Bilboko portua

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bilboko portua
Bilbao satelite.png
Bilbo Handiaren ikuspegia, Ibaizabal errekaren kanpoaldean portua ageri delarik.
Hiria
Herrialdea  Euskal Herria
Hiria Santurtzi eta Zierbena
Koordenadak 43°21′09″N 3°02′56″W / 43.3524°N 3.0489°W / 43.3524; -3.0489Koordenatuak: 43°21′09″N 3°02′56″W / 43.3524°N 3.0489°W / 43.3524; -3.0489
Datuak
Irekia 1300ko ekainaren 15a
Portuaren azalera 16,94 km²
Lehorraren azalera 3,13 km²
Kaiak 17 km
Estatistikak
Itsasontzien helduerak 3.585 (2008)
Urteko zamaren pisua (Tn) 39,3 milioi (2008)
Urteko kontainer-kopurua 557.355 TEU (2008)
Urteko bidaiariak 179.572 bidaiari (2008)
Urteko diru-sarrera 56,7 milioi
Urteko mozkina 25,5 milioi
Webgunea www.bilbaoport.eus

Bilboko portua, Bilboko itsasadarrean hedatzen da, Bilboko Zorrotzaurre auzotik, Zierbenako udalerrira doan tartean. Euskal Herriko porturik garrantzitsuena da, eta Espainiar estatuko laugarrena, urtero izandako kontenedore eta merkantzia trafikoan.

2007. urtean 40,0 milioi tona mugitu ziren portuan[1].

Bilboko portuaren agintaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko Portuaren Agintaritza»

Bilboko Portuaren Agintaritza Bilboko portuaren kudeaketaz arduratzen den erakundea da. Agintaritzak, Bilboko itsasadarraren portu jarduera duten kaien ardura dauka, horrez gain, itsasadarraren ertzetako garbiketaz eta mantentzeaz arduratzen da. Gaur egun erakundearen presidentea Jose Angel Corres da.

Bilboko portuaren ikuspegi panoramikoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilboko portua, Bilboren sorrerarekin batera agertu zen, XIV. mendean. Hasierako portua Zazpikaleen ondoan kokatzen zen. San Antongo zubiaren alde bietan. Merkataritzaren garapen eta hazkundearekin batera, portuaren garrantzia handituz joan zen. Bilboko portua beti aritu zen inguruko elizateetako portuekin lehian. Lehia horren adibide, XIX. mendearen hasieran gertaturiko Zamakolada.

Hiriaren leku faltarekin batera, portuak Abandoko elizateak Ibaizabal ibaiaren ondoan zuezkan lurrak bereganatu zituen, Bilbok elizatea bereganatzean XIX. mende bukaeran. Horretarako Areatzako zubia eta gaur egun Euskalduna Jauregia kokatzen den gunea garatu zen.

Industri hazkundearen portua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendeko industria iraultzak, portuaren garraio eta azpiegiturak berriztea suposatu zuen. Horretarako foru aldundiak eta ekintza pribatuak eginiko inbertsioek, zortzi trenbide eraiki zituzten. Trenbideok mehategiak portuarekin lotzen zituzten. Azpiegituren eraikitzearekin batera, altzairugintza garatuz joan zen. 1876. urtean portuan aritzen ziren lau fabrika zeuden.

Portuarentzat gero eta zailagoa zen eskari handiari aurre egitea, eta horrela portuaren lurraldea itsasorantza zabaldu zen, Bilbo ondoko udalerrietara zabalduz. Gauzak horrela, 1872. urtean Bilboko portu eta itsasadarraren Obren Junta sortu zen (gaur egungo Bilboko Portuaren Agintaritza.

LS Concorde ontzia itsasadar barruko Lutxanako kaira sartzen.

1887an Portugaleteko Burdinazko moilaren eraikuntza inauguratu zen. 1902an Kanpoaldeko portua eraiki zen, Evaristo Txurruka ingeniariak gidaturiko lanetan. Ordurako portuak 18 kilometro kai eta hiru gune desberdinez osaturik zegoen. Itsasadarrean barrurago zegoen gunean, portu komertziala zegoen. Erdialdeko gunean portu industriala. Eta kanpoaldeko portuan, itsasontzi handientzako kaiak aurkitzen ziren.

Luzero puntako eta Galea puntako kaiak eraiki ziren, portuaren kanpoaldeko gunea zein zen argi ezarriz. Galea puntako kaia amaitu gabe geratu zen, Getxoko familia burgesek, portua eskuinaldera zabaltzearen aurka agertu eta gero. Gaur egun kaia oraindik ere amaitzeke dago.

Portuaren hazkundea etengabekoa izan zen 1970eko hamarkadako krisialdirarte. Bilboko portua, Espainia mailako porturik garrantzitsuena zen, kontenedore eta merkantzia gehien mugitzen zituena.

Orduan Bilboren gainbeherarekin batera, portuaren gainbehera ere etorri zen. Bilboko itsasadarraren barrualdeko guneek zuten degradazioa izugarria zen. Enpresa eta ontziala askoren itxierak eta kutsadurak, gune metropolitarraren bizimodua asko okertu zuten.

Bilboko Superportua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainbehera egoera hartan, Bilboko portuaren zabalkunde eta berritzeko proiektu baten bila hasi zen ordurako Bilboko Portu Agintaritza zenak. Itsasadarraren barruko guneak berriztu eta bertako iharduera industrialak kanpoaldeko portura eramateko helburuarekin. Horrez gain, agintaritzak portura enpresa berriak erakartzeko asmoa zeukan.

Superportua eraiki beharreko gunea itzela zen, kanpoaldeko portua eta Luzero punta kokatzen den gunearen artekoa alegia. Itsasoari dozenaka hektarea "irabazi" beharra zegoen, eta ingurugiroarentzako kalteak direla eta talde ekologistek gogor gaitsetsi zuten proiektua, euren artean Abra Defentsa Batzordea.

Superportu berriaren lanak 1991. urte hasieran hasi ziren, Zierbenako portuaren ondoan. Zierbenako portuaren ondoko harrobi batetik ateratako 50 tona kare harri baino gehiago eraibili da portuaren kai eta materialak eraikitzeko. Pixkanaka portuak itsasoari lekua kenduz joan zen. 1993. urterako Zierbena udalerria "inguraturik" geratu zen, Superportuaren kai berriek inguratuta alegia.

Bi urte beranduago, 1995. urtean, Zierbenako kaia ia eraikita zegoen, 3,15 kilometroko luzerarekin, Superportuko kairik luzeena delarik. Zoritxarrez, 1996ko Otsailaren 3an egondako enbatak, kaiaren zati handi bat desegin zuten. Hamairu metroko olatuek kaiaren puntan zegoen 110 tona altxatzeko gai zen Manitowoc garabi bat ere erabat apurtu zuten.

Urte bereko Ekainerako kaia berreraikitzeko lanak hasiak ziren. Horrekin batera Zierbena eta mende hasierako kanpoaldeko portuaren artean itsasoari lurra irabazteko lanak zirauten. Kanpoaldeko portutik mendebaldera, 1,4 kilometroko luzerako kai berri bat eraiki zen.

Portu berriaren lehen fasea 1999. urtean inauguratu zen. Ondorengo urteetan portu berriaren guneak zabalduz joan dira. 2003. urtean Bizkaiko Badia Elektrizitatea eta Bizkaiko Badia Gasa izeneko bi zentral elektriko zabaldu zituzten[2]., 500 milioi euroko inbertsioaren ostean. Horrez gain, Getxoko udalerrian, Ereagako hondartzaren ondoan, kirol portu berria eraiki da, denda, jatetxe eta bestelakoekin.

Etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etorkizunari begira, portuaren handitze prozesua ez da oraindik amaitu. Hurrengo urteetan obrak aurrera jarraituko dute, aurrikuspenen arabera hemendik 10 urterarte ez da portua guztiz osaturik egongo, eraikitze lanak 2020rako amaituz[3].

AZ-2 kaiaren eraikuntza 2007an hasi bazen ere, lanak atzerapena izan zuten eta nahiz eta dozenaka kamioik eta Kronborg-R draga 2008 eta 2009an lanean aritu diren, ez zen kaiaren betetzea amaitzerik lortu. 2009ko abenduan "Gerardus Mercator" izeneko Jan de Nul ontzi enpresa belgikarraren draga etorri zen kai berrien eraikuntza lanak azkartuz. Draga honek La Arena hondartzatik gertuko itsas hondoan harea hartu eta ondoren Zierbenako kai barruan bota zuen.

2010ean zehar Bilboko La Naval ontziolan eraikitako Cristobal Colon dragak lanak jarraitzea espero bazen ere, azkenik Bilboko Portu Agintaritzak berandutu egin zituen AZ-2 kaiaren betetze lanak.

Kaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasadar barruko kaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasadar barruko kaiak, Bilboko itsasadarraren barnealdean dauden kaiak dira, itsasgora eta itsasbeheren menpe, ontziak itsasgora denean bakarrik lehorreratu daitezke, gutxi gora behera 12 orduoro.

Deustuko kanala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Zorrotzaurre»

Bilboko Deustuko San Pedro barrutian kokatzen da. Hasierako proiektua 1929. urtean onartu bazen ere Gerra Zibilaren hasierak, proiektua bertan behera utzi zuen, eta eraikitze lanak ez ziren 1950eko urriaren 11ra arte hasi. Proiektuak kanal artifizial bat sortu zuen Bilboko itsasadarraren Deustuko behekaldeko lurretan, Zorrotzaurre izeneko penintsula sortuz. Lur zatiak, 130 metroko zabalera zeukan hasierako bihurgunean eta 100 metro Zorrotzaurreko penintsularen amaieran.

Kaia 1968ko abuztuan inauguratu zen, 7 metroko sakonerarekin. Bilboko Portuko Agintaritzak Deustuko Kanala 2006. urteko otsailaren 7an ofizialki itxi[4] bazuen ere, ondoren hainbat itsasontzi sartu izan dira kanalean, Zorrotzaurren dagoen Cadenas Vicinay enpresaren beharrak direla eta. Kanala, portuko hainbat ontzi eta erremolkadoreren aparkaleku moduan ere erabiltzen da, horietako bat, Boreas ontzia. Poliziak droga topatu zuen itsasontzi barruan 2003. urtean, eta ordutik Boreas ontzia kanalean dago geldirik.

Zorrotzako kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zorrotzako kaia Zorrotzaurretik ikusia.

Bilboko Zorrotzako auzoan kokatzen da. Deustuko kanalak duen noizbehinkako iharduera kenduta, Bilboko udalerrian geratzen den portuko azken atala da. Porturatzen diren merkatalontziek, 100 metro inguruko luzera daukate eta gehienbat txatarra eta burdin hondakinak deskargatzen dituzten

Kaiak 800 metroko inguruko luzera dauka, eta lau itsasontzi aldi berean hartzeko tokia dago.

Lutxanako kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lutxana (Barakaldo)» eta «Lutxana»

Barakaldoko Lutxana auzoan kokatzen da. Gaur egun, iharduera gutxi du kai honek, eta Bilbaina de Alquitranes enpresaren beharreterako erabiltzen da gehienbat. Antzina, Lutxanako Sefanitro enpresak ere erabiltzen zituen kaiak. Bilbaina de Alquitranes enpresaren lehengai beharretarako astero edo bi-astero kimikagaien ontzi bat porturatzen da.

Kaiak, 250 bat metroko luzera dauka.

Udondoko kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udondoko kaia Erandioko Astrabudua eta Leioako udalerrien artean kokatzen zen, Erandio eta Areeta arteko itsasadarraren ertzeko errepidearen alboan. Kaian, kimikagaiak dakartzaten ontziak lehorreratzen ziren, Dow Chemical enpresarentzako lehengaiak ekarriz.

Kaiak 75 bat metroko luzera zeuzkan.

ACBko kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «ArcelorMittal Sestao»

Izen bereko lantegiaren ondoko kaia da Sestaoko udalerrian kokaturik. Bertan, burdin-hondakinez beteriko 100 metro inguruko luzera duten itsasontziak porturatzen, 2500 eta 4000 tona txatarra deskargatzeko gaitasunarekin. Lehengai hau, ACBren labeen erregaia izateaz gain, lantegiak ekoizten dituen altzairuzko produktuen lehengaia da.

Kaiak 750 metroko luzera dauka eta aldi berean lau itsasontzi egoteko toki nahikoa dago, tamainaren arabera betiere. Horrez gain, itsasontzien txatarra lantegian deskargatzeko lau garabia erabiltzen dira, kaian zehar perpendikularki antolaturiko errailetan zehar mugitzen direlarik.

Santurtziko kaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtziko kaiak, portuaren kanpoaldean 1990eko hamarkadan "Superportua" eraikitzen hasi baino lehen Santurtziko udalerrian zeuden kaiak dira.

Bizkaia kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtziko udalerrian kokatzen da. Kaia bi zatitan banatzen da, batetik "Bizkaia iparralde" kaia eta bestetik "Bizkaia ekialde" kaia. Iparraldeko kaia mendebalde ekialdeko norabidea dauka eta 750 metroko luzera eta Ekialdeko kaia iparralde hegoaldeko norabidea eta 200 metroko luzera.

Ekialdeko kaian ro-ro trafikorako bi arranpa daude. Arranpetako bat normalean Pride of Bilbao ferrytik jaitsitako autoek erabiltzen dute.

Victoria erregina kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtzin kokatua, kaiak 630 metroko luzera dauka. Kaia mendebalde-ekialdeko norabidea dauka eta bertan merkatugai orokorra daramaten ontziak porturatzen dira. Kaiko garabiak eta kanpotik ekarritakoak ere erabiltzen dira salgaiak deskargatzeko.

Alboko kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santurtzin kokatua, Alboko kaiak 300 metro inguruko luzera dauka. Kaia iparralde-hegoaldeko norabidea dauka eta Bigarren espigoiaren eta Printzesa kaiaren artean kokatzen da. Kai honetan multzokako solidoak deskargatu edo kargatzen dira, zama errazteko, siloak daudelarik.

Bigarren espigoia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako printze izenaz ere ezagutua, hiru zatitan banatzen da. "Hegoaldeko 2. espigoia", "Ekialdeko 2. espigoia" eta "Iparreko 2. espigoia". Hegoaldeko kaiak 950 metroko luzera dauka, Ekialdeko kaiak 270 metro, eta iparreko kaiak 820 metroko luzera. Gai solidoak kargatzeko erabiltzen da.

Printzesa kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaiak 500 metroko luzera dauka. Orokorrean merkatugai solidoak kargatzeko kaia da.

Nemar kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi zatitan banatzen da, "Nemar 1" kaia eta "Nemar 2" kaia. Lehen kaiak 260 metro dauzka eta iparralde-hegoalde norabidean hedatzen da. Bigarren kaiak bestalde 175 metroko luzera dauka eta mendebalde ekialdeko norabidean hedatzen da.

Zabalkuntza kaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabalkuntza kaiak Zierbenako dikearen barneko eta Santurtziko kaiari 1997tik aurrera portua zabaltzeko eginiko lanetan eraikitako ATM eta TMB kaiak barne hartzen ditu.

ATM[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaiak 750 metroko luzera eta lau garabi dauzka. 2007ko abenduan, bere azalera handitzeko baimena eskatu zion Bilboko Portuaren Agintaritzari[5].

TMB[aldatu | aldatu iturburu kodea]

TMBren kontainerren terminala, Zabalkuntzako A2 kaian kokatzen da, kanpoaldeko Abran. 2003ko urrian inauguratu zen eta 330.000 metroko karratuko azalera dauka. Kaiak 770 metroko zabalera eta lau PANAMAX garabi dauzka. Hogei metroko sakonera, eta hiru burdinbide lineek hornitzen dute terminalak, linea bakoitzak 500 metro dituelarik.

A-3 kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaiak 830 metroko luzera dauka. Jatorriz kotxeak kargatzeko eta ro-ro trafikorako kaia izan behar zuenak, erabilera anitz izan ditu azken urteetan. Kotxeen ondoren, airesorgailuak kargatzeko erabili zen, eta 2007. urtetik aurrera, matxuraren bat jasaten duten itsasontzien geraleku moduan erabiltzen da.

Horrez gain, A-3 kaia AZ-2 eta AZ-3 kai berrien eraikuntza gunearen ondoan dagoenez, kai berri hauen porlanezko egitura eraikitzeko enkofratua dago bertan.

AZ-1 kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaiak 890 bat metroko luzera dauka eta Zierbenako kaiaren muturraren azken zatian dago. Kargaturiko gaiak solidoak dira.

AZ-2 kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikitzea aurrikusten den kaia da. 2009an zehar kaiaren kanpoaldea markatzen duen porlanezko egitura eraiki da eta 2010ean kai barrualdearen betetzea hastea espero da.

Kai berriak 293.000 metro koadroko azalera eta isasontzientzako 654 metroko gunea izango du[6].

AZ-3 kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2006. urtean eraikitzen hasi zen kaia da, A-3 kaiaren eta Zierbenako kaiaren artean. Eraikitze prozesuaren lehen zatian, lurra bota zen iparralderantz, eta ondoren, kaiaren kanpoaldeko porlanezko hormak eraikitzen hasi ziren. 2009ko abenduaren amaieran Jan de Nul enpresaren Gerardus Mercator draga ekarri zuten. Ontzi honek La Arena hondartzatik milia batzuetako hondoan zegoen area hartu eta kai barruan botatzen hasi zen. Lanean hilabete eta erdiz aritu ondoren, 2010eko otsailean lana bukatu eta AZ-3 guztiz betetzea lortu zuen.

Kai berria harea kargatzeko erabili zuten lehen aldiz 2010eko udaberrian. Kai berriak 235.500 metro koadroko azalera eta 600 metro luze den itsasontzientzako gunea dauka[7]..

Kanpoaldeko portua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Luzero punta»

Kanpoaldeko portua Petronorren petrolio eta gasoila kargatzen diren kaiak eta hauen inguruan eraikitako BBG eta biodiesela ekoizten duten lantegiak.

Sollana punta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sollana punta Bunge enpresaren ekimenez eraiki zen, soia eta landare jatorriko merkatugaiak energia bihurtzen dituzten bestelako enpresek kaiaren eskaria bete dute. 2007. urtean, biodiesela ekoizten duten hainbat lantegi berri eraikiko zirela eman zen argitara.

Ceballos punta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ceballos punta Petronorren kaien eta Sollana puntaren arteko kaia da. Bi porturatze gune ditu, eta petroliotik eratorritako gaiak kargatu eta deskargatzeko erabiltzen da. 2010eko uztailaren amaieran ekialdeko porturatze gunearen hedadura handitu zen.[8].

Bahia Bizkaia Gasa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mozah gasontzia BBG terminalean.

BBGren Likidoturiko gas naturala kargatzeko kaia, 2003an inauguratu zen, 264 milioi euroko inbertsioaren, eta 30 hilabeteko eraikuntza lanen ondoren. Terminalaren emisio-gaitasuna 800.000 m3 (n)/h gas da. Terminalera etorritako lehen gasontzia British Innovator izan zen, 2003ko abuztuaren 8an. Gasa gordetzeko bi tanke handi daude, eta eskariaren handitzea dela eta, hirugarren bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu dute BBGko arduradunek.

BBG enpresaren akziodunen artean, Repsol, British Petroleum, Iberdrola eta Eusko Jaurlaritzaren EVE daude.

Petronor[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petronorrek sei porturatze gune ditu, 1etik 6ra zenbatuta. Batetik hirura bitarteko porturatze guneak Luzero puntari atxikitako kaian daude, lautik seira bitartekoak bien bitartean Luzero punta eta Ceballos punta bitarteko kai batean daude.

Lehen ontziralekuan, petroliontzirik handienak lehorreratzen dira, 100.000 tona petrolio edo gehiago garraiatzen dituztenak. Bigarren eta hirugarren ontziralekuan, petrolio kantitate txikiagoa edo gasoila garraiatzen dituzten ontziak. Laugarren, bostgarren eta seigarren porturatze guneak petroliotik eratorritako merkatugaiak kargatu eta deskargatzeko erabiltzen dira.

Getxoko kaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Getxoko udalerrian kokatzen da. Kaiak 335 metroko luzera dauka[9]. Kaia 2006. urtean zabaldu zen, eta urte hartan 20 kruzero inguruk erabili zuten. 2008. urtean 38 kruzero etorri ziren eta 2009rako kopuru hori errepikatzea aurrikusten da. Etorriko diren ontzien artean, Queen Mary 2 itsasontzi erraldoia dago.

Portuko sarrerak eta azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portuko enpresak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Naval ontziola gaur egun Hego Euskal Herrian ontzigintzan dabilen enpresa nagusia da, Sestaon kokatutakoa.

Estatistikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bilboko portuko estatistikak»
Bilboko portuaren estatistikak
Urtea Guztira Likidoak Kontainerrak Bidaiariak Ontziak Kruzeroak

2000 28.633.903 14.764.295 434.333 129.631 3.796
2001 27.100.442 14.325.857 454.382 134.954 3.845 17
2002 26.257.108 13.125.429 455.019 138.852 3.673 19
2003 28.099.276 15.662.945 453.763 111.622 3.458 17
2004 33.214.274 18.598.894 468.959 144.677 3.710 21
2005 34.100.494 19.684.506 503.811 177.795 3.583 21
2006 38.590.827 22.289.779 523.113 185.388 3.683 21
2007 40.014.326 22.682.181 554.568 172.626 3.595 21
2008 39.397.938 23.057.334 557.355 179.572 3.585 38
  • Guztira: Portuko trafikoa tonatan
  • Kontainerrak: ATM eta TMB terminalak. TEUetan neurtua.
  • Ontziak: Portura sartutako itsasontzi guztiak.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bilboko portuaren agintaritza.
  2. Confebask.
  3. El Pais egunkaria
  4. Deia egunkarian agerturiko albistea.
  5. Bilboko portuaren agintaritza.
  6. http://www.diariodelpuerto.com/noticia.php?not_id=35661 El Puerto de Bilbao ganará este año un total de 582.000 m2 con los nuevos muelles AZ-2 y AZ-3 Diario del Puerto webgunea.
  7. http://www.diariodelpuerto.com/noticia.php?not_id=35661 El Puerto de Bilbao ganará este año un total de 582.000 m2 con los nuevos muelles AZ-2 y AZ-3 Diario del Puerto webgunea.
  8. http://www.diariodelpuerto.com/noticia.php?not_id=38520 La AP de Bilbao multiplica por 10 la capacidad de atraque en Punta Ceballos Diario del Puerto webgunea.
  9. Deia egunkariko albistea

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]