Camillo Benso (Cavourreko kondea)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Camillo Benso di Cavour
Camillo Benso (Cavourreko kondea)

Camillo Benso


Italiako ministro kontseiluaren lehendakaria eta atzerri ministroa
1861eko martxoaren 23a – 1861eko ekainaren 6a
Aurrekoa Postu sortu berria
Ondorengoa Bettino Ricasoli

Italiako itsas ministroa
1861eko martxoaren 23a – 1861eko ekainaren 6a
Aurrekoa Postu sortu berria
Ondorengoa Luigi Federico Menabrea

Sardiniako ministro kontseiluaren lehendakaria
1860ko urtarrilaren 21a – 1861eko martxoaren 23a
Aurrekoa Alfonso Ferrero La Marmora
Ondorengoa Postua desagertu egin zen

Sardiniako ministro kontseiluaren lehendakaria
1852ko azaroaren 4a – 1859ko uztailaren 19a
Aurrekoa Massimo d’Azeglio
Ondorengoa Alfonso Ferrero La Marmora

Jaiotza 1810eko abuztuaren 8a
Turin (Garai hartan, Frantzia)
Heriotza 1973ko abuztuaren 6a (50 urte)
Turin (Garai hartan, Italia)
Erlijioa Katolikoa
Sinadura Camillo Benso (Cavourreko kondea)-ren sinadura

Camillo Paolo Filippo Giulio Benso' edo Cavourreko kondea (Turin (Garai honetan Frantzia), 1810eko abuztuaren 10a - Turin (Garai honetan, Italia), 1861eko ekainaren 6a) italiar batasuna gauzatu zuen politikaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piamonteko familia handiki batean sortu zen eta Cavourreko Mixol Benso markesaren eta Adèle de Sellon dama suitzarraren semea izan zen.

Ideia liberaleko aristokrata, gaztaroan Akademia Militarrean ikasi zuen eta ingeniaritza buru izatera heldu zen. Bizitza militarrari gutxi lotuta, armada utzi eta atzerrira bidaiatzeari ekin zion, Frantzia eta Britainia Handia bezalako herrialde garatuenetako garapen ekonomikoa aztertuz, edozein gairi buruzko berrikuntzetan izen ematen zuen bitartean.

22 urte zituela, Grinzaneko alkate izendatu zuten, bere familiak lurralde ugari zituen herria. Herriari izena aldatu zioten eta Grinzane Cavour izena hartu zuen, Camillo Bensori esker ona emateko, 17 urte baino gehiagoz izan baitzen bertako alkate.

Lehen pausoak politikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camilo Belso, Cavourreko kondea.

1847an politikan lehen hastapenak egin zituen, Cesare Balborekin batera egunkari liberal batean, Il Risorgimento izenekoa.

1848an, Karlos Alberto erregeak Konstituzioa onartu zuen. Eskuineko diputatu eta finantza-ministroa izan zen Turinen, baina kargua utzi behar izan zuen 1852an, ezkerrarekiko hitzarmena (connubio) izenpetu ondoren. Viktor Emanuel II.ak deitu zion berriz ere urte bereko azaroan, eta Piamonteko politikaren buruzagi bihurtu zen Cavour.

1850ean, Siccardi legeen alde egin zuen hitzaldi batean eta Massimo D'Azeglioren gobernuko kide izatera iritsi zen, Nekazaritza, Komertzio eta Marinako ministro bezala, eta, 1851n, kontrol ekonomikoa osatu zuen Finantza gaitasunak ere bereganatu zituenean. 1852n, ezker liberaleko indar nagusiena zen Urbano Rattazzirekin eginiko koalizio batek Ministro Kontseiluaren lehendakaritzara eraman zuen azaroan[1].

Erreformak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kargu honetan, Cavourreko kondea Sardiniako erresumaren ekonomia eta industria indartzeko ahaleginetan murgildu zen, trenbideak eta bidesareak eraiki eta Fréjus tunela abian jarriz. Nekazaritzan aurreratzeko, ekoizpen berriak txertatu zituen eta ureztatze kanalak eraiki eta hobetu zituen. Siderurgiaren sorrera faboratu zuen eta ehungintzari ere lagundu zion. Armadan erreformak egiteko, La Marmora jeneralaren laguntza izan zuen eta La Speziako itsas artsenalaren eraikuntza agindu zuen.

Barne politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camilo Belso, Cavourreko kondea.

Arlo honetan, Cavour monarkia konstituzionalaren bidetik aritu zen eta liberalismoa bultzatu zuen bai politikan eta baita ekonomian ere, baina erreforma hauek guztien arrazoia altxamentu demokratiko edo errepublikarrak uxatzea izan zen. Cavourren ustez, Piamonte-Sardiniak industrializazioa zaindu behar zuen ekonomia aurrerakoi bat ziurtatu nahi bazuen eta, horretarako, protekzionismoa ere erabili beharrean izango bazen ere, dotrina liberalak ezinbestekoak ziren.

Cavourren ustez, demokraziaren hainbat printzipio onargarriak ziren, baina erregimen politikoaren burua elite baten pean egon behar zuen. Ideia hauek aldendu zuten Giuseppe Garibaldigandik, honen ustez, demokraziak proletalgoa eta nekazariak ere barnean hartu behar baitzituen. Cavourrek, berriz, klase ertaina eta burgesia bakarrik ikusten zituen politikan[2].

Eliza Katolikoaren boterea ere doitzen saiatu zen eta haurrentzako babes-etxeak eraikitzea sustatu zuen eta jesuiten aurka borrokatu zuen, hezkuntzan haiek baitzuten monopolioa.

Gizarte arloan kontserbadore, baina ez zuen kleroak estatu liberalaren gainean pribilegioak izatea onartzen eta hainbat ordena monastiko ez deusean utzi eta elizaren pribiliegioak eraisten zituen legea onartzea lortu zuen Piamonte-Sardinian. Lege honek berealdiko eskandalua piztu zuen kontserbadoreeen artean eta aurrez-aurre jarri zuen Viktor Emanuel II.a erregearekin. 1855eko apirilaren 26an, erregeak Cavour dimisiorantz eraman zuen, baina, egun batzuk pasa ondoren, Viktor Emanuelek berriro deitu zion kondeari, lege proiektua nahikoa alboratuta geratu bazen ere.

Atzerri politika eta Italiaren batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camilo Belso, Cavourreko kondea.

Italia handiaren ametsak gidatua, frantses eta ingelesekin aliatu zen Austriako Habsburgotarren aurka eta, Niza eta Savoia Frantziaren esku utzi behar izan bazituen ere, Emilia eta Toskana Piamonterentzat lortu zituen. Garibaldiri emandako laguntza militarrari esker, Napoli eta Sizilia batzea lortu zuen. Italiako batasunaren aitzindari izan zen, baina ez zuen bere ametsa erabat gauzatua ikusterik izan, bera hil baino lehentxeago Italiako erresuma aldarrikatu bazen ere (1861eko martxoaren 14).

Cavour oso politiko trebea izan zen Piamonte-Sardiniaren aldeko aliantzak lortzen. Savoiako etxearen pean egongo zen estatu indartsu bat eraiki nahi zuen Italia iparraldean, baina, horretarako, Piamontek potentzia europarren laguntza behar zuen, Austria indartsua aurrez-aurre jarriko baitzitzaion Piamonteren garapen honi. Cavourrek ez zuen 1849ko esperientzia errepikatu nahi, Piamonteko erresuma ahulegia baitzen Austriarekin, bakardadean, borrokatzeko eta gainontzeko estatu italiarren laguntza oso balizkoa zen[3].

1854an, Krimeako Gerra hasi zenean, Cavourrek aukera bat ikusi zuen: Turkiaren lagun ziren Frantzia eta Erresuma Batua lurralde haietan nagusitasuna izan nahi zuen Errusiaren aurka ari ziren. Cavourrek Piamonteren laguntza eskaini zien potentzia handiei, Mediterraneon zituen portuak eskainiz eta Krimeara joango zen armadan ere parte hartuz.

Turingo legebiltzarrak ez zion erraz eman baimena espedizio horri: ez zuen piamontear soldaduak urrneko lurralde batera borrokara joan behar zutenik ulertzen. Ez zuten interesik han, baina Cavourrek bere helburua lortu zuen eta Piamonteko tropek parte aktiboa hartu zuten garaileen aldean eta Cavourrek saria jaso zuen, Frantzia eta Erresuma Batuaren ondoan eseri zen negoziazio mahaian.

1856an, Frantzia, Errusia eta Erresuma Batuak Parisko Ituna sinatu zuten Austriako ordezkariaren aurrean. Egia esan, Cavourrek ez zuen lur konpentsaziorik lortu Piamontek gerran parte hartzeagatik, baina saioetako bat Italiako arazoa eztabaidatzeko erabili zen eta hori izan zen bere lorpena, gobernu erreakzionarioen errepresioaz hitz egiteko aukera izan baitzuen eta Austria-Hungariako Inperioa egin zuen penintsula guztian eratzen ari ziren mugimendu iraultzaileen erantzule bakar. Altxamendu hauek mehatxu iraultzaile bilaka zitezkeen Europako gobernu ororentzat eta Italiako arazoa garrantzi handikoa ikusi zuten.

1858an, Napoleon III.arekin elkarrizketatu zen, Habsburgotarren aurrean, Frantzia eta Piamonteren arteko ituna berresteko. Frantziak aliatu garrantzitsua irabaziko zuen Europako hegoaldean eta Cavourrek Frantzia Austriaren aurka militarki borrokatzea lortzeko itxaropena zuen.

Italian, Viktor Emanuel II.a eta Cavourrek neurri liberalak txertatzeko ahalegina egin zuten, era horretan estatu italiarrak era baketsuan batuko zitzaizkielako. 1860an, Giuseppe Garibaldiri lagundu zion Il Risorgimiento eta Italia batuaren ideian. Frantses inbasioaren aurka borrokatzen ari ziren eta 1870ean Italia batuta zegoen, jada.

Aliantza Frantziarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cavourren ekintzei esker, 1859an, Piamonte eta Frantzia Austriaren aurka jarri ziren. Austria galtzaile, Lonbardia Piamonterentzat izan zen, baina Napoleon III.ak uste baino azkarrago bukatu zuen gerra, Austriarekin armistizioa sinatu baitzuen. Cavourrek dimisioa aurkeztu zuen, Lonbardiaren lorpena Piamontek espero zuen ordainsaria baino askoz ere txikiagoa zen-eta. Hala ere, Viktor Emanuel II.aren gustuko ez bazen ere, 1860an, kondea berriro zen kontseiluaren lehendakari.

Austriaren ahuldade politiko eta militarra medio eta Erresuma Batuaren laguntza diplomatikoaz baliatuz, 1860an, Cavourrek herri galdeketak ezartzea lortu zuen Toskanan, Modena eta Parmako dukerrietan eta Aita Santuen Lurraldean, Piamonte-Sardinia erresuma barnean sartu ahal izateko.

Piamonteko gobernuarentzat mingarri samarra bazen ere, frantsesen laguntza behar zuen Italia batzeko proiektuan eta, horretarako, Cavourrek Niza eta Savoia harentzako uztea komenigarria zela jo zuen.

Bi Sizilietako Erresumaren batasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurri batean, Cavourrek Alkandora gorrien antolaketan lagundu zion Garibaldiri 1860ko apirilean, baina, era berean, Sizilia Piamonteko erresumari berehalakoan batzeko presioa ere egin zion eta Garibaldik uko egin zion honi. 1860ko uztailean, Napoli Piamonteren aldeko altxamentuan sartzeko ahalegina egin zuen Cavourrek, baina ez zuen lortu eta Garibaldi geratu zen han, jaun eta jabe.

Cavourrek Viktor Emanueli eskatu zion Garibaldiri bere tropak Messinako itsasartean gerarazteko, baina erregeak ez zion jaramonik egin eta, abuztu erdi aldera, alkandora gorriak Bi Sizilietako Erresuma inbaditzen hasi ziren.

Azkenean, iraultzaile arriskutsu hura gerarazteko aitzakian, Frantziak baimena eman zion Cavourri Piamonteko armada Aita Santuen Lurraldera bidaltzeko, baina ez zion Erromari eraso egin, Napoleon III.ak guarnizio bat baitzuen han Pio IX.a babesteko.

Italiako Erresumaren aldarrikapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urrian, Piamonteko armada alkandora gorriekin batera zebilen eta hauek Napoli hartu zuten. Garibaldik Viktor Emanueli eman zion Italia Hegoaldeko aginte politikoa eta penintsularen nolabaiteko batasuna lortu zen, baina, aldi berean, Garibaldik Cavour kargutik kentzea ere eskatu zuen eta erregeari ez zitzaion gustatu. 1861eko martxoaren 17an, hegoaldeko borboien azken porroten ondoren, Viktor Emanuel II.a egin zuten errege Turinen, eta Cavourren proiektu preziatua gauzatuta geratu zen.

Cavourren ahaleginak, Venezia oraingoz baztertu eta aita santuarekin akordioa lortzera zuzendu ziren, baina planak bukatu aurretik, Cavour hil egin zen familiak Turinen zuen jauregian, ziurrenik malariak jota. 1861eko ekainaren 6an izan zen eta 50 urte besterik ez zituen[4].


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Camillo Benso (Cavourreko kondea) Aldatu lotura Wikidatan