Brigiden komentua (Lasarte-Oria)

Koordenatuak: 43°16′05″N 2°01′15″W / 43.26792°N 2.02075°W / 43.26792; -2.02075
Wikipedia, Entziklopedia askea
Brigiden komentua
Kultura ondasuna
Saiatzeko aldaera Saiatzeko aldaera
Komentuaren fatxada nagusia
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaLasarte-Oria
Koordenatuak43°16′05″N 2°01′15″W / 43.26792°N 2.02075°W / 43.26792; -2.02075
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXVII. mendea
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Ondarea
BICRI-51-0001516
7

Brigiden Komentua Lasarte-Orian (Gipuzkoa) dagoen XVII. mendeko komentu barrokoa da. Eliza edo kapera, eta haren alboko bi atalak, behe solairuz eta maila batez -han zeuden gelak eta komunak- daude osatuak. Geroago beste pabiloi bat eraiki zen, zeinarekin eman baitzitzaion komentuari U formako oina, haren besoetan zuhaitzekiko lorategi eder bat ezarrita. Migel Okendo jaunak eta bere emazteak, Teresa San Millan andreak, eraiki zuten komentua 1683an Brasildik ekarritako santu baten irudia gorde zezan. Orain gutxi birgaitu dute, eta kontserbazio-egoera ona du. 2006ko otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza edo kapera da multzoa egiaz antolatzen duen espazioa eta hego-ekialdeko planoarekiko perpendikular du bere ardatza, U formaren oinarriaren erdian. Nabe bakarra du eta haren aurretik ataurre txiki bat du, baita fatxadaren alde batean kokatzen den dorre xumea ere. Nabe «obalatuaren" tamaina txikia da: 13 metro luze eta 8 metro zabal. Haren bi atal ilargixka-gangek estaltzen dituzte eta horiek karga-hormei erantsitako pilastrek eutsitako taulamendua dute euskarri. Hirugarren zatiak, berriz, abside-forma du, eta harexek osatuko zuen lehen burualdea. Hori ondoren gaur egungo absidea –zirkularra barnealdean eta kanpoaldea angelu zuzena– egiteko jarraitu zen, arku handi baten bidez.

Sakristiako arkitekturak ere multzo ederra osatzen du. Oin hexagonala du, alde desberdinetakoa, ildaskatutako habeak dituena, sei aldeei erantsita. Habe horiek eusten diote, gainera, kapitel klasikoetan oinarritutako erlaitzari[1].

Koru altu eta sakonak arku karpanel itxi eta burdin-hesiduna du oinarri, eta nabearen erdialderaino aurreratzen da. Argia tutu-formako 3 leiho angeluzuzenetan barrena sartzen da kaperan. Ebanjelioaren aldean kokatutako hiru leiho horietako bi ilargixka-gangen bi ataletan daude, eta hirugarrena presbiteriorantz irekitzen da. Kaperak beheko aldean ditu sarbideak, alde banatan. Ebanjelioaren aldekoa apainduta dago oso. Sarrera nagusia lorategitik barrena doana da, eta, barnera iristeko elizpeak babestutako portalea zeharkatu behar da.

Aurrealdeko lorategiak bi platano-ilara ditu, eta elkarren aurrean dauden pabiloien ateak lotzen ditu. Lorategia kaperara sartzeko ataurreari bide emateko eteten da. Burdin-hesi baten bidez ixten da Brigiden plazarako bidea.

Fatxadak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizaren fatxada nagusia.

Elizaren fatxada xumea da oso, eta altuerako hiru gorputz ditu: behekoa, idi-begia duen eta arku eskartzanoko sarbidea duen frontoi triangeluarreko eta bi isurkiko elizpea duena; tartekoa, ateburu tailatuko leihatea duena, armarriak albo banatan dituela; eta goikoa, frontoi triangeluarreko erremateari dagokiona, harrizko gurutzea eta pinakulua dituela muturretan. Fatxadaren albo batean eta estalkiaren gainean dugu dorre soila, oin karratukoa eta erdi-puntuko baoak dituena alde banatan kanpaietarako. Estalki piramidal trunkatua du, kanpandorrea duena erremate gisa.

Leihoa, Mariaren anagramarekin.

Komentua osatzen duten gorputzek beheko oina eta altuera bakarra dituzte. Markoak, platabandak eta harrizko erlaitzak dituzte, elkarri lotzeko. Gainerakoa luzituta dago, eta harlangaitzezkoa izan daiteke, edo ipar-ekialdeko pabilioian bezala, adreilua izan dezake kanpoko aldean eta harlangaitza barnealdean. Bao guztiak burdin saredun leihoak dira, beheko oinean etzanak eta lehenengoan marko zizelkatu eta molduratuarekin. Horien gainean, txandaka, Mariaren eta Jesusen anagramak.

Ipar-ekialdeko pabilioiaren ataurrea.

Nabarmentzekoa da ipar-ekialdeko pabilioiaren ataurrea, XVII. mendekoa: erdi-puntuko arkuko atea, marko zuzenarekin, inpostaren pean. Horrexek ahalbidetzen du material-aldaketa, beheko solairuko harlangaitzetik bistako adreilurako urratsa. Atearen gainean, goiko hormatala apaintzeko armarri handi bat jarri da alboko bi pilastren (horiek esfera, pinakulu eta ildaxken bidez nabarmendu dira pixka bat) eta goiko arku beheratuaren artean. Armarri horrek irudi barroko, kiribildura, dentikulu, kordoi eta abarrez beteriko moldura du inguruan. Irudi horiek libreak dira oso, baita trakets eta bakun samarrak ere, baina badute graziarik, eta eraginkorrak dira. Fatxada honen beste muturrean beste armarri bat dago, angeluan eta harlanduz indartuta.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaperaren barnealdean, adreilu-zoladura zurituta dago, eta egiturarekin zerikusi estuena duten elementuak dira azpimarragarri, hain zuzen ere, inposta, pilastrak, erlaitzak eta ateetako laukiak, harri-itxurarekin egindakoak. Gainerakoa naif gisako pinturek apaintzen dute: arkitektura- eta landare-motibo erritmatuak danbor, arku eta ilargixketan; presbiterioko ganga handiak lainoak eta aingeruak ditu apaingarri.

Nabearen alde banatan azpimarratzekoak dira Pablo Urangak 1904an margotutako bi horma-irudi.

Arkitektura-analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antolakuntza orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komentuak kapera eta ipar-ekialdetik hego-mendebaldera zuzen doazen bi gorputz ditu osagai. Behe-solairua eta altuera bakarra dituzten gorputz horietan jarri ziren gelak eta zerbitzuak.

Ipar-ekialdea beste pabilioi batek ixten du, eta beste muturrean antzeko beste gorputz bat dago, geroago egina dena. Hori dela eta, U formako oina du komentuak, bi besoen artean zuhaitzez beteriko lorategia duela. Baratzeak kaperaren eta zerbitzuko gorputzen atzean daude, harrizko hormen bidez itxita.

Bolumenak altuera txikikoak, elkarri lotutakoak eta elkarren hurrenekoak dira, eta argi eta garbi bereizten dira. Elizaren edo kaperaren erdialdeko gorputza gailentzen da, frontoi triangeluarreko fatxada eta bi isurkiko estalkia dituena. Alde banatan bi gorputz simetriko ditu, altuera txikiagokoak eta sartuxeagoak. Bi gorputz horiek ere bi isurkikoak dira, baina luzekako gailurrekoak. Mutur banatatik ateratzen diren beste bi bolumen ere baditu, berriz ere ortogonoaren norabidea hartzen dutenak, patio edo lorategi bihurtutako plaza angeluzuzena osatzeko, hiri-bilbera irekita. Dorre txikia ez dago zentratuta, ipar-ekialdean baitago, aurrealdearekin alderatuta sartu samar.

Beste barrendegi baxu eta estu batzuek osatzen dute multzo lineal eta irregular hau. Haien artean ditugu nobiziatua, uraskako patioko eskuaira, ukuiluak eta aterpe edo egutera, hego-mendebalderantz irekita dagoena. Horietako gehienak ipar-ekialdean daude. Kaperaren jatorrizko gorputzak eta alboetako hegalek osatzen dute elementu nagusia, gainerakoen antolatzaile dena.

Forma eta konposizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere bi alderditan oinarritutakoa da komentuaren gaineko kultur interesa. Horietako bat orokorra da, komentu-morfotipoaren hiri-presentzia bereizgarri eta garrantzitsuarekin, bere bolumen, hutsarte eta artikulazioekin zerikusia duena, eta bestea, partikularra, elizaren arkitektura bereziarekin zerikusia duena, bertan baitatza obraren ahalegin artistiko nagusia.

Espazioen eta haien estalduren konbinazio originalari –jatorrizko tipoan egindako aldaketen ondorio da– eta erantsitako presbiterio zirkularrari esker, plano eta lerro kurbatuen joko bitxia sortu da, barrokoaren aldiko ikuspegi artistikoarekin bat datorrena, "arkitektura zuzenaren" zurruntasunetik aske.

Eraikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat sistema konbinatzen du: ganga-formakoa kaperan eta arku zuzenean oinarritutakoa gainerako gorputzetan, izaera hiritarragoa dutenetan.

Gangak beheratutakoak dira, esferikoa presbiteriokoa eta kanoi-gangakoak nabekoak, parpain-arku eta ilargixka eta guzti. Arkuak erdi-puntukoak dira, karpanelak eta beheratuak, barrokoaren erara, beren kokalekuaren arabera. Beste forma irregular batzuetakoak ere badira, presbiteriorako sarrerakoa esate baterako, zorrotz samarra baita.

Harearrizko harlandua, bistako harlangaitza nahiz luzitutakoa erabili dira, baita adreilua ere, ipar-ekialdeko gorputzetan, bistako harlanduarekin indartutako zatiak (batzuk landutakoak) eta irekiguneetako markoak, leihoa eta idi-begiak eta armarriak nabarmentzeko.

Elizako fatxada hareharrizko harlanduz egindakoa da, erdialdean luzitutako panel batean izan ezik. Panel horretantxe dago erdialdeko leihoa, leihoburu tailatua duena.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Luis Murugarren

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa