Bittor Iturria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bittor Iturria pilotari eta gudariaren oroigarria Saran.

Bittor Iturria Lerete (Basusarri, Lapurdi, 1914ko urriaren 22a - Blain, Loira Atlantikoa, 1944ko abuztuaren 25a) esku huskako pilotaria eta gudaria zen. Pilotari gisa, eskuin ona zuen, eta hainbat txapelketa irabazi zuen. Bigarren Mundu Gerran ere famatu zen, borrokaldietan erakutsi zituen adoreagatik eta granadak jaurtitzeko trebetasunarengatik.[1][2][3]

Bigarren Mundu Gerran

Basusarriko Bordaberria baserrian jaioa, haurra zelarik familia Sarara aldatu zen, eta orduz geroztik Bittorrek baserrian eta frontoian egin zuen bizimodua, garaiko saratar mutil gehienek bezala. Pilotari ona izan zen, bai eta esku huskako txapelduna ere.

1934an Frantziako Armadarekin soldadutza egin eta gero, 1938an mobilizatu zuten lehen aldiz, eta 1939an berriz deitu zuten, 2ème Hussards (Husarren Bigarrena) delakora. Bigarren Mundu Gerra hasi orduko egin zuen bere lehen balentria, 1940ko maiatzaren 23an, granadak jaurtiz alemaniarren zazpi gudu orga txikituta. Dunkerqueko gibelatzean larriki zauritu zuten, eta Ingalaterrako ospitale batera sendatzera eraman zuten.

1940ko uztailean, Etxegoien komandanteak deitu zuen, sortu berria zen Frantzia Askearen jauskari unitatean sar zedin. Han ere Bittor Iturriak bere gaitasun fisikoak erakutsi zituen, batez ere granaden jaurtitzen. Bere unitatea Lehen Jauskari Konpainia bilakatu zelarik, 1941ko uztailean Ekialde Hurbilera bidali zuten, Erresuma Batuko Armadako Aire Zerbitzu Bereziko (SAS) indar bereziekin batera. 1943ko ekainean berriz Ingalaterran itzuli zen, eta instruktore izendatu zuten. 1944ko abuztuaren 3an Bretainiara bidali zuten, eta 25ean alemaniar metrailetek hil zuten. Gorpua Saran (Lapurdi) ehortzia izan zen.

Goragarriak

  • Askapenaren laguna (Compagnon de la Libération) - 1944ko abenduaren 29ko dekretuarekin
  • Militar medaila
  • 39/45 Gerra gurutzea
  • Erresistentziaren medaila
  • Military Cross (Britainia Handia)

Oroigarria Saran

Saran, Bittor Iturriaren oroimen harria dago. Harriaren gainean, Héros des Forces Françaises Libres (euskaraz Frantses Indar Askatuen heroia) eta Pilotari zintzo irakurtzen ahal da.

Erreferentziak

  1. (Frantsesez) Catherine MARCHAND: «A la mémoire de Victor Iturria, pilotari saratar et héros de la guerre 1939-1945», La Semaine du Pays Basque, 2014-06-18.
  2. Joseba AURKENERENA: «Bittor Iturria, pilotari eta soldadu», Kazeta, 2014-11-11.
  3. (Gaztelaniaz) Aner GONDRA: «Granadas de sotamano», Deia, 2014-11-02.

Kanpo loturak