Calvin zikloa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Calvin zikloaren eskema

Calvin zikloa fotosintesia egiten duten organismoek CO2-a finkatzeko erabiltzen duten bide metabolikoa da. Melvin Calvin kimikariak (1961eko Nobel Saria) aurkitu zuen 1949an. Kloroplastoen estrometan burutzen da, eta fotosintesiaren ilunpeko fasea osatzen du, argirik gabe burutzen dena.

Funtsean, fotosintesiaren argi-fasean sortzen diren ATP eta NADPH Calvin zikloaren bitartez erabiltzen dira CO2 finkatzeko eta glukosa eratzeko. Horretarako, baina, oinarrizko bi entzima behar dira: erribulosa bifosfato karboxilasa eta fosforribulokinasa.

Zikloaren ekuazioa honako hau da:

6CO2 + 12NADPH + 18 ATP → C6H12O6P + 12NADP+ + 18ADP + 17 Pi


Zikloaren nondik norakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zikloa hiru fasetan sailkatu ohi da:

  • lehenengo fasea CO2-aren finkapenarena da. Pentosa batek (erribulosa 1,5 bifosfatoak) CO2 molekula hartzen du, bi molekula azido 3-fosfoglizerikoa (3C) emanez.
  • bigarren fasean, azido 3-fosfoglizerikoa fosforilatzen da (ATP gastatuz) eta gero erreduzitu egiten da (NADPH gastatuz), glizeraldehido-3-fosfato emateko. Sortutako glizeraldehido-3-fosfatoa garrantzi handiko molekula da, hainbat prozesu biosintetikotan (gluzidoenak, lipidoenak eta aminoazidoenak) parte hartzen duelako.
  • hirugarren fasean glizeraldehido-3-fosfatoa, erreakzio biokimiko batzuen bitartez, erribulosa 1,5 bifosfato bihurtzen da, ATP gehiago gastatuz eta zikloa bukatuz.

Azpimarratu behar da Calvin zikloa ez dela ziklo itxia, alboko desbideratzeak dituelako, batez ere glizeraldehido-3-fosfatoaren mailan. Aipatu denez, molekula horrek glukosa sintetizatzen du, glukolisiaren hasierako urratsen alderantzizko bidea eginez.

Organismo fotosintetikoek ez ezik, fotosintesia garatzen ez duten bakterio autotrofo batzuek ere Calvin zikloa erabiltzen dute glukosa sortzeko.