César Chávez
César Estrada Chávez (Yuma, Arizona, 1927 - San Luis, Arizona, 1993) estatubatuar sindikatu-buruzagia izan zen. Mexikoko langile etorkinen artean jaio eta hazi zen, eta seigarren graduan utzi zuen eskola, guraso eta senideekin batera denboraldiko nekazaritza-lanetan aritzeko (mahats biltzen, fruitu biltzen eta abar). Bigarren Mundu Gerran, Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armadako soldadu izan zen. 1952tik 1962 arte, CSO (Erkidegoko Zerbitzu Erakundea) izeneko laguntzarako taldean lan egin zuen. Gero, langile nekazarientzako sindikatu bat sortzeari ekin zion. Hasieran, Langile Nekazarien Nazio Elkartea (NFWA) deitu zen, baina aurrerago, beste sindikatu eta talde batzuekin batu ondoren, Langile Nekazarien Batasuna (UFW) osatu zen, Chávez lehendakari zuela. 1968an, Kaliforniako mahatsaren aurkako boikot luze bat aldarrikatu eta bideratu zuen, laneko kontratuak lortzeko ahaleginetan. 1970eko hamarraldian borrokak aurrera egin zuen, eta azkenean erdietsi zuten chicanoen eskubide sindikalak aintzat hartuak izatea. Hasieratik, UFWk bere egin zituen Gandhiren eta Martin Luther Kingen bortizkeria gabeko presio-metodoak. Hala, 1988ko uztailean eta abuztuan, 36 eguneko gose-greba egin zuen Chávezek, mahats-biltzaileak eta beren umeak pozoitzen zituzten pestiziden aurka protestatzeko. 40.000 lagun baino gehiago izan ziren Chávezen hileta ospakizunetan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.