Bloop

Wikipedia, Entziklopedia askea
NOAAk grabatutako soinua, giza entzumenerako moldatua.
Bloopen espektograma

Bloop itsasoan izebergak eraginda sortzen den soinuaren izena da.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra Hotzaren garaian Estatu Batuetako Armadak lurbirako ozeanoen hondoan hidrofono sare bat zabaldu zuen sobietar submarinoak antzemateko, SOSUS (Sound Surveillance System) izenarekin ezagutua izan zena. Gerra Hotza bukatzerakoan hidrofono sare hau NOAAren Pacific Marine Enviromental Laboratory (PMEL) delakoak erabiltzen hasi zuen, itsas fenomeno ugari ikertzeko, hala nola, itsas lurrikarak, itsas ugaztunen populazio eta migrazioak eta abar[1].

Eta horretan zebiltzala 1997ko maiatzaren 19an, Estatu Batuetako National Oceanic and Atmospheric Administration (NOAA) erakundeko ikerlariek itsas hondoan soinu ezezagun eta arraro bat antzeman zuten eta “Bloop” izena jarri zioten. Soinua frekuentzia oso baxukoa zen (40Hz baino gutxiagokoa) baina bolumen oso indartsukoa: hain ozena zen Bloop soinu hura ezen elkarrengandik 5.000 kilometrora zeuden hiru hidrofonoek antzeman zutela. Soinuaren iturria itsas hondoan, 50 gradu hegoaldera eta 100 gradu mendebaldera kokatu zen, alegia, Ozeano Barearen hegoaldean, Hego Amerikako hegoalde muturretik mendebaldera[1].

Bloop soinua zerk eragin zuen misterio bat izan zen bere agerpenaren momentutik, ez baita inoiz berriz antzeman[1].

Hipotesiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen hipotesia: animalia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NOAAko Christopher Fox doktoreak, Bloop hura gizakiak eragindako iturri batetik (bonba baten eztandak esaterako) sortua izan zitekeenik ezeztatu zuen, eta baita lurrikara edo sumendi batek eragindako soinua izan zitekeenik ere. Fox doktore honek, hasiera batean, Bloop soinua animaliek igortzen dituzten soinuen profil berdina jarraitzen zuela esan zuen, bere frekuentzia hasieran asko eta laster igotzen delako gero apurka jaisten joateko, eta hortaz, animali batek sorturiko soinua izan zitekeela proposatu zuen[1].

Baina horren bolumen handiko soinu bat eragiteko animaliarik ez da ezagutzen. Lurbiran existitu den animaliarik handienak, balea urdinak, igortzen dituen soinuak Bloop baino askoz bolumen txikiagokoak dira. Beraz, Bloop soinua igorri zuen ustezko animalia, balea urdina baino askoz handiagoa izan behar zuen. Tamaina horretako ustezko animalia bat inork inoiz ez ikusi izanak edo sonarrek edo bestelako gailuek inoiz ez antzeman izanak, hipotesi honen oinarri eskasaren froga dira. Dena dela nahiz eta adituek hipotesi hau laster alde batera utzi, misterio eta paranoien maitale ziren hainbat kazetarik hipotesi hau zabaltzeari ekin zioten, adituen hitzak zirela esanez, zalantzak piztuz eta hautsak harrotuz[1].

Bigarren hipotesia: izotz masa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalia iturriaren hipotesia hasiera batean planteatu zuen Fox doktorea bera, laster, soinuaren iturria [izotz]] masa handi bat izan behar zuela defendatzera igaro zen. Antartidako glaziar bat ozeanora heltzen denean eta izotz puska erraldoiak ozeanora isurtzen dituenean sorrarazten duen soinua izan daitekeela proposatu zuen, edo izeberg bat zatitan puskatzerakoan, edo baita izeberg erraldoi batek ozeanoaren hondoarekin jotzerakoan sortutakoa[1].

Bloop soinua bezalako beste bat inoiz ez antzeman izanak hipotesi hau frogatzea zaila bihurtu zuen. Baina 2008an, A53 izeneko izeberg bat desegiten zihoan heinean sortzen zituen soinuak grabatu ditu NOAAk, eta soinu horiek eta Bloop soinua oso antzekoak direla berretsi eta frogatu du. Halaxe azaltzen du NOAAk bere web orrian, Bloop eta izotz puska erraldoiek sortutako beste soinuen grabazioak eta espektrogramak erkatuz[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g «Bloop: munstro ezezagunak itsas hondoan edo pseudozientzia?», Argia, 2013-11-20, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]