Buradon

Koordenatuak: 42°36′58″N 2°50′45″W / 42.61604°N 2.84585°W / 42.61604; -2.84585
Wikipedia, Entziklopedia askea
Buradon
Buradongo aztarnategi arkeologikoaren ikuspegia.
Datuak
Koordenatuak42°36′58″N 2°50′45″W / 42.61604°N 2.84585°W / 42.61604; -2.84585
Map
Altuera500
Historia
UzteaXIII. mendea
Indusketa
BisitagarriaEz

Buradon Ebroren ezkerraldean, izen bereko muinoaren eta Conchas de Haro ubidearen ondoan zegoen herria izan zen, egungo Gatzaga Buradon herrian. Muinoa Toloñoko mendilerroaren hasieran dago eta herria hegoaldeko magalean zegoen.

Garrantzi historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buradonek Ebroren beste aldean Bilibio herria zuen, ibi baten bitartez loturik.[1]

Kastro batek babesturik, jada Burdin Aroan biztanleak zituen. Litekeena da bisigodoen garaian herri biak uztarturik izatea baina nafar-gazteluen gerren ondorioz, banatu eta egungo Haro eta Gatzaga Buradon hiribilduak sortu zituzten.[1]

Burgosko kronikonak eta Compostelako Urtekariek 939an Abderraman III.aren garaian, musulmanek bere gaztelua erre zutela zioten.[2] 1012an, Antso Gartzia I.a Gaztelako kondeak Nave de Alburako foruen berrestu zuenean, Bela Ovecoz bere tenentea zen Buradonen.[3] 1064an Antso IV.a Gartzeitz Peñalengoak zuen jabea, honen tenentea Fortun Antso izanik.[2]

1181ean Antso VI.a Nafarroakoak Nova Victoria hiria fundatu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean, foruen sinatzaileen artean Gomez Martinez zegoen, orduko Buradongo tenentea.[2] 1176an San Vicente de la Sonsierrako forua sinatu zutenean ere, Buradan toponimoa aipatu zuten.[2]

1379an Karlos III.a Nafarroakoak Henrike II.a Gaztelakoarekin Brionesko ituna sinatu zuenean, Buradongo gaztelua bahi moduan eskaini zuen.[2]

1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoa Araba konkistatu zuenean Buradon hartu zuen. Hala ere, urte batzuk geroago nafarrek bere jabetza berreskuratu zuten.[2]

1264an Antso IV.a Gaztelakoa Gatzaga Buradon eratu eta Buradongo biztanleria haraino eraman zuen.[2]

Vianako Printzeek herriaren jabetza izan zuten.

Gaztelua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buradongo gazteluaren ondarrak.
Sakontzeko, irakurri: «Buradongo gaztelua»

Buradongo gaztelua Los Castillos izeneko larrean zegoen, de Salinillas, izen bereko muinoaren tontorrean.[1]

Egun sarbideak, harresiaren zati batzuk eta balizko gela bat ikus ditzakegu munioaren bi aldeetatik. Hala ere, zaila da bertaraino ailegatzea sastraka ugari baitago.

Herri hustua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

N-124 errepidearen trafikoa arintzeko tunel bat eraikitzean antzinako herrixkaren aztarnak topatu zituzten. Aipatzekoa da Araba osoko eliza paleokristau bakarra.[4]

Indusketa arkeologikoan V. mendeko hainbat gela topatu zituzten. Adituen ustez, herrixka terraza estuetan eraiki zuten 600 metroko altueraraino.[5]

Etxeak, labe zirkularrak eta biltegiak topatu zituzten.[5] Zeramiken aztarnak ikerturik, VI. mendean ere biztanleak zituela uste dute.[5]

Eliza paleokristaua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza paleokristauak 17x5 metroko oinplano laukizuzena du. V. mendean eraiki zuten harlanduak, erromatar adreiluak eta adobe erabiliz. Gero, berreraiki eta jatorrizko fatxadan abside berri bat egin zuten.

Presbiterioak ferra itxura du eta maila bi altuago dago. Absidearen erdialdean aldarea zegoen. Zoladura morterozkoa da. Sarbidea eraikinaren hegoaldean zegoen eta kanpoaldean nekropoli zabala zegoen, X. mendearen erdialdean erabili zutena.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c González Fernández, Rafael; Alonso Martínez, Ignacio. (2011). Las Cuevas de Herrera, el Monasterio Cisterciense y la Camáldula actual (Miranda de Ebro- Haro). XXVI Editum, 172-176 or. ISBN 978-84-8371-951-0..
  2. a b c d e f g Diccionario geográfico-histórico
  3. Sánchez Candeira, Alfonso. (1999). Castilla y León en el siglo XI. Estudio del reinado de Fernando I. Madril: Real Academia de la Historia, 136 or. ISBN 84-89512-41-8..
  4. Crespo, Txema G.. (1998-09-01). «La única iglesia paleocristiana» El País.
  5. a b c d Cepeda Ocampo, Juan José; Martínez Salcedo, Ana. (1994). «Buradón. Un conjunto arqueológico singular en la Rioja Alavesa» Revista de Arqueología (156): 38-41..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]