Busturia
|
Busturia |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Busturia | ||
| Estatua Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Bizkaia Busturialdea |
||
| Alkatea | Miren Fatima Malexetxebarria Nebreda (Bildu) | ||
| Herritarra | busturiar | ||
| Koordenatuak | 43°22′N 2°41′W / 43.367°N 2.683°WKoordenatuak: 43°22′N 2°41′W / 43.367°N 2.683°W | ||
| Eremua | 19,6 km2 | ||
| Garaiera | - m | ||
| Distantzia | 28 km Bilbora | ||
| Posta kodea | 480xx |
||
| Biztanleria | 1.745 bizt. (2012) | ||
| Dentsitatea | 89,03 bizt./km² | ||
| http://www.busturia.org http://www.busturia.org http://www.busturia.org | |||
Busturia[1] Bizkaiko Busturialdea eskualdeko udalerria da. Oka ibaiaren mendebaldean kokaturik dago. 2012. urtean 1.745 biztanle zituen. Eskualdeko laugarren hiririk populatuena da, Bermeo, Gernika eta Mundakaren atzetik. Bost auzune daude: Axpe, Altamira, San Bartolome, San Kristobal eta Paresi. 19,56 km2-ko lur-azalera dauka, eta bere lurralde guztia Urdaibaiko Biosfera Erreserban du.
2009tik UEMAko mankomunitate euskalduneko partaidea da.
Eduki-taula |
Etimologia [aldatu]
Ezin daiteke jakin zehatz Busturiaren etimologia-jatorria zein den. Jakin-minak hainbat hipotesi sortu ditu. Hala, Koldo Mitxelenaren iritziz, Busturia “Bost-Uri” -tik dator. Bost uri horiek Busturia osatzen duten bost auzoak lirateke. Horietatik lau daude oraindik, eta nortasun berezia dute: Axpe, San Bartolome, San Kristobal eta Altamira. Hala ere, ez dakigu ziur bosgarren auzoa zein den. Joseba Agirrezkuenagak dioenez, Paresi izan liteke.
Maria Victoria de Gondra y Oraaren hipotesiak dioenez, Busturiko Elizatearen toponimiaren jatorria horixe izan daiteke. Hipotesi horren alde egiten du Axpeko Santa Maria eliz-parrokian, portadako tinpanoan dagoen armarriaren esangurak. Armarriak kuartel bi ditu: lehenengoan gaztelu bat dago, gainean bost zuhaitz eta azpian zaldi biren buruak; bigarrenean, herri bateko etxeak edo elizak ageri dira; eta, horrez gainera, bost zuhaitz eta garezur bat daude. Zuhaitzak elizatearen eta merindade osoaren sorburua diren bost hiriei ei dagozkie.
Juan Ramon de Iturrizak Historia General de Bizkaia lanean dioenez, Busturia izena eratorria da, eta “atxaren pean” (subtus penna) esangura du, XI. mendeko agirietan elizateari deitzeko esaera hori agertzen da eta. Kasu horretan pentsatzekoa da Axpe izenaz ari dela, hau da, Atx- (haitz) + pe (behe). Jaime de Querejetak, berriz, bere Diccionario onomástico y heráldico vasco lanean azaltzen duenez, baliteke Busturiaren oinarrian “ustu” (olo) eta “uri” (lekua) berbak egotea. Hortaz, honela itzuliko genuke: “basa-oloa dagoen lekua”.
Maria Victoria de Gondra y Oraak laugarren hipotesia aipatzen du. Hain zuzen, hipotesi hori Lidak egindako azalpena da, bost errekatxoren gainekoa: merindade osoa zeharkatzen dute, inguruko mendietatik jaitsita (Solluberen inguruan dauden Parezi, Mape, Zelendiaga, Matzarre eta Baldatika mendietatik) eta itsasorantz doaz. Azalpen horri jarraituta, Elizatearen izena merindadearen izenetik letorke. Lehenengo hipotesiaren arabera, ostera, merindadearen izena elizatearen izenetik letorke.
Lau teoria horiekin batera, Jacinto Gomez Tejedorrena dago. Idazle horren iritziz, gomutan izan behar da euskaraz “buztin” eta “uri” berbak daudela, eta Busturian buztin meta asko daudela. Horregatik, egile horrek itauntzen du ea ez ote duen “buztinaren uria” esangura edukiko.
Geografia [aldatu]
Udalerri mugakideak [aldatu]
- Sukarrieta iparraldean
- Mundaka iparraldean
- Bermeo ipar-mendebaldean
- Arrieta mendebaldean
- Oka ibaia ekialdean
- Errigoiti hegoaldean
- Murueta hegoaldean
Historia [aldatu]
Lehenengo historiaurreko erreferentziak [aldatu]
Arkeologiak egin dituen aurkikuntzek egiaztatzen dute historiaurreko arbasoak bizi izan zirela Busturia elizateak hartzen dituen lurretan. Busturian, Moruzillo koba dago Jose Miguel Barandiaranek aurkitu zuena, 1924an. Haren sarrera lur pribatuetan dago, eta mendi barrura sartzen da, kareharrizko haitz urgondar baten azpitik. Ahoa triangelu itxurakoa da, eta 3,25 metro zabal eta 1,85 metro garai da. Jose Miguel Barandiaranek suharri batzuk topatu zituen bertan, landutakoak ziren, eta lekua Mesolitiko-Neolitiko aztarnategitzat hartu zuen. San Bartolome auzoan, Sorbituagako monolitoa dago, zutik dagoen hareharrizko bloke handi bat da eta haren neurriak hauek dira: 2,12 m. garai, 0,92 m. zabal eta, gehienez, 0,25 m. lodi. Goiko aldean eta albo banatan oso hozka bitxi batzuk ditu. Parezi auzoan, berriz, Burdin Aroko aztarna batzuk topatu dituzte, beharbada, Kristo Aurreko II. mendearen ingurukoak direnak.
Lehenengo erreferentzia dokumentalak [aldatu]
Busturiaren gaineko lehen agiriak XI. mendekoak dira. Iñigo Lopez eta Toda andreak —Bizkaiko jaun-andreak— Axpeko Santa Maria monasterioa dohaintzan eman zioten Garcia jaunari —euren laguna eta Arabako apezpikua zenari—, 1051ko urtarrilaren 30ean. Geroago, 1070. urtean, berriz, dohaintzan eman zioten Donemiliaga Kukulako monasterioari Madariagako jauregia bere lur eta landatze guztiekin, Sancho Iñiguez euren semearen arimaren otoitzean.
Demografia [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1.741 | 1.775 | 1.920 | 2.024 | 2.023 | 2.062 | 1.800 | 1.764 | 1.790 | 1.903 | 1.729 | 1.662 | 1.715 |
Busturiar ospetsuak [aldatu]
- Julen Kaltzada (1935-), euskarako irakaslea eta AEKko kide nabarmena.
- David Seco (1973), ziklo-kroslaria.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ «Gogoratu behar da Busturia izenaren amaierako –a artikulua dela. Hortaz, udalaren izen osoa erabiltzean honakoa da bidea: Busturia, Busturiarekin, Busturian..., baina Busturiko, Busturitik, Busturira... Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean; adibidez: Busturi maitea, Busturi osoan, Gure Busturi hau...
Euskaltzaindia: 145. araua: Bizkaiko herri izendegia.
Ikus, gainera [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Euskaraz) Busturiko udalaren webgunea.
|
|||||||