Burgesia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Burgesiaren irudikapena.

Soziologian eta politika zientzian, burgesia historian izandako zenbait gizarte talde izan dira. Mendebaldean, XVIII. mendearen bukaeratik gaur egunera arte, burgesia kapitala duen gizarte-klasea da eta, hori zela eta, kultura monopolizatu duena. Bere kideak burgesak edo kapitalistak dira. Adiera zabalean, maila ekonomiko altua duen gizarte-klasea ere bada.

Zenbait ikerlarik burgesiaren jatorria erromatarren garaiko udal antolakuntzan jartzen badute ere, erakundea Erdi Aroan sortu zen. Erdi Aroan, lana, heziketa eta kapitalaren bidez eskuratzen zuten botere sozial eta ekonomikoa burgesek, jaiotzaren bidez lortzen zuen aristokraziak ez bezala. Garai hartako eskulangileak eta merkatariak gazteluen inguruan bildu eta, feudalismoaren bukaeran, burgu izeneko herri-zabalpenak sortu zituzten; hain zuzen, hortik datorkio bere izena.

Nolabaiteko indarra lortu zuenean, feudalismoaren kontra borrokan hasi zen burgesia, gizartearen baitan bere lekua eskuratu nahian. Korporazioak, gremioak eta komunak burgesiaren borrokaren eta aurrerabidearen tresna izan ziren, eta gainera, noblezia burgesiaren alde jarri zen, jaun feudalen agintea murrizteko. Udal batzarrei esker, askatasuna eta segurtasuna handituz joan ziren, eta ondorioz industria ere garatu zen, merkataritza hedatu eta ondasunak gehitu.

Hasieran, burgesiak bi borroka egin zituen, bata jabego higikorrarena, industriatik zetorrenarena, eta lur jabegoarena bestea. Hirietan nekazari giroan baino lehenago lortu zuen arrakasta. Burgesiak eragina izan zuen jopuengan, horiek laguntza jaso baitzuten udal batzarretatik, baina haien gizarte egoera ez zen industria gizonen eta merkatarien egoeraren parera heldu.

XVI. mendeaz geroztik mailatan banatuta geratu zen burgesia hirietan: burgesia handia (industria gizon eta merkatari aberatsak) eta burgesia txikia (merkatari eta industria gizon txikiak, lanbide liberalak zituztenak eta enplegatuak, erdi mailako klasekoak). Burgesiaren artetik atera ziren entziklopedistak, geroago Frantziako iraultza prestatu eta egin zutenak.

Sozialista modernoen esanetan, burgesiaren ezaugarria ekoizpen lanaren aldakuntza da. Bestalde, marxismoaren arabera, "burgesia" hitza langileriaren aldarrikapenen aurkakotzat erabili izan da beti; ikuspegi horretatik, marxismoaren ikuspegitik alegia, desagerrarazi egin behar den klase menderatzailea da. Marxismoaren arabera, produkzio-sistema kapitalistako produkzio-bideen jabegoa duen klase soziala da, arrazoi honengatik klase buruzagia dena (proletalgoari kontrajarriz erabilia).

Burgesia handiaren aurka agertu da burgesia txikia Europan egindako kongresuetan. Horrela, Anberesen 1899ko irailaren 17 eta 18an burgesia txikiaren nazioarteko kongresuan beretzat kaltegarri ziren hainbat gauza azpimarratu ziren: trustak, biltegi handiak, desleialtasuna, etab; irtenbidetzat, burges txikientzat lan askatasunaren arautegia, elkarte ekonomikoak, lanbide heziketak eta abantaila fiskalak proposatu ziren.