Billy Eckstine

Wikipedia, Entziklopedia askea
Billy Eckstine

Billy Eckstine (Jaiotza-izena: William Clarence Eckstine ; Pittsburgh, Pennsylvania, 1914ko uztailaren 8a - Ib., 1993ko martxoaren 8a) estatubatuar kantaria izan zen.

Biografia

Baladetan espezialista zen lehenengo kantari beltza izan zen, eta bere garaiko jazz-pop estiloa bluesaz bete zuen. Estilo nahasketa horrek ospe handia eman zion Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Txikitatik izan zuen kantatzeko grina, eta gazte denboran, ikasketak batetik, eta, bestetik, zuzeneko emanaldiak txandakatzen zituen. 1939an Earl Hines bandan sartu zen, eta talde horrekin hasi zen ospea hartzen. Banda horrekin hainbat disko grabatu zituen, 1943. urtera arte; urte horretan, bakarka hasi zen kantatzen, eta big band bat osatu zuen. Talde horretan parte hartu zuten, besteak beste, Charlie Parker, Dizzy Gillespie, Miles Davis eta Art Blakey musikagileek. Hala eta guztiz ere, taldeak ez zuen ondo funtzionatu, eta 1947an bere karrera bakarka jarraitzea erabaki zuen Eckstinek. Banda horretan izan zen bitartean, arrakasta handia lortu zuen bakarkako bi disko hauekin: Prisoner Of Love eta Cottage For Sale (1945). MGM Records etxearekin entzute handiko lanak egin zituen, besteak beste, Blue Moon eta Caravan. Baina 1950eko hamarraldiaren bigarren erditik aurrera, ospea galtzen joan zen; garai horretako lan nagusia Sarah Vaughanekin kantatutako Passing Strangers izan zen (1957). Urte horretatik aurrera, kalitate handiko albumak kaleratu zituen, hala nola Billy Eckstine´s Imagination, No Cover No Minimum. Mundu osoko jazz-klubetan kantatu zuen, zuzenean, hirurogeita hemezortzi urte bete zituen arte.

Erreferentziak