Bola joko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bola txirloak eraisten, Urnietako (Gipuzkoa) Sanmiel jaietan.

Bola-jokoa, jatorria nekazaritza- edo itsaso-lanetako jardueretan ez duen herri kirol bakanetariko bat da. Jokoaren helburua da jaurtigai batekin (gehienetan bola esferikoak) itu batzuk (txirlo, birlo, pirla, pirle, birla, brila, txirla... deituak) eraistea, horretarako prestatutako ingurune batean (bolatoki, bolaleku, karrejo edo boladera). Jaurtigaia botatzen duen jokalariari bolari deritzo.

Aldaera asko dira Europa osoan eta, Euskal Herriari dagokionez, jokoa arruntagoa izan da Hegoaldean azken mendeetan, bereziki Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta maila apalago batean Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Euskal Herrian jokatzen diren aldaeretan, txirloen forma, kopurua eta kokapena aldatzen dira, hala nola bolaren forma eta bolatokiaren trazadura.

Bolak hiru motakoak dira gehienetan: hiru zulokoak, esku zulokoak eta esku-azpikoak. Hiru zuloko bolek hiru atzamar sartzeko hiruna zulo izaten dituzte; esku zulokoek bi zulo izaten dituzte, batean atzamar lodia eta bestean eskuko gainerako atzamarrak sartzeko balio dutenak; azkenik, esku-azpikoek ez dute inolako zulorik; eta, aurreko bi motak baino arinagoak izanik, esku-azpiaren gainean jarrita jaurtitzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bola jokoa, era batera edo bestera jokaturik, munduko joko zaharrenetarikoa da; jokoaren lehen aztarnak Antzinako Egiptoko ume koskor baten hilobi batean aurkitu zituen Sir Flinders Petrie arkeologo ingelesak.[1]

Euskal Herrian, bola joko desberdinei buruzko dokumentuak Erdi Arotik eta ostetik datoz, gehien bat, jokoaren gaitzespena edo debekua egiteko. Uribarri Ganboako (Araba) udalak, esaterako 1632an debekatu zuen bola jokoan aritzea, baita orduan herrian ohikoa zen egunetan: San Antonio egunez eta biharamunean, baita Santa Isabel eta San Biktor egunetan ere. Bizkaian, Lekeitioko udalak 1571n debekatu zuen ordenantza bitartez bola jokoan aritzea, beste zenbait gauzarekin batera. Era berean, udal eta eliza dokumentuetan, bolatokien alokairu eta jokoen arauei buruzko oharrak agertu dira, bolatoki asko alokatuak izaten baitziren ustiapen eskubideen truke. Beste bolatoki asko, sagardotegi edo txakolindegiei lotuta egoten ziren, bezeroen erabilerako.

Estanislao Labairuk eginiko Historia General del Señorio de Bizcaya lanean, zera dio Bola jokoari buruz:

« del juego de bolos nada decimos por ser muy conocido y general.Sólo advertiremos que existe diferencia en él entre el bizcaíno encartado y el resto del Señorío, tanto en el volumen de las bolas como en el número de palos o chirlos.

Bola jokoaren gainean ezer gutxi esango dugu oso ezaguna eta zabaldua delako. Bakarrik esango dugu Bizkaian desberdinak direla Enkarterrietakoa eta gainerako jaurerrikoa, hala bolen bolumenari dagokionez nola bolo edo txirloen kopuruari dagokionez.
 »
E.J Labayru: Historia General del Señorio de Bizcaya. Jatorrizko testua gaztelaniaz[2]

Bizkaiko bola joko desberdinak aztertu dituen Zorrillaren arabera, aipu honek, Enkarterrian jokatzen den Oholtzar pasaboloa eta Zornotza aldeko jokoa edo Munadun erremonteari egiten dio erreferentzia, lehenean bola txiki eta hiru txirlo erabiltzen baitira eta bigarrenean hamar txirlo (bederatzi handi eta txiki bat) eta bola askoz handiagoak.[3]

XX. mende erdialdera arte aldaera desberdinek ez zuten arautegirik (asko oraindik arautu gabe daude) eta aldera beraren jokatzeko erak ere aldatu egiten ziren lekuaren arabera.

Lurralde desberdinetako lehen txapelketa Gasteizen egin zen, 1945eko abuztuaren 12an, bertako udala eta aurrezki kutxaren laguntzarekin. Araba osoko partaideek hartu zuten parte, 500 pezetatako hiru sari eta trofeo bat lortzeko deman, Pedro Sagredo izan zen irabazlea. 1965ean, Arabako bola jokorako federazioa sortu zen.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landa eremuetako emigrazioak eta denbora-pasa ohituren aldaketak ekarri zuen bola-jokoaren gainbehera, ohiko jokoa izatetik egun berezietan (tokiko jaiak, esaterako) bakarrik jokatzera pasa da leku askotan.

Dena dela, gaur egun, hainbat aldaera federaturik daude, eta hainbat klub jaio dira, aurreko joera negatiboari pixkanaka aurre eginez. Gipuzkoan, esaterako 2007-2008 denboraldian 38 klub eta 616 lizentzia zenbatzen zituen Gipuzkoako Kirol Behatokiak [4]. Euskal Herriko Bola Joko federazioak (1986an sortu zena) honako 13 aldaera hauek ditu federatu moduan zerrendaturik[5]: Arabar bola jokoa, Aiarako bola jokoa (Bolatoki izenarekin, hala deitzen baitzaio batzuetan, bolalekuari erreferentzia egiteko erabiltzen den izen euskaldunetik hartuta), Gesaltzako bola, Burgosko bola jokoa, Palentziako bola jokoa, Bowlinga, Calva, Oholtzar pasaboloa, Kanaleko hiru txirlo, Leongo jokoa, Bolo-palma, Toka, Zornotza aldeko jokoa edo Munadun erremontea eta Eskuzulo (hauek biak ere bolatoki izenaren pean) eta Hiru oholtzar. Askota, toka eta calva, ez dira bola jokoak kontsideratzen, nahiz eta bola jokoarekin antza handia izan, bola-jokoan tiratzaile ona izatea ez delako nahikoa, aurreko bi jokoetan ez bezala.

Eragina arteetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait euskal idazlek ere bola jokoarekin lotuta zenbait aipamen egin zituzten: Evaristo Bustintza, Kirikiño, idazleak aipatzen ditu bolalekuak bere Abarrak[6] eta Bigarren Abarrak[7] lanetan. Era berean, Errose Bustintzak ere Jentillen bola-lekua ipuina kontatzen du, bere Euskalerriko ipuñak lanean [8], azkenik, Barrensorok ere honako testua idatzi zuelarik Uztaro lanean:

« Sarrerako burni-agazko esi sendoaren gibelaldetik luzatzen dan bolatokian, iganderoko goiz-meza entzun ondoren, bolan aritzen ziran inguru arietako baserritarrak. Goialdeko larrea zuen artaldeak ere, antxe billatzen zuen aterpea ustegabeko erauntsi-garaian. Nun aurkitu ua baño toki babesagorik?  »
Uztaro Tomas Agirre, Barrensoro[9]

Idazle ohitura zale hauen lekukotasun eta ipuinetan oinarriturik, ondoriozta daiteke XX.mende hasieran, jokoa landa-eremuan ohikoa zela.

Margolaritzari dagokionez, Joaquín Sorolla margolari valentziarrak, Los bolos-Guipúzcoa (Bola jokoa-Gipuzkoa) izeneko artelana margotu zuen 1914ean. Bertan, bola jaurtitzera doan bolaria eta ingurua erakusten dira. Gaur egun, AEBetako Hispanic Society da lanaren jabea, baina artelana Bilboko Arte Eder Museoan egon zen ikusgai 2009 hasieran.[10]

Aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako eta erroturiko aldaera bizien hedadura geografikoa erakusten duen mapa. Udalerri batzuk banaturik agertzen dira, auzorik auzora aldatu egiten baita batzuetan joko mota.

Euskal Herrian, gaur egun, jokoaren dozenaka aldaera desberdinetara jokatzen da, desberdintasun handiak daudelarik batetik bestera: bola-mota, bolatokiaren... Horietatik batzuk, Euskal Herriko berezkoak dira, beste batzuk, Espainiar estatutik etorriko immigrazioaren ondorioz hasi ziren jokatzen bertan eta azkenik, jatorriz Euskal Herriko lurraldeetakoak ez diren, baina berezkotzat hartu daitezkeenak daude, Euskal Herriko gune batzuek jokoa sortu zen lekuarekin duten lotura estuaren ondorioz jokatzen baitira bertan.

Berezko eta kanpotik etorritako joko errotuak, geografikoki daude banaturik Euskal Herri mendebalde osoan, ez baita ohikoa bolatoki berean joko bat baino gehiagora jokatzea. Era berean, zonalde jakin batean, arraroa da joko bat baino gehiago aurkitzea, ez baldin bada hirietan, non historikoki jasandako migrazio handiagoaren eraginez, kanpoko hainbat joko ezberdin jokatzen diren.

Jarraian doana, gaur egunean Euskal Herrian jokatzen diren edo jokatu izan diren zenbait jokoren zerrenda da. Bertakoak eta kanpokoak direnak.


Aldaera Txirlo kopurua Bolatokiaren neurriak Bola mota Jatorria Bizirik? Federatuta? Helburua
Aiararra 9+1 20-28 m luze
3,5-4 m zabal
Esku zulo Bertakoa Bai Bai Txirlo txikia handietako ahalik eta gehienekin batera eraistea.
Ameskoako jokoa 6 ez dago Jaurtigai zilindrikoa Bertakoa  ? Ez Txirlo bakarra zutik uztea.
Arabar bola jokoa 4 30 m luze
2 m zabal
Esku-azpikoa Bertakoa Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Aramaioko hiru txirlo 3 8-10 m luze
3-4 m zabal
Esku zulo Bertakoa Ez Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Araozko bola jokoa 4  ?  ? Bertakoa Bai Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Bederatziko joko gobiarandarra 9+1  ? Esku zulo Bertakoa  ? Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Bederatzi txirlo jokoa 9  ?  ? Bertakoa Ez Ez Txirlo jakin batzuk bakarrik eraistea.
Berantevillako hiruko jokoa 3 20 m luze
3-4 m zabal
Esku-azpikoa Bertakoa  ? Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Bermeoko bola jokoa 3+1 13,5 m luze
1,5 m zabal
Esku zulo Bertakoa Ez Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Bolo-palma 9+1 30-34 m luze
8 m zabal
Esku azpikoa Kanpokoa (Kantabria) Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Burgosko bola jokoa 9+1 30-35 m luze
8-15 m zabal
Esku zulo Kanpokoa (Burgos) Bai Bai Txirloak ahalik eta urrutien jaurti eta
ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Ea aldekoa 9+1 23 m luze
1,8 m zabal
Esku zulo Bertakoa Bai Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Erremonte barrundiarra 4  ? Esku-azpikoa Bertakoa  ? Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Erriberako hiruko jokoa 3 20 m luze
4 m zabal
Esku-azpikoa Bertakoa  ? Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Errioxako jokoa 6 ez dago Jaurtigai zilindrikoa Bertakoa Ez[11] Ez Txirlo bakarra zutik uztea.
Eskuzulo 9+1  ? Esku zulo Bertakoa Bai Bai Txirlo txikia zutik utzi eta gainontzekoak eraistea.
Gesaltzako bola 3+1  ? Esku-azpikoa Bertakoa Bai Bai Txirlo txikia zutik utzi eta gainontzekoak eraistea.
Hiru oholtzar 9+1 30 m luze
6 m zabal
Esku zulo Bertakoa (Valderejo)
Kanpokoa (Merindadeak)
Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Kanaleko hiru txirlo 3 25 m luze
2,5 m zabal
Hiru zulo/Esku-azpikoa Bertakoa Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Katxete 4 edo 6 18,5 m-ko diametroa duen zirkuluerdia Esku-azpikoa Bertakoa Bai Bai Txirloak ahalik eta urrunen jaurtitzea.
Leongo jokoa 9+1 25-30 m luze
9-10 m zabal
Esfera erdia Kanpokoa (Leon) Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Oholtzar pasaboloa 3 64 m luze
20 m zabal
Esku zulo Bertakoa
Kanpokoa (Kantabria ekialdea)
Bai Bai Txirloak ahalik eta urrunen jaurtitzea.
Olazabalgo bola jokoa 6+1 20 m luze
4 m zabal
Esku zulo Bertakoa Bai Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Oñatiko sei txirlo 6  ?  ? Bertakoa Bai Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Sei txirlo jokoa 6 Ez dago Jaurtigai konikoa Kanpokoa (Gaskoinia) Bai Bai Txirlo bakarra uztea zutik.
Zabaleko hiru txirlo
Berrizeko hiru txirlo
3 18,5 m luze
2,5 m zabal
Hiru zulo/Esku azpikoa Bertakoa Bai Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Zeanuriko bola jokoa 4 19-26 m luze
2,5-3,5 m zabal
Esku zulo Bertakoa  ? Ez Ahalik eta txirlo gehien eraistea.
Zornotza aldeko jokoa
Munadun erremontea
9+1 24-27 m luze
4,5-5 m zabal
Esku zulo Bertakoa Bai Bai Ahalik eta txirlo gehien eraistea.

Aiarako bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aiarako Erremontea
Aiarako bola jokoan ikasten, Laudio.
Lendoñobeitiko (Urduña) bolatokiaren inaugurazioa.

Aiarako bola jokoa, Aiararra edo erremontea izenekin ezagutua. Aldaera honetara jokatzeko oraindik erabiliak diren bolatoki aurki daitezke Aiaran (Beotegi, Luiaondo...) baina beste batzuk ere badaude Gueñes, Artziniega, Laudio (Erroke Deunan bi eta Gardean), Tertanga, Arakaldo eta Orozko aldean.

Jokatzeko hondoraturiko guneak, boladera edo karrajua izenekoa, 20–28 m-ko luzera eta 3,5–4,20 m-ko zabalera izaten du eta alde okerrez dago inguraturik, boladerari aska handi eta hondoratuaren itxura emanez. Jatorriz buztin gainean jokatzen zen arren, gaur egun, zurezko behea ere erabiltzen da. Jaurtiketa guneak 5 metrotara arteko luzera izan dezake eta bederatzi txirlo handiak kontrako muturrean daude kokaturik 3x3ko karratua osatuz. Birla txikiago bat ere egoten da (txikerra izena ematen zaiona), lau puntutako balioa duena. Birlak botatzeko erabilitako bolek atzamar edota eskuarentzat izaten dute zuloa, 28–30 cm-tako diametrodunak dira eta orokorrean 8–14 kg artean pisatzen dute, nahiz eta astunagoak ere erabili izan diren.

Jaurtitzaileak, bola ezker edo eskuineko aldatserantz botatzen du bola eta, jaurtiketa balioduna izateko, gutxienez birla txikia eta birla handietako bat bota behar du. Jaurtiketa ideal batean, bukaeran bolak errebote egin eta birla gehiago botatzen ditu. Beste birla batzuk emandako kolpearen ondorioz eroritako birlek ere puntu-zenbaketarako balio dute.

Ameskoako jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameskoako jokoa.

Aldaera hau, Nafarroako Ameskoa eskualdean jokatzen den aldaera da.[12] Jokatzeko, bolatoki gisa edozein zoru lau erabili daiteke (pilotalekuak edota elizetako portikoak, adibidez) eta sei txirlo erabiltzen dira. Hauek 25 cm altu eta oinarrian 4 cm-tako diametroa duten konoak dira, punta bolan bukatzen zaielarik. Hauek hirunaka bi lerrotan jartzen dira, lehen lerroko txirloen arteko distantzia bigarren lerrokoena baino txikiagoa izanik. Era honetan, bolariari begira geratzen den erpina faltako litzaioke triangelu bat osatzeko. Bolariak, 5 cm-ko diametroa eta 24 cm-ko luzera duen jaurtigaia erabiltzen du. Eta txirloetatik 24 oinetara kokaturik jaurtigaia hirutan botatzen du, helburua txirlo guztiak bat izan ezik botatzea delarik. Helburu honi ona edo txirla deritzo.

Jokoa apustuen bidez dinamizatzen da, jokalari guztiek egin dezaketelarik apustu jaurtitzailearen aurka. Bolariaren aurka jokatutako dirua zorua uzten da, txirloetatik hurbil. Bolariak txirla eginez gero diru guztia jasotzen du, baina ez badu lortzen, jokalari guztiei euren apustuaren zenbatekoa eman beharko die.

Txirlo eta jaurtigaiaren jabeak, irabazleari bere irabazien zati txiki bat eskatzen dio, materiala erabiltzearen truke.[12]

Gran Enciclopedia Navarrak antzeko jokoa deskribatzen du[13], baina ume jokoa dela adieraziz, zerrategiko enparauekin eginiko txirloekin jokatzen dena. Karratu bat osatzen da lurrean txirloak bertan jarriaz, jaurtigaiarekin karratutik kanpora botatako txirlo kopurua delarik jaurtitzaileak lorturiko puntu kopurua, Katxete aldaeran gertatzen den antzera.

Arabar bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabar bola jokoa
Sakontzeko, irakurri: «Arabar bola joko»
Bolariak Muruan (Zigoitia), Arabako aldaerara jokatzen.

Arabako edo lautadako bola jokoan, bolatokiak hiru alde nagusi ditu, zeinak guztiak dauden inguruko aldeak baino pauso bat baxuago:

hujhjhuyhjhuhjhu
  • parra hondoraturiko egurrezko xafla da, jaurtitzaileak bola jaurti dezakeen azalera mugatzen duena.
  • loma, 18-21m luzerako eta 20cm zabaleradun egur xafla da, bolatokiko hormen erditik doana.
  • txirloak dauden gunea, non jokatzeko azalera berriz zabaltzen den, txirloen kokapena adierazten duten markak daudelarik bertan.

Bolek ez dute heldulekurik, 2,1-2,5 kg artean pisatzen dute eta 16–17 cm inguruko diametroa dute. Lau txirlo egoten dira, triangelu forman kokaturik, erpina jaurtitzaileari begira dagoelarik. Parra-tik hurbilen dagoen txirloak kantoi izena du, atzera eta ezkerrera dagoenak karraka, atzera eta eskuinera dagoena guarda eta kantoiaren atzean dagoena medio txirloa da. Karraka eta guarda arteko distantzia 2,4 metrotakoa da.

Jaurtitzaileek bola lomara bota, bola bertan mantendu (erortzen baldin bada, baliogabetu egiten da jaurtiketa, zula deritzo honi) eta azkenean kantoi izena duen txirloa bota behar du puntuatzeko. Helburua lau txirloak botatzea da, baina bolak albo-hormetan errebote egin eta txirlo bat botaz gero ez du kontatzen. Garai batean Asparrena eta Donemiliaga artean ekialdean eta Abornikano eta Uzkiano mendebaldean herri gehienek zuten aldaera honetako bolatokia, baina batzuk denborarekin galtzen joan dira. Gehien erabilitakoak, Zuia-Gorbeialdea ingurukoak dira, zeinak jaietan erabiltzen diren. Modalitate honetako 100 bolatoki baino gehiago daude Araban eta Bilbon bertan ere, Errekalde auzoan, Arabar bola jokorako den bolatokia aurki daiteke, 1950. urtean arabar batzuk eraikia.

Aramaioko hiru txirlo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aramaioko hiru txirlo, edo joko aramaixotarra, Aramaio haranean jokatzen zen aldaera da, bere hedadura udalerri horretara mugaturik zegoelarik. Gaur egun, Aramaion, Kanaleko hiru txirloetara jokatzen da, bolalekuak aldaera honetara jokatzeko eraldatu direlarik.

Joko aramaixotarreko bolalekua, zortzi-hamar metro luze eta hiru-lau metro zabal den laukizuzena da. Eskuineko alde zabalean, horma txiki bat izaten du eta ezkerrekoan, zanga txiki bat, bola bertara erortzen baldin bada, berriz ez irteteko. Bolaria kokatzen den lekuan, jaurtiketa-ohola dago, beharrezkoa dena bolak jotzea txirloak jo baino lehen (bolak ez badu ohola jotzen ohol huts adierazten da eta jokaldia baliogabetzen da). Txirloak, 35 cm altu eta 7-8 zabal dira eta normalean arte, zumar edo gorosti egurrez daude eginak. Bolak oso handiak izaten dira, arte egurrez eginikoak eta zortzi kilotako pisua dute, gainera, ez dute forma guztiz erregularrik, jokaldietan efektu arraroak egiten dituztelarik.

Txirloak, jokalariaren aurkako aldean jartzen dira, lerrokaturik, bata bestearen atzean. Jokaldi bakoitzean, ilararen kokalekua alda daiteke, eskuineko horma edo ezkerreko zangatik hurbilago jarriaz. Bolen antzera, bolalekua bera ez denez erregularra, muino txikiak baititu, garrantzitsua da azpijana ematea bolari nahi den lekura bidali eta txirloak botatzeko. Botatzen den txirlo bakoitzeko, puntu bat kontatzen da eta ez baldin bada txirlorik botatzen jokaldi hutsa adierazi eta baliogabetzen da. Txirloen ostean, zenbait enbor daude (atzeko anporra), bolak bertan jotzen baldin badu, zarata egin eta bertan geratzeko asmoarekin.

Bolalekuak, Aramaioko udalerria osatzen duten elizate desberdinetako auzo-elkartearena dira. Urtero, enkantean ateratzen ziren honen erabilera eta ustiapen eskubideak, elizateko jaietako gastuak ordaintzeko. Enkanteko irabazle edo errematantea, diru gehien opatu duena enkantean, zen bola partida berriak antolatzeaz arduratuko zena urtean zehar. Horretarako, seinaleak saltzen zituen (normalean jokorako kartak) jokaldian parte hartu nahi zutenen artean, eta jokalari desberdinen artean, jaurtiketa bakoitzeko bana. Jokoa, bere seinalea erakusten duen bolari batek hasten zuen, behin jaurtiketa egindakoan, zenbat txirlo bota zituen ikusten zen eta bigarrenari ematen zitzaion jaurtitzeko aukera. Jaurti aurretik, bere karta lehen jokalariari ematen zion eta jaurtiketan, lehen bolariak botatako txirlo kopuru bera edo txikiagoa botatzen bazituen, kanporatuta geratu eta seinalea galtzen zuen. Gehiago botako bazituen ordea, lehena geratuko zitekeen kanporatuta. Hirugarren bolariak, bere seinalea irabazle geratu zenari emango ziokeen eta horrela jarraituko zukeen jokoak ahalik eta bolari bakar batek seinale guztiak zituen arte. Dena den, berdinketa (parrakua) baldin bazegoen norgehiagokaren batean, beranduen sartu zen jokalaria kanporatu bai, baina bukaeran berdinketa lortu zuen bolariaren aurka berriz jokatzeko aukera izaten zuen. Azkenean, seinale guztiak jokalari baten esku geratzen zirenean, errematantearengana jo eta seinaleak diruagatik trukatzen zizkion, hauek saldutako prezioaren arabera eta enkantantearen esku geratuz ehuneko txiki bat.

Araozko bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Araotz auzoan jokatzen den aldaera da hau, lau txirlorekin.

Bederatziko joko gobiarandarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatziko joko gobiarandarra.

Hiru oholtzar jokoaren oso antzekoa den aldaera hau Gaubea haranean (Araba mendebaldean) jokatzen da, Valderejoko haranean izan ezik. Bolatokia ez da laukizuzena, hexagono irregular baten forma baitu. Hiru oholen gainean, ilaran kokatzen dira bederatzi txirlo (50-60 zentimetro altu eta 6-7 cm diametrodunak), beste horrenbeste ziriren gainean. Esan behar da, txirlo hauek nahiz eta kono moztuaren forma izan, oinarria ez dutela guztiz leuna eta jartzen den moduak baldintza dezakeela jokoaren garapena.

Badago beste txirlo txikiago bat, miko edo mikis izenekoa, garrantzi handiena duena jokoan. Berau, txirloen bigarren lerrotik atzeragoko edozein lekutan jar daiteke eta bi bolari edo bi bolari taldeen artean zozketatzen da nork jarriko duen, maiz txanpon bat airera botaz.

Txirloen aurrean, konbergenteak diren hiru ohol daude (senda izenekoak), non jaurtiketa gunetik botatzen den bolak hartu behar duen lur. Dena den, modalitate honetako zenbait bolatokitan ez dago honelako oholik eta bolak edozein lekutan har dezake lur, txirloen lehen lerrotik baino lehen, betiere.

Bolak diametro eta pisu desberdinetakoak dira, bolari bakoitzak nahi duen mota aukeratu ahal izateko eta eskuzulo motakoak dira.

Jokoak bi fase desberdin ditu. Lehenengoan, bolari-talde bateko bolari banak bi jaurtiketa ditu, jaurtiketa gunetik egin eta airez joan ondoren, bola txirlo aurreko oholetariko baten jo behar dutenak baliodunak izateko. Botatako txirlo bakoitzak puntu bana balio du, hurrengo salbuespenekin:

  • mikoak lau puntutako balioa du, eta berau bakarrik botatzen baldin bada, bostekoa.
  • txirlo handien arteko erdikoa bakarrik botatzen baldin bada (3x3 laukizuzeneko zentroan dagoena), bi puntutako balioa du txirlo hori bakarrik botatzeak.

Jaurtiketan, txirloak bota ostean, bolak atzeko ohola jo behar du jaurtiketak balioduna izateko. Hala ez bada, morra adierazten da. Bolak, txirloen aurreko oholetariko baten ez badu lur hartzen edo txirloen lehen lerroaren ostean hartzen baldin badu, calva adierazten da eta jaurtiketa ez da balioduna. Txirlorik bota ez duen eta gainera morra edo calva egin ez duen jaurtiketari blanca edo zuria deritzo, ez duena punturik balio.

Bolari-talde oso batek bota ondoren, aurkako taldeak botatzen du (gogoratu bolari bakoitzak birritan jaurtitzen duela) eta talde bakoitzak lorturiko puntuak batzen dira. Aldea, bi puntuen arteko desberdintasunaren erdia da. Hau da, lehen taldeak 10 puntu lortuz gero eta bigarrenak 14, bigarren taldea bi txirlogatik joango da irabazten. Normala den moduan, posible da txirlo erdigatik irabaztea.

Lehen fase honen ondoren, bigarren fasean, mikoa kendu eta bolari bakoitzak jaurtiketa bakarra egiten du, txirloek osatzen duten laukiaren eta jaurtiketa-gunearen kontrako aldean dauden bi erpinetariko baten. Bola eskuan duela, txirlo bati eman eta jo ostean askatuko du bola, txirloaren efektu eta bolarekin beste txirlo batzuk botaz. Fase honetan, botatako txirlo guztiak kontatzen dira eta ez dago baliogabeko jokaldirik.

Bukaeran, lehen fasean lorturiko aldeari bigarren fasean botatako txirlo kopurua gehitzen zaio, batura hau izanik jokoaren azken emaitza. Galdu duen taldeak, eskubidea du hurrengo jokoan miko edo mikisa nahi duen lekuan jartzeko (esan bezala, txirloen bigarren lerro horizontaletik atzera).

Bederatzi txirlo jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun Ipar Euskal Herrian bola-jokoan ia jokatzen ez den arren, uste da Bearnon komuna den quilhas de nau (bederatziko txirloak) jokoaren arau berekin jokatu izan zela. Birlak karratu bat osatzeko antolatzen dira, hirunaka lerro desberdinetan. Ondoz-ondoko bi txirloren arteko distantzia, birla baten altueraren berdina izan ohi da. Karratuaren erdian dagoen birla bereizgarri bat du eta andre deritzo Lapurdin. Helburua, bolarekin, birla bat bota eta birla eta bolaren laguntzarekin birla jakin batzuk botatzean datza.

Baionako euskal eta historia museoak, bederatzi txirlo jokoaren erakusketa du, ia metro bateko garaiera duten txirloekin[14]. Gaur egun, Hazparneko Birlabolak elkarteak aldaera honen zenbait txapelketa eta erakusketa antolatzen ditu.

Berantevillako hiruko jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berantevillako hiruko jokoa.

Aldaera hau Ihuda errekaren haranean —Arabako hego-mendebaldean— jokatzen da, nagusiki Berantevillan, Armiñonen, eta azken horretako herria den Estavillon. Jokoa Erriberakoaren antzekoa da. Bolatokiak trapezio forma du, hiru metro zabal da bolaria dagoen tokian, bi metro zabal txirloen aldean eta hogei metro luze da. Txirloak eta bolariaren artean, egurrezko gida, bide edo loma dago (20 zentimetro zabal eta 18 metro luze dena), bolak jo behar duena jaurtiketa gunetik botatzen denean eta beraren gainean mantendu behar da txirloen gunera heldu arte. Hiru txirloak, diagonalean daude kokaturik gidaren arabera. Lehen txirloa (kantoia), gida bukatzen den lekuan dago kokaturik, eskuineko erpinean. Azkena, lehen txirlotik bi metrora eta gidaren kontrako ertzaren altueran. Erdikoa, bi txirloak lotzen dituen lerro irudikariaren erdian dago.

Bola, 15 zentimetroko diametroa duelarik, jaurtiketa gunetik airez botatzen da gidara eta bertan mantendu behar da jokaldi baliagarria izateko (kontrakoa gertatzen baldin bada desgarra adierazten da) eta jokaldian lorturiko puntuazioa, botatako txirlo kopuruaren berdina da.

Bermeoko bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bermeoko bola jokoa

Bermeoko aldaera, iragan den mendeko 60. eta 70. hamarkadetan galdu zen. Modalitate honetako azken bolatokia, Bermeoko Artika auzoan zegoena baserri-txakolindegi bati lotuta, 1983ko uholdeetan galdu zen[15]. Jokatzeko gunea laukizuzena da, 13,5m luze eta 1,5m zabal dituelarik. Jaurtitzailearen aldean, bi -batzuetan hiru- ohol xafla daude, bata bestearekiko paralelo, jokatzeko gunearen alde bakoitzean. Beste aldaera batzuetan bezala, bola xafla hauen kontra botatzen da, abiadura mantentzen laguntzeko, lurrera zuzenean botatzean abiadura galtzen baita. Bukaerako muturrean, egurrezko taulak lotzen ziren erpinetan, hexagono erdi bat sortuz.

Joko honetan lau txirlo erabiltzen dira: hiru nagusi eta bosteko bat. Nagusiak, hexagono erdiaren lerroei jarraituz jartzen dira, triangelu bat osatuz; bostekoa, aldiz, aurrealdean dauden bi nagusietariko baten aurrean jartzen da, bolak jarraitu beharreko norabidea finkatuz. Bolak, helduleku gisa, bi zulo ditu: bat erpururako eta beste handiago bat eskuko beste lau atzamarretarako.

Honela garatzen da jokoa:

  • Jaurtitzaileek, jaurtiketa xafletara bota behar dute bola. Ez badute jotzen, jokaldia baliogabetu eta jokalariak ez du punturik jasotzen. Honi, txorra edo toto deritzo.
  • Bostekoa lehen jo behar den txirloa da, jokoaren norabidea finkatzen baitu. Jaurtiketa xafla jo bai, baina txirlo guztiei huts egiten bazaio, jokalariak sei puntu irabazten ditu.
  • Helburua, bostekoa bota ostean, bolak atzeko aldeetako oholetan errebote egin ostean nagusiak botatzea da. Jaurtitzailearengandik hurbilen dauden nagusi biak botatzeak zortzina puntu balio du, urrunen dagoena botatzeak, aldiz, bederatzi.

Nagusi guztiak botatzen badira, hamalau puntu bakarrik ematen zaizkio jaurtitzaileari, bostekoarekin batera, hemeretzi izanik jaurtiketa batean lortu daitekeen puntu kopuru handiena. Normalean bi jaurtitzaileren artean egiten zen dema zen (hiru, jende asko itxaroten egonez gero), helburua 300 puntutura lehena heltzea zelarik.

Bolo-palma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bolo-palmara jokatzeko bolatokia, tiroak ikusten direlarik.

Jatorria Kantabrian duen jokoa da hau, nahiz eta migrazioaren bitartez, gaur egun Asturias eta Euskal Herrian ere jokatzen den. Bolatokia, 30-34 metro luze eta 8 metro zabal da, hiru gune nagusitan banaturik dagoelarik berau: jaurtitzeko aldea, erdiko aldea edo kaxa eta birlatzeko aldea.

Lehen zatia, bola jaurtitzeko erabiltzen den gunea da, 8 metro zabal eta 20 metro luze dituena. Zoruan, tiroak izeneko zirkuluak daude margoturik, bolariek oinak jartzeko posizio desberdinak markatzen dituztenak.

Kaxa, jaurtitzeko eta birlatzeko aldeen artean dagoen gunea da. Bertan daude 9 txirloak, metalezko oinarria dutenak (uztaia) eta 45 cm-ko altuera eta 5 cm-ko diametroa dutenak, 550-630 gramo artean pisatzen dutelarik. Txirlo hauek, 3x3-ko karratu bat osatuz kokatzen dira. Gainera, hamargarren txirlo txikiago bat dago, txakina, albo batera kokatzen dena.

Bola bera esferikoa da, 12-18 zentimetro arteko diametroarekin eta haritz-egurrez egina, batzuetan berunezko nukleo bat izaten duelarik berau astunagoa egiteko. Normalean 1,5-2,3 kilogramo artean pisatzen du.

Bolo-palmara jokatzen

Jokoa bi fasetan garatzen da:

  • Jaurtiketa: Non bolariak jaurtitzeko gunetik bola botatzen duen.
  • Birlea: Bigarren jaurtiketa non bolariak bola aurreko jaurtiketan bolak lur hartu zuen puntutik botatzen duen.

Lehen fasean, jokalaria jaurtitzeko gunean dago, gutxienez txirlo hurbilenetik 12 m-ra eta gehienez 20 m-ra, aukeraturiko distantziaren arabera. Jokalariak bola airera botatzen du, teknika desberdinak erabiliz, kaxaren ezker edo eskuinera badoa jokaldia.

Botatako txirlo bakoitzak puntu bat balio du, baina erdiko txirloa bakarrik botatzen bada, bi puntu balio ditu jaurtiketak. Hiru jaurtiketa egin ostean, jokalaria birlatzeko gunera igarotzen da. Hor, hiru jaurtiketa egiten ditu, aurreko fasean hurrenez-hurren bolak lur harturiko guneetan; horri birlatzea deritzo.

Gerta daiteke ere bigarren fase horretan jaurtiketa bat egin ezin ahal izatea. Horren arrazoia, bolak flejea (jaurtitzeko gunea eta kaxa banatzen dituen lerroa) baino lehen lur hartu izana da, edota kaxaren eskuin eta ezkerrera dagoen zorua jo izana.

Joko honetan irabazteko hainbat era daude, esate baterako adosturiko botatako txirlo kopuru batera helduz (normalean 20 eta 40 artean), zortzi bola botaz eta desafio desberdin batzuk beteaz eta abar.

Burgosko bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burgosko bola jokoak jatorria Burgosen duen arren, Euskal Herrian ere jokatzen da, bertakoek ekarrita Basauri (1980) eta Gasteiza (1985). Aldaera hau Burgos kanpora hedatuta dagoenez hainbat txapelketa antolatu dira Burgos, Bizkaia eta Arabako taldeen artean.

Burgosko bola jokoaren ezaugarri nagusia, bi mailatan jokatzen dela da, goiko jokoa eta beheko jokoarekin.

Ea aldekoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ea aldekoa

Izenak dioen bezala, Ea herri bizkaitarrean jokatzen den aldaera hau, gaur egun, galtzeko arriskuan dago: bi bolatoki geratzen dira bakarrik, Natxitua eta Bedaroan eta lehenengoa estalita dago, biltegi modura erabiltzen baita. Bedaroakoa auzoko jaietan erabiltzen da batez ere. Jakina da modalitate honetako beste zenbait bolatoki izan zirela Ereñon.

Aldaera hau 23m-tako luzera eta 1,8m-tako zabalera duen hondodun lurrezko zorudun bolatokian jokatzen da. Bolek atzamar zein eskuetarako zuloak dituzte eta 8 kg-ko pisua. Azken hauek 4m luze den plataforma batera jaurti behar da jaurtiketa balioduna izateko. Helburua, beste aldean dauden hamar txirloak botatzea da, 9 handi (45 cm-ko altuera) eta txiki bat (handien altuera erdikoa), zeina handien aurrean dagoen, eskuin, ezker zein zentroan.

Txirlo handiak hirunaka antolatzen dira (bata bestearen atzean) kontrako muturrean. Jaurtitzaileak txirlo txikia bota behar du (bost puntu balio dituena) baliodun jaurtiketa izateko; beste txirloek puntu bana balio dute. Alboetako hormen kontra errebote egindako bolak botatako txirloak ere baliodunak dira.

Erremonte barrundiarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erremonte barrundiarra.

Araba ekialdean jokatzen den aldaera da hau, Barrundia, Agurain eta Asparrenan nagusiki. Arabar bolaren oso antzekoa da, baina, kasu honetan, loma erdian egon beharrean, eskuinaldean dago, txirloen antolaketa aldatzen delarik, Arabar boloaren Y forma, triangelu angeluzuzen bihurtzen delarik. Erremonte izena, muinoaren eskuineko aldean dagoen aldapa txiki batetik datorkio, zeina bolari efektua emateko erabili daitekeen, ezkerreko txirloak botatzeko, behin kantoia botata.

Erriberako hiruko jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araba hegoaldean jokatzen den aldaera da hau, Zanbrana, Erriberabeitia, Santa Cruz del Fierro, Gatzaga Buradon eta Samaniegon jokatzen dena. Bolatokiak, zapaldutako lurrezko zorua duena, 4 metro zabal eta 20 metro luze ditu eta bertan kokatzen dira hiru txirloak eta bolak jarraitu beharreko ibilbidea markatzen duen gida. Txirloak 30 zentimetrotako altuera dute eta 7 edo 8-tako diametroa, normalean haritz edo hurritzez egurrez eginda daudelarik.

Txirloak, zoruan propio jarritako takoen gainean jartzen dira, gidaren ostean lerro zuzenean bata bestearen atzetik, metro bateko distantziara gutxi gora-behera. Lehen txirloari kantoi deritzo, bigarrenari erdikoa eta hirugarrenari azkena. Bolak hamabost zentimetrotako diametroa duten esferak dira.

Gida, senda edo bidea izenekoa, bolaria eta txirloen artean dagoen gainazal garaia da, bolatokiko zorua baino bi-hiru zentimetro altuagoa delarik. Hau bi zatitan dago banaturik: lehen zatia, bolariarengandik hurbilen dagoena, egurrezko (normalean haritz egurra) ohol batek osatzen du, 2 metro luze eta 20 zentimetro zabal dituelarik eta bigarrena, oholaren altuera berdinera eta honi loturik, lurrez eginiko pasabidea, hamabi edo hamahiru metro luze dena.

Bolariak bideko oholetik bi metrotara egiten du jaurtiketa, eta airez doa bola oholean jo arte. Jaurtiketa baliagarria izateko, beharrezkoa da bolak oholean jo, bidetik ez erori eta gutxienez kantoia botatzea. Ez baldin bada horrela, mala adierazi eta jokaldian botatako txirlo kopurua ez da zenbatzen. Bi txirlo botatzen badira dosada deritzo jokaldiari eta aldiz, hiruak bota baldin badira, tresada edo jokaldi nagusia.

Errioxako jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errioxako jokoa.

Arabar Errioxan jokatzen zen aldaera da hau, Ameskoako jokoaren oso antzekoa. Ez da bolatokirik behar eta edozein zoru lau nahikoa da jokatzeko. Txirloak, hirunaka paratzen dira, bi lerro horizontaletan, txirloak eta jaurtitzailea lotzen dituen lerro irudikariaren perpendikularrean. Jaurtigaia, ez da bola bat, baizik eta gazteleraz manilla (helduleku, eskutoki) deritzon kono moztua, luzeraz 15 zentimetro eta diametro handiena 6 cm-koa duelarik. Jokoak, gaztelerazko izena hartzen du jaurtigatik, (juego de manillas riojano) eta txirloen arteko distantzia ere baldintzatzen du: lerro bereko bi txirloren arteko distantzia, jaurtigaiaren diametro handienaren berdina da, eta jaurtigaiarena den luzera bera du bi lerroen arteko distantziak. Bolaria, txirloetatik bost metrotara jartzen da (normalean lerro bat margotzen delarik zoruan), txirloek osatzen duten laukizuzenaren alde zabaletako bateri begira.

Jokoaren helburua, gehienez hiru jaurtiketa erabilita (gutxiago erabiliz gero, hobe), txirlo bakarra zutik uztea da. Ez bada helburua lortzen, txirlo kopuru bakoitia uztea da bigarren helburua. Noski, ez da berdin kontatzen lehenengo jokaldian txirlo bakarra uzteak edo lehenengoan lortzeak. Jokaldirik onenari, hots, jaurtiketa bakarrarekin txirlo bakarra uzten duen jokaldiari, non, ona edo gazteleraz buena deritzo. Txirlo guztiak botaz gero edo kopuru bikoitia utziz gero hiru jaurtiketen ostean, jokaldirik txarrena alegia, par, pare, ezer ez edo gazteleraz nada adierazten da eta jokalariak ez du punturik jasotzen.

Hona hemen jokaldi bakoitzeko (hiru jaurtiketa) puntuazio posible guztien taula, geratzen diren txirlo kopuru eta erabilitako jaurtiketen araberakoa:

Zutik geratzen den
txirlo kopurua
Jaurtiketa kopurua Lorturiko puntuak
1 1 15
1 2 10
1 3 5
3 3 3
5 3 1
bat ere ez edo kopuru bikoitia 3 0

Normalean banaka edo jokalari desberdinek osaturiko taldeen artean jokatzen da, jokaldiz-jokaldi lorturiko puntuak gehituz doazelarik. Norgehiagoka hasi baino lehen paktaturiko jokaldi kopurua pasatzen denean, puntu gehien lorturiko aldea da irabazlea. Berdinketa egonez gero, jokaldi eta jaurtiketa bakarrera jokatzen da berdindu duten aldeen artean, berdinketa desegiteko.

Eskuzulo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuzulo.
Donostiako Trinitate plazan 1936an jokaturiko eskuzulo partida.

Gipuzkoa erdi eta ekialdean jokatzen den aldaera da hau. Bolak arte egurrez daude eginda eta 7 eta 9,5 kilo artekoa pisua dute. Txirloak jaurtitzailea dagoen tokitik 22 metrora daude, 45 zentimetrotako altuera eta gehienez 9 cm-tako diametroa izaten dutelarik[16]. Bederatzi txirlo egoten dira 3x3ko karratua osatzen[17], bertikal eta horizontalki bata bestearengandik metro erdiko distantziara. Bolarekin botaz gero, puntu bateko balioa du honelako txirlo bakoitzak.

Hamargarren txirlo txikiago bat ere egoten da (txaparrua edo amona), jaurtitzailearen eta gainontzeko txirloen artean kokaturik egoten dena (bolatokiaren ezkerrean txirlo taldetik sei metro eta erdira) bolak jarraitu beharreko ibilbide ideala oztopatzen. Bolariak txaparrua botatzekotan, jaurtiketan lorturiko puntuak (botatako beste txirlo handiagoen kopurua) baliogabetzen dira. Era berean, bolak, jaurtiketa-ohola jo behar du (5 edo 6 metro luze izaten dena) jaurtiketa balioduna izateko[16]. Bola txirloetara heldu baino lehen txirloetako bat eroriko balitz edo txirlo guztiak era egokian jarriak ez balira egongo, jokaldia berriz errepikatu beharko litzateke. Behin bola bolatokiaren amaierara helduta, zoruan beheragune ohi da, berriz ere bolari atzera egitea galarazten diona[16].

Izena, erabiltzen duen bola-motagatik hartzen du, dituen bi zuloetan eskuko atzamar guztiak sartu baitaitezke.


Gesaltzako bola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gesaltzako bola

Ia esklusiboki Gesaltza Añanan jokatzen den aldaera da hau, hortik izena. Bolatokian, hiru gune ezberdindu daitezkeelarik bertan:

  • Bolariak kokatzen diren jaurtiketa gunea. Jaurtiketa ohol bat dago bertan, lomarekiko perpendikularra dena.
  • Loma edo ohola dagoen gunea. Oholak 18 eta 20cm arteko zabalera izaten du eta 18 eta 20m arteko luzera.
  • Txirloen gunea. Lau txirlo egoten dira guztira, euskarri berezien gainean kokaturik. Hiru txirlo handi (kantoia, erdikoa eta azkena) eta txiki bat daude (txikito)

Bolak, 1,8 eta 2,6kg artekoak izaten dira, jaurtitzailearen kategoriaren arabera erabiltzen direlarik batzuk edo besteak. Hauek, oholean zehar bota behar ditu bolariak, Arabar bola jokoan eta Kanaleko hiru txirloen antzera. Helburua lau txirloetatik hiru handiak botatzea da (txikitoa botaz gero jaurtiketa baliogabetu egiten da) eta txirlo handi bakoitzaren eraisketak puntu bana balio du.

Herriko jaietan, San Kristobaletan, txapelketa egiten da herriko bolatokian.

Hiru oholtzar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru oholtzar

Aldaera honek ere Burgosko Merindadeak eskualdean du jatorria, migrazioaren bitartez sartu zelarik Bizkaia mendebaldean. Valderejon, aldiz, aspalditik dago errotuta joko hau, non, losino deritzon aldaera honi, ondoko Lausa haranetik datorrelarik izendapena. Bisualki ikusgarria den aldaera hau 30 m metro luze eta 6 m zabal dituen bolatokian jokatzen da, bolek 5–7 kg arteko pisua eta 28 cm-ko diametroa dutelarik. Bolak bederatzi txirlo handiren (35-40cm-ko altueradunak) kontra jaurtitzen dira, hauek karratu batean antolaturik daudela (bata bestearen atzean hirunaka), lerro bakoitza oholtza baten gainean dagoelarik (hortik izena). Txirlo bakoitzak puntu bakarra balio du, karratu erdikoak izan ezik, bi puntu balio baititu. Helburua txirloak euren jatorrizko kokalekutik ahalik eta gehien sakabanatzea da. Badago baita txikiagoa den beste txirlo bat (20 cm-ko altuera), miko edo cuatro deiturikoa, lau puntutako balioa duena. Jokoaren arabera, jaurtitzaile bakoitzak bi edo lau bola ditu errondako eta mikoa txirlo handien atzean bi posizio desberdinetan kokatzen da.

Aldaera honetan, bola eta bolatokiaren erdialdea bustirik mantentzen dira eta jaurtitzaileak erdiko txirloen lerrora airez botatzen du bola, biraka, mikoa ere harrapatzeko saiakeran, zeina atzean dagoen, erdiko lerroaren ezker edo eskuinera. Jaurtiketa balioduna izateko, bolak txirloen aurretik dagoen lerroa airetik pasa behar du, txirloak kokaturik dauden oholtzetariko bat ukitu eta zelaiaren atzealdean dagoen marra gurutzatu. Honela deritze falta desberdinei:

  • morra adierazten da bolak zorua ukitzen badu txirloak dauden oholtzetara heldu aurretik
  • zula adierazten da bola ez bada atzeko lerrora ailegatzen
  • blanca edo zuria adierazten da bola ez bada oholtzaren baten inguruan erortzen

Falta adieraziz gero, jaurtiketa baliogabetu egiten da eta jaurtitzaileak ez du berriro jaurtitzeko eskubiderik izaten.

Baliodun jaurtiketa baten ostean, bolak atzeko lerroa pasa duenean, jaurtitzailea atzeko gunera doa (cas de birle izena duena) eta aurreko jaurtiketako bola geratu den tokitik bigarren jaurtiketa egiten du, baina mikoa kenduta. Berriz ere, bolak airez joan behar du oholtzetaraino, eta hori dela eta, txirloen atzealdea adierazten duen lerroa ere marraztu egiten da, aurrekoaren funtzio bera egiten duena (jaurtiketaren norantzaren arabera hartzen da kontuan bata edo bestea).

Federaturiko modalitate honetako hainbat bolatoki aurki daitezke Euskal Herrian: Portugalete, Sestao, Bilbo (Etxebarria parkean), Basauri eta Laudion. Euskal Herritik kanpo, aldaera hau Burgos eta Kantabrian ere badago hedatuta.

Kanaleko hiru txirlo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanaleko hiru txirlo
Etxaguengo (Aramaio) bolatokia.

Kanaleko hiru txirlo edo hiru txirlo arrunta, Bizkaia ekialde, Gipuzkoa mendebaldean (Debagoiena eta Debabarrena) eta Aramaion hedaturik dagoen aldaera da.

25m luze eta 2,5m zabal den bolatokian jokatzen da, bolak egurrezkoak izaten dira eta 2,5kg pisua dute, atzamar eta eskurako zuloa dutelarik. Berezitasun gisa, bolak ez dira guztiz esferikoak. Jaurtitzaile bakoitzak bi bola jasotzen ditu erronda bakoitzean. Txirloek 21cm-tako altuera izaten dute eta 5cm-ko zabalera, lerro batean antolaturik egoten direlarik, bata bestearen atzean, euren artean metro bateko distantzia egoten delarik.

  • Eskua deritzo jaurtitzailetik hurbilen dagoen txirloari
  • Erdikoa edo zila erdian dagoenari
  • Guena jaurtitzailearen posiziotik urrunen dagoen txirloari

Txirloen eta jaurtiketa gunearen artean, eskuinaldean, 19m luze den kanala dago, zorua baino maila bat altuago dagoena eta kanala, pista edo ibilbidea izena hartzen duena. Baxuago dagoen lurrezko zoruari kalea deritzo. Bola jaurtiketa oholaren kontra jo behar da eta txirloetara bota kanalean zehar, kalera jausiz gero jokaldia baliogabetzen delako. Hau izanik jokoaren parterik zailena, efektua ematen zaio bolari kanaletik ez erortzeko:

  • azpijana eman, bola mugitzen ari den kontrako norantzan biraraztea,
  • gainjana eman, bola mugitzen ari den norantza berean biraraztea.

Jaurtiketan, bolak hasierako ohola jo behar du, bestela ohol-hutsa adierazten da eta jaurtiketa baliogabetu. Bola kanalean mantendu bai baina txirlorik ez badu botatzen, gain-hutsa dela esaten da. Erdiko txirloa baldin bada zutik geratzen den bakarra, erdikuts esaten zaio. Bolak horman errebote egin ostean botatako txirloen puntuak ez dira kontatzen. Jokaldi ideala, bolako ohola jo, kanaletik ez erori eta txirlo guztiak botatzen dituena da, horri, leku batzuetan birloa egin deritzo.

Apustuak botako diren txirlo kopuruaren arabera egiten dira:

  • bat baietz, bi baietz, hiru baietz esanda
  • edo kontrara bat ezetz, bi ezetz edo hiru ezetz.

Katxete[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katxete

Aldaera hau Enkarterri eta Ezkerraldean jokatzen da. Modalitate honetan jokatzeko bolatokiek carrejo izena ere hartzen dute eta jatorrian, garia jotzeko larrainak erabiltzen ziren jokatzeko.

Katxeteko bolek 3,5-4kg artean pisatzen dute eta ez dute inolako zulorik, leunak baitira. 4-6 txirloek 1kg pisatzen dute, 9cm-tako altuera dute eta forma berezia dute: bolen antzekoak dira baina poloetatik lauak. Honen arrazoia, eurak jarrita dauden takoa (haritz egurrez eginiko txirloen euskarria) ez delako laua, inklinatua baizik, alderik baxuena jaurtitzailea dagoen tokitik hurbilen egonda eta altuena, urrunen. Txirloak V forman antolatzen dira eta V-aren erpina jaurtitzailea dagoen lekutik kontrako norantzan begira egoten da. Takoaren aurrean ur putzua dago eta honen zioa, jaurtitzailearen laguntzaileak (armadorea izenekoa) jaurtiketaren aurretik txirloak eta takoa busti ahal izatea da, txirloak bertan sartuta.

Helburua, txirloak lurrean dauden zirkuluerdi formako bi marra igarotzea da, bolatokiaren mugak markatzen dituztenak. Lehenengo marra, takotik hamar metrora dago eta, bigarrena 18,5m-tara. Puntuak zenbatzeko, bolak lehen marra igaro behar du, bestela txorra adierazten da eta jaurtitzaileak ez du punturik jasotzen. Behin bolak lehen marra igarota, lehen marra igaro duten txirloek puntu bana balio dute, eta bigarren marra igaroz gero, bina. Partiduak berrehun edo hirurehun puntutara izaten dira.

Modalitate honetako bolatokiak Muskiz, Abanto-Zierbena, Santurtzi, Ortuella, Trapagaran, Barakaldo eta Gallartan aurki daitezke.

Leongo jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaurtigaia Leongo jokoan

Aldaera honek ere jatorria Euskal Herrian ez duen arren, gaur egun bertan ere jokatzen da, Leonetik etorritako etorkinek ekarririk. Bizkaian, modalitate honetako hiru bolatoki daude: Basauri, Txurdinaga eta Portugaleten.

Leongo jokoa

Bolatokiaren neurriak 25-30m luze eta 9-10m zabal izaten dira, bi zati nagusitan egoten delarik banatuta: alde batetik castroa, non hamar txirloak egoten diren eta bestetik, jokatzeko gunea. 55cm-ko altuera duten bederatzi txirlo daude eta 30cm dituen miche izeneko txirlo txikiago bat. Michearen kokapenaren arabera erabakitzen du jaurtitzaileak jaurtiketaren norabidea. Txirlo handienak 3x3ko karratu batean antolatzen dira, erdikoak medio edo erdikoa izena izaten duelarik.

Modalitate honetako ezaugarririk nagusienetakoa da, jaurtitzeko erabiltzen diren bolak ez direla esferikoak, esferaerdiak baizik. Kilogramo bat pisatzera hel daitezke eta 14cm inguruko diametroa izaten dute.

Castroaren inguruan zenbait marra daude:

  • hamaikaren marra: chincónetik, michera doan lerroa
  • marra osagarria: michetik hirugarren txirlora doana
  • parada: 2,25m-ko diametroa duen eta castroa inguratzen duen marra zirkularra da.
  • sobrecastro: castroaren atzean eta bertatik 50cm-ra dagoen marra.

Jaurtitzailearen errondan, bi zati daude. Lehenengoan, eskua izeneko jaurtiketa gunetik (castrotik 6-22m artean) bola botatzen du airez castrora. Zorua ukitzen duenean (zorua umel egoten da), ezin du ez errebote egin ezta bertan geratu ere, biratzen jarraitu behar baitu jaurtiketa balioduna izateko. Jaurtiketa balioduna izaten bada eta bolak paradatik kanpo bukatzen badu, honela kontatzen dira jokaldiko puntuak:

  • bolak ez badu castroa ukitzen, cinca adierazten da eta jaurtiketak ez du punturik balio
  • bolak erdikoa bakarrik botatzen badu, jaurtiketak bi puntu balio ditu.
  • bolak ez badu txirlorik botatzen edo bakarra botatzen badu, jaurtiketak sei puntu balio ditu
  • bolak bi txirlo botatzen baditu, jaurtiketak zazpi puntu balio ditu; txirlo gehiago botatzen badira, botatako txirlo gehigarri bakoitzak puntu bana balio du
Castroa

Badira botatako txirloen eta bolak eginiko ibilbidearen konbinazio berezidun jokaldiak. Esate baterako bolak, castroa ukituz gero eta michea botatzen badu paradatik kanpo bukatuz, ahorcada adierazten da eta jokaldiari 16 puntu ematen zaizkio.

Bigarren atalean, birlaketa izenekoa, jaurtitzaileak bigarren aldiz jaurti dezake bola castrora aurreko bola gelditutako leku beretik, baldin eta paradatik kanpo bada. Zati honetan, michea bakarrik botatzen da eta ez da punturik banatzen.

Oholtzar pasaboloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oholtzar pasaboloan jokatzen, Colindresen (Kantabria).
Oholtzar pasaboloa

Bizkaia mendebaldea, Kantabria eta baita Burgosen ere jokatzen den aldaera da hau, Katxetearen nahiko antzekoa.

Bolatokia hiru zatitan banatzen da. Lehena, jaurtiketa gunea da, 6m luze dena eta jaurtitzaileak bertan korrika egiten duena bola jaurtitzeko. Bolak bost eta zazpi kilo arteko pisua du eta atzamar zein eskurako zuloak ditu. Bola 8m-tako ohol batean zehar doa (oholtzarra) eta honen bukaeran daude hiru txirloak, hemen zerrendaturiko txirlo guztien artean arinenak direnak (100g bakoitzak), oholtzarreko hiru zulotan buztinaren laguntzaz finkaturik. Oholtzarra heze mantentzen da eta forma konkaboa du, bola errazago joan ahal izateko beretik zehar. Txirloetatik ez oso urrun hesi bat aurki daiteke, pasaboloa. Honek bola geldiarazten du, baina izatez, pasaboloaren atzean dago puntuatzeko gunea, marren zelaia. Zelai hau 20m zabal eta 50m luze da eta bolarekin jotako txirloek berau gurutzatzen duten marra ahalik eta gehien gurutzatzea da helburua. Oholtzarretik hurbilen dagoen marra gurutzatzeak 10 puntu balio du txirloko eta urrunen dagoenak 70. Beraz, jaurtiketako lor daitekeen puntu kopuru altuena 210ekoa da.

Joko bakoitzeko jaurtitzaile bakoitzak 8 bola izaten ditu eta bukaeran puntu kopuru altuena duenak irabazten du.

Olazabalgo bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Olazabalgo bolo jokoa

Olazabalgo zazpi boloen jokoa, izen bereko auzo dimoztarrean bakarrik jokatzen den aldaera da, bolatoki ezagun bakarra dagoelarik modalitate honetan jokatzeko. Urtean behin egiten da lehiaketa, auzoko San Roke jaietan. Munadun erremontearen antzekotasunak dituenez, ematen du aldaera honetatik garaturiko modalitatea dela.

Bolek esku eta atzamarrentzako zuloak dituzte eta 5-6kg artean pisatzen dute. Sei txirlo handi (36cm-ko altuera) eta txirlo txiki (26cm) bakarra daude. Bolatokiak laukizuzen forma du, 20 metro luze eta 4 metro zabal delarik. Ezaugarri nagusi modura, bolatokiko aldeak okerrak dira eta erdian muna luzanga dauka, elkarrekiko paraleloak diren bi kanal zabal eratuz. Kanalen hasieran, jaurtiketari indarra emateko ohol bi daude. Bukaeran, txirloen atzean, bolatokiak amaiera laua du, ez du inklinaziorik. Txirlo handiak pixka bat diagonalak diren lerroetan daude antolaturik, hirunaka. Hiruko lerro bakoitza kanal bakoitzaren bukaeran dago kokaturik. Txirlo txikia, bi lerroen artean kokatzen da. Txirloak ez dira harlauza berezien gainean jartzen, beste aldaera askotan bezala eta honek, bukaerako inklinazio ezarekin batera, jokoan asko eragin handia du, txirloak botatzea zailtzen baitu.

Puntuatu ahal izateko, jaurtitzaileak bola hasierako oholaren kontra bota behar du, ostean alboetako hormaren bat joz. Orduan, txirloak botatzen ditu (zeintzuek beste txirlo batzuk bota ditzaketen), botatako bakoitzak puntu bana balio duelarik. Azkenik, txirloak bota ostean, bolak bukaerako ohola (topea) jo behar du. Hala ez bada, txorra adierazten da eta jaurtiketa baliogabeturik geratzen da.

Oñatiko sei txirlo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatin jokatzen den aldaera da hau. Herriko jaietan, San Migeletan, txapelketa egiten dute San Martin zelaiko bolatokian.[18]

Sei txirlo jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sei txirlo jokoa.

Sei txirlo jokoa edo Gaskoiniako jokoa, Gaskoinian jokatzen den aldaera da, Baionan ere jokatzen delarik. Joko hau Errioxakoaren oso antzekoa da, helburua txirlo guztiak bat izan ezik botatzea baita. Hala izaten baldin bada, puntu bat jasotzen du jaurtiketak, bestela, bat ere ez. 12 jaurtiketa ditu bolari edo hiru bolariz osaturiko talde bakoitzak eta ostean puntu gehien dituen aldea da irabazlea. Jaurtigaia, maillet izenekoa, 6 txirloen kontra jaurtitzen da (aurreko lerrokoek 50 cm-ko altuera dute eta atzeko lerrokoek 55 cm-koa, aurreko lerrotik 30 cm-tara daudelarik kokatuta) 8-11 m-ko distantziatik, bolarien kategoriaren arabera. Txirloak, pité izeneko lekuan kokatzen dira, eta tringle izeneko marra dago bolari eta txirloen artean, jaurtitzaileak ezin dezakeena gurutzatu jaurtiketa egiterakoan. Baionako bestetan txapelketa egin ohi da.[19]

Zabaleko hiru txirlo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zabaleko hiru txirloan jokatzen, Berrizko Urdaiaga baseliza ondoan.
Zabaleko hiru txirlo

Zabaleko hiru txirlo, gehien bat Berrizen (Bizkaia) jokatzen den aldaera da, gaur egun geratzen diren bolatoki gehienak udalerri horretan baitaude (beste bat Iurretako Garaizar auzoko San Mames baselizaren ondoan dago): Andikoa, Sallobente eta Olakuetan besteak beste. Olakuetakoa kenduta, eliza edo baselizetako hormetara loturik dauden bolatokiak dira gehienak, hormaren araberakoak izanik bolatokiaren neurriak. Beste batzuk, zelaiko aldapa naturala erabiltzen dute bolatokia egiteko. Dena den, Olakuetakoa da berriena eta beraz, estandar modura ere har daiteke.

Olakuetako bolatokia 18,5m luze da eta 2,5m zabal. Bolatokiek, ezkerreko aldean lurrezko aldapa izaten dute. 2kg-dun bolak eta 21cm-ko altuera duten hiru txirlo txiki daude. Kanaleko hiru txirloen antzera, lerro batean antolatzen dira, baina metro erdiko distantziarekin batetik bestera.

Aldaera honen ezaugarri nagusia, triangelu formadun oztopoa da, motie deritzona, zeinak oztopatu egiten duen jaurtitzaileek txirloetara zuzenean jaurtitzea. Horren ordez, jaurtitzaileek ezkerreko inklinaziorantz bota behar dute bola, ibilbide kurbatuari esker txirloak alboz botatzeko. Botatako txirlo bakoitzak puntu bana balio du.

Bolak bukaerako hesia jo ostean botatako txirloek ez dute punturik kontatzen. Bolari bakoitzak bi bola botatzen ditu errondako, zeintzuek jaurtiketarako ohola jo behar duten, txorra adierazi eta jokaldia baliogabetu egiten baita bestela.

Zeanuriko bola jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeanuriko bola jokoa

Aldaera hau Zeanuri herri bizkaitarrean jokatzen da bakarrik, bertako lau auzotan (Otsemendi, Ipiñaburu, Altzuaga eta Egileor) geratzen direlarik modalitate honetan jokatzeko bolatokiak.

Bolatokiaren luzera 19-26m artekoa izaten da, eta zabalera, 2,5-3,5m artekoa. Horrez gain, bolariaren aldean jaurtiketarako ohola dago (bolak jo behar duena jaurtiketa balioduna izateko) eta beste muturrean zubile izeneko taula, txirloen atzean, bolatokia itxiz. Jokatzeko gunearen erdigunean katxine izeneko taket txikia dago. Lau txirlo daude, hiru handiago (41cm-ko altuera) eta txiki bat (25cm) eta triangelu ekilatero forman antolatzen dira, erpina jaurtitzaileari begira dagoelarik, txirlo handiak eskuinerantz doan aldean (lehenengoa jaurtitzailearengandik hurbilen dagoen erpina da eta azkena, eskuineko erpina) eta txikia ezkerreko erpinean. Txirlo guztiek dute puntu bateko balioa. Bolek esku zein atzamarretarako zuloak dituzte eta 7kg-tako pisua dute.

Joko honetan jokatzeko era desberdinak daude. Jaurtitzaileek diru kantitate bat jarri dezakete jokoa baino lehen, arrapea izenekoa eta hiru jaurtiketa izan. Edo bestela, arrape handiagoa jarri ostean talde edo jaurtitzaile bakoitzak 6 jaurtiketa ditu, baina jaurtiketarik onena hartzen da bakarrik kontuan.

Bolariek jaurtiketa oholera bota behar dute (bestela sinka adierazten da eta jaurtiketa baliogabetu) bola eta gehienetan ezkerreko inklinaziorantz jaurtitzen da txirloak lerroan botatzeko. Jaurtiketa guztiek zubile jo behar dute jaurtiketa balioduna izateko (bestela txorra adierazten da). Berezitasun batzuk ere badaude:

  • Txirlo txikia bakarrik botatzen bada, jaurtiketak ez du punturik balio
  • Txirlo handiagoetako batek txikia botatzen badu, jaurtiketak 4 puntu balio ditu, jokaldirik onena alegia.
  • Katxine ukitzen badu bolak, jaurtiketa baliogabetu egiten da.
  • Jokalari edo talde bik berdindu egiten badute, berdinketa desegiteko gerrea izeneko jaurtiketa egiten da.

Normalean, etxekue deritzon gizon edo mutikoa egoten da jaurtiketen artean bolak bueltatu eta txirloak berriro bere lekuan jartzeko, eskupeko baten truke.

Zornotza aldeko jokoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zornotza aldeko jokoa

Zornotza aldeko bola jokoa edo munadun erremontea, Bizkaia erdialdean nahiko hedaturik dagoen aldaera da, non bolatoki gehienak baselizen inguruan dauden. 20 bolatoki inguru geratzen dira Zornotza, Ugao, Zeberio, Dima, Arrankudiaga eta Lemoan. Arrankudiagako aldaera, Aiarako erremontea eta aldaera honen arteko mugan dago: bolatokia munadun erremontean jokatzekoa da, baina puntuazioa Aiarako aldaeraren berdina. Hamar bat klubek hartzen dute parte txapelketa desberdinetan.

Lurrezko bolatoki laukizuzenetan jokatzen da, 24-27m luze eta 4,5-5m zabal direlarik. Beste aldaera batzuren moduan, ezkerreko eta eskuineko aldeak gorantz altxatzen dira, baina, ezaugarririk nagusiena erdian doan muna da, Olazabalgo jokoaren kasuan bezala, bolatokia bi kanaletan banatuz. Jaurtitzailearen aurkako muturrean, topeak, egurrezko taula batek, jartzen dio muga bolatokiari. Helburua hamar txirloak botatzea da, 9 handi (52cm-ko altuerara ailega daitezkeenak), 3x3ko karratu batean antolaturik daudenak eta txikiago bat, txakina. Bolek 10-12kg-ko pisua izaten dute, 31cm-tako diametroa eta esku zein atzamarrerako zuloak dituzte.

Jaurtitzaileak jaurtiketa gunetik botatzen du bola 3m luze den oholera (bestela lur adierazten da eta jaurtiketa baliogabetu) eta 15 bat metro ibili ostean heltzen da txirloetara. Txirlo handiek puntu bana balio dute, erdikoak izan ezik, bi balio baititu. Txakinak sei edo hamar puntu balio ditzake eta bolatokiko hainbat lekutan egon daiteke kokaturik (zonaldearen arabera), jokabidea baldintzatuz. Hala ere txakinarentzako toki ohikoenak hauek dira:

  • eskuineko sinka txirlo handien altuera berean baina harlauzatik kanpo, eskuinean.
  • ezkerreko sinka aurrekoaren moduan baina ezkerrean.
  • eskuineko seileku txirlo handien harlauzan, lehen txirlo-lerro horizontaleko erdiko txirloaren eskuinean.
  • ezkerreko seileku aurrekoaren moduan baina ezkerrean.
  • munaren gainean, txirlo handi eta jaurtitzailearen arteko erdibidean

Jaurtiketako lortu daitekeen puntu kopuru altuena 20 da, baina badaude puntu kopuru desberdina duten jaurtiketak:

  • bolak txirlo guztien alde batetik pasatzen baldin bada eta topea jo, jaurtiketak bost puntu balio ditu
  • bola txirloen artetik pasatzen bada bat bera ere bota gabe, jaurtiketak sei puntu balio ditu
  • txirlo guztiak botatzen ez diren jaurtiketetan, botatako txirlo guztien puntu kopuruaren batura balio du jaurtiketak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) History of bowling
  2. (Zorrilla, 2006) 6. orr.
  3. (Zorrilla, 2006) 7. orr.
  4. (Euskaraz) Kirolbegi:Bolo jokoa eta toka » 07-08 Urtea
  5. (Gaztelaniaz) Bola jokorako Euskal Federazioa
  6. (Euskaraz) Abarrak: Itoxurak ziñaldari Armiarma Klasikoen Gordailua (Azken eskuraketa: 2011-06-07)
  7. (Euskaraz) Bigarren Abarrak: Lakatzara sartu Armiarma Klasikoen Gordailua (Azken eskuraketa: 2011-06-07)
  8. (Euskaraz) Euskalerriko ipuñak: Jentillen bola-lekua Armiarma Klasikoen Gordailua (Azken eskuraketa: 2011-06-07)
  9. (Euskaraz) Uztaro: Gaupiztien artzuloan Armiarma Klasikoen Gordailua (Azken eskuraketa: 2011-06-07)
  10. (Gaztelaniaz) El Correo Español: El Museo de Bilbao acogerá las 'Visiones de España' de Sorolla a principios de 2009 koadroaren irudia ere badago loturan. (Azken eskuraketa: 2011-06-13)
  11. (Gaztelaniaz) Club Araba: Historia
  12. a b (Gaztelaniaz) Pere Lavega Burgués, Salvador Olaso Climent 1000 juegos y deportes populares y tradicionales: la tradición jugada 351. orr.
  13. (Gaztelaniaz) Gran Enciclopedia Navarra: Bolos
  14. Euskal Museoa: Bederatzi txirlo jokoaren argazkia
  15. Erkoreka, Anton. Etnografia de Bermeo. 137. orr.
  16. a b c (Gaztelaniaz) Auñamendi entziklopedia: Juego de bolos
  17. (Euskaraz)Eusko Jaurlaritza. Herri kirolak - Bola jokoa
  18. (Euskaraz) Goiena.net:Oñatiko bolo txapelketako irabazlea Patxi Barrena izan da
  19. Txapelketa Baionan (bideoa)

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arautegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bola jokoa