Buztangorri argi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Buztangorri argi
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaPhoenicurus
Espeziea Phoenicurus phoenicurus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Zabalera22 cm
Kumaldiaren tamaina5,9
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora13 egun
Phoenicurus phoenicurus phoenicurus

Buztangorri argia (Phoenicurus phoenicurus) Muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, erdialde Europan eta mendebaldeko Asian bizi dena[1].

Euskal Herrian udan soilik ikusteko aukera dugun txoria da buztangorri argia. Buru erdia beltza du eta buru gainean lerro txuri bereizgarri bat du, baita buztan gorri ikusgarria ere, izena ematen dioena hain zuzen ere.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

13-14,50 zentimetroko txoritxoa da. Dimorfismo sexuala ematen da, itxuraz ar eta emeak desberdinak direlarik: arrek gorputzaren azpialdea eta buztana gorria dute, aurpegi beltza, begien gainean lerro zuri bat dutelarik, eta buru gainalde eta bizkarraldea gris kolorekoa dute. Moko eta hanka ere beltzak dituzte. Emeak aldiz, kolorez argiagoak dira, gris marroixka kolorekoak hain zuzen ere. Buruan ez dute lerro zuririk, ezta buru gainealde beltzik, eta gorputzaren behealdean ez dute kolore gorririk, baina buztan gorria dute.[2]

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buztangorri iluna (Phoenicurus ochruros). Genero berdineko bi espezie hauek nahastea erreza izaten da, antz handia baitute (emeek batez ere). Arren kasuan desberdintasunik nabarmenena buru eta paparralda da. Buztangorri argiak begien gainean lerro zuri bat du, eta paparraldea gorrixka, eta buztangorri ilunak aldiz ez ditu bi ezaugarri hauek. Emeen kasuan desberdintzea oraindik zailagoa da, bi espezie hauen oso antzekoak baitira, biak gris-marroixkak eta buztana gorri kolorekoa.

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buztangorri argiak azpiespezie bi ditu:

  • Phoenicurus phoenicurus phoenicurus
  • Phoenicurus phoenicurus samamisicus

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kantu motza du, juit baten antzekoa.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banaketa paleartikoa du, Europa, Asia eta Afrikako ipar-mendebalde guztian zehar agertuz. Europari dagokionez ia lurralde guztian zehar udako banaketa du, eta Afrikara migratzen du negua igarotzera.

Euskal Herrian ere udako banaketa du, eta toki oso zehatzetan aurkitzen da: Izki, Urbasa eta Andiako basoetan ugaltzen da, eta baita Errobi eta Irati ibaien goi-inguruetan.[3]

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoetan agertzen da, zuhaizti zahar eta zabaletan, harizti, erkamezti eta artadietan hain zuzen ere; parke, baratz, txilardi eta lorategietan ere aurkitu daiteke, beti ere habia egiteko toki egokia badu, batzuetan baita harrizko pareta edo harrobietan ere.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsektuetaz elikatzen da, batez ere koleoptero, hemiptero, lepidoptero eta dipteroz (eta baita hauen larbaz ere). Honetaz gain, armiarma, zizare eta baiak jan ditzake.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kumatze garaia maiatzetik ekain erdialdera ematen da, bi errunaldi ematen direlarik. Habia emeak eraikitzen du, belar lehorra, goroldioak, sustraiak eta zuhaitzen azalaren zuntzak erabiliz. Habia nahiko sakona izaten da, eta maiz lumekin estaltzen du. Emeak 6-7 arrautza jartzen ditu errunaldi bakoitzean. Arrautza hauek azpieliptikoak eta distiratsuak izaten dira, urdin argi kolorekoak eta 18,6x13,7 milimetrokoak. Hauek emeak soilik inkubatzen ditu, 11-14 egunez.

Arrautza hauetatik jaiotako txitak lumatxa edukitzen dute, batez ere buru eta bizkarraldean, luzea eta ugaria izaten dena. Lumatxa hau gris ilunekoa izaten da, eta honen azala berriz hori kolorekoa izaten da. Txita hauek 14-20 egunez egoten dira habian, gurasoek zaintzen dituztelarik, eta egun hauek igarotzean habiatik alde egiten dute.[4]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiko arraroa izaten da hegazti hau lurrean ikustea, zuhaitzetako hostotzaren artean egoten baita gehienetan. Ohikoa izaten da bertatik hegan irtetea, intsektuak hegan daudelarik harrapatzeko.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu mailan kexa gutxiko espeziea bezala katalogatuta dagoen arren, EAEko zerrenda gorrian kaltebera bezala eta Nafarroako zerrendan interes bereziko bezala dago katalogatuta.

Populazioa 200 bikote ugaltzailetik beherakoa dela uste da, eta beheranzko joera dagoela ikusi da bai dentsitatean eta baita banaketa-arean ere; aipatzekoa da joera hau Europa guztian ematen ari dela. Atzerakadaren eragileak hurrengo hauek dira: zuhaitz zaharrak moztearen ondoriozko habitataren desagertzea, negua igarotzen duten guneetan (Sahel, Afrika) lehorteak egotea, eta Saharaz bestaldeko toki batzuetan (batez ere Nigerian) labore-lurretan pestizidak erabiltzea. Espezie hau kontserbatzeko jarraipenetako bat eskualde azpikantauriarreko landazabalak eta basoetako zuhaitz zaharrak zaintzea da.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Svensson, Lars; Peter J. Grant. (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins.
  2. Scott B, Forrest D. (1982). Clave del Observador de Aves. Bartzelona: Omega S. A..
  3. Penas Patiño XM, Pedreira López C, Silvar C. (2012). Guía de Aves de Euskal Herria. Sua Edizioak.
  4. Harrison C. (1991). Guía de Campo de los nidos, huevos y polluelos de las aves de España y de Europa. Bartzelona: Omega S. A..
  5. Bea A. (2007). Arriskuan dauden EAE-ko ornodunak. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.