Britainiar Inperioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Britainiar Inperioa
British Empire
XVI. mendea – XX. mendea
Monarkia konstituzionala
Britainia Handikoa bandera

Britainia Handikoa armarria

Britainiar Inperioak izandako lurraldeak historian zehar. Itsasoz haratagoko eremuak gorriz azpimarraturik daude.
Geografia
HiriburuaLondres
Biztanleria458.000.000 (1922)
Azalera33.000.000 (1922) km²
Ekonomia
DiruaLibera esterlina
Kultura
Hizkuntza(k)Ingelesa
ErlijioaAnglikanismoa
Historia

Britainiar Inperioa historiako inperiorik zabalena izan zen, eta, garai luze samarrean, munduko botererik handiena, Erresuma Batuak garatua. 1913rako, Britainiar Inperioak 458 milioi biztanle zituen, munduko laurden bat gutxi gorabehera. Hedaduraz 31,6 milioi km2 zituen, munduaren laurdena.

Ideologia inperialista

Ingalaterra inoiz egon den inperiorik zabalena eta agian boteretsuena izan da, eta hau mantentzeko estrategia politiko edo militarrez gain ideologia inperialista sendo bat edukitzea behar zuten. Eragin handiagoa izan zuen korronte ideologikoa “Jingoismoa” izan zen. Hau mugimendu nazionalista eta arrazista zen eta Inperioa beharrezkotzat hartzen zuen britainiarra zelako arrazarik hoberena, eta ondorioz gainerako arrazak eta herriak menperatzea zegokion. Honekin erlazionatuta zegoen beste teoria inperialista bat “Darwinismo soziala” zeritzona izan zen. Honen arabera potentzia boteretsuenek, espezie indartsuenek bezala, eskubidea dute nahi bezain beste hazteko, horrek beste herri eta nazioen desagerpena ekartzen badu ere.

Inperialismoaren justifikazioa

"(Britaniarra) Munduko arraza nagusien artean handiena da, eta beraz, zibilizazio unibertsalaren historiako botere erabakigarria. Eta beraren zeregina, giza kulturaren aurrerapena sortzea, betetzeko modo bakarra ingelesen nagusitasuna hedatzea da. (...) Britaniar inperioak (...) eta Estatu Batuek, biek batera, munduko bakea bermatu behar dute. Horrez gain hartu behar dute herri atzeratuak zibilizaziorako hezteko erantzukizun astuna."

"Guk lur haiek menpean hartu izana justifikatzeko, herrien zoriontasuna eta oparotasuna areagotu direla frogatu behar dugu; ez dago bestelako justifikaziorik. Eta, nire ustez, gure nagusitasunak segurtasuna, bakea eta oparotasun handiagoa eman dizkie lehen halakoik izan ez zuten herrialdeei. Lan zibilizatzaile hori burutzean, gure zeregin nazionala betetzen ari gara, nire ustez, eta aldi berean, arraza gobernatzaile nagusia bihurtu gaituzten ezaugarriak eta gaitasunak gauzatzeko aurkera dugu. Ez dut esan nahi gure arrakasta erabatekoa izan denik edozein kasutan, ezta gure metodoak ezin hobeak izan direnik ere. Baina, nire ustez, erreginak menpean hartutako eta `Pax Britannica´ handia ezarritako ia-ia lur guztietan segurtasun handiagoa lortu dute, bai bizitzeko, baita ondasun aldetik ere. Horrez gain, biztanle gehienen baldintza materialak hobetu egin dira."

Joseph Chamberlain (1836-1914) Foreign and Colonial Speeches, 1897

Inperioaren sorkuntza eta osaketa

Britainiar Inperioa inperialismo garaia baino lehen existitzen zen, Espainiar Inperioaren gainbeheratik, baina eskala txikiago batean. Hurrengo hauek ziren Ingalaterraren menpean zeuden lurraldeak gainerako potentziek kolonizazio prozesua hasi baino lehen, 1850. urtean:

  • Merkataritza eskalak mundu osotik (aurreko mendeetan zehar sortutakoak, Gibraltar eta Korfu esaterako)
  • Merkataritza puntuak Afrikako kostaldean.
  • Ustiaketa koloniak ( India, Ekialdeko Indien Lagunarteak ustiatuta)

Urte batzuk geroago, 1876. urtean, Britainia Handiak 22.5 milioi kilometro karratu zituen koloniak gehituta. Inperioa handituz joan zen XIX. mendearen amaiera arte eta XX. mendearen hasieran 33.5 milioi kilometro karratu eta 400 milioi biztanle edukitzera ailegatu arte. Inperioak zituen kolonia hauek Ingalaterrak itsas merkataritzan zuen hegemonia mantentzea ahalbidetu zioten, bertatik inportatzen baitzituzten metropolian kontsumitzen ziren lehengai asko; kotoia, tea, tabakoa, gatza, metalak eta abar.

Baina inolako zalantzarik gabe Britainiar Inperioaren koloniarik garrantzitsuena India izan zen. Lurralde honetatik lehengai asko eta baliotsuak hartzen zituztenez gain, balore sentimental handia zuen. Victoria erregina, Ingalaterrako monarketatik maitatuenetakoa, lurralde honen enperadore izendatu zuten, eta momentu horretatik Ingalaterraren nahi zabaltzaileak oraindik gehiago handitu zen. Baina XX. mendearen hasieran Britainia Handiko gobernua konturatzen da desio kolonizatzaile honen ondorioz Europa barneko politika alde batera utzi duela eta orduan erabakitzen du bere zabalkunde prozesua gutxitzea bere politika Europara zuzentzeko. Orduan Frantzia eta Errusiarekin bateratzen da, Lehen Mundu Gerran Entente Hirukoitza izango zena.


Britainiar inperioaren antolaketa

Britaniar Inperioa 1897an, arrosaz margotua, haren menpeko lurrak mapetan margotzeko kolore ohikoaz.

Britainiar inperioa oso handia izan zen, lehen ikusi den moduan, eta horregatik lurraldeak antolatzeko modu ezberdinak izan zituen. Ondoren Britainia Handiak koloniak antolatzeko izan zituen bi modu garrantzitsuenak aurkeztuko dira.

  • Menpeko lurraldeak: Lurralde hauek biztanleria zuriaren ehuneko handia zuen, gehiengoa Ingalaterra bertatik emigratutakoa. Lurralde hauek bere erakunde propioak zituzten eta barruko politikan ia guztiz askeak ziren, Koroako ordezkari bakarra baitzuten metropoliaren eragin moduan. Batzuetan hauek euren Parlamentua edukitzera ailegatu ziren. Baina kanpoko politikari begira metropolia zen aginte osoa zuena. Hala eta guztiz ere Batzar Inperialen bidez, Ingalaterrako lehen ministroa eta menpeko lurraldeen ordezkariak batzen zituztenek, kanpoko politikaren ardatz nagusiak adosten ziren hauek kolonien kontra joan ez zitzaten. Lurralde hauek ( Kanada, Australia, Zeelanda Berria eta Hego-Afrika) independentzia lortu eta gero Britainia handiarekin lotura sinboliko bat edukitzen jarraitu zuten “British Commonwealth” zeritzonean parte hartuz.
  • Ustiaketa koloniak: Hauek Asia eta Afrikako koloniek osatzen zuten batez ere. Metropolia lehengaiez hornitzen zuten eta ez zuten inolako askatasun politikorik. Hauetako batzuk hasiera batean lagunarte ekonomiko handiengatik administratuak izan ziren, baina geroago metropoliak kontrolatu zituzten zuzenki. Mota honetako lurralderik garrantzitsuena India izan zen. Hau hasieran Ekialdeko Indien Lagunarteak ustiatu zuen, baina gero Britainiar Gobernuak hartu zuen lurralde aberats honen administrazioa. Indiak Ingalaterra kotoiz, gariz, tez, olioz eta hainbat lehengai mineralez hornitzen zuen. Baina ustiaketa koloniak mantentzeak Britainia Handiari erantzukizun handiak ekarri zizkion eta merkataritzarako azpiegiturak eraikitzeko beharra eragin zuen, trenbideak, portuak edo Suezko kanalaren eraikuntza esate baterako.

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Britainiar Inperioa Aldatu lotura Wikidatan