Buddy Rich
Buddy Rich (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1917 - Los Angeles, Ameriketako Estatu Batuak, 1987) bateria-jotzailea eta jazzeko orkestra-zuzendaria izan zen.
[aldatu] Bizitza
Music-halleko artista-familia batean jaio zen. Bateria jotzen bere kabuz ikasi zuen, eta debuta hemezortzi urte zituela egin zuen Broadwayn. Profesional gisa, 1938an hasi zen Joe Marsalaren orkestran. Ondoren, Bunny Beriganekin (1938), Artie Shawrekin (1939), Tommy Dorseyrekin (1939-1942) eta Benny Carterrekin (1942) batera jo zuen. Ameriketako Estatu Batuetako Armadan bi urte egin ondoren, Tommy Dorseyren zuzendaritzapean itzuli zen musikara (1944-1946). Charlie Venturarekin (saxofoi tenorra) eta Chubby Jacksonekin (kontrabaxua), Big Four taldea sortu zuen. 1953-1954 bitartean Harry Jamesen orkestran aritu zen, eta ondoren Tommy Dorseyrekin (1954-1955) hasi zen atzera. Europan zehar bira bat egin zuen Harry Jamesekin, 1957an, eta orkestra handi bat sortu zuen 1966an. Azken urteetan telebistako showetan parte hartu zuen, bateria jotzen eta kantatzen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.