Bolo-palma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bolo-palmara jokatzeko bolatokia, tiroak ikusten direlarik.

Bolo-palma jatorria Kantabrian duen bola jokoa da hau, nahiz eta migrazioaren bitartez, gaur egun Asturias eta Euskal Herrian ere jokatzen den.[1] Bolatokia, 30-34 metro luze eta 8 metro zabal da, hiru gune nagusitan banaturik dagoelarik berau: jaurtitzeko aldea, erdiko aldea edo kaxa eta birlatzeko aldea. Aldaera hau jokatzeko bolatokiak ia Kantabria osotik zabaldu ziren, ekialdea izan ezik (Castro Urdiales, Valle de Villaverde, Soba- agian bai La Gándara herrian- eta San Pedro del Romeral)

Lehen zatia, bola jaurtitzeko erabiltzen den gunea da, 8 metro zabal eta 20 metro luze dituena. Zoruan, tiroak izeneko zirkuluak daude margoturik, bolariek oinak jartzeko posizio desberdinak markatzen dituztenak.

Kaxa, jaurtitzeko eta birlatzeko aldeen artean dagoen gunea da. Bertan daude 9 txirloak, metalezko oinarria dutenak (uztaia) eta 45 cm-ko altuera eta 5 cm-ko diametroa dutenak, 550-630 gramo artean pisatzen dutelarik. Txirlo hauek, 3x3-ko karratu bat osatuz kokatzen dira. Gainera, hamargarren txirlo txikiago bat dago, txakina, albo batera kokatzen dena.

Bola bera esferikoa da, 12-18 zentimetro arteko diametroarekin eta haritz-egurrez egina, batzuetan berunezko nukleo bat izaten duelarik berau astunagoa egiteko. Normalean 1,5-2,3 kilogramo artean pisatzen du.

Jokoa bi fasetan garatzen da:

  • Jaurtiketa: Non bolariak jaurtitzeko gunetik bola botatzen duen.
  • Birlea: Bigarren jaurtiketa non bolariak bola aurreko jaurtiketan bolak lur hartu zuen puntutik botatzen duen.

Lehen fasean, jokalaria jaurtitzeko gunean dago, gutxienez txirlo hurbilenetik 12 m-ra eta gehienez 20 m-ra, aukeraturiko distantziaren arabera. Jokalariak bola airera botatzen du, teknika desberdinak erabiliz, kaxaren ezker edo eskuinera badoa jokaldia.

Botatako txirlo bakoitzak puntu bat balio du, baina erdiko txirloa bakarrik botatzen bada, bi puntu balio ditu jaurtiketak. Hiru jaurtiketa egin ostean, jokalaria birlatzeko gunera igarotzen da. Hor, hiru jaurtiketa egiten ditu, aurreko fasean hurrenez-hurren bolak lur harturiko guneetan; horri birlatzea deritzo.

Gerta daiteke ere bigarren fase horretan jaurtiketa bat egin ezin ahal izatea. Horren arrazoia, bolak flejea (jaurtitzeko gunea eta kaxa banatzen dituen lerroa) baino lehen lur hartu izana da, edota kaxaren eskuin eta ezkerrera dagoen zorua jo izana.

Joko honetan irabazteko hainbat era daude, esate baterako adosturiko botatako txirlo kopuru batera helduz (normalean 20 eta 40 artean), zortzi bola botaz eta desafio desberdin batzuk beteaz eta abar.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zorrilla López, Juan José. (2006). Bola jokoa / El juego de bolos. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, Kultura Saila ISBN 84-7752-397-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]