Bilboko lehendabiziko setioa
- Artikulu hau lehendabiziko setioa buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Bilboko setioa.
| Bilboko setioa | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Iparraldeko frontea – Lehen Karlistada | |||||||
Emakume batzuk Getariatik alde egiten. |
|||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Tomas Zumalakarregi | Baldomero Espartero Luis Fernández de Córdova |
||||||
Bilboko lehendabiziko setioa 1835ko ekainaren 10 eta uztailaren 1en artean Bilbo inguruan gertatutako gudua izan zen.
[aldatu] Gudua
Zumalakarregi, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar eramandako kanpaina arrakastatsuaren ondoren, Bilbo hartzera bidali zuten, hiri bat bereganatzea behar beharrezko baitzuten karlisten diplomazia eta finantzek. 1835eko ekainaren 10ean hasi zituen hiriaren blokeorako lanak. Ekainaren 12an hiriari errenditzeko aukera eskaini zion eraso bortitzaren mehatxupean. Mirasolgo kontea zegoen Bilboko agintari militar bezala eta ezezko borobila eman zion Zumalakarregiri. Ekainaren 14ean hasi zen bonbardaketa, baina hiriko bateriek karlistenak baino indar gehiago zuten, paradoxikoki setiatzaileen artean setiatuenean baino galera gehiago eraginez.
Zumalakarregi ekainaren 15ean Begoñako jauregian setioa antolatzen zegoela, belaunean zauritu zuten, agintea Erasoren eskuetan uztera behartuz. Zauri honen ondorioz hil zen Zegaman, ekainaren 24an, karlisten buruzagi ordezkaezina. Dena den, Bilboko bonbardaketak aurrera jarraitu zuen.
Zumalakarregik ez zuen hiriko gune zibilen aurkako tirorik agindu, harik eta inguratzen zuten gotorlekuak bereganatu arte. Erasok, aitzitik, ekainaren 16an hiri erdia bonbardatzea agindu zuen. Bitartean Bilbotarrak Donostia eta Santandertik bidalitako tropen laguntza espero zuten setioa apurtzeko.
Hilak 18an eta 24an saiatu ziren liberalak Portugalete aldetik Bilbora sartzen, baina karlistek eutsi egin zioten setioari, bonbardaketak gogortuz. Ordurako etxeak, elizak eta ospitalek ere bonbardatzen zituzten. Don Carlos ekainaren 26ean inguratu zen setioaren egoera aztertzera. Lau egun gehiagoz ihardun zuten Bilbo bonbardatzen, uztailaren lehenean setioa utzi behar izan zuten arte. Luis Fernández de Córdova, Latre, Espartero eta La Hera jeneralen tropak, Don Carlosenak baino ugariagoak, Bilbora sartu ziren.
Honela bukatu zen Bilboko lehen setioa, hirian 31 hildako, 130 zauritu eta 11 presoren galera izan zutelarik. Karlisten artean kopurua zehaztu gabe dago, baina Zumalakarregiren galera erabakikorra izan zen.
[aldatu] Erreferentziak
- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
[aldatu] Kanpo loturak
- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Bilboko setioa. Gipuzkoakultura. CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.