Bizantziar arkitektura

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Misc.png
Wikiproiektu bat abian da
Arkitektura gaiari buruz.
Hagia Sofia eliza, Sofia, Bulgaria

Bizantziar arkitektura Bizantziar Inperioan garatu zen arkitektura da. Batez ere inperioko hiriburu Konstantinoplaan garatu zen, egungo Istanbulen (Turkian), eta ekialdeko Mediterraneoko lurretan hedatu zen: Grezia (Tesalonika, Mistra), Italia (Ravenna, Venezia), Sizilia (Monreale, Cefalu, Catania). Eragin handia ere izan zuen Mendebaldeko Europako arkitekturan (Akisgrango jauregia) eta Islam hasierakoan (Jerusalemeko Arrokaren Kupula).

Eraikin nagusia Hagia Sofia eliza da, Konstantinoplan, bizantziar estiloaren arketipoa eta gauzatze ospetsuena.

Arkitektura honen bereizgarri nagusia kupula da, adreiluzko petxina gainean eraikia. Kanpoaldea soilki zarpeatua dago, barnealdea ordea, kolore biziko mosaikoz eta haitzurdinezko marketeriaz apainduak.

Erlijio arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantzioko arkitektura besteetatik bereizten duten elementu nagusiak kupulak eta gangak dira. Espazio luzaranak estaltzeko kanoi ganga erabiltzen zen eta lau angeluko espazioak estaltzeko, berriz, kanoi ganga eta kupula. Estalki horiek erabiltzeak bi arazo handi ditu : alegia, batetik, eraikuntzaren oinaren espazio karratutik estalkien espazio biribilera nola igaro eta, bestetik, estalkiak kanporantz egiten duen indarrari, bultzadari, nola eutsi. Bizantzioko arkitekturak erromatarren garaiko zenbait eraikuntzatan (Karakalaren Termak) erabilitako konponbide bera erabili zuen lehenengo arazoa konpontzeko: petxinak eta kupulako eraztuna. Bultzadaren arazoa konpontzeko, berriz, material arinak erabiltzeaz gainera kupula txikiagoak jarri ziren kupula nagusiaren albo banatan eta horien alboetan are txikiago batzuk, kupula nagusiaren bultzada beste guztien artean banatzeko. Azkeneko kupula horiei hormek eusten zieten eta, behar izanez gero, hormabularrak edo ostikoak jartzen ziren kanpotik hormei eusteko. Hormek, gainera, puntu erdiko arkuak zituzten, horien bidez arkuen zutabe zilindrikoetan deskargatzeko bultzada.

Hagia Sofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hagia Sofia»
Konstantinoplako Hagia Sofia elizaren barnealdeko ikuspegia. Argazkiaren ezkerraldean petxinak eta leihoz hornitu tinpanoak ikusten dira, eta eskuinaldean, berriz, erdiko kupula handiari eusten dioten albo bateko kupula erdiak.

Bizantzioko arkitekturak Justinianoren garaian (527-565 bitartean enperadore) iritsi zuen heldutasuna. Konstantinoplako Hagia Sofiaren eliza da haren erreinaldian egin zen arkitektura lan inportanteena. Antemio Tralleskoak asmatu zuen proiektua eta Isidoro Miletokoak burutu zituen eraikitze lanak. Hain zoragarria iruditu zitzaion jendeari eraikuntza ezen Jainkoak berak asmatu zuela eta Justiniano enperadoreari aingeru baten bidez jakinarazi ziola zabaldu baitzen. Ohiko basilika oinaren arabera egin zen eraikuntza, baina kupula handi batekin eta bultzada berdintzeko sistema batekin : luzera ardatzean jarritako bi kupula erdi, ardatz horri buruz diagonal jarritako bi nitxorekin. Zama banatzeko sistema hori zela-eta, ez zen zutaberik jarri beharrik izan basilikaren habearteak bereizteko. Erromatarren eta paleokristauen garaiko basiliketan, berriz, ezaugarri nagusietako bat zutabeak ziren.

Barruan, 1.000 metro koadro baino gehiago dituen areto batean, nitxorik gahe, airean zintzilik dagoela ematen du kupulak (31 metroko diametroa). Zutabeak, eraikuntzaren euskarri nagusiak, harriz egin ziren, adreilu-morteroetan izaten diren uzkurtze eta zabaltze efektuak ez izateko. Zutabe nagusiek 44 metroko karratu bat eratzen zuten eta haien gainean lau arku handi eraiki ziren. Arku horien erpinen eta arkuak elkartzen dituzten petxinen gainean eraiki zen kupula nagusia, berrogei nerbiok ataldua barrutik eta beste hainbeste nerbio laburrek sendotua kanpotik ; nerbioetan tartekaturik leiho txiki batzuk egin ziren kupula argitzeko.

Kupulak kanporantz egiten duen indarrari eusteko bi kupula erdi egin ziren luzerako ardatzean. Kupula erdiek kupula nagusiaren diametro berdina dute eta, arestian esan den hezala, ardatzari buruz diagonal jarrita dauden bina nitxotan deskargatzen dute beren bultzada. Zehar ardatzean, berriz, iparraldeko eta hegoaldeko arkuen tinpano hormetan deskargatzen da bultzada, hormaotan zulatuta eta elkarren gainean jarrita dauden bi arku ilaren (sei arku txiki goikoan eta lau handi behekoan) arkuen zutabeen bitartez.

Eraikitze lanean arazo handiak sortu ziren eta sortu ahala konpondu behar izan zituzten arkitektoek. Lau arkuen bultzada zela-eta, eraiki ahala okertu zen eraikuntza, eta kupula egiten hastean hark estali beharreko espazioa uste baino gehiago zabaldu zela ohartu ziren. 558an kupula lurrera erori zen, lurrikara batzuen ondoren, eta berriro eraiki zuten 563an, aurrekoa baino bost metro altuago (65 metro). 975ean, lurrikara baten ondoren, mendebaleko kupula erdia lurreratu zen eta berriro eraiki behar izan zuten. Gero, atari handi bat erantsi zioten mendebalean, eta 10.000 metro koadrotik gora hartzeraino handitu zen azkenerako.

Turkiarrek, gero, lau minarete gehitu zizkioten, eta itxura hori gorde du gaur egun arte.

Bizantzioko arkitekturaren xedea barne espazioak sortzea zen, eta Hagia Sofiako eraikitzaileek ere, joera horri jarraiki, barneari eman zioten lehentasuna, kanpoaldearen kaltean, Hagia Sofia kanpotik ez baita oso ikusgarria. Kupula, kupula erdi eta nitxoen arteko loturak espazioa horizontalean eta, areago oraindik, bertikalean luzatzen delako urtua ematen du. Kupula sail horri eusteko ez hormarik ez, itxuraz, zutaberik izateak areagotu egiten dute barrunbearen efektua. Zutabeak alboko habearteetatik ikusita baizik ez dira nabarmentzen, baina fustearen marmolezko azal polikromoa hondoko hormaren zokaloarekin nahasten eta berdintzen da.

Barneko dekorazioaren eginkizuna espazioari handitasun efektua ematea zen. Lehenago esan den bezala, marmol kolore askotako azalek estaltzen zituzten zutabeak, pilareak eta horma zokaloak. Zorua, berriz, marmol gris ilunezkoa zen. Horma garaiak, gangen azpia eta kupulak, berriz, mosaikoz hornitu ziren : gurutzeak eta izarrak urrezko hondo batean. Kupula handiaren erdian, apaingarri gisa, mosaiko bat zegoen : gurutze handi bat zirkulu batean sartua. Gainerakoan, aldarearen eta koruaren artean, urrezko lanparak eta zilarrezko xaflak zeuden apaingarri gisa.

Dekorazioak sortzen zuen efektua argiak areagotzen zuen. Leihoak estrategikoki banatuak eta beira koloreztatuez estaliak zeuden. Argitasuna handituz-handituz zihoan alboko habearteetatik erdikora. Han,erdiko habeartean, kupula nagusiko leihoek eta alboetako tinpanoetakoek oso ondo argiztatzen zuten eraikuntzaren erdigunea.

Ravennako San Vitale[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Vitale basilikaren kanpoaldea, Ravennan.

Bizantzioko artea Ravennatik hasi zen zabaltzen Mendebaldeko Europan, Ravenna baitzen Bizantziok Italian zuen gotorleku nagusia. San Vitale 526-547 urte bitartean eraiki zen. Hagia Sofiaren garaikoa da, beraz, eta haren eraikuntza patroien arabera egina.

Hala ere, oinplano oktogonala du, eta Erromako Santa Konstantzaren eragina izango du segur aski, honek ere oin oktogonala baitu, baina handiagoa da eta espazio efektuan aberatsagoa. San Vitaleren barne espazioaren efektua bizantziar arkitekturaren patroiaren araberakoa da : horma oktogonal batek eusten dio erdiko kupulari, kupularen zama deskargatzen laguntzeko nitxo erdizirkularretan eraldatua ; nitxoak deanbulatorioan barruratzen dira eta horien bidez forma berri nahasi batean elkartzen dira erdiko gunea eta deanbulatorioa. Gangen zama deskargatzeko sistema horrek leiho handiak zabaltzeko aukera eman zuen, hala behealdean nola goialdean ; San Vitaleren barrualdea, beraz, oso ondo argiztatua dago.

Dekorazioari dagokionez, aipagarriak dira aldarearen alde banatako mosaikoak : batean Justiniano eta bestean Teodora irudikatzen dira, nor bere zerbitzariez inguraturik.

Veneziako San Marko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Marko basilika»
San Marko basilikaren barnealdea, mosaiko urrekaraz estalia.

Bizantzioko arkitektura Italiako inperioaren bi gotorleku nagusietan errotu zen : Venezia eta Sizilia. Bi leku horietako eliza bizantziar gehienak ez dira oso aipagarriak, bat izan ezik : Veneziako San Marko basilika.

Bata bestearen gainean jarritako arkitektura molde ezberdinen konbinazioaren emaitza da San Marko : 1073an sagaratu zen, baina XVII. mendea arte iraun zuten eraikuntza lanek. Lauki batean sartuta dagoen gurutze grekoa du oina. Bost kupula ditu guztira, erdian bat eta gurutzearen beso bakoitzaren gainean beste bana. Kupula hauek ez daude danborren gainean jarriak ; horren ordez, erraboil itxurako zurezko oskolak ezarri zizkieten gainean, kobre urreztatuzko xaflez estali zituzten oskolok, eta lanterna bana ipini zieten gainean ; hori guztia kupulari handitasun itxura emateko eta urrutitik bistarazteko. Eta hala, San Markoko kupula urreztatuak erreferentzia puntu ezin hobeak izan ziren Veneziara hurbiltzen ziren itsasontzientzat. Monasterioetako bizantziar elizak ez bezala, barrualdea, mosaikoz apaindua, oso zabala da, ahalik eta eliztar kopuru handiena hartu ahal izateko.

Errusiako bizantziar elizak ere zurezko egiturak dituzte kupuletan. Horien adibiderik ospetsuena Moskuko San Basilio katedrala da, Kremlinaren ondoan.

Beste eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Vitale eta Hagia Sofiaren ondoren, Bizantzioko erlijio arkitekturak ez zuen haien adinako monumenturik eraiki. IX. eta XI. mendeen bitartean monasterioetan eraiki ziren elizak, aurrekoen handitasun irrika gabe, eta haiek baino txikiagoak, beraz.

Garai hartako elizek greziar gurutzearen itxurako oina dute, nartexa alde batean eta absidea bestean. Erdiko kupula danbor zilindriko eta leihodun batek eutsita dago, elizako gainerako atalak baino jasoagoa.

Bizantzioko lehenengo elizak ez bezala, kanpotik erliebe koloretsuekin eta adreilua jartzeko moduarekin berarekin apainduta dago. Eraikuntza molde berri horren erakusgarri dira, adibidez, Hosios Loukasko monasterioko elizak eta Athos mendiko monasterioetakoak.

Dekorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantziar elizen barruko mosaikoak eta pinturak ez ziren ez apaingarri hutsak ez helburu didaktiko hutsez eginak ere. Dekorazioak jainkoaren erreinuaren distira adierazi behar zuen, batetik, eta liturgia ospatzeko giro egokia eskaini, bestetik. Dekorazioak aparteko garrantzia zuen bizantziar arkitekturan, barrualdeak sortzeko asmatua baitzen. Mosaikoez, margoez eta gur egiteko gauzez betea zegoen barrualdea, eliztarren arreta haietara erakartzeko.

Bizantziar mosaikoetan eta pinturetan arketipoen arabera irudikatu zen gizakia. Proportzioak eta formak aldez aurretik erabakitzen ziren, arau finko batzuen arabera.

Mosaikoak eta ikonoak egiteko prozedurak, batetik, eta erabili beharreko kanonek, bestetik, zehaztasunez definitzen zuten margolanaren nolakotasuna, eta baziren gainera pintoreentzako gida bereziak. Gorputzak bederatzi bururen altuera izan behar zuen eta hirurena gorputz enborrak. Aurpegiak hiretan zatitua egon behar zuen, eta sudurraren luzera hartzen zen banakotzat. Irudiak, beraz, erabateko perfektotasuna adierazi behar zuen.

Oso margo distiratsuak erabili ziren. Mosaikoen koloreek ez dute errealitatea erakutsi nahi, begiralea hunkitu baizik. Ez dago itzalik, eta argi-itzalak arropa zimurren efektua egiteko eta gorputzei bolumena emateko erabiltzen dira, baina ez dute argiaren norabide bakarraren logika betetzen. Hondo urrezkoek irudiaren eta arkitekturaren arteko muga markatzen dute, eta argitasun gutxi dagoenean irudia nabarmentzen dute.

Elizako ikonografia Pantokratorraren edo Ama Birjinaren inguruan antolatzen zen. Kupulan edo absidearen sakongunean irudikatzen ziren hauek, absidean, Pantokratorraren aldamenean, aingeruak edo profetak irudikatzen ziren eta erdiko kupulako petxinetan berriz, lau ebanjelariak.

Erlijio gaiak ez ezik gai profanoak ere irudikatu ziren, San Vitaleko mosaikoetan, adibidez. Gai horiek, eta orobat landare edo lerro hutsezko dekorazio geometrikoa, ikonoklasten aroan zabaldu ziren batez ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Bizantziar arkitektura