Brabanteko dukerria
Brabanteko dukerria Europako antzinako dukerria da, Meuse eta Escaut ibaien artean dagoena, egun Belgikaren (Anberes eta Brabant herrialdeak) eta Holandaren (Noordbrabant) artean banatua.
[aldatu] Historia
Nerbiarren lurraldea zen erromatarrek eta frankoek hartu baino lehen; Brabant Austrasia eta Lotharingiako erresumen eremua izan zen. IX. mendean lau konderritan banatua zegoen, eta Lovainako kondeen eskuetara igaro zen XII. mende hasieran (1106); garai hartan bihurtu zen dukerri.
1406. urtean Valois-Burgundiako etxeko adar gazteak hartu zuen oinordekotzan, eta 1430ean Burgundiako duke Filipe III.a Onak berreskuratu zuen. Geroago Austriako etxeak (Maximiliano I.a enperadorea) hartu zuen herentzian, eta 1553tik aurrera Espainiako Austrien esku geratu zen. Brabanteko iparraldea matxinatu ziren Herrialde Batuen esku geratu zen 1609an, eta Utrechtko Itunak (1713) Austria Etxeko Habsburgotarren eskubidea berretsi zuen, hegoaldeari dagokionez.
1795ean, frantsesek hegoaldeko Herbehereak okupatu zituztenean desegin zen dukerria.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.