean, berriz, Deustu, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga eta Begoña barrutiak. Ibaiondo barrutia, Bilboko handiena, ibaiaren bi aldeetan hedatzen da. Barrutiaren gehiena ezkerraldean dago; Alde Zaharra, berriz, eskuinaldean.

Bilboko ikuspegia.

Pagasarri, Artxanda eta Arnotegi mendiek inguratzen dute hiria, besteak beste, eta, zulo moduko batean dagoenez, "Botxo" izen herrikoia eman diote. Hirigunetik ez oso urruti, kilometro pare batera, Ganekogorta mendia altxatzen da, 998 metrokoa, kostaldetik hurbil gaudela kontuan izanda, altuera handia da. Hala ere, Artxanda mendia Bilboko mendirik adierazgarriena da, Pagasarrirekin batera. Bilboko iparraldean kokaturik dago eta Txorierrirekin egiten du muga.

Kokaleku horrek eman dio Bilbori duen izaera eta hiri-egitura: eremu lauak urriak dira, Abando eta Deustu barrutietan daude gehienbat. Hori dela eta, hazkunde industrialak eragindako immigrazio-oldeak mendien maldetan hedarazi zuen Bilbo.Gaur egun, Bilbo inguruan dauden mendiek hiriko "gerriko berdea" osatzen dute eta aisialdirako gune bilakatu dira.

Ingurune naturala eta klima

Hidrografia

Hiria Ibaizabal ibaiak zeharkatzen du; Abusu auzotik aurrera itsasadar bihurtzen da. Antzina, Bilbo hainbat errekak zeharkatzen zuten, mendietatik jaisten ziren itsasadarrera, Elgera ibaia adibidez, baina lurperatu egin zituzten hiriaren garapena zela eta.

Klima

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko klima»

Bilboko klima ozeaniko hezea da, korronte bero baten eragina eta urte osoan zehar tenperatura lasaia dituena. Euriak udazkenean eta udaberrian ugariak izaten dira; negua, berriz, eztia, eta uda ez oso beroa. Dena dela, bai udan bai neguan, egun oso hotzak eta termometroa 40º-tik gora igotzen den egunak daude.

Batez besteko tenperatura 21 gradukoa da udan, eta 7 neguan. Bilboko datu meteorologiko ofizialak Loiuko aireportuan jasotzen dira. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskalmet zerbitzu meteorologikoa sortu eta gero, ikerlekuak ezarri ziren Deustuko Doneperiaga auzoan dagoen Zorrotzaurreko puntan, Abusu auzoan Arrigorriagako mugatik gertu, eta Basurtu auzoan. Dena den, Basurtuko ikerlekua 2005. urtetik zerbitzutik kanpo dago.

Urteko euriak 1.200mm ingurukoak dira, urtean zehar era berdintsuan banatuta, baina, normalean, neguan udan baino euri gehiago egiten du. Historian zehar muturreko gertakari meteorologiko batzuk izan dira, 1983ko uholdeak esaterako. Orduan 24 ordutan metro koadroko 250 litro baino gehiago bota zuen Bilboko aireportuan, hiriko estazio meteorologikoa dagoen puntuan. Are gehiago, Larraskitun zegoen Telefonicako estazioak metro koadroko 503 litro neurtu zituen egun hartan.


    Datu klimatikoak (Bilboko aireportua: 1971-2000)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 23.4 26.8 29.8 33.1 36.0 41.2 42.0 41.9 41.7 33.4 27.6 24.6 42.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 13.2 14.5 15.9 16.8 20.1 22.6 25.2 25.5 24.4 20.8 16.4 14.0 19.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 9.0 9.8 10.8 11.9 15.1 17.6 20.0 20.3 18.8 15.8 12.0 10.0 14.3
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.7 5.1 5.7 7.1 10.1 12.6 14.8 15.2 13.2 10.8 7.6 6.0 9.4
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -7.6 -8.6 -5.0 -1.2 0.4 3.6 6.6 6.8 3.8 0.6 -6.2 -7.4 -8.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 126 97 94 124 90 64 62 82 74 121 141 116 1195
Prezipitazio egunak (≥ 1 mm) 13 11 11 13 12 8 7 8 9 11 12 12 128
Elur egunak (≥ 1 mm) 1 1 0 0 0 0 0 0 0 0 0 0 2
Eguzki orduak 86 97 128 128 160 173 188 179 157 123 93 78 1584
Hezetasuna (%) 72 70 70 71 71 72 73 74 73 73 74 73 72
Iturria (1): Agencia Estatal de Meteorología[5]
Iturria (2): Aena[6]
Ezohiko balore klimatikoak[5]
Kontzeptua Datua Data
Euri kantitate handiena egun batean 252,6 l/m2 1983ko abuztuak 26
Tenperatura minimo absolutua -9,6 °C 1963ko otsailak 12
Tenperatura maximo absolutua 45,0 °C 1947ko uztailak 26

Mugak

Ipar-mendebaldean, Bilbok Barakaldorekin egiten du muga; ipar-ekialdean, Erandiorekin; ekialdean, Sondikarekin; hego-ekialdean, Etxebarri, Basauri eta Arrigorriagarekin; eta mendebaldean, berriz, Alonsotegirekin.

Barrutiak eta auzoak

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko banaketa administratiboa»
Barrutiak

Bilbok zortzi barruti dauzka. Egungo banaketa administratiboa 1983an ezarri zen, Bilborenak izandako Txorierriko herriak banandutakoan.

Auzo ez diren beste gune garrantzitsu batzuk: Abandoibarra, Etxetxu, Garellano, Kobetas.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko historia»
Santiagoko Gotzain-eliza

Diego Lopez Harokoak, orduko Bizkaiko jaurerriko jaunak, hiribildu titulua eman zion ordu arte herria zen Bilbori, 1300eko ekainaren 15ean. Hiribilduari Logroñoko Foruak ezarri zitzaizkion.

Hasieran hiru kale bakarrik izan ziren, Goienkale, Artekale eta Dendarikale, Done Jakue katedralarekin batera. Pixkanaka, biztanleria handituz joan ahala, gaur egungo Zazpikaleak eratu ziren.

Bilbo beti egon da bere errekari oso loturik, antzinako portuaren jarduerak San Anton Elizaren aurrean hasi zirenetik gaur egungo Superportua sortu arte. Bere kokalekua zela eta, hiria berehala hasi zen garrantzitsuago bihurtzen, Gaztelako produktuen igarobide nagusia baitzen. San Antongo zubia zen hirirako sarbide nagusia, eta bertatik igarotzeko ordaindu beharra zegoen.

XV. mendean, Bizkaian eta euskal probintzietan gertaturiko familien arteko gerrateek eragina izan zuten hirian.

XVI. mendean zehar, berriz, sute batek eta bi uholdek arriskuan jarri zuten hiriaren etorkizuna. Orduan bilbotarrek Begoñako Andra Mariaren basilikara jo zuten babes eske. Bilboren historian, ohikoak izan dira uholdeak. Ordurako, hiria babesten zuten hormak pixkanaka eraitsiz joan ziren, eta horrela, Erronda kalea sortu zen. 1511n Bilboko Kontsulatuak eskumena lortu zuen Espainiako koroatik, Gaztelan sortzen zen merino artilea Europako iparraldeko herrietara esportatzeko, Anberesera esaterako. Horrela, Bilbo Iberiar Penintsulako iparraldeko porturik garrantzitsuena bilakatu zen.

XVIII. mendean, San Nikolas baseliza txikia egon zen tokian, gaur egungo eliza eraiki zen, eta horren aurrean zegoen Areatzan, Bilboko parkea. Horrela, berez Bilboko "hondartza" zen lekuan, zuhaitzak landatu ziren eta hiriarentzat aisialdi-gune bilakatu zen. San Anton elizatik hurbil, garai hartarako oso modernoa zen ospitale bat eraiki zen, (Atxurikoa), gizonak emakumeetatik bereizten zituena.

Zazpikaleetatik iparraldera, kale berriak sortu ziren, Posta eta Bidebarrieta horien artean. Eta Plaza Barria, horixe jotzen da hiriaren lehen zabalgunetzat, Zingira (Sendeja) eta Itxaropen kaleetan zehar egindakoarekin batera (gaur egun Udaletxearen eraikina ezartzen den gunean alegia).

Bilboko Zazpikaleen ikuspegi orokorra


Zabalgunea

Bilboko planoa Francisco Coello geografoak egina 1857an. Zazpi kaleek osatzen duten hiribildua eta plaza berria ikus daitezke, ipar eta hegoaldeko errebalekin batera.

Ibaizabal ondoko lurraldea txiki geratu zitzaion Bilbori eta horregatik hiria zabaltzeko plan baten beharra aztertzen hasi zen. Izan ere, biztanleria erabat pilatuta bizi zen Alde Zahar eta Bilbo Zaharrean, osasunarentzat kaltegarria zen modu batean. Egitasmoaren atzean, industriak eta merkataritzak aberasturiko burgesia zegoen. Burgesia hori izan zen Abandoko lur berriak populatu zituena. Alde Zaharrean jende pilaketa handiegia zegoen ordurako, eta horrek higiene egoera txarra eta gaixotasunak kutsatzea ekartzen zuen.

Zabalgune baterako lehen plana hamazortzigarren mendearen amaieran egin zen, baina ez zuen Bilbok egin. Historian zehar Bilboren arerio izandako Abando elizateak egin zuen plana. Dena dela, Espainia eta Frantziaren arteko gerraren eraginez ezereztu egin zen plan hori, Zamakolada deritzana gertatzerakoan.

Gaixotasunei dagokienez, 1834ko abuztutik urrira arte kolerak 778 pertsona hil zituen (hiriak 15.000 biztanle zituen). Bakteria horren bigarren pandemia izan zen, 1830ean Errusiatik Euskal Herrira iritsi zena.Lehen Gerra Karlistaren garaiak ziren,eta horrek eragina eduki zuen izurritea zabaltzeko.

Administratiboki, beste hirurogeita hamar urte igaro behar izan ziren gauzak aldatzen hasteko. Horretarako, Abando elizatea anexionatu zuen Bilbok, 1872. urtean, eta han abiatu zen Bilboko zabalgunearen proiektua. Proiektu hori Severino Atxukarro arkitektoak, eta Pablo Altzola eta Ernesto Hoffmeyer ingeniariek sinatu zuten.

Zabalgunearen prozesua gauzatzeko, hamarkada asko behar izan ziren. Proiektuaren ardatza San Mames bide nagusia izeneko kalea zen (gaur egun, On Diego Lopez Haroko kale nagusia), 30 metroko zabalerarekin. Proiektuaren mugak, berriz, Urkixo zumarkalea mendebaldetik, eta Mazarredo Zumarkalea ekialdetik ziren. Hasieran, Moyua plazarainoko tartea baino ez zen garatu; izan ere, Moyuatik Jesusen Bihotza plazarainoko tartea 1920. urtetik aurrera egin zen.

Industria Iraultza eta Garapena

Industria-iraultzaren garaian hainbat enpresa, burdin meategi, fabrika eta ontziola zeuden, hiriari maila ekonomiko handia eman ziotenak. Bilbo Espainia mailako gunerik aurreratuena izan zen Katalunia eta beste gune batzuekin batera. Bilbo enpresa askoren sorburua izan zen, Iberduero, Banco de Bilbao, Banco de Vizcaya, Seguros Bilbao, Altos Hornos de Vizcaya eta ontzigintza inguruko hainbat enpresarena.

Francoren erregimenaren armarria. Ogasun eraikuntza. Moyua plazan.
Barku bat, itsasadarrean sartzen

Bilbora gero eta etorkin gehiago zetorrela eta, hiriak hazteko tokia behar izan zuen, horretarako beste bi elizate anexionatu ziren 1925ean, Deustu eta Begoña. 1940an Francoren diktaduraren garaian Erandio, eta urte batzuk geroago, Sondika, Loiu, Lezama, Zamudio eta Derio (Asua haran osoa). Herri horiek 1981ean lortu zuten Bilbotik banatzea eta gaur egun Bilbotik bananduta jarraitzen dute. Hiriko biztanleria izugarri hazi zen eta Bilbo Espainiako pertsona askoren jomuga bilakatu zen, lana erraz lortzen zelakoan.

Abando eta Alde Zaharraren inguruan, langile auzo berriak eraiki ziren. Etxe-sail asko eta asko inolako plangintzarik gabe eraiki zituzten, Errekalde, Santutxu, Zorrotza eta beste hainbat auzo osatu arte. Prozesu horri Garapen desordenatua deritzo. Dena dela, salbuespenak ere baziren, hala nola San Ignazio auzoa, han kale zuzenak eta eraikin ordenatuak baitira nagusi. Urbanismo kaotikoaz gain, txabolismoa zabaldu zen Bilbo inguruko mendietan: San Ignazio, La Peña-Abusu eta Errekaldeberri auzoetan, esaterako.

Bizitzeko duinak ez ziren etxebizitza horiek ordezkatzeko ahaleginak egin zituzten garai hartako gobernuak eta udalak, horretarako txaboletako biztanleak Otxarkoaga auzoan eraiki zen "etxe merkeen" auzo berrira eraman zituzten 1960. urtean. Dena dela, etxe horien kalitatea eta zerbitzu falta ikaragarria zen, eta horrez gain, hirigunetik oso urruti zeuden. Horregatik, ondorengo hamarkadetan, auzo horietako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko hainbat ekimen egingo ziren.

Krisialdia eta gainbehera

Sakontzeko, irakurri: «1983ko uholdeak»

Hazkunde ekonomikoak muga izan zuen, eta petrolioaren krisialdia eta industria astunarekin batera, hiriak gainbehera hasi zuen inguruko eskualde guztiek bezala. Aurreko urteetan ez bezala, kontrako prozesua gertatu zen, enpresek ez zuten behar horrenbeste langile eta produkzioa beheraka joan zen. Enpresa askok ateak itxi zituzten eta Bilborako immigrazio itzela emigrazio bihurtu zen.

Horri gehitu behar zaizkio 1983an Bizkai osoan izandako uholde larriak. Hildako eta kalte material ugari sortu zituztenak. Bilboko Alde Zaharra oso kalteturik gertatu zen.Baina askok diote uholde horiek izan zirela Bilboren eraberritzea hastea ahalbidetu zutenak, pixkanaka eraikinak berritzen joan zirelako eta nolabaiteko "erreakzio" edo erantzun bat gertatzea posible egin zutelako.

Berritzea eta azken urteak

Sakontzeko, irakurri: «Bilboren berritzea»
On Diego Lopez Haroko kale nagusia edo Etorbide Nagusia.

Eraberritzeko proiektuak dozenaka dira Bilbo guztian. 1995eko Metro berria, Loiuko aireportua, Guggenheim Museoa (1997), Euskalduna jauregia... Nazioarteko hainbat arkitekto kontratatuta eta Guggenheim Museoaren mundu famaz baliatuta, gaur egungo Bilbok gero eta gehiago dauka herri turistiko baten antza, antzinako itxura industriala atzean utzita.

Isozaki Atea.

Horrez gain, gune degradatuak berreskuratzen ari dira, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko esaterako. Etxebizitza berriak eraiki dira, zaharren ordez, eta jarduera kulturalak sustatu, ingurune "bohemio" bat eratu nahian. Bilboko alderdi horiek berritzeko lanak 1998an hasi zirenean, etxebizitza askok ez zeukaten ez komunik ezta ur berorik ere.

Abandoibarrako gunea eraberritzeko lanetan ari dira orain, eta errekaren inguruan lehen industrialak ziren lurrak biztanleriarentzat berreskuratzen. Uribitarten Arata Isozaki arkitekto japoniarrak bi dorre eraiki ditu, Isozaki Atea. Eta Abandoibarran Cesar Pellik 165 metroko dorre bat egingo du Iberdrola euskal konpainiarentzat, Iberdrola dorrea.

Etorkizunera begira hainbat erronkari aurre egin beharko dio Bilbok. Leku faltaren arazoa gero eta handiagoa da, eta horrekin batera etxebizitzen prezioa goraka doa. Bilbok hazteko daukan aukera bakarra antzinako gune industrial zaharkituak eraberritzea da. Horretarako, udalak bi gune industrial berreskuratzeko planak egin ditu, Olabeaga eta Zorrotzaurre. Garrantzitsuena Zorrotzaurre auzo berria izango da, 5.300 etxebizitza berrirekin. Hamabost urteko epean 10.000 etxebizitzatik gora eraikiko dira, horietako asko babes ofizialekoak.

Aldiz, 2013ko irailaren 16an San Mames Barria futbol estadioa inauguratu zen, aurreko Bilboko Athletic Klubaren San Mames estadio mitiko eta erautsi berria ordezkatuz, 2015eko udaberrian eraikin osoa amaitua egongo delarik.

Ekonomia

Bilboren jarduera ekonomiko nagusia hirugarren sektoreari dagokio gaur egun, hau da, zerbitzuen sektoreari. Orain dela gutxi arte, hala ere, industria izan da hirian langile gehien hartu dituena. Meatzaritza, metalurgia eta portuko merkataritzarekin loturiko jarduerak izan ziren garrantzitsuenak Bilbon. Hiria sortu zenetik itsas merkataritzak garrantzia handia izan zuen. Horrek, ontzigintza bultzatu zuen.

Industria gehienak, Ibaizabal ibaiaren bi bazterretan ezarri ziren, horrez gain, hiriko beste hainbat gunetan, tailerrak eta bestelako industria txikiak ezarri ziren, esaterako Deustuko Doneperiagan, Ametzolan, Basurtun... 1970eko hamarkadako krisialdiaren ostean ordea, enpresa horietako askok porrot egin zuten. Langabeziak gora egin zuen nabarmen, eta 1990erako % 25 ingurura igo zen.

Turismoa

Ordutik, hiriaren egoera hobetu eta jarduera ekonomiko berriak topatzeko ahalegina egin du udalak. Bilbo zerbitzu-hiri bilakatu da, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaltzeak turismoa bultzatu du, eta horrekin batera, hotel eta jatetxe ugari zabaldu dira. 1992an hirian hiru izarretik gorako 11 hotel zeuden; gaur egun, berriz, 21 hotel dira maila horretatik gora daudenak. Gaur egun, 1.000 pertsonatik gorak egiten dute lan hotel horietan eta beste hainbeste turismoarekin lotutako gainontzeko jardueretan .

Langabezia

Gaur egun, Bilboko langabezi tasa Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekoaren gainetik dago. Hiriak eta Bilbo Handiak zeukaten industriarekiko menpekotasunak 1970eko hamarkadan hasitako krisialdi ekonomikoak eragin handiagoa izatea ekarri zuen. Horrela, 2005. urtearen amaieran, 15.688 langabetu zeuden hirian (urte hasieran kopuru hori 15.227koa zen). Langabeziaren eragina nabarmenagoa da emakumeengan, lurraldeko beste leku gehienetan gertatu bezala: 8.654 emakume eta 7.034 gizon langabetu.

Langabezia sexua eta adinaren arabera

  • <20 urte: 238 langabetu
  • 20-24 urte: 1.068 langabetu
  • 25-54 urte: 11.415 langabetu
  • >54 urte: 2.967 langabetu

Demografia

Sakontzeko, irakurri: «Demografia Bilbon»

Bilbok gaur egun 343.000 biztanle inguru dauzka, 2016ko datuen arabera. Azken urteetan biztanleria behera doa, oraindik 1970eko krisialdiaren eraginagatik eta etxebizitzen prezioak garestitzeagatik. 1980 inguruan biztanleriak mailarik altuena jo zuen, 430.000 biztanle inguru. Hala ere, oraindik ere Euskal Herriko hiririk handiena izaten jarraitzen du.

XX. mende osoan zehar Bilbora eta inguruko herrietara milaka eta milaka etorkin hurbildu ziren, bai Bizkaitik bai Espainiako hainbat tokitatik bizi-maila hobearen bila. Hori dela eta, biztanleriaren hazkunde oso handia izan zen mendean zehar. Bi hazkunde garai bereiz daitezke: bata, Gerra Zibilaren aurretik, eta bestea, horren ondoren.

1970etik aurrera, ordea, krisialdia zabaldu zen hirian, Industriaren gainbeherak eta ingurunearen andeatzeak biztanlerian kontra egin zuten. Aurretik milaka pertsona etorri bezala, orduan milaka pertsona izan ziren Bilbo utzi zutenak, lan egoera hobearen bila.

2000ko hamarkadan mundu osotik Euskal Herrira etorritako milaka etorkinek biztanleri galera eten egin zuten, eta, ondorioz, hiriko biztanleria 355.000 biztanle ingurutan egonkortu zen.

Biztanleriaren bilakaera


1887tik 1900ra arteko hazkundean kontuan hartu behar da Abando batu zitzaiola Bilbori. Antzeko zerbait gertatu zen 1940tik aurrera: Erandio, Deustu eta Begoña erantsi zitzaizkion. 1970ean, berriz, Derio, Loiu, Sondika eta Zamudio batu zitzaizkion. Azkenik, 1991eko erroldatik aurrera ez dira kontuan hartzen Derio, Erandio, Loiu, Sondika eta Zamudio.

XXI. mendeko immigrazioa

XXI. mendeko lehen hamarkadan Espainia z besteko immigrazioa agertu zen Bilbon. 2005ean 20.308 immigrante zeuden Bilbon, biztanleriaren ia % 6. Immigrazio horrek ez zuen biztanleriaren hazkunderik eragin, ordezkatze prozesu bat gertatu baitzen: etorkin berri horiek Bilbotik beste herri eta eskualde batzuetara alde egin zuen jendea ordezkatu zuen.

Hala ere, Bilbok ez zituen beste hiri batzuek beste etorkin erakarri. Batetik, hiriak ez zuelako eskaintzen etxebizitza-prezio merkerik horretarako, eta bestetik, hirian, Bizkaian, oro har, ez zeudelako langile hauek nagusiki baliatzen zituzten lanbideak: nekazaritzakoak edo lehen sektorekoak eta eraikuntzakoak.

Politika

Sakontzeko, irakurri: «Hauteskundeak Bilbon», «Bilboko alkateen zerrenda» eta «Bilboko Udala»

Juan Mari Aburto (EAJ) da Bilboko alkatea 2015eko ekainaren 13tik, Ibon Aresoren (EAJ) alkatetzaren ondotik. Aburtok alkatetza lortu zuen EAJ eta PSE-EEren baiezko botoei esker. Azken udal hauteskundeotan EAJk 2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetan lortutako gehiengo osoa galdu zuen.

2015eko udal hauteskundeak

Bilboko udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24a

2011ko maiatzaren 22a

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
13 / 29
63.637 (% 39,32)
15 / 29
74.377 (% 44,16)
Euskal Herria Bildu*
4 / 29
22.705 (% 14,03)
4 / 29
23.932 (% 14,21)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
4 / 29
19.344 (% 11,95)
4 / 29
22.650 (% 13,45)
Alderdi Popularra (PP)
4 / 29
19.185 (% 11,85)
6 / 29
29.038 (% 17,24)
Udalberri - Bilbao en Común
2 / 29
13.790 (% 8,52)
Ganemos-Goazen Bilbao (GANEMOS)
2 / 29
10.471 (% 6,47)
*2011ko hauteskundeetan Bildu gisa aurkeztu zen koalizioa.
Datuen iturria: 2015eko eta 2011ko udal hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean

Azpiegiturak

Garraiobideak

Bilbok 13 zubi ditu hiriko bi aldeak batzen dituztenak. Horietatik azkena eraikitzen Pedro Arruperen zubia izan da, Deustuko Unibertsitatearen aurrean.

Zubizuri

Metroa

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko metroa»

Bilboko metro sarea Bilbo hiriko eta ingurune metropolitarreko lurrazpiko garraiobidea edo metroa da. Ingurune metropolitarra Nerbioiko itsasadarraren bi bazterrek osatzen dute, alegia, Bilboaldea eta Uribe Kosta eskualdeek, eta milioi bat biztanle inguru batzen ditu. Geltokiak Norman Foster arkitekto ingelesak diseinatu zituen.

Metroa 1995ean hasi zen abian. Gaur egun 45,86 kilometroko luzera eta 80 sarbide ditu, 42 geltokitan banatuta; geltoki horietatik 26 lurrazpikoak dira. Sareak bi linea ditu, Y itxurako ibilbidearekin. 1. (Etxebarri-Plentzia) eta 2. (Basauri-Kabiezes) lineak itsasadarraren bi ertzetatik doaz, eta tarte amankomun batean batzen dira, hots, San Inazioko geltokian, Bilbon. Geltoki horretatik Etxebarriko geltokia arte, bi lineak batera doaz. Etxebarritik Basaurirainoko tartea, aldiz, 2. lineak baino ez du egiten. Bestalde, 2. linearen mendebaldean Mamarigako anezka dago Santurtzi eta Mamariga geltokien artean.

2014. urtean Metroak 87.397.394 bidaiari garraiatu zituen. Horrek esan nahi du Bilboko metroa Espainia osoko metro sareen artean hirugarrena dela, Madrilgo eta Bartzelonako metro sareen atzetik bidaiari gehien garraiatzen dituena.

Etorkizunean 3. linea ere sarearen parte izango da, 2016ko abenduan martxan jartzea espero baita. Bestalde, 2008ko urtarrilaren 25ean Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz argitaratu zuen 4. eta 5. lineei eman asmo zitzaien ibilbidea.

Trena

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Renfe Aldiriak»
Sakontzeko, irakurri: «Euskotren Trena»
Renferen trena, Olabeagatik San Mamesera

Aldirietako zerbitzua bi konpainiak eskaintzen dute. Batetik, Espainiar Estatuaren menpe dagoen Renfe Operadora enpresa, Renfe Aldiriak eta Renfe Feve marka komertzialen bitartez. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Eusko Trenbideak enpresa, Euskotren Trena markaren bidez.

Renfeko aldirien sareak hiru linea dauzka:

Euskotren Trenak ere hiru linea ustiatzen ditu:

  • 1D, Durangaldea (Bilbo-Atxuri - Ermua)
  • 3, Urdaibai (Bilbo-Atxuri - Bermeo)
  • 4, Txorierri (Zazpi Kaleak - Lezama)

Aurreko tren lineez gain, eraikitzen ari den Bilboko metroaren 3. linea ere ustiatuko du.

Renfe Fevek bi linea ditu:

  • B-1 (Bilbo-Concordia - Balmaseda)
  • R-3b (Bilbo-Concordia - Karrantza)

Tranbia

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko tranbia»
EuskoTran Abandoibarran

Tranbia betidanik izan da Bilboren parte. XIX. mendean ezarri zen, munduko beste hiri askotan bezala. Hamarkadak pasatu ahala ordea, bere erabilera gutxituz joan zen, eta azkenik, XX. mendearen erdialdean, kendu egin zen zerbitzua. 2002. urtean,berriz, berreskuratu egin zen zerbitzua.

Sakontzeko, irakurri: «EuskoTran»

Autobusa

Bilbo hiriak 30 autobus linea dauzka, auzoak batzen dituztenak, Bilbobus deritzon zerbitzuaren bitartez. Horrez gain, 2003an Gautxori zerbitzua ezarri zen, ostiral eta larunbatetan metrorik ez duten auzoek garraiorako aukera bat izan dezaten.

Herrialde mailan, Bizkaiak 100 lineatatik gora dauzka, Bizkaibus izenarekin ezagunak.

Funikularra

Sakontzeko, irakurri: «Artxandako funikularra»

Campo Volantin eta Artxanda mendia batzen dituen funikularra da. Funikularraren geltokia dagoen plazari "Funikularraren Plaza" deritzo. 1915eko urriaren 7an Artxandako funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Gazteleku auzoa Artxanda mendiarekin lotu zuena.

Hedabideak

Prentsa idatziari dagokionez, Bilbon argitaratzen dira El Correo eta Deia egunkariak, ia osorik gaztelaniaz. Auzo aldizkarien artean, berriz, Berton (Mahatserri), Prest! (Deustu) eta Zorrotz-Morrotz (Zorrotza) ditugu, denak osorik euskaraz idatziak.

Euskarazko irratiei dagokienez, Bilbotik probintzia osorako igortzen dute Bizkaia Irratiak eta Bilbo Hiria Irratiak.

Telebistak: Hamaika Telebista. Toki telebista da, 2009.urtean plazaratua.

Zerbitzuak

Kultura

Urtean zehar ekitaldi kultural ugari antolatzen dira Bilbon. Horrez gain, hainbat antzoki daude hirian, Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia eta Ayala antzokia esaterako.

Euskara

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko euskera»

Hiriko bertako hizkera jatorrizkoa mendebaleko euskararen aldaera bat da, oraindik ere Mahatserrian, Errekaldeko mendialdean eta Buian bizirik dagoena.

2006ko erroldako datuen arabera, Bilboko biztanleen % 24,20 dira euskaldunak. 2001eko datuen arabera, berriz, Bilboko biztanleen % 15,32 ziren euskaldunak. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna asko handitu da hirian azken urteotan, euskarazko hezkuntza zabalduz joan den heinean. 1981ean % 6,38 baino ez zen euskaraz zekiten pertsonen ehunekoa. Dena den, adina zein den, alde handiak daude, 15 urtetik beherako umeen artean euskaldunen kopurua % 40 inguru da, baina 40 eta 60 urte bitarteko euskaldunen kopurua ez da % 5 ere.

Euskararen jakintza maila
2001eko ikerlana
2006ko errolda
Elebidunak(1)
51.302
83.354
Elebidun hartzaileak(2)
71.189
82.339
Erdaldun elebakarrak(3)
212.485
177.379

(1) Euskaraz ondo hitz egin eta ulertzen dutenak.
(2) Euskaraz nekez ulertu eta nekez hitz egiten dutenak.
(3) Euskaraz batere ulertu ez eta hitz egiten ez dutenak.

Biztanleria ama-hizkuntzaren arabera

  • Gaztelania: 304.443 lagun
  • Euskara: 15.303 lagun
  • Euskara eta gaztelania: 8.353 lagun
  • Besterik: 6.877 lagun

Euskara elkarteak

Hiriko euskara elkarteak hauek dira:

Zinema

Antzerkia

Arriaga antzokia, Areatzako zubiaren ondoan

Literatura

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko idazleen zerrenda» eta «Bilbo literaturan»

Musika

Museoak

Bilbon guztira sei museo daude, egin den azkena, Bilboko Itsas Adarra Itsas Museoa. Unamuno plazan, zientzia gaiak jorratuko dituen museo baten proiektua darabil esku artean Bilboko udalak.

Guggenheim Bilbao Museoa

Sakontzeko, irakurri: «Guggenheim Bilbao Museoa»
Bilboko Guggenheim museoa

1997. urtean zabaldua, arte modernoaren azken obrak biltzen ditu. Bai kanpokoak bai Euskal Herrikoak bertakoak ere. Txillida eta Oteizaren lanak erakutsi izan dira museoan. Frank Gehry arkitektoak diseinatu zuen titaniozko eraikina. Zabaldu zenetik mundu osotik etorritako milaka turistak bisitatu dute museoa, hiriaren ikur berria bihurtuz. 2005. urtean 900.000 bisitari izan zituen.

Arte Ederretako Museoa

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Arte Eder Museoa»

1945. urtean zabaldua, Bilbok estatu mailako arte eder museorik onenetarikoa duela esaten dute aditu askok. Fernando Urrutia arkitekto bilbotarrak disenaitu zuen eraikin klasikoa. Ordutik hainbat areto eta eraikin gehitu zaizkio museoari. Azken zabaltzea 2001. urtean egin zen.

Arte erakusketak egiteaz gain, Bilbon egingo diren hainbat proiekturen erakusketak ere antolatzen dira noizbehinka. Horrez gain, Zinemateka delako programaren barnean garai ezberdinetako zine emanaldiak eskaintzen dira.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa»

Bilboren itsasoarekiko tradizioari lotuta, 2002. urtean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa zabaldu zuten museoa, Euskalduna zubiaren azpialdean, Bilboko itsasadarraren mendebaldeko aldean. Museoak Bilboko itsasadarraren historia eta nabigazioan izandako berrikuntza eta tresnei buruzko informazioa eskaintzen du. Horrez gain, denbora baterako diren erakusketak ere izaten dira, esaterako 2005. urtean Titanic ontziari buruz eginiko erakusketa.

Beste museo batzuk

Kirolak

Hirian kirolean aritzeko instalazio ugari daude. Guztira sei kiroldegi daude auzoetan, Errekalden, Zorrotzan, San Ignazion, Deustun Artxandan eta Txurdinagan. Zorrotzakoak eta Errekaldekoak atletismo pista bana daukate gainera. Bi frontoi ere badaude: Errekalde Zumarkaleko Club Deportivo frontoia eta Itxaropen kaleko frontoia.Era berean, frontoi berri bat eraikitzen ari da Miribilla auzoan, eta kiroldegi eta saskibaloi-areto den konplexu berri bat amaitu berri dute leku horretan.

Hiriko kirol talde nagusiak

San Mames futbol zelaia

San Mames futbol zelaian jokatzen du 1912. urteaz geroztik. Athletic Club taldea 1898. urtean sortua, Espainiar estatuko futbol talderik aurrendarietako bat da. 24 Errege kopa eta 8 liga irabazi ditu historian zehar. Beti egon da lehenengo mailan.

2010 eta 2013. urteen artean San Mames Barria futbol zelaia eraiki eta inauguratzea aurreikusten da.

La Casillako udal kiroldegian jokatzen du. 2001. urtean sorturiko proiektua da. Aurrerago hirian Caja Bilbao saskibaloi taldea izan zen, baina arazo ekonomikoek desagerrarazi egin zuten. Normalean, La Casillako udal kiroldegian jokatzen du baina lantzean behin, BECen antolatzen dira partidak, Tau Baskonia edo Real Madril taldeen aurkako partidetan esaterako.

  • GSI Bilbao (areto futbol taldea).

1984ean Bilboko Aurrezki Kutxaren baitan sorturiko areto futbol taldea da. La Casillako udal kiroldegian jokatzen du.

Jaiak

Urtean zehar hainbat ekitaldi eta jai egiten dira Bizkaiko hiriburuan.

Auzoetako jaiak:

Ondasun nabarmenak

Hirian barreiatuta hainbat artelan dago, izan ere, bereziki azken urteetan hiriko plaza eta parkeetan eskulturak ezartzeko joera nagusitu da. Hiriko gune berrietan, Abandoibarra gunean esaterako, hamar eskulturatik gora jarri dira 2001. urtetik.

Bilboko Guggenheim museoa: Jeff Koons' Puppy

Horrez gain, hirian eraikin askok monumentu izendatuta daude, eta udalak babestuta. Oro har, XIX. mendean zehar egindako eraikinak dira, eta duten izaera bereziagatik udalak hainbat babes maila ezarri die, A, B eta C hizkiak erabilita. Babesturik dauden eraikinetako batzuk honakoak dira:

Bilbotar ospetsuak

Sakontzeko, irakurri: «Bilbotar ospetsuen zerrenda»

Bilbotar ospetsuen artean dira Juan Crisostomo Arriaga musikagilea; Miguel de Unamuno idazle eta filosofoa; Ramon Rubial politikaria; Pedro Arrupe eta Jon Sobrino jesuitak; Gabriel Aresti, Angela Figuera Aymerich eta Blas de Otero olerkariak; Xabier Kintana eta Andres Urrutia euskaltzainak; Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoa; Juanjo San Sebastian alpinista; Sabin Arana Goiri politikaria; Natxo de Felipe, Anton Latxa, Kepa Junkera, Amaia Uranga eta Fito Cabrales musikariak; eta Alex de la Iglesia zinemagilea, beste hainbaten artean.

Bitxikeriak

  • Txileko hiriburuan, Santiagon, San Miguel komunaren barruan bada auzo bat Bilbao izena duena.
  • Txileko Talca probintzian, Maule eskualdean, bada Constitución izeneko hiri bat. 1794an sortu zenean Villa de Nueva Bilbao de Gardoqui izena hartu zuen, harik eta 1828an, konstituzioa bertan sinatu zela eta, hiriari izena aldatu zioten arte. Herri haren armarriko goiko ezkerraldeko laurdena Bilboko armarria bera da oraindik.

Atzerriko diplomazia

Bizkaiko lurralde historikoan dagoen atzerriko diplomazia osoa Bilbon dago. Halaber, Euskal Autonomia Erkidego osoko atzerriko diplomaziaren gehiengoa. Gaur egun Bilbon dauden kontsulatuak honakoak dira:

Hiri senidetuak

Erreferentziak

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. http://www.euskaltzaindia.net/jagonet/galdera.asp?hizkuntza=eu&id=447 Euskaltzaindiaren erabakia, Bilbo izenari buruz.
  5. a b AEMET. Balio Klimatologiko Normalak. Bilbao Aeropuerto. (Noiz kontsultatua: 2013-8-21).
  6. Aena. Monthly Weather Averages for Bilbao Airport. (Noiz kontsultatua: 2010-10-20).

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Bilbo
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bilbo Aldatu lotura Wikidatan