Burrhus Frederich Skinner

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Burrhus Frederich Skinner

Burrhus Frederich Skinner Estatu Batuetako psikologoa izan zen (Susquehanna, Pennsylvania, 1904 - Cambridge, Massachussetts, 1990). Harvardeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta Minnesota, Indiana eta Harvardeko Unibertsitateetan irakasle izan zen. Konduktismoaren edo behaviorismoaren ideiak sakondu eta zabaldu zituen. Konduktismoaren arabera, giza jokabidea inguruan dituen kitzikadurei eta ingurugiroko baldintzei (baita organikoei ere) norbanakoak ematen dien erantzunean oinarritzen da. Animaliekin egindako ikerketan baldintza-mota bat aurkitu zuen, baldintza instrumentala deitua, elementu ez-baldintzatu edo berezkorik gabekoa. Horrekin batera, ikasketa-prozesu programatua asmatu zuen, erantzun egokiak indartzean edo saritzean oinarritua; bere metodo eta teoria horiek eragin handia izan zuten Estatu Batuetako hezkuntza-teoria eta metodoetan. Bestalde, Skinnerren lanek eztabaida asko ere eragin dute, eta horien aurka jarri dira tradizio psikoanalitikoko psikologoak eta hizkuntzaren teoriko asko, Chomsky, besteak beste. Haien ustez, animaliekin egindako esperientziak maila ontologiko zabalagoetara ateratzean, askatasuna, antolaketa soziala eta beste gai moral eta politikoak zalantzan jartzen ditu Skinnerrek. Haren idatzien artean hauek dira nagusiak: Organismoen portaera: azterketa esperimental bat (1938), Walden Two (1948, ideiak eleberri gisa azaltzen dituena), Zientzia eta giza jokabidea (1953), Jokabideen analisia (1961), Askatasunaz eta duintasunaz haraindi (1971).


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Burrhus Frederich Skinner Aldatu lotura Wikidatan